2026-01-27
Blog Page 689

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan urtarrilerako deitutako hamar greba egunak erregistratu ditugu

Hamar greba egun deitu ditugu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan, eta gaur egin dugu lanuzte horien erregistroa Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Gizarte Ekimeneko patronalek akordioetara iristeko erakutsitako borondate faltaren aurrean etorriko dira greba eta mobilizazio berri hauek, LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok deituta. Urtarrilaren 16tik 25era bitarte izango dira.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Ezin da onartu langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoeran egotea”

0

Huerta de Peraltako langileek hamar egun bete dituzte greba mugagabean, eta grebalariei babesa emateko elkartasun eguna antolatu dugu. Goizean goizetik, jende andana bildu da enpresaren atarian, eta, eguerdian, manifestazio bat egin dugu Azkoienen. Foru Poliziaren presentzia nabarmena izan da. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitza hartu du manifestazio aurretik, eta jendarteari dei zuzena egin dio: “Ezin da onartu langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoeran egotea”.

Enpresak grebalariek egindako proposamenei gaur erantzungo ziela adierazi zuen, asteartean, greba batzordearekin izandako bileran. Horri eta gatazkaren jatorriari buruz aritu da Garbiñe Aranburu: “Enpresak gatazkarekin amaitzeko aukera du gaur. Proposamen bat du mahai gainean. Huerta de Peraltako langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoera btean aritu dira lanean, eta errealitate hau Nafarroako beste lur batzuetan zabalduta dago. Gainera, kontutan haru behar dugu pertsona migrantez osatutako kolektibo bat dela hein handi batean, are eta egoera ahul batean daudenak. Baina, Huerta de Peraltako langileek erabaki zuten egoeraren aurrean ez makurtzea, eta antolatu eta borrokatzea erabaki zuten, euren eskubideen defentsan. Eta borroka horrek emaitzak ekarri ditu, lan baldintzetan eta soldatetan hobekuntza nabarmenak lortu baitzitiuzten. Hala ere, dirudienez, enpresak ez du ondo hartu garaipen sindikal hori, eta jazarpenarekin, kalertzeekin eta zigorrekin erantzun du patronala den aldetik. Langileak ikaratzeko modu bat da”.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “berriro ere, langileak mobilizatzen ari dira, greba egiten ari dira. Horregatik, eredugarria iruditzen zaigu gauzatzen ari diren gatazka. Izan ere, esplotazio egoeran lan egitea enpresak irabazi gehiago lortzeko modu bat delako, baina, horretaz gain, langile kolektiboa menderatzeko modu bat ere bada”.

Hau dela eta, Garbiñe Aranburuk argi dauka borroka honek ez dagokiela Huerta de Peraltako langileei bakarrik, Nafarroako eta Euskal Herriko langile kolektibo guztiari ere: “Mugak zeharkatu dituen borroka bat da. Hain zuzen ere, nazioarteko hainbat eragile etorri ziren atzo elkartasuna ematera, eta gauer, elkartasun egun honen harira, beste enpresetako hainbat eta hainbat langile hurbildu dira babesa emateko”.

Hala, LABeko idazkari nagusiak jendarteari dei zuzena egin dio: “Ezin da onartu langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoeran egotea”.

Nafarroako Gobernuari ere luzatu dio mezua, “modu zuzenean inplika dadin gatazkan. Enpresari gatazka konpondu dezan exijitu behar dio, enpresa honek diru publikoa jaso duelako eta gobernuak ardura politikoak dituelako lan gatazka honen konponbidean”.

Bukatzeko, Garbiñe Aranburuk nabarmendu du, enpresaren aldetik erantzun baikorrik egon ezean, greba batzordeak greba eta mobilizazioekin jarraituko duela kaleratutakoak berronartu eta zigorrak erretiratu arte. Zentzu honetan, manifestazio batera deitu dugu astelehenerako, Iruñean. 12:30ean irtengo da Udaletxeko plazatik.

 

 

 

Nazioarteko hainbat eragileren bisita jaso dute Huerta de Peraltako grebalariek

0

Lan arloko nazioarteko hainbat eragileren babesa jaso dute Huerta de Peraltako grebalariek. Hain zuzen ere, nazioarteko ordezkaritza bat hurbildu da Azkoienera, eta bertan izan da langileekin, greba mugagabearen zazpigarren lanegunean. Azken egunotan izandako jazarpenari buruz aritu dira, baita atzo zuzendaritzarekin izandako bileraren inguruan ere. Mobilizazioek ez dute etenik, eta elkartasun egun bat antolatu dute ostiralerako. Hain zuzen ere, 12:00etan manifestazioa egingo dute herrian. 

Lan arloko hainbat eragilek eman diete babesa Huerta de Peraltako grebalariei. Mundu osotik jaso dute elkartasuna. Hauxe da zerrenda:

-Central Sandinista de Trabajadores CST-JBE – Nikaragua
-Confederación Intersindical Galega CIG – Galiza
-Corriente Sindical de Izquierdas CSI – Asturies
-CTA Autónoma – Argentina
-CTB – Brasil
-CUP Països Catalans
-CUT Aragón
-CUT Galiza
-DISK -Turkia
-Dismantle Corporate Power international campaign
-Federación de Sindicatos de Palestina
-Federación Sindical Mundial (FSM)
-Federación Uruguaya de la Salud (FUS) Uruguay
-FSOC – Kanariak
-Instituto de Estudios Cestes – Italia
-Instituto de Estudios y Formación de la CTA Autónoma – Argentina
-Intersindical Alternativa de Catalunya (IAC) – Catalunya
-Intersindical Canaria- Kanariak
-Intersindical CSC – Catalunya
-Intersindical Valenciana – Valentzia
-KPD – Alemania
-Left Bloc in the Austrian Trade Union Federation – Austria
-OSCMS – Txekiar Errepublika
-PAME – Grezia
-Partido Comunista – Swazilandia
-PEO – Zipre
-Red Sindical Internacional de Solidaridad y Luchas
-Rete dei Comunisti – Italia
-Sindicat COS – Països Catalans
-Sindicato Andalúz de Trabajadores (SAT) – Andalucia
-SMT- Valencia
-Solidaires – Frantziako estatua
-USB – Italia

Komunikabideei egindako adierazpenetan, LABeko Nafarroako ordezkari Imanol Karrerak azken egunetan eragile eta sindikatuen aldetik jasotako babesa eskertu du; bost kontinenteetatik iritsitako elkartasuna, hain justu. “Nazioarteko elkartasuna berezibiziko garrantzia ari da izaten, gatazka hau gizarteratzeko zein lan eta bizitza duin baten alde egiteko antolakuntzaren beharra zabaltzeko. Huerta de Peraltako langileek babes handia dute, enpresa bortitz baten aurrean. Globalizatutako kapital baten aurrean, beharrezkoa da borrokak globalizatzea”.

Irainak eta kolpeak, gaur ere
LABetik salatu nahi dugu, gaur ere, Nafarroako Foru Poliziak izandako jarrera bortitza. Hain zuzen ere, zenbait ekintzaile enpresaren atarian furgoneta bat aparkatu dutenean, eta hamarnaka lagun errepidean modu baketsuan eseri direnean, beti ere grebaren eragina arintzeko helburu ustelarekin kanpotik ekarritako produktuen iragaitea eteteko, Foru Poliziak irainka hasi dira (besteak beste, “te vamos a matar”, “te vamos a enterrar”, “te vamos a dar una paliza” esanez) eta bertaratutako pertsona batzuk kolpatu dituzte; Imanol Karrera bera, tartean.

Era berean, Foru Poliziak nazioarteko ordezkaritzako kide baten aurka egin du, elkarretaratzearen ondoren identifikatu eta “desobedientzia” delitua egotzi eta gero. Hortaz, LABek berretsi egin nahi du Nafarroako Barne kontseilari Maria Jose Beaumonten dimisioa eskaera.

Huerta de Peraltako gatazkaren konponbidea posible eta bideragarria da. Atzo iragarri bezala, LABek hiru puntutan oinarritutako proposamen errealista bat egin du: kaleratutakoen berronarpena; 440.000 euroko zorrarren negoziazioa (eskatzaileentzat zati bat eskatzen dugu, beste zati bat lan talde osoarentzat eta hirugarren bat zorraren zati bat barkatzeko); eta negoziazio baten irekiera enpresa itun bat lortzeko, nekazaritza sektoreko hitzarmena oinarri. Une honetan, enpresaren erantzunaren zain gaude. Enpresak, orain arte, ez du inongo borondaterik azaldu akordio bat lortzeko.

Nafarroako Gobernuari eta Legebiltzarrari eskatzen diegu Huerta de Peraltako gatazkaren konponbidean inplika daitezen, Nafarroako lurretan gertatzen den prekarietatea eta esplotazioari aurre egiteko lehen urrats gisa.

 

 

 

Nafarroako Auzitegiak La Manadaren inguruan hartutako azken erabakiaren ondoren, epaitegietan emakumeontzat justiziarik ez dagoela berretsi nahi dugu

Gaur, epaia irmoa izan arte Nafarroako Auzitegiak San Ferminetako erasotzaileak baldintzapeko askatasunean jarraituko dutela erabaki du.

Azken urteotan, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeei bide instituzionalek sufrikario erantsia dakarkiela salatu izan dugu. Justiziak, indarkeria matxista jasan duten emakumeak babestu ordez, emakumeok berriro ere bortizki zapaltzen eta erasotzen gaitu. Justizia heteropatriarkala da.
Gainera, indarkeria matxistaren aurrean erakunde publikoen aurpegi zuriketa salatu nahi dugu ere, indarkeria matxistaren kontra egitearen ardura guztiona dela esan arren, inongo konponbiderik ematen ez dutelako.

Guk ez dugu justizia horretan sinisten, ez dugu sinisten justizia patriarkal, klasista, arrazista eta misoginoan…

LABetik gure elkartasuna adierazi nahi diegu indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei eta erakunde publikoei bestelako justizia bat eraikitzeko pausu ausartak ematea eskatzen diegu.

LABek borrokan jarraituko du indarkeria matxistaren kontra, lantokietan zein kalean, salaketak eginez eta alternatibak proposatuz, eta borroka honetara gehitzeko deia egiten die langileei.
 

 

 

Desazelerazioa, prekarietatea eta babesgabetasuna dira gure lan-egoeraren ezaugarri nagusiak 2018 urte amaieran

Hego Euskal Herrian erregistratutako langabezia 152.516 pertsonatan kokatu zen 2018 urte amaieran. Langabetuen erdiak baino gehiago emakumezkoak ziren, %56,1 hain zuzen ere.

Aurreko hilabetearekin alderatuta enplegu zerbitzu publikoetan erregistratutako langabeziak 1998 pertsonetan egin du behera, nagusiki gabonetako sasoiaren inguruan zerbitzu sektorean ematen diren kontratazioengatik.

Aurreko hilabetean enplegurik ez zutenen artean ere behera egin du langabeziak. Industrian aldiz, 751 pertsonetan egin du gora langabeziak. Honek %3,9ko igoera suposatzen du hilabete bakar batean.

Bilakaera sektorial honek gazte eta emakumeei egin die mesede bereziki, baina benetan oso hobekuntza prekario eta iheskorra da, sortutako enpleguaren antzerakoa. Aurreko urtearekin alderatuta, 10.673 pertsonetan egin du behera langabeziak. Honek esan nahi du langabeziaren bilakaerak urteko seigarren jaitsiera kateatzen duela abenduko hilabete batean. Hala ere, urteko jaitsiera azken lau urteotako txikiena izan da.

Gainera, nabarmentzekoa da gazteen langabezia iazko maila berdinetan dagoela ia. 25 urtetik beherako 10.286 gazte dago langabezia, 2017ko abenduan baino 18 gehiago.

Hortaz, lan merkatuaren suspertze erritmoa moteltzen ari denaren sintoma argi baten aurrean gaude, gure ekonomiaren bilakaerak erakusten duen bilakaerarekin bat datorrena.

Kontratazioari dagokionez, sinatutako 100 kontratutik 8 baino ez dira mugagabeak, aldi baterako kontratuen erdiak ez du hilabetea gainditzen eta kontratazioaren beste hern bat da mugagabekoa, gutxi gora behera. Guzti horrek argi uzten lan-merkatuan indarrean dagoen segurtasun gabezia eta errotazio maila.

Azkenik, salatu beharra dugu langabeziagatiko babes sistema espainiarrak eskaintzen duten estaldura maila apala.

Hego Euskal Herrian 62.149 dira gaur egun langabeziagatiko prestazioren bat jasotzen dutenak, baina kasuen %38,6an gutxigatik hilean 430 eurotako prestazioa gainditzen duen prestazio asistentzialak dira.

Gainera, langabeziagatiko prestazioak jasotzen dituen kolektiboaren artean soilik 48.423 pertsona jotzen dira ofizialki langabetutzat, arrazoi administratibo desberdinak medio. Honek esan nahi du 106.000 pertsona daudela indarrean dagoen babes esparruak bertan behera uzten dituenak.
 

 

 

Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren alde egitea eskatu diogu Gasteizko Legebiltzarrari


LABen ordezkaritza batek idatzi bat erregistratu du Gasteizko Legebiltzarrean, 2010 eta 2012ko lan erreformen aurka posizionatu dadin eta horiek osoki bertan behera uztea eskatu dezan, Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren defentsako neurriak hartzeko ere eskatu dugu.  


LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak hartu du hitza Legebiltzarraren atarian, eta gogoratu du 2010 eta 2012ko lan erreformek 13 neurri atzerakoi ekarri zituztela. “Estatuko Gobernuaren azken aldaketa egin zenean asko hitz egin zen lan erreformaren derogazioaz, baina orain errealitatea guztiz bestelakoa da”, adierazi du Xabier Ugartemendiak, eta baloratu du azken egunotan gaiaren inguruan egon diren mugimenduak.

Hain zuzen ere, joan den abenduaren 13an Estatu mailako CCOOek iragarri zuen erreformaren puntu batzuk aldatzeko aurreakordioa zegoela Estatuko Gobernuarekin. Azken honek ez zuen halakorik baieztatu, baina elkarrizketetan zebiltzala aitortu zuen. CCOOek iragarritakoari erreparatuta, erreformatik oso puntu gutxi aldatzeko borondatea dute alde biek, Gobernuak zein sindikatuek, eta gainera, erreforma aurretik zegoen egoera ere ez da aintzat hartzen.

LABeko ordezkariaren hitzetan, “harrigarria da moldatzeko aipatu dituztenen neurrien artean ez daudela langileen kaleratzeak erraztearena, kalte-ordaina 33 egunera jaistea eta EREak egiteko aukerak zabaltzearena; eta ez da estatalizazioa ere zalantzan jartzen, hau da, bertako langileei Estatu mailako lan baldintzak inposatzea”.

Xabier Ugartemendiaren arabera, “hau guztia makillaje operazio bat baino ez da. Erreformen puntu larrienak mantenduko dira, patronala prekarietatea ezartzen jarraitu ahal izateko”.

Hala, euskal langileok bizi dugun egoeraren irtenbidea ez dela Madrildik etorriko azpimarratu du: “Irtenbidea Euskal Herrian dago. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua beharrezkoa da langileok bizi dugun egoerari aurre egiteko, hemen behar ditugun neurriak eta hauek aurrera eramateko tresnak sortu ahal izateko”.

Bide horretan erregistratu dugu gaurko eskaera, Gasteizko Legebiltzarrari zuzenduta, helburu hauekin:

-2010 eta 2012ko erreformak osoki bertan behera uztea eska dezan.

-Eskuduntza osoak dituen Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren alde egitea eta hau martxan jartzeko neurriak hartzea.

-Estatalizazioaren kontra agertzea, eta, hau gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzari exijitzea bertako lan baldintzak aplikatzen ez dituzten enpresak kontratu publikoetatik eta diru laguntza publikoetatik kanpo uztea, ezinezkoa izan beharko litzatekeelako bertako diru publikoa jasotzea Estatuko lan baldintzak aplikatzen badira.

 

 

 

Huerta de Peraltako grebalariek mobilizazioekin jarraituko dute, enpresaren erantzunaren zain

0

Huerta de Peralta enpresako greba batzordeak eta zuzendaritzak bilera bat izan dute gaur, Azkoiengo enpresan gauzatzen ari diren greba mugagabearen 6. lanegunean. Langileek proposamen integral bat jarri dute mahai gainean, eta enpresak ostiralean erantzungo duela adierazi du. Greba batzordeko kideek jakinarazi dute erantzun horren arabera erabakiko dutela gatazkarekin amaitu edo mobilizazioak gogortu.

Huerta de Peraltako grebalariek egindako proposamenak arlo desberdinak jasotzen ditu: kaleratu eta itzuli nahi duen langileen berronartzea, azken hilabeteetan ezarritako zigorrak bertan behera geratzea eta grebalarien aurkako neurririk ez hartzea. Era berean, langileei zor zaien kopurua nola banatu proposatu du greba batzordeak, eta, azkenik, negoziazio prozesu bati ekiteko konpromisoa eskatu dio enpresari. Azken honi dagokionez, negoziazio prozesua itun bat lortzeko izango litzateke, egunerokotasunean oso gatazkatsuak diren hainbat gai lantzeko; hala nola, egutegia, oporrak, lan osasuna, kontratazioak edo soldatak. Horrela, lan harreman normalizatuak lortuko lirateke.

Enpresaren erantzunaren zain, langileek greba mugagabearekin eta aurreikusitako mobilizazioekin jarraituko dute. Zentzu honetan, nazioarteko ordezkaritza bat hurbilduko da bihar Azkoienera, langileekin egoteko; eta ostiralean, Elkartasun Eguna izenekoa dago prestatua.
 

 

 

Bilbobuseko lanuztearen jarraipena %100ean kokatzen dugu, eta oroitarazten dugu Udalarena dela gatazkak zabalik jarraitzearen erantzukizuna

0
LABetik barkamena eskatu nahi diegu egoerak kaltetu ditzakeen erabiltzaileei eta argi adierazi nahi diegu langileak ez direla egoeraren erantzuleak, Bilboko Udala baino. Azken honi eskatu beharko liokete konponbidea, eta honek ez luke zabaldu beharko gatazka konponduta dagoela horrela ez denean.

LABek %100ean kokatu du gaur Bilbobusen egin duten lanuztearen jarraipena. Gutxieneko zerbitzuak baino ez dira atera. Jarraipenak, aurreko deialdietako berdina izaten jarraitzen du.

LABentzat Bilboko Udala da Bilbobuseko lanuzteek jarraitzearen erantzule nagusia, herritarrentzako kalitatezko zerbitzuaren alde egin beharko bailuke honek, lan-baldintzak eta ondorioz, zerbitzua bera, prekarizatzea ahalbidetu gabe. Gainera, ez luke onartu beharko Bilbobusen enplegua suntsitzerik, zerbitzua kalitatezkoa izateko beharrezkoa den enplegua baino gutxiago sortzerik, Bilbobuseko langileek egin beharrekoak diren lanak azpikontratatzerik ezta langileen arrisku egoeretarako benetako konponbideak ez jartzerik.

LABen ustez tamalgarria da gatazka faltsuan ixtea ahalegindu izana eta langileen asanbladak guztiari konponbidea emango dion akordiorako konponbiderik jarri ez izana, horrela kalitatezko zerbitzua bermatuz, baldintza duinak izango dituena, modu seguruan eta prekarioa ez den enplegua sortuz.