2026-11-02
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntzaNafarroako Hezkuntza Departamentuak behin-behineko langileen esleipenak atzeratu izana egonkortasuna finkatzeko atzerapausua da

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak behin-behineko langileen esleipenak atzeratu izana egonkortasuna finkatzeko atzerapausua da

Aurreko astean jakin genuenez, Hezkuntza Departamentuak behin-behineko langileen esleipen prozesu guztia abuztura atzeratzea erabaki du. Oposizio garaian -aurten Haur eta Lehen Hezkuntzari dagokio- prozesu horretan parte hartzen dutenei plazen aukeraketa abuztura atzeratzea logikoa izan ohi da, baina oraingo honetan alor publikoko irakasleria osoari eragingo dio -Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa barne-, oposizioak izan ala ez. Erabaki horren zergaitirik ez dugu oraindik jaso eta ulergaitza egiten zaigu, aukeraketa ekainaren amaieran izanda, irakasleriak datorren ikasturterako planifikazioa egin ahal izateko aukera gehiago izan baititu.

Iragarpen horren ondorioz, azken urteotan esleipenak ekainean izateko ahalegina zapuztu egin da eta ondorioz ikasturteko planifikazioa eta prestaketa didaktikoa egokiagoa egiteko xedea. Beraz, ikasturtean barna gabeziak pairatzeko tartea berriro handitu egingo da. Irakasleok erabaki ezberdinak hartu behar ditugu esleipenen ondorioz: bizitzeko lekua, mugikortasuna, edukin didaktiko eta metodologiko berriak nola ezarri…
Esleipenak atzeratzeak bertze ondorio pedagogiko batzuk dauzka pertsonalez haratago: jardunaldi murritza duten plazak, profil anitz edo berezietakoak zein ibiltari direnak betetzea zail izaten ohi denez, urtero plaza multzo bat hasierako deialdian esleitu gabe gelditzen ohi da. Dena abuztura gibelatzeak ikasturte hasieran hainbat ikastetxetan hutsuneak daudela hasiko garela aurrikusten dugu.

Planifikazio egokia
Mota horretako erabakiak hartzeko askoz ere egokiagoa iruditzen zaigu oposizio prozesuan ez dagoen irakasleriak ekainean jakitea nora joango den datorren urtean, planifikazioa patxada handiagoz egin dezan, hala nola behin-behineko irakasleriaren egonkortasuna sendotzeko bidean aurrerapausoak finkatzeko.

Horregatik prozesu hori guztientzat abuztura atzeratzea kaltegarria dela deritzogu eta Hezkuntza Departamentuari erabaki hori birplanteatu eta oposizioen eraginpean ez dauden esleipenak orain arte bezala ekainean egitea galdegiten diogu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mallabiko Enerpac enpresaren itxiera salatzen dugu

Errekorreko etekinak dituen multinazional batek 43 pertsona kalean utzi nahi ditu lehenago Larzep izena zuen lantegian.

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....