2026-10-19
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaRatioak ezartzeko LOREA proposamena aurkeztuko dugu Osakidetzako lan-zentroetan

Ratioak ezartzeko LOREA proposamena aurkeztuko dugu Osakidetzako lan-zentroetan

Orain dela urtebete, LABek publiko egin zuen EAEen eta Nafarroan osasungintzan ratioak ezartzeko proposamena, LOREA (Asistentzia-taldeen Ratioen antolamendurako legea) izenekoa. Harrezkero, LOREA egitasmoa Osakidetzaren zuzendaritzaren zein eragile sozial zein politikoen esku jarri dugu, ahalik eta indar gehien metatu ahal izateko proposamenaren inguruan. Martxoan hasita eta uda bitartean, LOREA Osakidetzako zenbait lan-zentroetara eramango dugu, aurkezpen irekien bitartez, langileei bertatik bertara azaltzeko zer proposatzen dugun eta zergatik uste dugun LOREA egitasmoa Osakidetzako langileon lan-baldintzak eta osasun arretaren kalitatea bermatu ahal izateko urrats nahitaezkoa dela.

LOREA, Hego Euskal Herriko osasun zerbitzuetarako Asistentzia-taldeen Ratioen Antolamendurako Legearen aldeko ekimen bat da. Lege honek osasungintza publikoaz gain esparru pribatuan dauden osasun eremuetan eragingo du. Ekimen hau Nafarroa zein Euskal Autonomi Erkidegoko legebiltzarretan eztabaidatua izatea planteatzen dugu, legebiltzar bakoitzak bere lege propioa onartzeko aukera izan dezan.

Gure proposamenak, artatu behar den populazioarekiko osasun profesional kopurua ezarriko duen legea planteatzen du. Profesionalen kopuru hau kategoria guztietan ezarri behar da salbuespenik gabe, izan asistentzialak edo ez asistentzialak.

Ratio lege bat ezartzeak lan duin eta egonkorra ekarriko luke, aldi berean, pribatizazioen bidez egindako erasoen aurrean gure osasun sistema babestuko luke.

Azken helburua gaurko osasun eredua eraldatzea da, profesionalen lan baldintzen parekotasuna eta pazienteen zaintzak sustatuz. Osasun sistemaren hondatzearekin, prekarietatearekin eta murrizketa politikarekin bukatzeko lanabesa izan nahi du planteatzen dugun ekimen honek.

OADAT, Osasun Arretarako Diziplina Anitzeko Taldeak dira eredu berri honen antolaketa zutabeak. Taldean egindako lanean eta taldekako helburu asistentzialen lorpenean oinarrituta egongo dira. Hauen bidez lan talde osoko langile kategoria guztiei ratioak ezarriko zaie.

Azken finean LOREAren bidez lan zamen banaketen parekotasuna ezarriko da; langile plantilla egonkortuko da; prekarietatearekin bukatuko da; kalitatezko arreta ezarriko da osasungintzatik at dauden irizpide politikoen gainetik.

Aitzindaria izan nahi duen proposamen bat da. Mundu osoan horrelako araudiak oso eskasak dira eta dauden gehienak kolektibo jakinen ratioak arautzen dituzte, ez talde guztien ratioak.

Ekimen honek arrakasta izanez gero, gure osasun eredua Europako herrialde garatuen osasun ereduekin parekatzeko bidean jarriko genuke. Eredu horietan osasungintzan egiten den inbertsioa, profesionalen ezarpenaren erabakiak eta emaitzen estatistika Espainiako estatuarena baina askoz hobea da.

7 aurkezpen Osakidetzako zentroetan
Hasteko, 7 aurkezpen egingo ditugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Aurkezpenen egutegia ondokoa da:

• Martxoak 25. Gurutzetako ospitalean. Areto nagusian, 13:00etatik 16:00etara.

• Martxoak 26. Zamudioko ospitalean. Areto nagusian, 12:00etatik 15:00etara.

• Martxoak 27. Donostia ospitalean. 2. aretoan (maternoko pasabidean) 14:00etan.

• Martxoak 28. Arabako ospitale psikiatrikoan. Formakuntza gelan, 14:00etan.

• Apirilak 2. Urdulizko ospitalea. 3. aretoan 14:00etatik 15:00etara.

• Apirilak 4. Santiago ospitalea. Areto nagusian 10:30ean.

• Apirilak 4. Lakuako Arriaga anbulategia. Gela handian, 16:00etan.

Hurrengo hilabeteotan, beste zentro batzuetara hurbilduko gara eta LOREA zabaldu eta hedatzeko urrats berriak emango ditugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzaten

Larunbatean Iruñean 2.000 lagun baino gehiago mobilizatu ondotik, LABek CENi eta Nafarroako Gobernuari pobretzearen eta errentismoaren aurkako egiturazko neurriak eskatu dizkie, eta eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: Testa funts putreak bereganatutako etxeak desjabetu ditzala eta parke publikora igaro daitezela.

Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.

Lan-baldintzak hobetzearen alde, beste greba ziklo bati ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek urriaren 27tik abenduaren 23ra

Greba ziklo berri honek hiru urrats izango ditu. Lehena, urriaren 27ko 22:00etatik urriaren 29ko 22:00etara izango da. Bigarrena, azaroaren 23ko 22:00etan hasi eta azaroaren 25eko 22:00etara arte luzatuko da. Azkenik, hirugarrena, abenduaren 21eko 22:00etan hasiko da eta abenduaren 23ko 22:00etan bukatuko da.