2026-10-02
HomeEkintza Soziala "Donostiako aurrekontuak, sozialak?"

[IRITZIA] “Donostiako aurrekontuak, sozialak?”

Donostiako Udaleko aurrekontuei buruz idatzi du LABeko Donostiako idazkari Galder Sierrak.

2019rako gizarte inbertsio handiagoa egingo dutenaren lerroburuarekin aurkeztu dituzte EAJk eta PSE-EEk datorren urterako aurrekontuak, Donostiako herritarron beharrei benetako irtenbideak emateko gaitasunik ez duten aurrekontuak badira ere. Datorren urterako inbertsio kopurua iazkoa baino %5,06 gehiago izanda, ulergaitza da diru gehigarri hori erabatean ez bideratzea herritarron oinarrizko beharrei erantzutera.

Donostiako errealitate sozioekonomikoan oinarritutako aurrekontuek kontuan izan beharko lukete langabeziak behera egin duela prekarietatik gora egin duelako. Sinatzen diren kontratuen erdia baino gehiago dira behin-behinekoak, batez ere gazteen artean; emakumeak dira langabezia gehien sufritzen dutenak (gizonak baino %10 gehiago), eta batez-besteko errenta gizonena baino 9 mila euro baxuagoa dutenak; udal lanpostuetan behin-behinekotasuna %36tik gorakoa da, zerbitzu publikoak azpikontratatzen ari direlarik. Honela, udalak berak sortutako enplegua pribatizatzeko joera errotuz doa eta 1200 euro baino gutxiagoko soldaten kontratazioak sustatzen ditu. Udalak berak uko egin zion kontratazioetan klausula sozialak txertatzeko LABen proposamenari. Langileen aldarrikapenei aurrekontuetan isla eman behar zaie, ez bizkar. Etxez etxeko langileak, adinekoen egoitzetakoak, eraikinetako garbitzaileak, brigadak, administrariak eta beste hamaika. Udalak herritarron ongizatea, lan eta bizi baldintza duinak sustatu nahi baditu, has dadila benetako enplegu politika publikoak gauzatzetik.

Herri partaidetza ez da sustatzen batetik barrutira bideratutako diru partida igoaz eta bestetik, aldebakarreko erabakiak hartuz (garraio politikan obra faraonikoak, hondakinen kudeaketaz erabakitzeko eskubideari muzin…). Mugimendu sozialen loraldian, pentsionistek ez dute jasoko 2019an udalari dagozkion eskumenen zerbitzuetan hobekuntza esanguratsurik. Berdintasun politikak ere, milioi batera iristen ez den diru partida ia izoztuarekin agenda politikoan ahaztuta geratu dira. Noizko berdintasun plan eraginkorrak, soldata arrakalaren aurrean neurriak hartzea, indarkeria matxistaren gorakadaren aurrean konpromiso-hartzea? Zeresanik ez, oinarrizko eskubideak guztiontzako bermatu beharrean, batetik, gizarte larrialdietara bideratutako diru partidak murrizteaz, turismoaren sektoreak salbatuko gaituelakoan hura indartzeko diru-partida handitu bitartean. Bestetik, donostiarrok etxebizitzaz dugun kezkaren aurrean ez da udal etxebizitza parkea handitzeko, ez etxebizitza hutsetan esku-hartzeko, ezta gutxiago Etxegintzan benetako apustua egiteko hautua egin ere.

EAJ-PSE-EEren aurrekontuek errealitate sozialaren beharren aurrean patronalari mesede egiten diete. Onartezina da udalaren inbertsio gaitasuna handiagoa denean, herritarren oinarrizko beharrei erantzun nahi ez izatea. Aurrekontu sozialak? Ez.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...