2026-04-25
Blog Page 706

Egogain helduen egoitzako langileek lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte

Eibarko Untzaga plazan egin dute protesta, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan eta murrizketa, pribatizazio eta arduragabekeriaren aurka. Sinadura bilketa bat abian dute euren aldarrikapenek babesa jaso dezaten.

Hauxe da sinadurak biltzeko prestatu duten oharra. Sinadurak erabiltzaileen senideen, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen eta Eibarko herritarren artean jaso nahi dituzte:

Egogaineko langileak gara, zuengana zuzentzen gara gure lan baldintzak salatzeko eta nagusiek merezi duten arretaren alde atxikimendua eskatzeko. Kasu honetan helburu hauek lortzeko sortu ditugun info-puntuetan sinadura bilketa eginez.

Egogain, Eibarren kokatzen den egoitza da, bertan pertsona nagusi, mendekotasun handia, adimen urritasuna eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonak artatzen ditugu, guk, zaindu eta maitatu egiten ditugu, gehienek hemen egingo baitituzte beraien bizitzako azken urteak, behar duten bizi duina eta merezi duten kalitatezko arreta izan dezaten lanean dihardugu.

Azken urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak atzerapauso ugari eman ditu hainbat arlotan ditugun baldintzengatik hainbeste borrokatu duten pertsonen kaltean, zahurgarritasun egoeran dauden pertsonekin alegia:

● Merezi duten arreta eskaini ahal izateko baliabideak murriztu dituzte:

○ Hainbat lanpostu desagertarazi dituzte: ordenantza, mantenimendu, administrari,

○ Bajak, lanaldi murrizketa gehienak ez dituzte betetzen: biltegi-langilearena, haurren zaintzagatik lanaldia murriztua duten erizainak (kontuan izanik langileon gehiengoa emakumezkoak garela), medikuarenera joaten garenean, e.a.

○ Arretan aritzen garenon hainbat lanpostu desagertarazi dituzte. Erizain askorena besteak beste, eta gainera etorkizunean gehiago murrizteko asmorekin dabiltza.

○ Egoiliar gehiagorentzako plaza berriak egongo dira, langile kopuru txikiagorekin

Murrizketa guzti hauek langileongan eragiteaz gain, egoiliarrek merezi duten kalitatezko arretan ere eragina zuzena du. Guzti hau gutxi balitz, honetan jarraitzeko asmoarekin agertu dute. Gure aldarrikapenak honako hauek dira:

● Zaintza profesionala eskaintzea, Erizain Laguntzaile izendapenaren bidez onartua. Emakumeok historian zehar egindako lanaren profesionalizaioaren onarpena. Bokazioz egiten dugun lan hau, profesionala izan behar du: ez karitatean oinarriturikoa.

● Kalitatezko arreta integrala eskaintzeko beharrezko baliabideak izatea: giza eta baliabide materialak izatea.

● Zerbitzu publikoa izaten jarraitzea , kudeaketa publikoa langile publikoekin.

● Eibarko egoitza eredu izaten jarrai dezan Gipuzkoan eta EHn.

Honegatik guztiagatik, arazoa guztiona dela jakinda, (etorkizunean gutariko edonor izan gaitezkeelako Egogaineko erabiltzaile), borroka kalera ateratzea erabaki dugu. 

 

 

 

Plantilla egoki baten alde mobilizatu gara Gurutzetako ospitalean

0

Gurutzetako ospitaleko LAB, ESK, SATSE, ELA, UGT, SME, CCOO eta SAE sindikatuok plantilla egoki bat lortzeko eta Urdulizeko Ospitalearen eragina dela eta zuzendaritzak pertsonalean inposatu nahi dituen murrizketak salatzeko, elkarretaratze bat egin dugu Gurutzetako ospitaleko atarian.

Murrizketa hauek Gurutzetako ospitaleak zaintzen duen populazioaren jaitsierak izango duen inpaktua neurtzen duen inongo ikerketarik gabe egin nahi dira. Zuzendaritzaren helburu bakarra aurrezpen ekonomikoa da irizpide ekonomizistetan eta datu estatistiko hotzetan soilik oinarrituz, kalitate asistentzialako irizpideak alde batera utziz.

200 lanpoztu ezabatzera doaz, Erditze eta Urologiako zerbitzuetatik hasita. Murrizketa bortitza, are gehiago, lantoki honetan plantilla ez dela nahikoa eta gainkargen eta lan erritmo altuen menpe dagoela gauza jakina denean. Honek, akatsaren bat egiteko eta zerbitzuaren eskakizun guztiei aurre egin ahal ezin izateko beldurra dela eta, presio psikologiko altua eragiten du langileengan.

Arrazoi pisutsu hauek direla eta lanpostu guztien lan kargen eta arrisku psikosozialen ebaluaketa exijitzen dugu, ondoko puntuak identifikatzen: lanaldiarekin, autonomiarekin, lanaren edukiarekin, gertakariekin, parte-hartzearekin, antolakuntzarekin, giza interakzioekin, estresarekin, erlazio hierarkikoekin eta beste hainbat puntuekin erlazionatutako faktoreak.

Zuzendaritzarekin izandako bileretan, honek murrizketak mantentzen ditu zerbitzu hauetan eta langileen beharrak identifikatuko lituzkeen eta Ospitale honi kalitatez eta langile zein erabiltzaileentzat ziurtasunez lan egitea baimenduko liokeen lan kargen eta arrisku psikosozialen ebaluaketa egiteari uko egiten dio.

Pixkanaka-pixkanaka unitate askotan plantilla murrizketa prozesuak ikusiko ditugu. Horregatik, langileok lan baldintza duinetan lan egin ahal izateko mobilizazioak berreskuratzea ezinbestekoa ikusten dugu.

Gurutzetako ospitaleko langileok gure lanpostuak eta orain arte Osakidetzan erreferente izan den eta harrotasuna pizten zigun ospitalearen kalitatea defendatzera goaz.

Ospitale hau 59. postutik ehungarrenera jaitsi da gure zuzendaritzaren gestio negargarriaren ostean, 2014. urtean estatuko ospitale publikoen ospearen inguruko txosten batean 14. postuan zegoelarik.

 

 

 

Munduko Federazio Sindikalak Huerta de Peraltako langileak zoriondu ditu

0

Mundu osoko langileak ordezkatzen dituen federazioak nabarmendu du borrokak emaitzak ekartzen dituela, Azkoiengo enpresan izandako lan gatazka adibide. Ohar batean, nazioarte mailako klase elkartasuna goraipatu du.
 

 

 

Ez dugu onartuko Aldundiak Buruntzaldeako autobus lineak gauzatzen dituzten enpresei beren hitzarmenak negoziatzeko baimenik ez ematea

0

Buruntzaldeko autobusen zerbitzua ematen duten Garayar, Hasa eta TSSTko langileek elkarretaratze bat egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, azken honen erabakiek euren lan-baldintzetan sortzen dituzten ondorio negatiboen aurrean protesta egin eta instituzioari honekin amaitzeko eskatzeko.

Hauxe da mobilizazioaren deitzaileok igorri dugun oharra:

LAB eta UGT sindikatuetako arduradunek ohartarazi nahi dute egun Buruntzaldeako Lurraldebus- eko lineak gauzatzen dituzten enpresei, zerbitzu publiko berria erabat esleitua izan arte behintzat, Diputazioak ez diela baimenik ematen enpresetako hitzarmenak negoziatzeko eta ez gaudela prest hori onartzeko. Enpresek argudiatzen dutena da etorkizuneko emakida arautzen duten Pliegoetan oinarri bezala erorita dauden hitzarmenak kontuan hartzen direnez, hobekuntza ekonomiko nahiz sozialak jasotzen dituen hitzarmen berri bat negoziatu ezkero, Diputazioak ulertu dezakeela enpresen aldetik asmo txarreko ekintza bat bezala.

Ildo horretatik enpresek azpimarratzen dutena da langileak subrogatzen baldin badira esleitua izan den enpresa berri batera, arazo baten aurrean aurkitu gaitezkeela, izan ere, enpresa berriak langileei beren hitzarmenetan jasotako eskubideak errespetatzeko betebeharra dauka, baina eskubide horiek ez datoz bat lehiaketa publikoak jasotako baldintza laboralekin eta horregatik Diputazioaren baimena behar dutela negoziatu ahal izateko.

Sindikatuetako arduradunentzat Diputazioak Buruntzaldeako zerbitzu publikoa esleitzeko emakida berria atzeratzeak arduratzeko moduko ondorioak dakartza. Honek suposatzen baitu langileek ezin dituztela beraien enpresetako hitzarmenak negoziatu eta autobusak ondatuak egotea, hauek ez baitira aldatzen, erabilerengan eragozpenak eta kalteak eraginez.

Sindikatuek gogorarazten dute arrazoirik gabeko Diputazioaren atzerapenak ezin duela langile edota zerbitzuko erabiltzaileengan eraginik izan eta momentu honetan aurkitzen gera TSST, GARAYAR eta HASA-ko langileen lan baldintzak hobetzeko zailtasunekin aurkitzen direla azken bi urteetan. Horregatik sindikatuok eskatzen duguna da nahiz eta konkurtsoa oraindik martxan ez egon, Diputazioak baimena ematea enpresei beren hitzarmenak negoziatzeko eta autobusei dagokionez, presazko neurriak hartzeko bidaiarien erosotasuna eta zirkulazioan segurtasuna bermatzeko.

LAB eta UGT sindikatuetako arduradunentzat arazo nagusiena da aurreproiektua egin eta onartu zenetik zerbitzuaren esleipena eman arte pasatzen den denbora tarte hori, izan ere, lizitazio hau martxan jartzeko 2017 urteko soldatak eta baldintzak kontuan hartzen baitira, baina esleipena martxan egon arte urteak pasa daitezke. Honek praktikan dakarren arazo handiena da denbora tarte horretan enpresek ez dituztela hitzarmenak negoziatu nahi. LAB eta UGT sindikatuek ulertzen dute ezin zaiela eskatu inola ere langileei hobekuntza ekonomiko nahiz sozialei uko egitea esleipena aurrera eraman arte, ez baitakigu noiz gertatuko den hori.

Horregatik Diputazioari eskatzen diogu arazo honekin bukatu dezan, erantzukizunak beregain har ditzan eta kalitatezko zerbitzu publiko bat berma dezan langile nahiz erabiltzaileentzat. Bestela, zuzenenean kaltetuak diren hiru enpresetako langileak prest daude mobilizazioekin hasteko beraien eskubideak aldarrikatzeko!
 

 

 

Zer gertatu da Huerta de Peraltan?

0

Beste galdera batekin aurreikusita zegoen Tuteran, atzo, egindako hitzaldia. "Zer gertatzen ari da Huerta de Peraltan" zen jatorriko izenburua, baina Azkoiengo enpresako langileek aurreikuspen hori ere irauli dute, euren borrokari esker. Hain zuzen ere, akordioa erdietsi dute zuzendaritzarekin, eta aukera berriak ireki dituzte Nafarroako landa eremuan, baita enplegu eta bizi duinen alde borrokan diren gainerako esparrutan. Denon ahotan dago Huerta de Peraltako langileek erdietsitakoa; hortaz, hitzaldian greba mugagabeak iraun duen hilabetean zer gertatu den azaldu zuten hizlariek, finean. Borroka eredugarria izan dela ondorioztatu zuten bertaratutakoek. Hori bai, borrokak aurrera jarraitzen duela nabarmendu zuten, fronte asko irekita baitaude hainbat sektoretan, prekarietatearen eta esplotazioaren aurka. Hain justu, borroka horiei guztiei hauspoa emateko, larunbatean Iruñean egingo dugun manifestaziorako dei berezia egin zuten. Borrokak aurrera darrai.
 

 

 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako hamalaugarren greba egunak ere jarraipen zabala izan du

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok Patronalei eta Eusko Jaurlaritzari arduraz jokatzeko eskatzen diegu, gure negoziaziorako borondatea berresten diegu eta taxuzko proposamen baten zain jarraitzen dugu.

Urtarrilak 16tik 25era bitarte deitutako greben bostgarren egunean gaude; azken bi ikasturtetan sektorean gauzatutako hamalaugarren greba eguna, eta gaurkoan ere babes zabala izan du langileen aldetik (aurrekoen antzekoa %60-65 bitarte). Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan 9.000 langile inguru daude, EAEko itundutako ikastetxeen %70 inguru dira eta 120.000 bat ikasleri ematen diote zerbitzua. Gaurkoan ere Gasteizen gauzatutako manifestazioan milaka langile bildu dira, aldarrikapenek eta mobilizazio zein greba dinamikak langileen aldetik duen babesaren erakusle.

Erkoreka jaunak gaur bertan esan duenaren kontra, Eusko Jaurlaritzak ardura zuzena du hezkuntza osoan orohar eta ikastetxe hauetan bereziki bizi den egoerarekiko. Eusko Jaurlaritza izan da urte guzti hauetan hezkuntzara gero eta inbertsio gutxiago bideratzeko erabakia hartu duena, erabaki honek zuzeneko eragina izanik Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen lan baldintzen okertzean ere. Beraz, arduragabekeria hutsa da Eusko Jaurlaritzak ardura guztia bere gainetik kendu nahi izatea.

Bestalde, sindikatuok argi utzi nahi dugu, 10 urtez Lan Hitzarmena berritu gabe egonik, sektore honetako langileen lan baldintzen berreskurapena eta hobekuntza dugu greben helburu bakarra, konbentzituta baikaude hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskaintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela eta beharrezkoak direla. Beraz, grebaren helburuak argiak, bidezkoak eta aski ezagunak dira. Langileak eta berauek ordezkatzen ditugun sindikatuok oso arduratuta gaude ikastetxeetan gero eta baldintza kaskarragoetan lan egitera behartzen gaituztelako, eta honek duen eraginagatik, gure lan baldintzetan eta ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitatean ere. Greba dinamika honetara iritsi aurretik gure esku egon diren bide guztiak agortu ditugu, urte luze hauetan hamaika bilera, elkarretaratze, manifestazio eta ekintza desberdin gauzatu ditugun arren, greba dinamika indartu dugunean soilik hasi dira mugitzen bai patronal bai Eusko Jaurlaritza ere.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok negoziaziorako gure borondatea berretsi nahi dugu berriro ere eta egoera honi buelta emango dion taxuzko proposamen baten zain jarraitzen dugula adierazi.

Sindikatuok bai patronalei, bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez eta akordioetara iristea posible egingo duten planteamenduak eginez.

Aldi berean, langile guztiak zoriontzen ditugu eta hurrengo egunotarako antolatu ditugun mobilizazio eta ekintzetan parte hartzera animatzen ditugu.

 

 

 

Osakidetzako garbiketako langileek elkarretaratzeak egin dituzte dagokien soldata igoera eskatzeko

0

Pasa den urrian, Osakidetzak bere pertsonal propioari 2018 urterako onartutako soldata igoerak aplikatu zizkien (%1,5eko igoera urtarriletik ekainera arte eta %0,25eko gehigarria uztailetik abendura arte), baita igoera hauen eraginez sortutako atzerapenak ordaindu ere. 2019rako onartu den igoera %2,25ekoa da. Hala ere, garbiketako kontrateko langileek, Homologazio Hitzarmena izanda ere (baldintza berberak), 2017ko taulen araberako soldata jasotzen jarraitzen dute.

Ez da hau geratzen den lehenengoko aldia, azken urteetan kontratetako langileek denbora luzez itxaron behar izan dute onartu egiten diren igoerak jasotzeko. Enpresek jarri duten aitzakia hurrengoa da: Osakidetzak ez dizkiela enpresei igoera hauek ordaindu ahal izateko igorri behar dien diru-kopurua helarazi. Nahikoa da! Ez dira bigarren mailako langileak. Soldata igoerak Osakidetzak onartzen dituen unean bertan jaso nahi dituzte, eta ez hitzarmenaren aplikazio zuzenaren arabera berez eurena dena, behin eta berriz eskatzen ibili.

Hau dela eta, gaur elkarretaratzeak egin dituzte Bilbo, Gasteiz eta Donostian, Osakidetzako egoitzen aurrean.
 

 

 

Gure atxikimendua eta babesa erakutsi nahi diogu urtarrilaren 26an Bilbon Supersurraren 2. fasea eraikitzearen kontra egingo den manifestazioari

Egun berean, urtarrilaren 26an, Huerta de Peraltako gatazkaren harira, LABek zita garrantzitsua du Iruñean prekarietatearen eta esplotazioaren aurka. Hala ere, argi izan behar dugu Iruñeko eta Bilboko deialdiek helburu bakarra dutela: langileon beharren arabera eraikiko den Euskal Herriaren alde borrokan sakontzea.

Bilboko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen (Supersur bezala ezagutuagoa) 2. fasearen eraikuntzak logika sozial, ekonomiko eta ekologikorik ez duen proiektua da. Beraz, ikuspegi guztietatik ikusita, gelditu beharreko proiektua da. Aipatu beharrekoa da Supersurreko lehenengo faseak izandako bilakaera; ez ditu erabilera aurreikuspenak inondik inora bete eta gainera, estatuko errepiderik garestienetakoa izan da. Horrek argi uzten du hasieratik ez duela zentzurik izan eta 2. fasearen eraikuntza zulo horretan sakontzea izango litzatekeela. Bestalde, ezin dugu aipatu gabe utzi Bolintxuren kontra egingo litzatekeen sarraskia. Bolintxuko gunea babestu beharreko inguru gisa definituta dago, bertan dagoen flora eta faunaren ezaugarriengatik. Supersurraren 2. fasea eraikiz gero, bertan izango diren inpaktuak nabarmenak izango dira.

Beraz, Supersurreko proiektua bertan behera uztea eskatzea dugu; Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasunaren inguruan duen politikak ez du planifikazio erreal eta sostengarririk. Azpiegitura politika adjudikazio eta kontratazio esparru bezala ulertzen dute eta ez herritarron mesedetara egongo den eredu bat eraikitzeko tresna bezala.
 

 

 

Elkarretaratzeak antolatu ditu Venezuela Aurrera plataformak

0

Venezuela Aurrera plataformark deituta, esku-hartze inperialista salatzeko, mobiliazioak egingo dituzte ostiralean, Bilbon (Arriaga, 19:00) eta Gasteizen (Andra Mari Zuria, 19:30).

Hauxe da Venezuela Aurrera plataformaren adierazpena:

Venezuelako Iraultza Bolibartarrarekiko Venezuela Aurrera ekimenetik, Hego Amerikako herrialde honetan ematen ari diren gertakizunen aurrean, herrialdean esku-hartze bat emateko baliatuko duten estrategia inperialista bat garatzen ari dela salatu nahi dugu. Elkartasun internazionalista eta Batzar Nazional Konstituziogilearen zilegitasun demokratikoaren defentsa aktibatzea behar-beharrezkoa dela uste dugu, eta beraz legearen arabera lehendakari izendatua izan den Nicolas Maduroren zilegitasun demokratikoa.

Oposizio kolpista, Venezuelan nazioarteko esku-hartze hau jusifikatuko lukeen eszenatokia prestatzeko eskura dituen errekurtso guztiak aktibatzen ari da, demokratikoki hautatua izan den Nicolás Maduro lehendakaria kargugabetzeko, eta bere interesen aldeko lehendakaria edo gaizki deituriko trantsizio prozesu bat errekonozitzeko, azken finean oligarkiaren interesei erantzuten dien pertsona bat ezartzeko, ez dena Venezuelako herriaren borondate demokratikoarekin hautatua izan.

Horregatik guztiagatik Venezuela Aurreratik honakoa esan nahi dugu:

1) Nicolás Maduroren, prozesu konstituziogilearen eta ondoren emandako hauteskundeen zilegitasun demokratikoa ontzat ematen dugu. Garantia judizial eta politiko guztiekin egindako prozesuak izan ziren, Venezuelako konstituzioan onartuta dagoena hain zuzen ere. Hauteskunde garantia guztiekin egindako hauteskunde prozesu honetan Nicolás Madurok 6 milioi bozka baino gehiago lortu zituen.

2) Venezuelako herriaren borondate demokratikoaren ondorio diren neurrian, Nicolas Maduro kargugabetu eta Batzar nazional konstituziogilea ez onartzea helburu duen estrategia inperialista arbuiatu eta gaitzesten dugu. Gerra ekonomiko, diplomatiko eta biolentoa uztartzen dituen estrategia inperialista honen atzean oligarkiak iraultza bolibartarra suntsitzeko helburu garbia dago, Iraultza bolibartarrak burgesiaren interesen gainetik Venezuelako herriaren bizitza duin baterako duen eskubidea agendaren erdian jarri duelako.

3) Ozen eta argi esaten dugu Venezuelak dituen arazoak Venezuelako herriak demokratikoki onartu dituen bide demokratiko eta legalen bidez konpondu behar dituela. Venezuelaren ezegonkortasun ekonomiko, politiko eta soziala bilatzen duen edozein nazioarteko esku-hartze onartezina da. Estatu Batuei eta Europar Batasunari, nazioarteko inperialismoaren adierazle diren neurrian Venezuelako herrian bakean uztea eta Venezuelako herriak harturiko erabakiak errespeta ditzala exijitzen diegu.

Azaldutako guztiagatik, Euskal Herritarrak datorren urtarrilaren 25ean Bilboko Arriagan arratsaldeko 7etan eta Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan arratsaldeko 7 t’erdietan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera deitzen dugu.