2026-07-30
HomeZerbitzu PublikoakEusko JaurlaritzaZuzenean zerbitzuko langileek lana eta familia bateratzea ezinezkoa zaiela salatu dute Gasteizko...

Zuzenean zerbitzuko langileek lana eta familia bateratzea ezinezkoa zaiela salatu dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean

LABek Zuzenean zerbitzuko langileen kontziliazio eskubidea bermatua izan dadin eskatzeko bi ordu eta erdiko lanuztera deitu du gaurko, eta Eusko Legebiltzarraren aurrean kontzentrazioa egin du.

EH Bilduko Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak galdera egin dio Josu Erkorekari galdetzeko “ordutegi malgutasuna izateko Zuzenean zerbitzuko langileek dituzten arazoei buruz” eta horri erantzun beharko dio Erkorekak Legebiltzarrean.

Legebiltzarreko ekimen honen arrazoia da Zuzenean zerbitzuko langileek urtebete baino gehiago daramatelako bizitza familiarra eta lana bateratzeko arazoekin eta, kasu batzuetan, bateratze hori ezinezkoa bilakatu delako.

Josu Erkorekaren Gobernantza Publiko eta Autogobernu saila langileei lanera sartzeko eta irteteko malgutasuna ukatzen hasi zen. Malgutasun hori langileek 8 urte aurreragotik bazuten, hala baitago jasota urtez urteko ordutegien zirkularretan eta Sailak 2017an Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasun planean berariaz jasota (“Ordutegi malgutasuna eta herritarrei zuzendutako zerbitzuen maila mantendu, Zuzenean herritarrentzako zerbitzuarenak, hain zuzen ere, bertako langileen bateragarritasunean eragozpenik sortu gabe (hiru lan txanda, lana eta familia bateratzeko neurriak, sartu eta ateratzeko malgutasuna, e.a.”). Eta Jaurlaritzak lana eta familia bateratzea ezinezko egiten zuen lanera sartzeko eta irteteko ordutegi zurruna ezartzen jarraitu zuen; ordutegi zurrun horrek ez dio legeriari jaramonik egiten, ezta aurretiaz, Eusko Jaurlaritza zigortu zituzten epai batzuei ere. Eta orain langileak derrigortzen dituzte atsedena hartzera bezero gehien dagoen orduetan, eta ez diete uzten orduak berreskuratzen egunaren lehen orduetan, aplikazio informatikoak ez duela aukera hori onartzen argudiatuta. Jauntxokeriak baino ez dira, eta neurri horiek gainera ez dute zerbitzuaren hobekuntzarik bermatzen inondik inora.

Zer dago horren atzean?
Lehenengo eta behin zerbitzuaren kudeaketa eskasa. Ohikoa izan da gaixotasun bajak ez betetzea eta, eskaria handitu den arren, ez egokitzea lanpostuak eskarira, ezta zerbitzua eskaintzea eta hutsuneak betetzea langileen borondatearen esku uztea ere. Horrek ekarri du 10 urtez izan den arauen interpretazio baketsua hautsi egin dela, eta, ondorioz, gure herrian langileei onartzen zaizkien eskubideak galarazi zaizkiela, hau da, lana eta familia bateratzeko eskubidea ukatu egin zaiela.

Argi baino argiagoa da antolakuntza eta kudeaketa arazoa izan dela, eta horrek ezin du inondik inora eragin berdintasuna bermatzeko Lege Organikoak eta Euskal Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak onartzen dituzten eskubideak bertan behera uztea.

Bigarrenik, presio bidea da duela 10 urtez lortutako akordioa aldatzeko. Akordio horretan konpentsazioak adostu ziren txandaka lan egitearren eta ordutegi malgutasunik ez izatearren. Baina ordutegi malgutasun falta horretan ez zen sartzen lana eta familia bateratzeko malgutasuna.

Langileek eta sindikatuek ez dugu ezbaian jartzen ordutegi berezia dutela Zuzenean zerbitzuko langileek, baina ezbaian jartzen dugu ordutegia zurruna izan behar izatea langile guztientzat, kontuan hartu behar baita lan-zama ez dela berdina eta uniformea guztientzat. Hain zuzen ere, lan-zamarik handiena goizeko 10etatik 14ak arte ematen da eta ordutegien malgutasunak zerbitzuaren kalitate egokiagoan eragin zuzena dauka, zalantzarik gabe. Ordutegien malgutasuna eta ordutegien murrizketa ukatzea erabaki oso arbitrarioa izan da sakoneko arrazoirik gabe.

Kontuan hartzen badugu Zuzenean zerbitzu feminizatua dela, Administrazioko bataz bestetik gora feminizatua, Eusko Jaurlaritzak, zeharka bada ere, emakumeen kontrako diskriminazioa eragin du, emakumeak izan baitira gehienak murrizketa ordutegien zurruntasun horiek jasan behar izan dituztenak. Horrez gain, Zuzenean zerbitzuan hartu diren erabakiek gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala handitzea ekarri dute lana eta familia bateratzeko emakumeak izan baitira ordutegiak laburtzea eta ondorioz, soldata txikiagoa izatera pasatu direnak.

Gatazka honetan Erkoreka Sailburuak esan du “zerbitzua dago ordutegien malgutasunaren gainetik”, baina, egia esan, langileen eskubideak ukatzeaz gain, zerbitzuan ez da hobekuntzarik, izan ere, ordutegien malgutasunak dakar zerbitzua indartzea herritarren eskari handiagoa dagoenean. Eta orain galdera hauxe da: Non geratzen dira Erkoreka jaunaren hitzak non esaten zuen Administrazioan lana eta familia bateratzen zela eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzen zela?

Arotzaren etxean, gerrena zotzez.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Alegazioak aurkeztu dizkiogu Barakaldoko Udalaren 2026ko aurrekontuari, zerbitzu publikoen eta udal langileen defentsan

Barakaldoko Udalaren gobernu taldeak (EAJ-PSE) aurkeztutako 2026rako Aurrekontu Orokorren proiektuaren aurka lerrokatu da sindikatua. Udal-antolamenduari, lan-osasunari eta zerbitzu publikoak emateari eragiten dieten funtsezko gaietarako aurrekontu-partidarik ez dagoelako edo nahikoa ez dagoelako aurkeztu ditu alegazioak.