2026-01-14
Blog Page 71

LABek mobilizazioak egin ditu zazpi ospitaletan Osakidetzako kontratazio-zerrendak eguneratzea eskatzeko

Sindikatuak mobilizazioak egin ditu Galdakao, Urduliz, Gurutzeta, Basurto, Donostia, Txagorritxu eta Santiagoko ospitaleetan salatzeko Osakidetzako zuzendaritzak urtebete baino gehiago daramala aldi baterako kontratazio-zerrendak eguneratu gabe, egungo kontratazio-protokoloa bete gabe.

LABek adierazi du ez dituztela izena eman duten pertsona berriak zerrendan sartzen, ez dituztela zerrendak eguneratu 2018-2019ko EPEko notekin eta langileek aukeratutako ESIren bat aldatzea eskatzen dutenean, aldaketa ez dela islatzen.

Hori guztia lanerako eskubidea urratzea da, batez ere behin-behineko langileei eta oro har, Ente Publikoan enplegua lortu nahi duten herritar guztiei. Osakidetzako zuzendaritza kontratazio-akordioa urratzen ari da, nahiko berria dena eta azken hamarkadan lortutako bakarrenetakoa. Ondorioz, LAB sindikatutik egiten dugun irakurketa da Osakidetzako akordioek ez dutela ezer bermatzen.

Kontratazioen egoera kontrolatzeko gaitutako aplikazioak berriz, zerrenden kudeaketari gutxieneko gardentasuna emateko tresna denak, gaizki funtzionatu duen aldi luzeak izan ditu. Horrek erabateko babesgabetasun-egoeran jarri ditu kontratazio-zerrendetako kide guztiak.

LABen ustez, lankidetza publiko-pribatu eredua da honen erantzulea, EAJ behin eta brriz gaitz guztien irtenbide gisa saldu nahi digun eredua alegia.

Guztiok dakigu Osakidetzak prozesu horietarako erabiltzen dituen aplikazio informatiko gehienak kanpoko enpresek diseinatzen dituztela. Enpresa horiek, diru publiko asko poltsikoratzen dute, eta kasu askotan ez dute betetzen eskatzen zaien gutxieneko eraginkortasuna ere.

ENVISER-eko langileen mobilizazioak Gasteizko Udaleko lorezainentzako hitzarmen propioaren alde

ENVISER-eko langileek mobilizazio-dinamika bati hasiera eman zioten atzo, Gasteizko Udalaren azpikontratako lorezainentzat hitzarmen propioa aldarrikatzeko.

Salatzen dute Lorezaintzako Estatu Hitzarmena aplikatzen dietela, euren esanetan “eduki oso eskasak dituena eta hemen bizi garen pertsonen beharrak kontuan hartzen ez dituena”.

Hitzarmenez hitzarmen ikusten dute nola ematen diren atzerapausoak sektoreko lan-baldintzetan eta nola galtzen duten erosteko ahalmena.

Uste dute beharrezkoa dela euren lan-baldintzak negoziatzeko gaitasuna izatea.

Ez dute mugate nahi hemendik ehunka kilometrotara negoziatzen denaren ikusle huts izatera; euren lan baldintzak negoziatzeko orduan protagonista izan nahi dute eta hala izan behar direla uste dute. Euren lan-baldintzak negoziatu nahi dituzte.

Hala ere, Enpresa Batzordeak negoziazio bat abiatzeko behin eta berriz egindako eskaeren aurrean, enpresak ez du ezer jakin nahi izan.

Gasteizko Udala ere horrelako egoeren erantzulea da. Nola kobratu dezakete udaleko langileek ENVISER-ekoek baino 10.000 € gehiago lan bera egiteagatik? Egoeraren jakitun izanda, nola onartu ditzake udalak desberdintasun hauek?

ENVISER-eko langileek euren lan-baldintzak arautuko dituen hitzarmen propio baten alde borrokatzeko erabaki irmoa hartu dute. Eta enpresak eta bezeroak ez badiete euren eskaerei erantzuten, hurrengo asteetan protesta gogortu egingo dutela adierazi dute.

LABek ez du onartzen Ertzaintzak indarkeria matxistaren inguruko formakuntza ematea Lurraldebus-en

Gipuzkoako Mugikortasun Diputatuak Ertzaintzak Lurraldebuseko gidariak indarkeria matxistaren inguruan formakuntza emango diela iragartzearen inguruan honakoa adierazi eta salatu nahi du LABek.

Indarkeria matxistaren kontrako protokolo eraginkor bat izateko, formazioa prebentziorako ezinbestekoa dela uste dugu. Formazio integral, homologatu (adituek eskainiko dutena) eta ikuspegi feminista izango duena. Formazioa prebentziorako neurririk eraginkorrena izanda, oso garrantzitsua da nork ematen duen, zein ikuspegitik eta edukiak zeintzuk diren. Ezin da enpresaren erabakia izan, langileekin negoziatua eta adostua izan behar du. Adituak diren eragileek (emakumeak* gehienak) eman behar dute formazio hau, eta hau balioan jarri behar da, ez du honetarako edonork balio. Ez dugu ikusten edozein motatako poliziak formazio funtzio hori bete dezakeenik. Are gehiago indarkeria matxistaren gaiak lan arloan duen garrantzia eta dimentsioa ikusita.

Indarkeriaren aurkako protokoloak, berdintasun planak bezala, horretarako sortutako batzorde baten negoziatzen dira eta negoziazioan parte hartzen dutenak eta erabakiak eta adostasunak hartzen dituztenak dira alderdi negoziatzaileak, hau da, patronala eta ordezkatutako sindikatuak. Edozein erabaki marko horretatik kanpo hartuta, negoziazioaren kontra doa eta ez dugu inola ere onartuko.

Enpresa bakoitzak berea izango duen protokolo bat izan behar du; langileekin negoziatua izango dena; dela Berdintasun Planak negoziatzeko batzordeetan, Lurraldebus osatzen duten enpresa desberdinekin edota beste batzorde propio bat sortuz. Mahai tekniko bat osatuko dela irakurri ahal izan dugu, baina bertan langileek parte hartuko duen jakin gabe. Orain arte ez da inolako harremanik izan enpresetako langile batzordeekin ezta prebentzioko ordezkariekin ere iragartzen duten formakuntza hauen inguruan, beraiek, langileak izanik egunerokotasunean egoera desberdinak bizi behar dituztenak eta dakitenak zer, non eta nola jarri behar den arreta dauden gabeziei aurre egiteko.

Ez zaio behar den garrantzia ematen emakumeek* espazio seguruak izan ditzaten behar diren neurriak hartzeari, asmo propagandistiko hutsez hartutako azaleko neurriak baino ez dira.

Halaber, esanguratsua iruditzen zaigu polizia gizonez osaturiko argazki bat izatea Indarkeria Matxistaren inguruko formakuntza bat iragartzeko modua, honek ere, erabat larritzen gaituelarik. Argiki esaten dugu: ez dugu onartzen eta eskandalagarria iruditzen zaigu Ertzaintza izatea formazio hauek ematen dituena.

Horregatik, Emakunderen adierazpen bat eskatzen dugu iragarpen honen aurrean ardura har dezaten eta irizpide feministak jar ditzaten, sekurokraziaren agenda eta irizpideen gainetik.

LABek Durangoko Udalak Euskara Teknikari lanpostua amortizatuko duela salatzen du

Euskara Kultura, Gazteria, Kirol eta Hezkuntzako teknikariaren lanpostu barruan sartzeak, azkeneko hau Durangoko Udaleko Lanpostuen Zerrendan existitzen den lanpostua izanik, praktikan, Euskara-Itzultzaile/Dinamizatzaile lanpostua amortizatzea esan nahi duela eta euskararen normalizazioa bigarren maila batean uzteko modu bat dela salatzen du LAB sindikatuak.

Udal-gobernuaren aurreikuspen faltak (udaleko langileen erretiroak aurreikustekoak baitira) euskara bezalako gai garrantzitsuei garrantzia kentzeko asmoa ezkutatzen du. Eta joera hori Durangoko Udalean ezartzen ari da egungo udal-gobernua iritsi zenetik.

Udalaren plantillan euskararen normalizaziorako udal-baliabide gehiago jarri beharrean, figura hori kentzea erabaki da, eta, beraz, bere garaian Euskararen Normalkuntzarako eta Erabilerarako Udal Araudian ezarritako helburuak de facto kendu dira.

Honela zioen udalak onartutako araudiak:

“Durangoko Udalak, udal mailako erakunde publiko garrantzitsuena den aldetik, katalizatzaile gisa jardun behar du hizkuntza-normalizazioaren eremuan. Hori dela eta, Euskararen Udal Araudiak bi helburu nagusi ditu sustapenari dagokionez: euskararen ezagutza sustatzea eta euskararen erabilera sustatzeko neurriak hartzea handitu”.

Euskara Teknikari lanpostua kentzearen neurri horrekin udal-gobernua bultzatzen ari denaren kontrakoa, hain zuzen ere.

Euskararen normalizazioaren defentsan, itxurakeria baino gehiago behar da Korrika Durangotik igarotzen den egunean, Durangoko Azokaren inaugurazioan edo Euskaraldian. Gure hizkuntzaren egoerak ekintza proaktiboa eskatzen du, eta jarrera hori, hain zuzen ere, EAJ buru duen Durangoko udal gobernu honek aukeratu duenaren kontrakoa da, eta PPren babesarekin alkatetza hau aurrera ateratzeagatik bidesari berria.

Greba zikloaren bigarren txandan sartuko dira EAEko Hezkuntza Saileko irakasle, sukaldari eta garbitzaileak

Urtarrileko greben jarraipena eta babes zabalaren ondoren, Hezkuntza Sailak balizko proposamenik helarazi gabe jarraitzen du eta, beraz, greba dinamikarekin aurrera jotzeko bidea besterik ez digu uzten.

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuok urtarrileko hezkuntza publikoan deitutako grebek jarraipen eta babes oso zabala izan dute langileen aldetik. Jaurlaritza, gehiegizko zerbitzu minimoekin (eta familia zein lankideei zuzendutako gutunekin) grebak baldintzatzen saiatu den arren. Oso positiboki baloratzen dugu, beraz, greben jarraipena.

Langileek mezu argia bidali diote Hezkuntza Sailari, baina honek grebetan aldarrikatu ditugun eskaerei erantzunik eman gabe jarraitzen du. Beraz, otsailerako deitutako grebekin aurrera egingo dugu. Otsailaren 19 eta 20an sukalde eta garbiketan, eta otsailaren 26 eta 27an irakasleetan.

Hauek dira grebetako aldarrikapen nagusiak: plantillak gazte-berritzeko neurrietan aurrerapausoak ezarri, eros-ahalmena berreskuratu, enplegua bermatu, lizentzia eta baimenak hobetu eta osasun, euskara eta hezkidetza arloan hobekuntzak ezarri. Irakaslegoan, besteak beste, irakastorduak jaitsi eta burokrazia gutxitu eta sukalde eta garbiketan, funtzioak zehaztu, kategoriak egokitu eta pribatizazioari mugak jarri.

Bikain ari gara langileak, indartsu gaude! Greba dinamikarekin jarraitu eta kaleak bete behar ditugu Hezkuntza Sailak gure aldarrikapenei erantzun egokia eman arte, lan hitzarmen berriak lortu arte. Argi dugu langileon mobilizazioarekin batera gure lan baldintzak hobetzeko negoziazio erreala lortuko dugula.

Horregatik LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuok aurkeztutako mobilizazio eta greba dinamikarekin batera, otsailaren 18an ondorengo hiri zein herrietan, arratsaldez antolatuko ditugun elkarretaratzeetan parte hartzera deitzen zaituztegu:

Gipuzkoan: Donostia, Hernani, Arrasate, Beasain eta Orereta.

Bizkaian: Bilbo, Durango, Gernikan, Igorre eta Balmaseda.

Araban: Gasteiz eta Laudio.

Otsailean tinko jarraitzeko garaia da, denok grebara! Denok kalera!

Etxeko langileen dekretua nahikoa ez dela eta hitzarmena premiazkoa dela aldarrikatu dugu Bilbo, Donostia eta Iruñean

LABeko etxeko langileen atal sindikalak, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako etxeko enpleguarekin lotutako kolektibo eta erakundeekin batera, kaleak hartu ditu berriro ere sektore horretako lan-baldintza jasanezinak eta langile horientzako eskubideak aitortzeaz arduratu beharko luketen erakundeen interes falta salatzeko. Hala, mobilizazioa egin zituzten astelehenean Bilbon, Justizia Jauregiaren aurrean, asteartean Donostian, Lan Ikuskaritzaren aurrean, eta atzo Iruñean, Udaletxe plazan.

Urtebete baino gehiago daramate etxeko eta zaintzako langileentzako hitzarmen bat negoziatzeko eskubidea aitortuko duen epai baten zain, eta publikoki salatu dute instantzia judizialek ez dutela inolako interesik negoziazio kolektiborako eskubidearen aldeko apelazio-helegiteari erantzuteko.

LABek berretsi egiten du etxeko langileen borrokan laguntzeko konpromisoa, eta ez du atsedenik hartuko hitzarmenak sektore horretan ari diren pertsonen bizitzei eta enpleguari duintasuna eta segurtasuna eman arte.

2025eko lehen garraiolaria hil da Pasaian

Gaur jakin dugu, joan zen astean Pasaiako Portuan kargatzen ari zen bitartean istripu ez traumatikoa jasan zuen A.D.O., Andoaingo 48 urteko garraiolaria, hil egin dela.

Garraiolari baten heriotza ez traumatikoa ez da gauza harritzekoa, beste sektoreetan baina ohikoagoa da heriotza mota hau, sektorean ematen diren bizi baldintzak tarteko. Modu batera edo bestera, sektoreko baldintza gero eta gogorragoak lan arrisku bilakatu dira eta horren eragina datuetan islatzen da. 2024an 14 garraiolari hil ziren lan istripuz, 2023an 10.

Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, bizitza eta elikadura osasuntsua izateko zailtasunak, eta abar. Baina argi diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere, garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak hartzeko.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu, bestela gertatutakoaren eta gertatuko denaren konplize izango dira. Gipuzkoan zein Nafarroan sektoreko hitzarmena 2008tik berritu gabe egotea prekaritate horren erakusle da eta baldintza prekario horiek laneko osasunean eragin zuzena dute.

Honekin, lan osasuneko intersindikala osatzen dugun LAB, ESK, STEILAS, EHNE Etxalde eta HIRU sindikatuok dei egin nahi genuke datorren otsailaren 14ean, 11:30ean Pasaiako portuaren sarreran egingo dugun elkarretaratzean parte hartzera.

Lan istripu gehiagorik ez, ez garraioaren sektorean, ez beste inon!

DBIZIko langileek bigarren egunez 2 ordutako lanuzteak egin dituzte bizi duten egoera prekarioa salatzeko

Enpresarekin bi aldiz bildu eta gero, ez dute gatazka konpontzeko borondate handirik ikusten eta Aldi Baterako Enpresa Elkartea osatzen duten enpresek ardura nagusia Udalarena dela diote, eta honek ezer egin ezean ezinezkoa izango da konponbide bat ematea.

Lan baldintzak hobetzen ez diren bitartean, kalera atera eta bizi duten egoera salatzen jarraituko dute. Ezinbestekotzat jotzen dute Donostiako Udalak, DBUSek eta DBIZIk arduraz joka dezaten eta lan baldintzak hobetzeko hartu beharreko neurriak har ditzaten.

Hurrengo asteazkenean, hilak 19, Bretxako Merkatuan mobilizatuko dira 9:30etik 10:30era egoera salatzen jarraitzeko. DBIZIren erabiltzaileei eta herritarrei elkarrateratzean parte hartzeko eta langileei babesa adierazteko deia egiten diete.

7 lanuzte 7 egunetan Nafarroako irakaskuntza publikoan

Hezkuntza Departamentuaren jarrera itxiaren aurrean, gehiengo sindikalak mobilizazioak iragartzen ditu hurrengo asteetarako.

Urtarrilaren 30ean egindako greba egunean, hirugarren aldiz ikasturte honetan, milaka irakasle atera ziren berriz ere kalera Hezkuntza Departamentuari jakinarazteko bere jarrerarekin nekatuta eta haserre zeudela. Izan ere, ez dute inolako asmorik benetan negoziatzeko Hezkuntza Publikoak dituen benetako beharren inguruan ezta horretarako behar den inbertsioa lortzeko ere.

Hori dela eta, LAB, Steilas, CCOO eta ELA sindikatuek osatzen duten gehiengo sindikalak aurrera eramanen du Hezkuntza Publikoaren aldeko kanpaina bat. Kanpainaren leloa “Hezkuntza Publikoaren alde – Muévete por la Pública” izanen da eta hurrengo asteetan Nafarroako eskualde guztietara bertaratuko gara helburu bikoitzarekin. Alde batetik irakasleak entzutera joanen gara, Hezkuntza Publikoak dituen beharrak eta behar dituen soluzioak denon artean zehaztera. Eta bestetik, horiexek lortzeko behar diren inbertsio eta neurriak kalean aldarrikatzera. Bi helburu horiek betetze aldera, publikoaren alde mugitzera goaz eta hurrengo asteetan 7 lanuzte eta batzar ugari eginen ditugu Nafarroako eskualde desberdinetan.

Hauxe da gure mobilizazio egutegia: Bi orduko lanuzteak, elkarretaratzeak eta asanbladak eskualdeka.

  • Otsailak 19: Baztan-Bidasoa
  • Otsailak 26: Lizarraldea
  • Martxoak 12: Sakana-Larraun-Leitzaldea
  • Martxoak 19: Zangozaldea-Pirinioak
  • Martxoak 26: Erribera
  • Apirilak 2: Tafallaldea
  • Apirilak 9: Iruñerria