2024-04-19
HomeEkintza SindikalaNegoziazio eremu guztiak defendatzen eta lantokietan borrokak pizten jarraituko dugu negoziazio kolektiboa...

Negoziazio eremu guztiak defendatzen eta lantokietan borrokak pizten jarraituko dugu negoziazio kolektiboa berreskuratzeko

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak agerraldi bat egin dute, lan harremanetan estatalizazioak duen eragina agerian uzteko, datuekin baliatuta. Hain zuzen ere, egoera larria dela nabarmendu du Garbiñe Aranburuk, eta are eta larriagoa litzatekeela adierazi du, sindikatuaren lanagatik izango ez balitz: “Horregatik, lan erreformen aurka borrokatzen, negoziazio eremu guztiak defendatzen eta lantokietan borrokak pizten jarraituko dugu negoziazio kolektiboa berreskuratzeko”.

Euskal langileen portzentaia oso handia dago Estatuko lan baldintzen menpe, eta beste portzentaia handi bat dago mehatxupean. Era berean, gero eta gehiago dira Estatutik bertako hitzarmenei ezartzen zaizkien debekuak, eta Estatuko hitzarmenek negoziazioan gero eta gai gehiago hartzen dituzte eurentzat.

Inboluzioa argia da lan harremanetan. Euskal langileon negoziazio kolektiborako eskubidea urratua izaten ari da, gure lan baldintzak bertan erabakitzeko dugun eskubidea urratzen ari dira.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “hauteskunde ziklo batean gaude murgilduta, faxismoaren gorakadak eta kapitalismoaren olatu berriak markatuta. Inboluzio terminoetan hitz egiten da asko; bada, inboluzio hori ez da mehatxu soil bat lan harremanei dagokienez, gertatzen ari den zerbait bada”.

PSOEren 2010eko lan erreformak, EAJren abstentzioarekin adostuta, negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aldeko apustu garbia egin zuen, eta PPren ondorengo erreformak beste gai batzuk gogortu eta zentralizazioaren aldeko apustua berretsi zuen. “Negoziazio kolektiboaren estatalizazioak gero eta langile gehiagori eragiten dio. Estatalizazioak negoziazio kolektiboaren marko propioa erasotzen du. Lan baldintzak erabakitzeko dugun eskubidearekiko injerentzia garbi bat da”, azaldu du LABeko idazkari nagusiak.

Gaur egun, langileen erdiak baino askoz gutxiagok dute bermatuta euren esparruan negoziatzeko eskubidea. “Zentralizazioak, lan baldintzen estatalizazioak, helburu bikoitza du: prekarietatea zabaltzea eta soldatak jaistea; eta gehiengo sindikala gutxiengo sindikal baten ordez ordezkatzea, hots, LAB eta ELAren kontrabotere sindikalismoa CCOO eta UGTren sindikalismo otzanaren ordez ordezkatzea, patronalaren mesedetan”, azpimarratu du Garbiñe Aranburuk.

Bestalde, enpresa negoziazioaren gorakada oso urruti dago langileen negoziazio kolektiboaren kobertura bermatzetik: “Lan erreforma adostu zutenetik, LABek negoziazio esparru guztiak defendatu ditu, baita negoziazio kolektiboaren marko propioa blindatzearen beharra ere, hitzarmen sektorialak babestuz. Negoziazio kolektiboaren egitura blindatzeko saiakera guztietan hartu dugu parte, baina bere momentuan esan genuen: negoziazio kolektiboa desblokeatu ezean, gutxirako balio izango du egiturazko akordioak. Beti esan dugu enpresa esparrutik bakarrik ezin dela bermatu langile guztien negoziazio kolektiborako eskubidea”, ohartarazi du Garbiñe Aranburuk. “Lan erreformen joko arauak onatzea, enpresa esparruko negoziazioa lehenetsiz, milaka eta milaka langileen negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzea da, feminizatutako sektore eta enpresa txiki eta ertainena, batez ere ”, erantsi du.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “argazkia kezkagarria da, baina uste dugu desarautzea are eta okerragoa litzatekeela gure borroka gabe. Patronalek tresna oso garrantzitsu bat dute esku artean, baina ez diegu erabiltzen utziko. Horregatik, lan erreformen aurka borrokatzen, negoziazio eremu guztiak defendatzen eta lantokietan borrokak pizten jarraituko dugu negoziazio kolektiboa berreskuratzeko. Era berean, berzentralizazioaren aurrean, demokratizazioaren eta burujabetzaren bidean pausoak eman behar dira. Aldaketa politikorako prozesu bat bultzatzen jarraituko dugu, marko juridiko eta politiko berriak ekarriko dituen prozesu bat, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru Propio bat bermatzeko”.

Xabier Ugartemendiak, bere aldetik, estatalizazioaren eraginaren berri eman du, datu hauen bitartez:

EAE
-Biztanleria okupatua (soldatapekoak): +/- 750.000 pertsona
-Sektore pribatua: 605.000
-Sektore publikoa: 145.000

SEKTORE PRIBATUA

1.- EAEko hitzarmen sektoriala erorita duten sektoreak

-Eroritako hitzarmen sektoriala duten langileak: 252.785 (%33,7)
-Eroritako hitzarmen sektoriala duten langileak baina enpresako hitzarmena dutenak: 60.580 (%8,1).
-Estatalizazioaren benetak arriskuan dauden langileak sektoreko hitzarmena erorita dutelako: 192.205 (%25,6).

2.- Estatuko hitzarmena ezartzen den sektoreak
-Estatuko hitzarmena ezartzen den sektoretako langileak: 120. 763 (%16,1).
-Estatutako hitzarmena ezartzen den sektoretako langileak baina enpresako hitzarmena dutenak: 15.560 (%2,1).
-Estatutako hitzarmena ezartzen zaine langileak euren lan-baldintzak EAEn negoziatzeko eskubiderik gabe: 105.203 (%14).

3.- Aurrekoetan sartu gabeko sektoreak, zeintzuetan estatuko esparruak negoziaziorako gaiak usurpatu dituen (legeak zehaztutakoetatik harago)
-EAEn negoziatutako indarrean dagoen sektoreko hitzarmena ezartzen den sektoretako langileak, zeinetan estatuko esparruak gaiak beretzat gorde dituen (garbiketa eta eraikuntza): 43.135 (%5,8).
-EAEn negoziatutako indarrean dagoen sektoreko hitzarmena ezartzen den sektoretako langileak, zeinetan estatuko esparruak gaiak beretzat gorde dituen (garbiketa eta eraikuntza), baina enpresako hitzarmena dutenak: 2.924 (%0,4).
-EAEn negoziatutako indarrean dagoen sektoreko hitzarmena ezartzen den sektoretako langileak, estatuko esparruaren gaien benetako erreserbarekin (garbiketa eta eraikuntza): 40.211 (%5,4)

SEKTORE PUBLIKOA

145.000 langile (%19,3), guztiak estatalizatuta Estatuko aurrekontu lege desberdinen ondorioz.

Ondorioak:
-Benetan estatalizazioak eragiten dien langileak (EAEko sektore hitzarmena erorita + estatuko hitzarmena ezartzea + estatuko esparrutik gaiak erreserbatuta dituzten sektoreak + sektore publikoa): 482. 619 (%64,3).
-Enpresa-hitzarmenak estatalizaziotik “salbatzen” dituen langileak: 79.064 (%10,5).

NAFARROA

Okupatutako biztanleria (soldatapekoak): +/- 216.000 pertsona
Sektore pribatua: 186.000
Sektore publikoa: 30.000

1.- Estatuko hitzarmena ezartzen den sektoreak
Estatuko hitzarmena ezartzen den sektoreetako langileak: 25.746 (%12)

2.- Estatuko hitzarmenek ordezkatutako Nafarroako hitzarmenak
Kolektibitateteak + grafikagintza + drogeriak (%2).

3.- Estatuko hitzarmenak negoziaziorako gaiak bere gain hartu dituen sektoreak (legeak zehaztutakoetatik harago).
Metalgintza + eraikuntza + garbiketa: 61.500 (%28,5).

4.- Sektore publikoa
30.000 langile (%13,9) guztiak estatalizatuta estatuko aurrekontu legeen desberdinak direla eta.

Ondorioak:
Estatalizazioak benetan eragiten dien langileak (estatalak ordezkatutako hizarmen sektoriala + hitzarmen estatala ezartzen zaienak + estatuko esparrutik gaiak erreserbatuta dituzten sektoreak + sektore publikoa): 121.526 (%56,3).

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.