2024-04-19
HomeZerbitzu PribatuakBulego eta despatxuakDei egiten diegu beste sindikatuei patronalaren kontrako borrokarekin bat egitera, Bizkaiko bulego...

Dei egiten diegu beste sindikatuei patronalaren kontrako borrokarekin bat egitera, Bizkaiko bulego eta langeletan hitzarmen duina sinatzera behartzeko

Bulego eta langeletako hitzarmena negoziatzen ari den mahaian, LABek aurkeztu duen sinatzeko moduko plataforma dago, CCOOk eta UGTk sostengatua. Baina azken bilera ostean ez da aldaketarik izan; patronalak ezetz irmoa eman dio sindikatuen proposamenari.

Azken erantzun honen eta gauden egoeraren harira, sektoreko sindikatu handiek, ELA, CCOO eta UGTek agertu duten arduragabekeria itzela da; zaila gertatzen zaigu hura kalifikatzea, hala ere, saiatuko gara hura azaltzen:

ELA, sektorean %41,53ko ordezkaritzarekin, ez da gauza izan inolako ekimen motaren buru izateko sektorean, LABek borroka honi ekin zitzaionetik proposatu dituen proposamenekin bat egitera mugatu da. Eta sektorea gidatzea erabaki zuenean, bideragarri ikusi zuen bakarra greba mugagabea egitea izan zen. Erabaki horrekin baldintzatu zuen borroka: haien borroka mugagabea egin ala ezer ez! Denok dugu gogoan zertan geratu zen mugimendu hura. Horren ondorioz, ELAk bere sinesgarritasuna galdu ez ezik, borroka desegituratu zuen ere, lau sindikatuok elkarturik genuen indarraren zati handia harekin eramanez.

Oraingoan ez dute bat egin LABen proposamenarekin. Gehiago nahi dutelako beti, jakina, zirkinik egin barik eta erakutsi duten geldotasunarekin, hitzarmena hiltzen utzi dute. Jakina, haren proposamenak ez du gehiengoa lortzen mahaian.

Bestalde, CCOO, %31,48ko ordezkaritza batekin, gordeta egon zen, inoren berri jakin nahi ez zuela. 2018ko otsailaren 1ean LAB eta ELA sindikatuek greba deitu zuten arte, non milaka langileak bildu ziren Bilboko kaletan. Haren militantziak berak, CCOOek hartan parte hartu ez izanaren zergatia ulertzen ez zuenez, egin nahi ez zutena egitera behartu zuten, borrokatzera alegia. Egintzetan agertu duten gogo eza agerikoa izan da aurrera egin nahi izan den bakoitzean, beti aitzakiatzat hartuz “negoziatu behar dela”. Dirudienez, azken bi urtean, hilero, CEBEKekin egin ditugun bilerak ez die balio izan, patronalari aurre egiten zaionean bakarrik etsitzen duela jabetzeko. Gainera, lan erreforma onartu zenetik puztua dabil. Borroka baztertzeko bozketa deitu zuen. Hartan ordezkaritza zeukan lekuetan, langileen %30ak bakarrik (sektorearen zati ñimiñoa) parte hartu zuen, eta ezer ez egiteko aitzakiatzat erabili zuen. Orduaz geroztik egoerak bere horretan dirau; “negoziatu” berba ikurtzat hartu dute, eta duela hainbat hilabete ez dira gauza proposamen bakarra aurkezteko.

UGTri dagokionez, beno, haren %9a zuzenean gehitzen zaio CCOOren %31ri: egiazki egiaztatu dugu CCOOk ezartzen duela haren estrategia, eta frankizia izatera mugatu dela.

CCOOk eta UGTk ez dute argitzen zenbateraino kaskartu ditzaketen sektore honetako lan baldintzak, hura esateko ausardiarik ez dutelako izan. Dena den, argi adierazi dute hura kaskartzeko zereginean dihardutela, eta aitzakia gisa, hitzarmena bera da. Baina zertarako balio du estatuko hitzarmena okerragotzen duen hitzarmena? Argi izan behar da, “negoziatzeak”, haiek dioten moduan, 2012ko hitzarmenaren baldintzak are gehiago urritzea dakarrela. Hobekien dakiten bezala sal dezatela. Dena dela ere, bi hauen batuketarekin, ez da iristen ere hitzarmena sinatzeko.

Egoera honelakoa izanik, ezinezkoa da sektore honetako %84a biltzen duten sindikatuek egiazko norgehiagoka eta borrokako jarrera sindikalik egitea, eta horri onargaitza deritzagu. Horrengatik eta klaseko sindikalgintza aldarrikatuz, eskatzen dugu utz diezaiotela ezertarako balio ez duten bilerak egiteari patronalari erregutzeko, eta patronala makurtzeko borrokari batu dakiola, horrela, hitzarmen duina sina dadin.

LABek bultzatu du gurdia, kalean ikusi izan duzuen mobilizazio guztietan eta bakoitzean (lehen aipatu sindikatuek ondotxo dakite), batzuen eta besteen mespretxuak irentsi izan ditugu, eta sektoreak aldarrikatzen duen sindikatuen arteko batasun horri eustearren, betiere, hitzarmena duina lortzeko helburuan, entzungor egin dugu.

Baina garaia iritsi da mahai gainean ukabilkada jo dezagun, garaia iritsi da sektoreko langileek jakin dezaten zein den egiazko egoera, eta denok jakitun izan gaitezen hitzarmena bada, ez dela inongo sindikatuaren baitan egongo, izatekotan, denok ados jarriko garelako CEBEK-eri aurre egiteko. Egoera ezin hobean dagoen patronala dugu CEBEK, non lan erreforma haren neurrian egin zen, eta dirudienez, sindikatuak eskubideen borrokan murgildu baino, barne estrategiei egiten dieten so. Borroka ez da amaitu; LAB, ardura agertuz, ez dago mahaian, ez dugulako iraun nahi iruzur horren partaideak izaten. Hala ere, tinko sinesten dugu indarrak bildu behar direla patronal hori estutu nahi badugu, hitzarmena lortzearren borrokatu nahi badugu. Espero dugu, behin gogoeta egin ostean, gainontzeko sindikatuak itzuliko direla garrantzitsua den horretara: sektore honetako lan baldintzen alde egitera eta haien alde gogoz borrokatzera.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.