2026-01-26
Blog Page 703

Haurreskolak partzuergoaren doakotasuna eta sinatutako akordioa betetzea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari

0

Haurreskoletako doakotasuna hizpide dute gaur, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Hori probestuz, eta sinatu genuen akordioa betetzeko azkenaldian izaten ari garen zailtasunak salatzeko, elkarretaratze bat egin dugu Legebiltzarraren aurrean.

2019ko urtarrilaren 1etik aurrera Haurreskolak Partzuergoa doakoa izango da 18.000 euro baino gutxiagoko errenta duten familientzako. Urrats hau LABentzat ere garrantzitsua da, haurrei jaiotzatik aukera berdintasunean hezkuntzarako eskubidea aitortzen zaielako.

LAB sindikatuak neurri hau ondo baloratzeaz gain, gogorazi nahi dio Eusko Jaurlaritzari, neurri hau Haurreskolak Partzuergoko doakotasuna lortzeko lehenengo urrats gisa planteatu zela Legebiltzarretik. Ziklo honetan dagoen eta egon daiteken segregaziorako joera desberdinak baztertzeko aukera paregabea dela uste du LABek, xedea argi izanik hurrengo pausuetan pentsatzen hasi behar direla argi dugu.

Hezkuntza saileko Haur hezkuntzako lehenengo zikloa den, Haurreskolak Partzuergoa, doakoa, unibertsala, euskalduna, kalitatekoa, eraldatzailea, feminista… izan dadin, hezkuntza sistema propioaren alde eta Euskal Eskola publiko komunitarioa iruten jarraituko dugu.

Halaber, martxoan akordioan sinatu genituen puntu guztiak bete eta garatzea eskatzen dugu, kudeaketako langileen lanpostuen zerrenda handitu, oposaketa fasea zehaztu… Ordezkapen guztiak beteko zirela adostu bazen ere, hauek baldintzatzen jarraitzen dute. Lan hitzarmena negoziatzeko abiapuntua delako, akordioa bere osotasunean bete eta garatzea exijitzen dugu.

 

 

 

“Gure genealogia feministak”

"Gure genealogia feministak" liburuak Euskal Herriko mugimendu feministaren kronika bat kontatzen du; eta bideo honetan, kronika horren laburpen txiki bat egin du Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak. Miren Aranguren, Edurne Epelde eta Iratxe Retolaza dira liburu honen egileak. Emakumeon Mundu Martxak XI Nazioarteko Topaketen harrera ekitaldirako prestatu zuen laburpen bideoa.  
 

 

 

Errepidea moztu eta kalejira egin dute Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko grebalariek, Bilbon

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek azaroko laugarren greba eguna egin dute gaur. Goizean goizean hasi dira mobilizazioekin. Izan ere, 7:30ean, errepidea moztu baitute Bilbon, eta, kalejiran, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino joan dira.


 

 

 

Garbialdiko langileek protesta egin dute berriro Bizkaiko aldundiaren aurrean

0

LAB, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituak, Garbialdiko langile azpikontratatuak, Bizkaiko Foru Aldundiko eraikinen garbiketaz arduratzen direnak, berriro mobilizatu dira soldata-igoera duinen alde, aldundiaren aurrean gaurkoan ere.
 

 

 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako grebak jarraipen zabala izan du

Sektorean Lan Hitzarmenaren eguneratzearen alde gauzatu ditugun aurreko bost greba egunekin gertatu den bezala, gaur ere, sektoreko seigarren greba egunak izan duen babesa oso zabala izan da, aurrekoen parekoa %65etik gorako jarraipenarekin. Gaurko Bilboko manifestazioan 5.000 langiletik gorak hartu dute parte, honek argi erakusten duelarik greba eta mobilizazioen helburu diren aldarrikapenekiko langileen atxekipena.

Aste honetako lau greba egunetara itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 9.000 langiletik gora daude deituak, EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua.

Ikastetxe hauetako langileok ia hamar urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe eta eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira. Pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Grebaren helburuak argiak eta aski ezagunak dira, sektore honetako langileen lan balditzen berreskurapena eta hotzekuntza dugu helburu, hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskeintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela konbentzituta baikaude.

Patronalak ordea ez dira dagokien arduraz jokatzeko gai izaten ari. Horrela, bost greba egun ondoren, mugiarazi beharrean ikusi dira, eta azken egunotan bi proposamen helarazi dizkigute, aste honetarako aurreikusitako greba bezperan eta jadanik 5 greba egun gauzatu ondoren. Bi proposamen hauek ordea, 2017ko Azaroan egindako proposamenarekiko aurrerapauso aipagarririk ez daukate, eta sindikatuok adostutako gutxieneko plataforma bateratuan jasotzen diren aldarrikapenetatik urrun egoten jarraitzen dute. Argi dago beraz, fede oneko negoziazio bati ekin eta langileen aldarrikapenei erantzutea baino gehiago grebak desaktibatzeko helburua izan dutela.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei, beraien langileen lan baldintzekiko duten ardura bere gain hartu, eduki esanguratsurik gabeko proposamenak egiteari utzi eta langileen aldarrikapenei erantzungo dioten bideak lantzen zentratzeko eskatzen diegu.

Aldi berean, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak aste honetako 4 greba egunak babestera eta antolatu ditugun elkarretaratze eta manifestazioetan parte hartzera animatzen ditugu.

 

 

 

Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegietako garbitzaile grebalariek oinezko martxak egingo dituzte euren egoera salatzeko

0

Agerraldia egin dute gaur, soldata arrakala ezabatzeko grebak bi hilabete baino gehiago bete dituen honetan. Oinezko martxaren lehen etapa Oiartzundik Donostiara izango da eta bigarrena Eibarko epaitegitik Bergarako epaitegira. Beren asmoa da Eusko Legebiltzarrera eramatea proposamen bat gatazkaren konponbidea exijitzen duena. 

Komisaldegietako eta epaitegietako garbikuntza zerbitzuko langilek greban daude pasa den irailaren 19tik pairatzen duten soldata-arrakala ezabatua izan dadin, LAB, ELA, ESK eta UGT sindikatuen babesarekin. Greban eman dituzten 70 egun hauetan, ez segurtasun sailak, ez Justizia sailak ez dute nahi izan langileekin bildu. Garbialdiri dagokionean, enpresa esleipenduna, greba hasi zenetik hilabete oso bat igaro zen berriro negoziazio mahaian eseri zen arte, eta gainera, erosahalmena mantentzea bermatzen ez duten proposamenak ekartzeko.

Diru publikoarekin, hau da, denon poltsikoetatik irteten den diruarekin, finantzatzen den genero diskriminazio batean aurrean gaude. Zehatz esateko, honakoak dira datuak:

Soldata-arrakala: komisaldegietan %13, epaitegi eta adin txikiko zentruetan %7.

Komisaldegien hitzarmena 2009ko abenduaren 31an amaitu zen; epaitegien kasuan 2017ko abenduaren 31n.

Egoera horren aurrean, langileak Arartekoko arduradunekin bildu dira kale-garbikuntzako sektorearekiko pairatzen duten soldata-arrakalaren aurrean administrazioak ezer egin ez duela salatzeko. Era berean. Emakunderekin bilera eskatu dute eta data zain daude.

Zoritxarrez, une hauetan ez da espero epe laburreko konponbiderik eta, horregatik, erabaki dute egunero beren lantokietan egiten dituzten kontzentrazioei bultzada berri bat ematea:

1. Bihar Handia kaleko eraikin parean kontzentratuko dira Gipuzkoako kale garbikuntzako langileekin batera. Hain justu, salatzen duten soldata-arrakalaren erreferentziatzat duten kolektiboa.

2. Abenduaren 3an, asteartean, oinezko martxa egingo dute Oiartzungo Ertzaintzaren Komisaldegitik Atotxako Justizia jauregiraino.

3. Abenduaren 4an, asteazkenean, oinezko martxa egingo dute Eibarko epaitegitik Bergarako epaitegiraino.

4. Abenduaren 10ean, astelehenean, Eusko Legebiltzarrean elkarretaratzea egingo dute eta idazki bat erregistratuko dut talde parlamentariei eskatuz Gobernueari exiji diezaioten soldata arrakalarekin amaitzeko konponbidea.

Bukatzeko, salatu nahi dugu Garbialdi eta epaitegi eta komisaldegietako arduradunen jarrera: gatazkaren konponbidea bilatu beharrean, kolektiboaren greba eskubidea sistematikoki urratzen ari dira, aldizka instalazioak garbituz. Jadanik hiru salaketa jarri ditugu lan-ikuskaritzan langile grebalariak legez-kontra ordezteagatik. Erabat onartezina.

 

 

 

Langileen kontrako mehatxuak salatu ditu TCCko enpresa-batzordeak

0

TCC-ren enpresa batzordeak jendartean salatu nahi du enpresa honetako lantokiko langileek, lantegi-burua den Bailo jaunaren ekimenaren eraginez eta gerentziaren onespenaz, jasan ohi duten presioa.

Azkenaldi honetan iraizpen bidegabeak suertatu dira aipatu lantegiko langileen artean; horren bidez, kikildu nahi izan dituzte, azken finean, hura ezgauza izan delako bere lanpostuaren arazoak konpontzeko.

Enpresa honetara Bailo jauna etorri zenetik 5 langile iraitzi dituzte. Azken biak duela egun gutxi, mehatxuaren mehatxuz behartu zituen bidezko iraizpena sinatzera, haien errendimendu txikiaren aitzakian.

Honez gain, salatu nahi ditugu enpresa honek bere langileekin darabiltzan jokabide mafiosoak, sail horretan, nahiz gainerakoetan.

Jakin badakigu Bailo TCCk kontratatu zuela, eta sektoreko enpresetan gurean darabilen jarrera ber-bera zerabilela ezagutzen zuela. Jakin badakigu ere pertsonak horrek lan egin duen sektoreko enpresetan hainbat eta hainbat iraizpen ezarri dituela urte luzez; guztietan iraizpen arbitrarioak egin ditu, helburu bakar batez, aipatu lantegietako langileak kikiltzea.

Honengatik guztiarengatik, TCCko Batzordeak lantegi-sailaren zuzendaritza alda dadila eskatzen du. Ez dezakegu gisa honetako ekimenik onar, ez gara beso uzkurtuak geratuko.
 

 

 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei eduki esanguratsurik gabeko proposamenak egiteari utz diezaiotela eskatzen diegu

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak aste honetako 4 greba egunak babestera animatzen ditugu, bihar bertan goizeko 11.30etan Bilboko Jesusen Bihotzetik aterako den manifestazioan parte hartzetik hasita. LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok deitutako mobilizazioak dira.

EAEko Gizarte Ekimeneko langileok gure Lan Hitzarmenaren eta lan baldintzen aldeko borrokan daramagu 2010 urtetik geroztik. Orduan, sektoreko patronalek erabakitako murrizketak pairatu genituen lehendabizi, eta ondoren 2009ko gure Lan Hitzarmena aplikatzeari utzi nahi izan zioten. Beharrezkoa izan zen mobilizazio eta greba dinamika garrantzitsu bat eta epaitegien babesa hemengo Lan Hitzarmenaren aplikazioa bermatzeko.

Ordutik, Lan Hitzarmena berritu gabe gaude sektore honetan, 10 urte Lan Hitzarmena eguneratu gabe, %10etik gorako eroste-ahalmenaren galera metatuta jasaten. Pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza berrikuntza langileon kontura joan da lan kargak handituz jasanezinak izateraino. Emakume aurpegia duten, eta lan baldintza kaxkarrenak dituzten bi kolektiboen lan baldintzak hobetzeko neurriak hartzea ezinbestekoa da: Hezkuntza Laguntzako Espezialista gehienek lanaldi partzialak izanik asko ez dira 1.000 €ko soldatetara iristen, Haur Hezkuntzako lehengo zikloko Langileak gainerako irakasleekin alderatuta 300 ordu gehiagoko lanaldiak dituzte, kolektibo hauei ez zaie ordu osagarririk bermatzen, ez eta heziketa izaera aitortzen ere. Gelen itxiera aurreikusgarria izanik, lanpostuak bermatzeko birkokapen akordio bat erdiestea garrantzistua da, baita Administrazio eta Zerbitzuetako langileen lanaldia murriztu eta Lanbide Heziketakoa modu adostuan banatzea ere.

2017ko Azarorarte hamaika aldiz bildu ginen sindikatuok patronalekin. Sindikatuok, bakoitzak aurkeztuta genituen hasierako plataformetako edukiak moldatu eta ahalegin nabarmena egin genuen gutxiengo aldarrikapenak jasotzen dituen plataforma bateratu bat aurkezteko. Baina patronalak beraien hasierako planteamenduetatik mugitzen ez zirenez, mahaiko parte hartzea eten eta mobilizazio eta greba bideari ekin beste biderik ez ziguten utzi. Hainbat elkarretaratze, manifestazio eta ekintza ondoren, lehendabiziko greba eguna martxoak 20an deitu genuen. Ondoren Maiatzak 15 eta 16koak etorri ziren, eta azkenak Urriak 9 eta 10ekoak izan dira. Greba hauek eta antolatutako ekintza guztiek langileen babes zabala jaso dute, 9.000 langile inguruko kolektibo bat izanik, 5.000 langiletik gora bildu baitira antolatu ditugun manifestazio eta ekintza ugarietan.

Patronalak ordea ez dira dagokien arduraz erantzuteko gai izaten ari. Greba dinamika hasi genuenetik, bi proposamen helarazi dizkigute, biak jadanik 5 greba egun egin ondoren, eta Azarorako aurreikusita eta publiko eginda geneuzkan lau greba egunen bezperan. Lehenengoa Azaroak 16ko mahai negoziatzailekoa eta bigarrena Azaroak 21 arratsaldez posta bidez helarazitakoa. Bi proposamen hauek 2017ko Azaroan egindako proposamenarekiko aurrerapauso aipagarririk ez daukate, eta sindikatuok adostutako gutxieneko plataforma bateratuan jasotzen diren aldarrikapenetatik urrun egoten jarraitzen dute.

Azken asteotan argitara eman ditugun oharretan, sindikatuok argi esan dugu, 5 greba egun ondoren patronalak mugiarazi ditugula, proposamenak egitera behartuak ikusi direla. Baita ozen adierazi ere proposamen horiek eduki esanguratsu gutxi dituztela, eta ez dugula ontzat emango edukirik gabe mobilizazio eta grebak desaktibatzeko helburua duten jokamolderik.

Gure helburuak argiak dira eta ez dute inolako asmo ezkuturik. Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen lan balditzen berreskurapena eta hotzekuntza dugu helburu, hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskeintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela konbentzituta baikaude. Ez da onargarria hezkuntza proiektu bat langileen lan baldintzen prekarizazioaren kontura eta hezkuntzaren kalitatearen kontura aurrera atera nahi izatea.

Hori dela eta, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei, beraien langileen lan baldintzekiko duten ardura bere gain hartu, eduki esanguratsurik gabeko proposamenak egiteari utzi eta langileen aldarrikapenei erantzungo dioten bideak lantzen zentratzeko eskatzen diegu.

 

 

 

Bulego eta langeletako langileen aldarria Euskalduna jauregira iritsi da

Bilboko Euskalduna jauregian inauguratu dituzte gaur Basque Industry 4.0 jardunaldiak, eta bertan egin dute protesta Bizkaiko bulego eta langeletako langileek, hitzarmen duin baten defentsan. Hain zuzen ere, oihuen artean eten dute Ekonomia Garapenerako eta Azpiegituren kontseilari Arantxa Tapiaren hitzaldia. Ondoren, protesta kanpoaldera eraman dute, elkarretaratze baten bitartez.