2026-02-21
Blog Page 696

Bilbo eta Baionan “Orain presoak” lelopean egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egiten diegu langileei

Abenduan Nazio Batzarrak eztabaidatu eta onartutako Testuinguruaren azterketan zehazten zuen moduan, presoa eta iheslariak etxera ekratzeko borroka indartzea izango da LABen lehentasunetako bat datozen hilabeteetan.

Horrela, LABek dei egiten langileei datorren urtarrilaren 12an eta “Orain presoak” lemarekin Bilbon eta Baionan deitutako mobilizazioetan parte hartzera. Batzorde Exekutiboko ordezkaritza bana bidaliko du LABek bakoitzera, Garbiñe Aranburu Igor Arroyo Bilbon izango dira, eta Eñaut Aramendi eta Aiora Imaz Baionan.

Aste beltz baten ondotik iristen da urtarrilaren 12ko deialdia, Garikoitz Aspiazu presoaren senitartekoen istripua, Juan Mari Maiezkurrena preso ohi gaixoaren heriotza… eta gertakariok oso lotuta daude espetxe politikarekin, dispertsioa, salbuespenezko neurrien aplikazioa… Giza eskubideen urraketarekin, hain zuzen ere.

Esparru sindikalari dagokionez, nabarmentzekoa da Bilbon sindikatu guztiak egongo direla. Gainera, Bilbon, tokiko ekimen bat aurkeztu zuten abenduaren 20an, hilabeteko mobilizazioetan oinarrituko dena.

Estrasburgoko epaiak urriaren 20ko Donostiako manifestazioak utzitako zapore on guztia lapurtu zigun eta estatu espainiarraren aldetik ematen ari diren urrats urriek ez dute baikor izateko aukera gehiegirik ematen. Era berean, Frantziako Gobernuak pasa den ikasturtean emandako urratsen ondotik, nolabaiteko motelaldia nabaritzen da.

Horrela, LABek euskal presoak Euskal Herriratu eta ondoren etxeratzeko borrokan jarraituko du. Ildo horretan, ezinbestekoa iruditzen zaigu lortzen ari diren akordioak jendarte osora eramatea, baita lantokietara ere, eta Espainiako nahiz Frantziako Gobernuak interpelatzeko mobilizazio soziala indartzea, bai larunbatari begira, baita hortik aurrera ere.
 

 

 

Babes zabala jaso dute Huerta de Peraltako grebalariek Iruñean

0

Eguerdian manifestazioa egin dute Iruñean, abenduaren 26tik greba mugagabean dauden Azkoiengo Huerta de Peraltako langileek. Udaletxe plazatik abiatu eta Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ondoren, leku berean amaitu da.

Babes zabala jaso dute langile grebalariek, eragile zein herritar soilena. Manifestazioaren amaieran, Husseyin Yagoubi langileen ordezkariak nabarmendu du enpresak 400.000 euro zor dizkiela langileei eta mehatxuak baliatzen dituela zor duena ez ordaintzeko. Euskara eta gazteleraz gain, gaur arabiera ere entzun da Iruñeko erdigunea.

Greba mugagabeak aurrera jarraitzen du eta ostiralerako, urtarrilaren 11an, Elkartasun-eguna deitu dute.
  

 

 

Erabateko jarraipena izan dute Gestamp taldeko GTHko lanuzteek, euren lehen egunean

0

Derioko Parke Teknologikoan dagoen Gestamp taldeko GTH – Gestamp Tool Hardening enpresako langileek, bi ordutako lanuztea egin dute gaur, 12:00etatik 14:00etara. Bien bitartean, kontzentrazioa egin dute enpresa atarian. Lanuzteak egunero egingo dituzte, ostegunera arte, hitzarmen duinaren alde.

Estanpazio beroa egiten duen enpresa bakarra da GTH Euskal Herrian, gainontzekoek hotzean egiten baitute lana. Gestamp, estanpazio beroaren aldeko apustua egiten ari da mundu mailan baina apostu honek ez du islarik GTHko lan-baldintzetan.

2011an sortu zen GTH eta hitzarmen duina eskatzen dute langileek. Egun, ituna daukate eta Bizkaiko Gestampeko beste lantegiek baino baldintza askoz okerragoak.

2018ko abenduaren 31an amaitu zen ituna eta eskaintzen dutena langileen eskariak erantzuten ez dituzten lan-baldintzak betikotzea da. 5 urterako enpresa-ituna eskaintzen dute.

Irailaren erdialdera, enpresa-batzordeak, bere proposamenen plataforma aurkeztu zuen eta azaro amaierarako benetako erantzunik ez zegoenez, asanbladak erabaki zuen lantegian aparteko orduetan geratzea eta kanpoko prestatzeetan enpresaren aldetik proposamen serio bat jaso arte.

Langileek benetako mamia duen proposamenik jaso ez dutenez, ia ahobatez onartu zuten asanbladan lanuzte eta mobilizazioei ekitea. Horrela, egunean bi ordutako lanuzteak egiten ari dira urtarrilaren 10era arte.

Bihar, kotxe-karabana egingo dute Matriceria Deustoraino. 9an kalejira eta 10ean, hamaiketakoa GTHko bulegoen aurrean.

 

 

 

Tecuniko langileek kontzentrazioa egin zuten larunbatean, euren lankideen kaleratzearen kontra

0

Larunbata, urtarrilaren 5ean, kontzentrazioa egin zuten Tecuniko langileek Bilboko Arriagaren plazan, euren egoera salatu eta epe laburrean 40 lankide baino gehiago kaleratzearen aurrean protesta egiteko.

Bilboko Udalaren kontrata historikoa da Tecuni, eta aldebakarrez erabaki du Iberdrolarekin zuen mantenurako kontratua etetea.
Enpresaren erabaki horren ondorioz, OMEXON ataleko lankideak kaleratu egingo dituzte.

Datorren urtarrilaren 15ean betetzen da epea, enpresak duela 2 hilabete eta erdi erabakiaren eragina jasango duten langileei bilera batean jakinarazi moduan.

Ordutik hona, langileek grebak, kontzentrazioak, instituzioei idatziak, etab. egin dituzte. Eta enpresak bere aldetik, uko egin dio langileen ordezkariekin biltzeari konponbidea aurkitzen ahalegintzeko.

 

 

 

Bizkaiko Simply dendetako langileek hirugarren greba eguna izan zuten larunbatean, pairatzen duten lan prekarietatea salatzeko

0

Langileen %70ek egin zuten bat larunbatean, hilaren 5ean, izandako lanuzteekin. Piketeak egin zituzten egun osoan zehar Bizkaiko 24 Simply saltokitan. Enpresak, modu arduragabean bere burua izkutatuz, gatazka gogortu eta luzatzea baino ez du lortuko.

 

 

 

Huerta de Peraltako grebalariak Iruñean mobilizatuko dira astelehenean, enpresaren arduragabekeria salatzeko

0


Joan de asteazkenean, urtarrilaren 2an, Huerta de Peraltako greba batzordeak proposamena helarazi zion enpresari bere langileak Greba Mugagabea abiatzeara eraman zituen gatazka konpontzeko asmoz. Enpresak berau aztertzeko konpromisoa hartu zuen eta ostiralean, urtarrilaren 4an, erantzutekoa. Bada, greba batzordearen proposamena baztertzea erabaki du. Hortaz, grebak eta mobilizazioek aurrera jarraituko dute. Hurrengo hitzordua astelehenean izango da, 12:30ean, Iruñeko udaletxeko plazatik abiatuko den manifestazioarekin.

Greba egun hauetan alde batetik, karga polizialak izan dira zenbait zauriturekin, baita enpresako arduradunen aldetiko mehatxu eta probokazioak, eta baita nazioarteko elkartasuna, ostegunean bezala, eta ostiraleko moduko elkartasun eguna, zeinetan langileak Euskal Herriko txoko ezberdinetatik gerturatu diren langile hauen borroka eredugarria eurena egiteko.

Hala ere, enpresak, itzelezko arduragabekeriarekin jokatuz, langileei ematen dien tratu txarrararekin soilik konpara daitekeena, komunikatu bat egin du, Batzordearekin batzartu gabe, honek egindako proposamena guztiz baztertuz. Ezezko biribila eman zaio proposamen bati, zeinetan langileek arduraz jokatu zuten beste behin, erantzun moduan probokazio berri bat jasoz.

LABetik ulertzen dugu aurrekari gutxi duen enpresarioen aldetiko hooligankeriaren aurrean gaudela. Enpresak ez du zalantzarik behin eta berriro gezurra eta manipulazioa erabiltzeko bere ez-betetzeen gainetik arreta desbideratzeko.

Era berean, ulertzen dugu Nafarroako Gobernua ezin daitekeela isilik egon egoera honen aurrean eta behereala eskuhartu behar duela. Nafarroako Gobernuak, Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako Lehendakari-ordea buru duela, bitartekaritza lanak egin beharko lituzte gatazken eta enpresa behartu negoziazio parametroetara aritzera. Enpresa honek dirulaguntza publikoak jaso izan ditu eta onartezina da horrelako jarduerak ahalbidetzea.

Amaitzeko, langileen esanean eskertu nahiko genituzke norbanako, kolektibo sozial, alderdi politiko, sindikatu, etab.en aldetik jaso ditugun elkartasun adierazpenak. Langile asko ari da gatazka hau bere egiteko eta animoari eusteko balio die grebalariei. Behar duten babesa ematen jarraitzeko aukera berria dugu, datorren astelehean, urtarrilaren 7an, Iruñeko Udaletxetik 12:30ean abiatuko den manifestazioan parte hartuz.

 

 

 

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan urtarrilerako deitutako hamar greba egunak erregistratu ditugu

Hamar greba egun deitu ditugu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan, eta gaur egin dugu lanuzte horien erregistroa Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Gizarte Ekimeneko patronalek akordioetara iristeko erakutsitako borondate faltaren aurrean etorriko dira greba eta mobilizazio berri hauek, LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok deituta. Urtarrilaren 16tik 25era bitarte izango dira.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Ezin da onartu langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoeran egotea”

0

Huerta de Peraltako langileek hamar egun bete dituzte greba mugagabean, eta grebalariei babesa emateko elkartasun eguna antolatu dugu. Goizean goizetik, jende andana bildu da enpresaren atarian, eta, eguerdian, manifestazio bat egin dugu Azkoienen. Foru Poliziaren presentzia nabarmena izan da. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitza hartu du manifestazio aurretik, eta jendarteari dei zuzena egin dio: “Ezin da onartu langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoeran egotea”.

Enpresak grebalariek egindako proposamenei gaur erantzungo ziela adierazi zuen, asteartean, greba batzordearekin izandako bileran. Horri eta gatazkaren jatorriari buruz aritu da Garbiñe Aranburu: “Enpresak gatazkarekin amaitzeko aukera du gaur. Proposamen bat du mahai gainean. Huerta de Peraltako langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoera btean aritu dira lanean, eta errealitate hau Nafarroako beste lur batzuetan zabalduta dago. Gainera, kontutan haru behar dugu pertsona migrantez osatutako kolektibo bat dela hein handi batean, are eta egoera ahul batean daudenak. Baina, Huerta de Peraltako langileek erabaki zuten egoeraren aurrean ez makurtzea, eta antolatu eta borrokatzea erabaki zuten, euren eskubideen defentsan. Eta borroka horrek emaitzak ekarri ditu, lan baldintzetan eta soldatetan hobekuntza nabarmenak lortu baitzitiuzten. Hala ere, dirudienez, enpresak ez du ondo hartu garaipen sindikal hori, eta jazarpenarekin, kalertzeekin eta zigorrekin erantzun du patronala den aldetik. Langileak ikaratzeko modu bat da”.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “berriro ere, langileak mobilizatzen ari dira, greba egiten ari dira. Horregatik, eredugarria iruditzen zaigu gauzatzen ari diren gatazka. Izan ere, esplotazio egoeran lan egitea enpresak irabazi gehiago lortzeko modu bat delako, baina, horretaz gain, langile kolektiboa menderatzeko modu bat ere bada”.

Hau dela eta, Garbiñe Aranburuk argi dauka borroka honek ez dagokiela Huerta de Peraltako langileei bakarrik, Nafarroako eta Euskal Herriko langile kolektibo guztiari ere: “Mugak zeharkatu dituen borroka bat da. Hain zuzen ere, nazioarteko hainbat eragile etorri ziren atzo elkartasuna ematera, eta gauer, elkartasun egun honen harira, beste enpresetako hainbat eta hainbat langile hurbildu dira babesa emateko”.

Hala, LABeko idazkari nagusiak jendarteari dei zuzena egin dio: “Ezin da onartu langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoeran egotea”.

Nafarroako Gobernuari ere luzatu dio mezua, “modu zuzenean inplika dadin gatazkan. Enpresari gatazka konpondu dezan exijitu behar dio, enpresa honek diru publikoa jaso duelako eta gobernuak ardura politikoak dituelako lan gatazka honen konponbidean”.

Bukatzeko, Garbiñe Aranburuk nabarmendu du, enpresaren aldetik erantzun baikorrik egon ezean, greba batzordeak greba eta mobilizazioekin jarraituko duela kaleratutakoak berronartu eta zigorrak erretiratu arte. Zentzu honetan, manifestazio batera deitu dugu astelehenerako, Iruñean. 12:30ean irtengo da Udaletxeko plazatik.