2026-02-11
Blog Page 694

Nazioarteko hainbat eragileren bisita jaso dute Huerta de Peraltako grebalariek

0

Lan arloko nazioarteko hainbat eragileren babesa jaso dute Huerta de Peraltako grebalariek. Hain zuzen ere, nazioarteko ordezkaritza bat hurbildu da Azkoienera, eta bertan izan da langileekin, greba mugagabearen zazpigarren lanegunean. Azken egunotan izandako jazarpenari buruz aritu dira, baita atzo zuzendaritzarekin izandako bileraren inguruan ere. Mobilizazioek ez dute etenik, eta elkartasun egun bat antolatu dute ostiralerako. Hain zuzen ere, 12:00etan manifestazioa egingo dute herrian. 

Lan arloko hainbat eragilek eman diete babesa Huerta de Peraltako grebalariei. Mundu osotik jaso dute elkartasuna. Hauxe da zerrenda:

-Central Sandinista de Trabajadores CST-JBE – Nikaragua
-Confederación Intersindical Galega CIG – Galiza
-Corriente Sindical de Izquierdas CSI – Asturies
-CTA Autónoma – Argentina
-CTB – Brasil
-CUP Països Catalans
-CUT Aragón
-CUT Galiza
-DISK -Turkia
-Dismantle Corporate Power international campaign
-Federación de Sindicatos de Palestina
-Federación Sindical Mundial (FSM)
-Federación Uruguaya de la Salud (FUS) Uruguay
-FSOC – Kanariak
-Instituto de Estudios Cestes – Italia
-Instituto de Estudios y Formación de la CTA Autónoma – Argentina
-Intersindical Alternativa de Catalunya (IAC) – Catalunya
-Intersindical Canaria- Kanariak
-Intersindical CSC – Catalunya
-Intersindical Valenciana – Valentzia
-KPD – Alemania
-Left Bloc in the Austrian Trade Union Federation – Austria
-OSCMS – Txekiar Errepublika
-PAME – Grezia
-Partido Comunista – Swazilandia
-PEO – Zipre
-Red Sindical Internacional de Solidaridad y Luchas
-Rete dei Comunisti – Italia
-Sindicat COS – Països Catalans
-Sindicato Andalúz de Trabajadores (SAT) – Andalucia
-SMT- Valencia
-Solidaires – Frantziako estatua
-USB – Italia

Komunikabideei egindako adierazpenetan, LABeko Nafarroako ordezkari Imanol Karrerak azken egunetan eragile eta sindikatuen aldetik jasotako babesa eskertu du; bost kontinenteetatik iritsitako elkartasuna, hain justu. “Nazioarteko elkartasuna berezibiziko garrantzia ari da izaten, gatazka hau gizarteratzeko zein lan eta bizitza duin baten alde egiteko antolakuntzaren beharra zabaltzeko. Huerta de Peraltako langileek babes handia dute, enpresa bortitz baten aurrean. Globalizatutako kapital baten aurrean, beharrezkoa da borrokak globalizatzea”.

Irainak eta kolpeak, gaur ere
LABetik salatu nahi dugu, gaur ere, Nafarroako Foru Poliziak izandako jarrera bortitza. Hain zuzen ere, zenbait ekintzaile enpresaren atarian furgoneta bat aparkatu dutenean, eta hamarnaka lagun errepidean modu baketsuan eseri direnean, beti ere grebaren eragina arintzeko helburu ustelarekin kanpotik ekarritako produktuen iragaitea eteteko, Foru Poliziak irainka hasi dira (besteak beste, “te vamos a matar”, “te vamos a enterrar”, “te vamos a dar una paliza” esanez) eta bertaratutako pertsona batzuk kolpatu dituzte; Imanol Karrera bera, tartean.

Era berean, Foru Poliziak nazioarteko ordezkaritzako kide baten aurka egin du, elkarretaratzearen ondoren identifikatu eta “desobedientzia” delitua egotzi eta gero. Hortaz, LABek berretsi egin nahi du Nafarroako Barne kontseilari Maria Jose Beaumonten dimisioa eskaera.

Huerta de Peraltako gatazkaren konponbidea posible eta bideragarria da. Atzo iragarri bezala, LABek hiru puntutan oinarritutako proposamen errealista bat egin du: kaleratutakoen berronarpena; 440.000 euroko zorrarren negoziazioa (eskatzaileentzat zati bat eskatzen dugu, beste zati bat lan talde osoarentzat eta hirugarren bat zorraren zati bat barkatzeko); eta negoziazio baten irekiera enpresa itun bat lortzeko, nekazaritza sektoreko hitzarmena oinarri. Une honetan, enpresaren erantzunaren zain gaude. Enpresak, orain arte, ez du inongo borondaterik azaldu akordio bat lortzeko.

Nafarroako Gobernuari eta Legebiltzarrari eskatzen diegu Huerta de Peraltako gatazkaren konponbidean inplika daitezen, Nafarroako lurretan gertatzen den prekarietatea eta esplotazioari aurre egiteko lehen urrats gisa.

 

 

 

Nafarroako Auzitegiak La Manadaren inguruan hartutako azken erabakiaren ondoren, epaitegietan emakumeontzat justiziarik ez dagoela berretsi nahi dugu

Gaur, epaia irmoa izan arte Nafarroako Auzitegiak San Ferminetako erasotzaileak baldintzapeko askatasunean jarraituko dutela erabaki du.

Azken urteotan, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeei bide instituzionalek sufrikario erantsia dakarkiela salatu izan dugu. Justiziak, indarkeria matxista jasan duten emakumeak babestu ordez, emakumeok berriro ere bortizki zapaltzen eta erasotzen gaitu. Justizia heteropatriarkala da.
Gainera, indarkeria matxistaren aurrean erakunde publikoen aurpegi zuriketa salatu nahi dugu ere, indarkeria matxistaren kontra egitearen ardura guztiona dela esan arren, inongo konponbiderik ematen ez dutelako.

Guk ez dugu justizia horretan sinisten, ez dugu sinisten justizia patriarkal, klasista, arrazista eta misoginoan…

LABetik gure elkartasuna adierazi nahi diegu indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei eta erakunde publikoei bestelako justizia bat eraikitzeko pausu ausartak ematea eskatzen diegu.

LABek borrokan jarraituko du indarkeria matxistaren kontra, lantokietan zein kalean, salaketak eginez eta alternatibak proposatuz, eta borroka honetara gehitzeko deia egiten die langileei.
 

 

 

Desazelerazioa, prekarietatea eta babesgabetasuna dira gure lan-egoeraren ezaugarri nagusiak 2018 urte amaieran

Hego Euskal Herrian erregistratutako langabezia 152.516 pertsonatan kokatu zen 2018 urte amaieran. Langabetuen erdiak baino gehiago emakumezkoak ziren, %56,1 hain zuzen ere.

Aurreko hilabetearekin alderatuta enplegu zerbitzu publikoetan erregistratutako langabeziak 1998 pertsonetan egin du behera, nagusiki gabonetako sasoiaren inguruan zerbitzu sektorean ematen diren kontratazioengatik.

Aurreko hilabetean enplegurik ez zutenen artean ere behera egin du langabeziak. Industrian aldiz, 751 pertsonetan egin du gora langabeziak. Honek %3,9ko igoera suposatzen du hilabete bakar batean.

Bilakaera sektorial honek gazte eta emakumeei egin die mesede bereziki, baina benetan oso hobekuntza prekario eta iheskorra da, sortutako enpleguaren antzerakoa. Aurreko urtearekin alderatuta, 10.673 pertsonetan egin du behera langabeziak. Honek esan nahi du langabeziaren bilakaerak urteko seigarren jaitsiera kateatzen duela abenduko hilabete batean. Hala ere, urteko jaitsiera azken lau urteotako txikiena izan da.

Gainera, nabarmentzekoa da gazteen langabezia iazko maila berdinetan dagoela ia. 25 urtetik beherako 10.286 gazte dago langabezia, 2017ko abenduan baino 18 gehiago.

Hortaz, lan merkatuaren suspertze erritmoa moteltzen ari denaren sintoma argi baten aurrean gaude, gure ekonomiaren bilakaerak erakusten duen bilakaerarekin bat datorrena.

Kontratazioari dagokionez, sinatutako 100 kontratutik 8 baino ez dira mugagabeak, aldi baterako kontratuen erdiak ez du hilabetea gainditzen eta kontratazioaren beste hern bat da mugagabekoa, gutxi gora behera. Guzti horrek argi uzten lan-merkatuan indarrean dagoen segurtasun gabezia eta errotazio maila.

Azkenik, salatu beharra dugu langabeziagatiko babes sistema espainiarrak eskaintzen duten estaldura maila apala.

Hego Euskal Herrian 62.149 dira gaur egun langabeziagatiko prestazioren bat jasotzen dutenak, baina kasuen %38,6an gutxigatik hilean 430 eurotako prestazioa gainditzen duen prestazio asistentzialak dira.

Gainera, langabeziagatiko prestazioak jasotzen dituen kolektiboaren artean soilik 48.423 pertsona jotzen dira ofizialki langabetutzat, arrazoi administratibo desberdinak medio. Honek esan nahi du 106.000 pertsona daudela indarrean dagoen babes esparruak bertan behera uzten dituenak.
 

 

 

Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren alde egitea eskatu diogu Gasteizko Legebiltzarrari


LABen ordezkaritza batek idatzi bat erregistratu du Gasteizko Legebiltzarrean, 2010 eta 2012ko lan erreformen aurka posizionatu dadin eta horiek osoki bertan behera uztea eskatu dezan, Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren defentsako neurriak hartzeko ere eskatu dugu.  


LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak hartu du hitza Legebiltzarraren atarian, eta gogoratu du 2010 eta 2012ko lan erreformek 13 neurri atzerakoi ekarri zituztela. “Estatuko Gobernuaren azken aldaketa egin zenean asko hitz egin zen lan erreformaren derogazioaz, baina orain errealitatea guztiz bestelakoa da”, adierazi du Xabier Ugartemendiak, eta baloratu du azken egunotan gaiaren inguruan egon diren mugimenduak.

Hain zuzen ere, joan den abenduaren 13an Estatu mailako CCOOek iragarri zuen erreformaren puntu batzuk aldatzeko aurreakordioa zegoela Estatuko Gobernuarekin. Azken honek ez zuen halakorik baieztatu, baina elkarrizketetan zebiltzala aitortu zuen. CCOOek iragarritakoari erreparatuta, erreformatik oso puntu gutxi aldatzeko borondatea dute alde biek, Gobernuak zein sindikatuek, eta gainera, erreforma aurretik zegoen egoera ere ez da aintzat hartzen.

LABeko ordezkariaren hitzetan, “harrigarria da moldatzeko aipatu dituztenen neurrien artean ez daudela langileen kaleratzeak erraztearena, kalte-ordaina 33 egunera jaistea eta EREak egiteko aukerak zabaltzearena; eta ez da estatalizazioa ere zalantzan jartzen, hau da, bertako langileei Estatu mailako lan baldintzak inposatzea”.

Xabier Ugartemendiaren arabera, “hau guztia makillaje operazio bat baino ez da. Erreformen puntu larrienak mantenduko dira, patronala prekarietatea ezartzen jarraitu ahal izateko”.

Hala, euskal langileok bizi dugun egoeraren irtenbidea ez dela Madrildik etorriko azpimarratu du: “Irtenbidea Euskal Herrian dago. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua beharrezkoa da langileok bizi dugun egoerari aurre egiteko, hemen behar ditugun neurriak eta hauek aurrera eramateko tresnak sortu ahal izateko”.

Bide horretan erregistratu dugu gaurko eskaera, Gasteizko Legebiltzarrari zuzenduta, helburu hauekin:

-2010 eta 2012ko erreformak osoki bertan behera uztea eska dezan.

-Eskuduntza osoak dituen Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren alde egitea eta hau martxan jartzeko neurriak hartzea.

-Estatalizazioaren kontra agertzea, eta, hau gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzari exijitzea bertako lan baldintzak aplikatzen ez dituzten enpresak kontratu publikoetatik eta diru laguntza publikoetatik kanpo uztea, ezinezkoa izan beharko litzatekeelako bertako diru publikoa jasotzea Estatuko lan baldintzak aplikatzen badira.

 

 

 

Huerta de Peraltako grebalariek mobilizazioekin jarraituko dute, enpresaren erantzunaren zain

0

Huerta de Peralta enpresako greba batzordeak eta zuzendaritzak bilera bat izan dute gaur, Azkoiengo enpresan gauzatzen ari diren greba mugagabearen 6. lanegunean. Langileek proposamen integral bat jarri dute mahai gainean, eta enpresak ostiralean erantzungo duela adierazi du. Greba batzordeko kideek jakinarazi dute erantzun horren arabera erabakiko dutela gatazkarekin amaitu edo mobilizazioak gogortu.

Huerta de Peraltako grebalariek egindako proposamenak arlo desberdinak jasotzen ditu: kaleratu eta itzuli nahi duen langileen berronartzea, azken hilabeteetan ezarritako zigorrak bertan behera geratzea eta grebalarien aurkako neurririk ez hartzea. Era berean, langileei zor zaien kopurua nola banatu proposatu du greba batzordeak, eta, azkenik, negoziazio prozesu bati ekiteko konpromisoa eskatu dio enpresari. Azken honi dagokionez, negoziazio prozesua itun bat lortzeko izango litzateke, egunerokotasunean oso gatazkatsuak diren hainbat gai lantzeko; hala nola, egutegia, oporrak, lan osasuna, kontratazioak edo soldatak. Horrela, lan harreman normalizatuak lortuko lirateke.

Enpresaren erantzunaren zain, langileek greba mugagabearekin eta aurreikusitako mobilizazioekin jarraituko dute. Zentzu honetan, nazioarteko ordezkaritza bat hurbilduko da bihar Azkoienera, langileekin egoteko; eta ostiralean, Elkartasun Eguna izenekoa dago prestatua.
 

 

 

Bilbobuseko lanuztearen jarraipena %100ean kokatzen dugu, eta oroitarazten dugu Udalarena dela gatazkak zabalik jarraitzearen erantzukizuna

0
LABetik barkamena eskatu nahi diegu egoerak kaltetu ditzakeen erabiltzaileei eta argi adierazi nahi diegu langileak ez direla egoeraren erantzuleak, Bilboko Udala baino. Azken honi eskatu beharko liokete konponbidea, eta honek ez luke zabaldu beharko gatazka konponduta dagoela horrela ez denean.

LABek %100ean kokatu du gaur Bilbobusen egin duten lanuztearen jarraipena. Gutxieneko zerbitzuak baino ez dira atera. Jarraipenak, aurreko deialdietako berdina izaten jarraitzen du.

LABentzat Bilboko Udala da Bilbobuseko lanuzteek jarraitzearen erantzule nagusia, herritarrentzako kalitatezko zerbitzuaren alde egin beharko bailuke honek, lan-baldintzak eta ondorioz, zerbitzua bera, prekarizatzea ahalbidetu gabe. Gainera, ez luke onartu beharko Bilbobusen enplegua suntsitzerik, zerbitzua kalitatezkoa izateko beharrezkoa den enplegua baino gutxiago sortzerik, Bilbobuseko langileek egin beharrekoak diren lanak azpikontratatzerik ezta langileen arrisku egoeretarako benetako konponbideak ez jartzerik.

LABen ustez tamalgarria da gatazka faltsuan ixtea ahalegindu izana eta langileen asanbladak guztiari konponbidea emango dion akordiorako konponbiderik jarri ez izana, horrela kalitatezko zerbitzua bermatuz, baldintza duinak izango dituena, modu seguruan eta prekarioa ez den enplegua sortuz.
 

 

 

[IRITZIA] “Donostiako aurrekontuak, sozialak?”

Donostiako Udaleko aurrekontuei buruz idatzi du LABeko Donostiako idazkari Galder Sierrak.

2019rako gizarte inbertsio handiagoa egingo dutenaren lerroburuarekin aurkeztu dituzte EAJk eta PSE-EEk datorren urterako aurrekontuak, Donostiako herritarron beharrei benetako irtenbideak emateko gaitasunik ez duten aurrekontuak badira ere. Datorren urterako inbertsio kopurua iazkoa baino %5,06 gehiago izanda, ulergaitza da diru gehigarri hori erabatean ez bideratzea herritarron oinarrizko beharrei erantzutera.

Donostiako errealitate sozioekonomikoan oinarritutako aurrekontuek kontuan izan beharko lukete langabeziak behera egin duela prekarietatik gora egin duelako. Sinatzen diren kontratuen erdia baino gehiago dira behin-behinekoak, batez ere gazteen artean; emakumeak dira langabezia gehien sufritzen dutenak (gizonak baino %10 gehiago), eta batez-besteko errenta gizonena baino 9 mila euro baxuagoa dutenak; udal lanpostuetan behin-behinekotasuna %36tik gorakoa da, zerbitzu publikoak azpikontratatzen ari direlarik. Honela, udalak berak sortutako enplegua pribatizatzeko joera errotuz doa eta 1200 euro baino gutxiagoko soldaten kontratazioak sustatzen ditu. Udalak berak uko egin zion kontratazioetan klausula sozialak txertatzeko LABen proposamenari. Langileen aldarrikapenei aurrekontuetan isla eman behar zaie, ez bizkar. Etxez etxeko langileak, adinekoen egoitzetakoak, eraikinetako garbitzaileak, brigadak, administrariak eta beste hamaika. Udalak herritarron ongizatea, lan eta bizi baldintza duinak sustatu nahi baditu, has dadila benetako enplegu politika publikoak gauzatzetik.

Herri partaidetza ez da sustatzen batetik barrutira bideratutako diru partida igoaz eta bestetik, aldebakarreko erabakiak hartuz (garraio politikan obra faraonikoak, hondakinen kudeaketaz erabakitzeko eskubideari muzin…). Mugimendu sozialen loraldian, pentsionistek ez dute jasoko 2019an udalari dagozkion eskumenen zerbitzuetan hobekuntza esanguratsurik. Berdintasun politikak ere, milioi batera iristen ez den diru partida ia izoztuarekin agenda politikoan ahaztuta geratu dira. Noizko berdintasun plan eraginkorrak, soldata arrakalaren aurrean neurriak hartzea, indarkeria matxistaren gorakadaren aurrean konpromiso-hartzea? Zeresanik ez, oinarrizko eskubideak guztiontzako bermatu beharrean, batetik, gizarte larrialdietara bideratutako diru partidak murrizteaz, turismoaren sektoreak salbatuko gaituelakoan hura indartzeko diru-partida handitu bitartean. Bestetik, donostiarrok etxebizitzaz dugun kezkaren aurrean ez da udal etxebizitza parkea handitzeko, ez etxebizitza hutsetan esku-hartzeko, ezta gutxiago Etxegintzan benetako apustua egiteko hautua egin ere.

EAJ-PSE-EEren aurrekontuek errealitate sozialaren beharren aurrean patronalari mesede egiten diete. Onartezina da udalaren inbertsio gaitasuna handiagoa denean, herritarren oinarrizko beharrei erantzun nahi ez izatea. Aurrekontu sozialak? Ez.
 

 

 

Aurreakordioa, Bizkaiko Foru Aldundiko garbiketa hitzarmenean

0

Gaur, abenduaren 28an, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek akordio bat lortu dute Garbialdi enpresarekin. Akordio honek 2010. urtetik langileek jasandako soldata izozketari eta horren harira piztutako gatazkari amaiera ipiniko lioke. Behin betiko sinadura langileek baimendu beharko dute hurrengo egunetan ospatuko den asanblada batean.

Akordioak Udalhitzeko 6. mailarekiko ekiparazioa onartu egiten du 2018-2021 urte bitartean. Enpresak urtarrilaren 1ean %2,4ko igoera aplikatu behar izango du langileen soldatetan eta 2018rako akordatu den %1,2ko soldata igoeragatik sortu diren atzerapenak ordaindu. 2020. urteko soldata igoera %1,8koa izango da eta 2021ekoa, %2,34koa.

Gainera, nominaren kontzeptu guztien gainean aplikatuko diren igoera hauez gain, langileek urtean 225 euroko osagarri berri bat jasoko dute 2020. urtetik aurrera.

Eskubide sozialei dagokienez, enpresak urtero asumitzen duen errebisio ginekologikoa asumitzen jarraituko du, eta, horrez gain, langileek urtean zehar zubi batetaz disfrutatuko dute opor egunetatik deskontatu barik.

Langileen aldarrikapen nagusia Udalhitzeko 6. mailako soldata ekiparazioa zen, hau da, udaletxeetako garbiketa langile propioek irabazten duten beste irabaztea, eta horrek %6,54ko soldata igoera suposatzen zuen. Hainbat hilabeteetan zehar enpresak %0,3ko igoera baino ez zuen eskaintzen. Estrategia argia zuen: langileak nekarazi, negoziazioa luzatu eta finean, hitzarmen honen desagerpena eragin.

Baina, duela urtebete baino gehiago, langileek kalera irtetzea eta mobilizazioak piztea erabaki zuten. Urte honetan 50 protesta baino gehiago antolatu dituzte, baita 6 egunetako greba ere. Asteartero, bilkura ospatzen zela aprobetxatuz, bere lanabesak altxatu dituzte Foru Jauregiaren aurrean.

Bizkaiko Foru Aldundiko garbitzaileek, hainbat urtetan zehar, sektorearentzat erreferentziazkoa den hitzarmen bat izan dute; euren antolakuntza eta borroka nekaezinari esker erreferentzialtasuna berreskuratzea, hitzarmena berritzea eta euren soldata-baldintzak hobetzea lortu dute.

LABen iritziz, gatazka honek ondorio argi bat uzten digu: borroka egiteak balio duela. Hori dela eta, langile guztiak goraipatu nahi ditugu, dena kontran zegoela ematen zuenean borrokari eutsi egin diotelako, aurrera egitea aukera bakarra dela erakutsiz.

 

 

 

Huerta de Peraltako grebalarien aurkako jazarpenak ez du etenik

0

Huerta de Peraltako langileek hirugarren greba eguna egin dute, eta, Iruñean ostegunean egindako manifestazioaren ostean, greba mugagabearen lehen eguneko irudi berak errepikatu dira Azkoiengo enpresaren atarian: Nafarroako Foru Polizia gogor oldartu zaie. Sei zauritu izan dira gutxienez, enpresa batzordeko presidente El Houssine Yagoubi, tartean.

Goizean goizetik egon dira protestan langileak, eta goizean goizetik oldartu zaie polizia. Enpresaren ataria moztu dute grebalariek hainbat auto jarrita sarreran, eta borrokan sendo jarraituko dutela jakinarazi dute, kaleratutako langileak onar ditzaten eta euren lan eskubideen defentsan.