2026-01-26
Blog Page 709

Euskal Herrian inork ez luke kalean bizi behar

IIgandean, kalean bizi zen pertsona bat hilik agertu zen, Barakaldoko kutxazain batean. Hori dela eta, elkarretaratze bat egin dute gaur Barakaldoko udaletxearen aurrean, eta bertan izan gara Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileak.

Hauxe da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren oharra:

Herenegun, kalean bizi zen pertsona bat hilik agertu zen, Barakaldoko kutxazain batean. Lehenik eta behin, pertsona honen senideei eta lagunei, gure doluminak eta babesa aurkeztu nahi dizkiegu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok.

Politika neoliberalek eragiten dituzte horrelako hilketak. Arrazoi sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalek ekartzen dute pertsonak kalea bizitzea eta kasu batzutan, hil egiten dira kalean bizi diren pertsona hauek, dituzten muturreko bizi-baldintzengatik eta zaurgarritasunagatik. 2018 hasieratik Bizkaian kalean hil den hirugarren pertsona da Barakaldokoa.

Erakundeei babes soziala indartzeko exijitzen diegunean, heriotzak ekiditzea da. Euskal Herrian bada aberastasun nahikoa inor kalean bizitzera ez behartzeko. Horretartako unibertsala, duina eta kalitatezkoa den babes sozialerako sistema behar dugu. Babes sozialerako sistema horrek, beharrezkoa den diru partidak behar ditu eraginkorra izateko. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, horrelako egoerekin berriz ez aurkitzeko lanean jarraituko dugu, eta kasu honetan, eta parekoetan, kalera aterako gara beharrezko salaketa egitera.
 

 

 

Onartezina da langileok gure langabezia eta diru publikoarekin ordaintzea diesel motoreen iruzur berri hau

0

Gasteizko Auria Solutions enpresak azaroaren 19tik abenduaren 31ra bitartean ezarriko duen 31 egunetako Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espdientea salatu nahi du LABek. Enpresa honek, Mercedes Benzek egindako ibilgailuetarako moketazko zoruak eta oihalezko alboetako panelak egiten ditu.

Espedienteak langile guztiei eragiten die, 107 dira, bereziki produkziokoei. Alde sozialarekin adostasunik izan gabe eramaten da aurrera eta enpresak malgutasunerako poltsa egungo urteko 10 egunetatik 20 egunetara handitzea planteatu ondoren. Dieselaren arazoaren aitzakia jarri zuen horretarako eta Mercedes Benzek azaroa eta abendurako programatutako neurriak.

LABen uste dugu Mercedes Benzek duen arazo puntual batean aurrean, ezin direla langileak, hornitzaileak eta azpikontratak ere izan egoeraren ondorioak jasan beharko dituztenak, berriro. Gure ustez, Auriak badauka aukera antolaketa-aldetiko beste neurri batzuk hartzeko, hala nola, txandetan berkokatzeak, mantenua eta kalitateari laguntza, azpikontratatutako lana berreskuratzea, ekoizpeneko erritmoak jaistea, prestakuntza eta segurtasuneko ikastaroak. Orain arte itzelezko ahalegina egin dute langileek, larunbateko lanarekin, oporren aldaketarekin, lan-erritmo itogarriak, ogitarterako atsedenaldian errotazioekin, etab.

Hortaz, enpresa da aurrerago aipatu ditugun moduko antolaketaren inguruko neurriak, edo beste batzuk, hartu behar dituena lanpostuak bermatzeko. Ez da bidezkoa beti langileok ordaintzea egoeraren ondorioak, eta are gutxiago Aldi Baterako Enplegu Erregulazi Espediente bat ezartzea. Are gutxiago, 2019rako Mercedes Benzek egin dituen aurreikuspenak ekoizpena 154.000 furgonetetara handitzekoak direnean. Zer egingo du enpresak lan-kargaren igoera honi aurre egiteko? Malgutasuna handitu, aparteko orduak egitera behartu, berriro ere lan-baldintza okerragoak ezarri? Ez gaude horretarako prest.

Gure lan-baldintzak prekarizatuz euren irabaziak handitzen eta gobernuak diru-laguntza handiak eskuratzeko presionatzen dituzten bitartean, langileen lan-baldintzak okertzen dituzte. Onartezina da langileok gure langabezia eta diru publikoarekin ordaintzea diesel motoreen iruzur berri hau.

Horregatik, salaketa publikoko dinamikak planteatuko ditu LABek eta mobilizaziorako deia egiten die Auriako langile guztiei, egoerari aurre egiteko.

 

 

 

Erizaintza Zuzendaritzaren axolagabekeria eta bidegabekeriaren beste atal bat salatu dugu, NOko Zaindarien koordinatzaileen lehiaketa-konkurrentzian

0
LAB sindikatuaren Osasunbideko sail sindikalak salatu nahi ditu Maite Soriak Nafarroako Ospitaleguneko (NO) Erizaintza zuzendaritzan egin dituen axolagabekeria eta bidegabekeria ugariak.

LAB sindikatuaren Osasunbideko sail sindikalak salatu nahi ditu Maite Soriak Nafarroako Ospitaleguneko (NO) Erizaintza zuzendaritzan egin dituen axolagabekeria eta bidegabekeria ugariak: bere kontu dauden langileen kontratazioaren kudeaketa kaskarra; Osasunbidean oraindik ez dauden ustezko espezialitateen aitzakiarekin, erizaintza-akoplamenduetan dozenaka ondorio atxikitzea; inposizioa eta inprobisazioa EIARen zainketen formakuntzan; opakutasuna eta zuhurkeria formakuntzen eskarien aurrean; Larrialdetako erizainen kudeaketa penagarria; geldotasuna eta utzikeria ratio eta lan-zamen banaketan. Eta orain, beste kontu bat gehitu da zerrenda luze horretan, teknikari eta zaindarien koordinatzailearen figurei dagokiena hain zuzen ere.

Azken puntu horri dagokionez, Mahai Sektorialak adostutako antolakuntza aldaketari gogor egin dio aurre Maite Soriak eta, ahal izan duen neurrian, koordinatzaile figura horien ezarpena oztopatu du (Tuteran eta Lizarran baino beranduago aplikatuz eta osagarrien ordainketak atzeratuz).

Orain Zaindarien Koordinatzaileen lanpostuen txanda da eta NOko webgunean begiratzea baino ez dago berriz ere ikusteko mespretxua eta arbitrarietatea izan direla hura diseinatzeko zutabeak. Koordinatzailegaientzako informazio falta nabaria da; ez dago aipamenik lanpostuaren baldintzen eta ezaugarrien inguruan (ordainsariak, jardunaldiak, eginkizunak…); ez du azaltzen NOko sail eta unitateen egituraren sartzea; ez dira aipatzen memorian, proiektuan edota elkarrizketan aintzat hartuko diren irizpideak; ezta atal bakoitzean nola esleituko den ere… Hau da, deialdia gogorik gabe eta nagusikeriaz egin dute. Eta gainera, Langile Batzordeak informazio gehiago eskatu zionean deialdia baztertzearekin mehatxatu gintuen.

Zoritxarrez, argi dago zuzendari honen kudeaketa negargarriaren beste atal baten aurrean gaudela; eta are kezkagarriagoa da kudeaketa negargarri hori NOko Kudeaketa Zuzendaritzak eta Osasun departamentuak babestea.

Horregatik guztiagatik, eta legealdiaren bukaeran egon arren, LAB sindikatuak eskatzen du zuzendaritza hau aldatzeko eta, interes partikularrak baztertuz, gauza publikoaren kudeaketa gardena eta zuzenaren aldeko kudeatzaile bat jartzeko.

 

 

 

2019ko Hezkuntzako LEPari buruzko negoziazio mahaia biltzea galdatu dugu Nafarroan, aurtengo esperientzia berriz gerta ez dadin

0
LAB sindikatua sinetsi ezinda dabil Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleei eragingo dien 2019ko udaberriko LEPa prestatzeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuak azaldu duen eraginkortasunik eza. Prozesu hori modu adostu eta koordinatuan egin ahal izateko indarrean dauden foroak biltzea atzeratzen dabil aipatu Departamentua eta, bide batez, langileen ordezkaritzari bizkar eman dio.

Gezurra dirudi aurten Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako LEPan izandako esperientzia eta gero Nafarroako Gobernuak bere horretan jarraitzea, lehengo lepotik burua, eta bere kabuz jardutea, informazioa helarazteko prentsako titularrak erabiliaz eta irakasleei ordezkaritza lapurtzen dieten fikziozko prozesuak abian jarriaz. Gure ustez, modu horretako jarrerek erabat oztopatzen dute horren prozesu garrantzitsuak modu bateratu eta adostuan lantzea eta zeregin hori duten negoziazio foroei duten kontsulta, negoziazio eta kudeaketa izaera ukatzen die.

Sindikatu honek legealdian barna etengabeko ardura ariketa egin du gizarte honek horren beharrezko duen aldaketaren mesedetan. Gure jardunaren ondorioz sustatu dira berdintasunean eta eraginkortasunean oinarritutako hezkuntza demokratikoagoa lortzeko hainbat ekimen. Datozen urteotan bide-orria izango den eta sindikatuen gehiengo ia osoarekin lortu den Hezkuntza Itunean ere berezko ekarpena egin dugu.

Horregatik guztiagatik, datorren urteko LEPa taxuz antolatzeko balioko duen mahai sektoriala instantean deitzea galdatzen diogu Hezkuntza Departamentuari. Kalitatea bermatuko duen hezkuntza komunitarioa sustatu eta orain arteko kalapitak saihestu nahi baldin baditugu, beharrezkoa dugu datorren urteko beharrak ongi aurreikustea, epamahaiak lehenbailehen osatzea eta irakasle prestatuenak aukeratzeko balioko duten mekanismo guztiak abian jartzea.

 

 

 

Lanuzteak iragarri dituzte Bizkaiko kontserberetako langileek

0

Bizkaiko kontserberatako langileek hitzarmenaren aldeko mobilizazioei ekin diete, CCOO, LAB eta UGTren babesarekin. Hala, elkarretaratze bat egin dute gaur CEBEK Bizkaiko patronalaren egoitzaren aurrean, Bilbon, eta azaroaren 21, 22 eta 23an lanuzteak egingo dituzte iragarri dute.
 

 

 

Erandioko Udaleko talde guztiek babesa erakutsi diete Loramendiko grebalariei

Bestalde, langileak egiten ari diren mobilizazioen harira, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintza Sozialeko eta Berdintasun saileko diputatuengana zuzendu dira gaur, eta bilera bana eskatu diete.

Erandioko Sanitas Loramendi helduen egoitzako langileak greba mugagabean daude urriaren 20az geroztik, garbiketako lan taldeak pairatzen duen diskriminazioarekin amaitzeko. Hain zuzen ere, garbitzaileen lanaldia luzatzeko eskatzen dute, 15 urte eman baitituzte jada lanaldi partzialarekin. Erandiko egoitzan 131 pertsona bizi dira eta 70 langilek ematen diete arreta.

Azken hilabeteetan egindako mobilizazioen artean, instituzioetara zuzendu dira Loramendiko langileak; Erandioko Udalera, besteak beste. Bada, Erandioko udal talde guztiek babesa erakutsi diete grebalariei.

EAJk, PSE-EEk, Ganemos Erandiok, EH Bilduk, PPk eta atxiki gabeko zinegotziak sinatutako adierazpenaren arabera, “Erandioko Udalak babesa eskaini nahi die Loramendi egoitzako langileei; izan ere, egoiliarrak egoki zaintzeko, langileek baldintza egokiak behar dituztela ulertzen dugu”. Testuak nabarmentzen du langileek ez dutela soldata-igoerarik eskatzen: “Oro har, gauza bi aldarrikatzen dituzte: bata, garbiketa- taldeko langile guztientzat lanaldi osoak lortzea; bestea, zaintzaile gehiagok izatea oporraldia udan hartzeko aukera, lana eta familia bateragarri egitea errazteko. Laburbilduz, eskaera horiek egoiliarren arreta kalitate handiagokoa izateko egin dituzte”. Hala, Erandioko Udalak “dei egin die bi aldeei, beharrezko ahaleginak egin ditzaten gatazka hau ahalik eta azkarren eta behar bezala konpontzeko”.

Bestalde, Loramendiko langileek beste elkarretaratze bat egin dute gaur; Guggenheim aurrean, hain justu. Bertan, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintza Sozialeko diputatu Isabel Sanchez Roblesi eta Berdintasun diputatu Teresa Laespadari bilera bana eskatu dietela jakinarazi dute, “zerbitzuaren titulartasuna aldundiarena delako eta, horregatik, ezin dutelako beste alde batera begiratu”.
 

 

 

Huerta de Peralta-ko langileen %80k egin du greba enpresaren dinamika errepresiboagatik protesta egiteko

0

LAB sindikatuak uste du arrakastatsua izan dela gaur Huelta de Peralta nekazaritza enpresan egin duten greba; barazkiak landatzen eta biltzen lan egiten duten langile guztiek egin baitute greba eta, oro har, %80koa izan baita lanuztearen segimendua, eguerdian jaso ditugun datuen arabera.

Eta hori guztia nahiz eta patronalak paratu dituen trabak ez diren gutxi izan. Adibidez, lan egitera joan diren langile gutxi horiendako garraio zerbitzu berezia jarri du gaur; baina ez du autobusa betetzea lortu. Eta grebarako deialdia egin zelarik, bideozaintza kamera bat instalatu zuten langileak beldurtzeko xedez, eta ohiko lan ordutegiak ere aldatu zituzten.

Gogoratzekoa da langile batzordeak grebarako deia egin zuela protesta egiteko enpresak kaleratzeak eta zigorrak erabiltzen dituelako zenbait langile erreprimitzeko eta ekintza sindikalaren aurkako mendeku gisa.

Dena dela, elkartasunak beldurra garaitu du gaurkoan eta langileek masiboki erantzun diote greba deialdiari. Langileek erakutsi dute indar handia dutela, eta ausardia, eta beren eskubideen aldeko borroka segitzeko erabaki irmoa, kaleraturiko langileak berriz hartu eta lan baldintzak hobetzeko helburuekin.

Lanuzteaz landara, langileek elkarretaratze jendetsua egin dute 12:00etan, enpresako ate nagusiaren ondoan. Eta gaurko mobilizazio eguna 17:00etan bukatuko da, toki horretatik beretik aterako den ibilgailu karabanarekin. Karabanaren bidez protesta inguruko herrietara eramanen dute -Azkoienera, Martzillara eta Funesera-.

 

 

 

Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitaleko hauteskunde sindikaletan izango gara

0

Paueko Administrazio Auzitegiak arrazoia eman digu, eta ospitaleko zuzendaritzak gure hautagaitzari ezarritako debekua bertan behera utzi du.

Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitaleko zuzendaritzak gure hautagaitza baztertu zuen joan den urrian, eta horregatik erabaki genuen epaitegira jotzea. Bada, Paueko Administrazio Auzitegiak arrazoia eman dio sindikatuari, eta, ondorioz, ospitaleko hauteskunde sindikaletara aurkeztu ahal izango dugu.

"Garaipen handia da", adierazi du gaur LABeko ordezkari Argitxu Dufauk, Baionan egindako agerraldian. Hain zuzen ere, abenduaren 6an izango dira funtzio publikoko hauteskunde sindikalak Ipar Euskal Herrian, eta lehen aldia da LABek Kostaldeko Ospitalean zerrenda aurkeztuko duela. "22 pertsona agertu dira prest zerrenda osatzeko, eta horrek esan nahi du behar bat badagoela; LAB beharrezkoa da ospitalean", adierazi zuen Argitxu Dufauk, zerrenda aurkeztu genuenean.
 

 

 

Kalera irten gara Baionan, Hezkuntza ministroaren erreforma proiektuen kontra

0

Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren erreforma proiektuen kontra mobilizatu gara Baionan. Hain zuzen ere, grebara deitu dugu gaurko Hezkuntza alorrean, Frantziako Gobernuko politikak eta langileak murrizteko azken erasoak salatzeko.

Hezkuntza ministroak zinez langile eta ikasleen lan baldintzak atakatzen ditu. Ziztu bizian eskola itxuraldatzen du saltsa liberala eta gibelkoian zerbitzatzeko. Hori ukatzen dugu.
Ebaluaketen obsesioa, erreforma inposatuak bereizketa sozialaren egiteko, milaka postuen kentzea, prekaritatearen hedatzea, langileen estatu eta eskubideen haustea, segurtasunkerien zeingehiagoa, euskararen irakaspenaren baliabideen eskasa…

Greba egiteko arrazoiak soberan daude, eta hauek dira gure aldarrikapen nagusiak :

-Postuen kentze eta prekaritatearen kontra

-Hezkuntza arloan euskararen irakaspenaren garatzea galdetzea, euskaraz eta euskarari beti ta hobekiago formatuak izaitea eskatu, euskararen erakaspena eta formakuntzari egiazko ahalmenak emaitea

-Lan postuen emendatzea tituludunak hartuz hezkuntza sistema osoan eta kontratu prekarietan ari diren langileak baldintzarik gabe tituluduntzea

-Lan oren kopuruaren murriztea, denen lan baldintzen hobetzea langileen osagarria zainduz.

-Ikasle kopurua klaseetan beititzea

-Konzertazioa garatu lan orduetan kondatuz

Greba egun hori biharamunik gabe ez egoteko, uste dugu behar-beharrezkoa dela antola gaitezela eta partaide guziak mobiliza ditzagun hezkuntza emantzipatzaile eta zuzena eskaini dezagun.