2026-04-27
Blog Page 686

Egogaingo langileen protestek aurrera jarraitzen dute

Helduen egoitzako langileek elkarretaratze bat egin dute, Eibarren bertan, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan eta murrizketa, pribatizazio eta arduragabekeriaren aurka. Protesta berezia izan da, kantuz egin baitute.
 

 

 

Propaganda neurriekin ez da nahikoa soldata-arrakalarekin amaitzeko

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak adostutako instrukzioan ez dago neurri berritzaile eta ausartarik. Emakumeek kalean aldarrikatutakoari ez diote erantzuten. Bistan da ez dutela soldata arrakala arazo politiko gisa ikusten, ez baita aipatu ere egiten marko posible guztietan aldarrikatu izan duguna.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak adostutako instrukzioari buruz, gizon eta emakumeen arteko soldata berdintasun klausulak eta soldata arrakalaren kontrako neurriak jasotzen dituen instrukzioari buruz, hain justu, honako hau adierazi nahi dugu:

Soldata arrakalaren kontrako planaren albistea (“Estrategia eta ekintza-plan eragilea Euskadin soldata- arrakala murrizteko”) 2018ko azaroaren 27koa da. Horrela hedatzea, greba feministaren bezperan berriro, propaganda eta oportunismo hutsa da. Josu Erkorekak dio Eusko Jaurlaritza ados dagoela eta bere egiten dituela martxoaren 8ko aldarrikapen eguna eta mugimendu feministaren planteamenduak. Guk diogu hori ez dela horrela, eta berresten dugu iragarritako neurriekin ez dituztela martxoaren 8an Euskal Herriko kaleak bigarrenez hartuko dituzten aldarrikapen ia gehienak erantzungo.

Eusko Jaurlaritzaren (EAJren, kasu honetan) helburua EAE soldata arrakala gutxien duten Europako bost herrialdeen artean kokatzea da. Gure helburua, ordea, emakumeenganako soldata diskriminaziorik ez egotea da, eta lan baldintzak zein soldata duinak egotea.

2018-2021 urte bitarteko Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako Saileko Planaren arabera, Ogasun eta Ekonomia Sailaren lehen helburu estrategikoa berdintasuna sustatzea da, kontratazio publikoaren bitartez. Aplikazio eremua sektore publikoa litzateke, Administrazio Orokorra bera eta sektore publikoetako erakundeak, eta kontratu guztiei eragiten die; obra, horniketa, zerbitzuak… Kontratuetan betebehar bezala jasotzen da emakume eta gizonen arteko soldata diskriminazioak saihestea.

Guk diogu diskriminazio handienak sektore pribatuetan gertatzen direla, eta, oraindik orain, Administrazioa ez da ausartu arlo horietan ezer behartzera. Are eta gehiago, enpresa pribatuari enpresa horiengatik prekarietate egoera larrian dauden emakumeei baino errespetu gehiago eskaintzen diote.

Kontratazio organoetan, kontratazio baldintzetan, esleipen irizpideak jasoko dituzte emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatze aldera, baremo osoaren %5eko ponderazioarekin gutxienez.

Hala, berriro ere, derrigorrezkoa izan beharko litzatekeena, sarituko dituzten neurri bilakatuko dira. Baloratu beharreko irizpideak sinbolikoak dira, errealak baino gehiago. Izan ere, horietako batzuk gaindituta beharko lukete gaur egun, honako hauek adibide:

-Desabantaila sozialean dauden emakumeen kontratazioa: %33ko edo gehiagoko urritasuna, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Lanbide Arteko Gutxieneko Errentaren jasotzaileak, genero indarkeriaren biktimak edo lan merkatura sartzeko arazoak dituzten emakumeak.

-Berdintasun arloko formakuntza eskaini kontratua esleitzen zaion plantillari (erakunde ofizial edo aitortutako erakunde batek ziurtatua).

-Pertsona kopuru bat izan gutxieneko formakuntza bat duena berdintasun arloan, gutxienez, 150 ordukoa.

-Protokolo bat izan lanean sexu erasoak eta sexuaren araberako jazarpena saihesteko edo horiei aurre egiteko.

-Kontratua esleitzen zaion plantillarentzat edo onuradunentzat kontziliazio neurriak ezarri bizitza pertsonalean, lanean eta familia esparruan, beti ere neurri horiek dagoeneko ezarrita daudenak hobetzen badituzte: jardunaldia edo lanorduak malgutu, tele-laneko sistemak, kontziliaziorako laguntza zerbitzuak adin txikikoen eta menpekotasuna duten pertsonen zaintza errazteko, zerbitzu txekea, jangelak, haurtzaindegiak, eguneko zentroak, ludotekak…

Gainera, kontratu publikoetako pleguetako klausula administratibo berezituetan, soldata diskriminazioaren existentzia saihesteko betebeharra erantsi izana konpartitzen ez dugun ardura edo “moralitate” baten izenean egiten da. Saihesteko betebeharra eta behartzea ez da gauza bera. Terminologian erabilitako anbiguotasun hori, derrigorrez bete beharreko neurriak ez direnez, asmoak besterik ez dira.

Honen guztiagatik, hartutako neurriak eta neurri hauek iragartzeko modua ikusita, greba feministatik bi egun eskasera, bistan da hauteskunde interesei erantzuteko eta aurpegia zuritzeko egin dutela, eta ez konpromiso errealak eta eraginkorrak hartzeko soldata arrakalarekin eta soldata arrakala ekartzen duten arrazoiekin amaitzeko.

Berriro salatu nahi dugu, soldata arrakalari buruz hitz egiten dutenean, bizitza sostengarria egitea ahalbidetzen duten ordaindutako edo ordaindugabeko zaintza lanak ez direla kontutan hartzen. Orduan, zein soldata arrakalari buruz ari gara hizketan?

Ezarritako neurriak lortzeko ez dago neurri berritzaile eta ausartik. Emakumeek kalean aldarrikatutakoari ez diote erantzuten. Bistan da ez dutela soldata arrakala arazo politiko gisa ikusten, ez baita aipatu ere egiten marko posible guztietan aldarrikatu izan duguna, behin eta berriz, besteak beste:

• Berriro ere emakumeak zaintza lanen kargu egitera kondenatzen gaituen zerbitzu publikoen murrizketa eta pribatizazioari ez.

• Soldata-arrakala are gehiago handitzen duen zerbitzu publikoen azpikontratazioari ez.

• Kontziliazio eta korrespontsabilitate neurri benetako,efektibo eta eraginkorrak.

• Enpresa guztietan berdintasun plan efektiboak egin eta betetzeko derrigortasuna.

• Zaintza lan guztiek aitortza politiko, ekonomiko eta soziala. Hauen berrantolaketa soziala.

• Barruko etxeko langilearen figuraren desagerpena.

• 0 urtetik 3 urterainoko doako hezkuntza.

• Lanaldi egokiak eta aldi baterakoak ez diren kontratazioak, bizitza ez prekarioak eta emakumeentzako
“autonomia” ekonoimikoa bermatuko dituztenak.

• Zaintzaren euskal sistema etxeko langileen (barrukoak zein kanpokoak), etxez etxeko laguntza zerbitzuetako langileen eta nagusien pribatizatutako egoitzetako langileen esklabotza eta
prekarietatearekin amaitzeko.

• Estatalizazioaren kontrako neurriak.
 

 

 

Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegietako garbiketako langileek Jaurlaritzaren aurrean egin dute protesta, grebaren 170 egunean

0

Gipuzkoako Komisaldegietako eta epaitegietako garbiketa zerbitzuko langileek 170 egun bete dituzte gaur greban, eta, martxoaren 8aren bezperan, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzaren aurrean protesta egin dute, pairatzen duten soldata arrakala salatzeko, besteak beste. Hain zuzen ere, komisaldegietan %13koa da soldata arrakala, eta epaitegi eta adin txikiko zentruetan %7koa. Diru publikoarekin finantzatzen den genero diskriminazio batean aurrean gaudela gaitzetsi dute. Bestalde, nabarmendu dute komisaldegien hitzarmena 2009ko abenduaren 31an amaitu zela; epaitegien kasuan, 2017ko abenduaren 31n.

 

 

 

Greba feminista: sistema kapitalista heteropatriarkalaren gehiegikeriak salatuko ditugu, baita emakumeon eskubideak irmotasunez exijitu ere

0

LABetik Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8an greba feministarako deialdiarekin bat egiten dugu. Zerbait berria eraikitzeko prest gauden guztion indarrak behar ditugu, bateratzen gaituena aintzat hartuz, baina ezberdintzen gaituena saihestu gabe, Euskal Herri aske, feminista, antikapitalista eta antiarrazista eraikitzeko.

Duela urtebete, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, milaka emakume kalera irten ginen eta pairatzen dugun egiturazko bazterkeriaren aurrean olatu morea osatu genuen. Aurtengoan indar handiagoarekin seinalatuko ditugu sistema kapitalista heteropatriarkalaren gehiegikeriak, are eta ozenago salatuko ditugu bere kontraesanak eta irmotasunez exijituko ditugu gure eskubideak.

2018an erakutsi genuen indarraren aurrean kapitala morez janzten saiatu da eta sinestarazi nahi izan digu mahaiaren alde berean jesarririk gaudela. Ez da horrela! Generoaren soldata arrakala oraindik badago lan esparru guztietan, gehienbat emakumeok* egiten ditugun lanei balio ekonomiko eta soziala kentzen zaie, zaintzak ez dira inorentzat lehentasun politiko, emakumeok*ez daukagu ez denborarik ez baldintzarik zaintzeko eta duintasunez bizitzen jarraitu ahal izateko.

Ez gaituzte engainatuko, ez gaituzte isilaraziko, aurtengo Martxoak 8an eta ondotik etorriko diren egunetan ere borrokatzen jarraituko dugu.

Aurtengo Martxoaren 8aren atarian, hainbat ekintza eta mobilizazio egin ditugu sindikatutik. Bihar, mugimendu feministak Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan egingo dituen mobilizazioekin egingo dugu bat. Hiriburuetako hitzordu nagusiak hauek dira:

-DONOSTIA
12:00etan Boulevard
19:00etan Antiguako Tunela

-IRUÑEA
12:00etan Gaztelu Plaza
19:00etan Golem Zinemak

-GASTEIZ
12:00etan Plaza Berria
19:00etan Iparralde G.E.

-BAIONA
12:00etan Merkatu Plaza
19:00etan Errepublika Plaza

Bestalde, LABeko Idazkaritza Feministak honako hau gogoratu du biharko greba dela eta:

-Grebarako eskubidea oinarrizko eskubidea da.
-EZ zaude behartuta greba egingo duzun ala ez jakinaraztera.
-Pertsona orok greba egiteko eskubidea dauka, gutxieneko zerbitzuetan egon behar direnak izan ezik.
-Enpresak EZIN DU greban dauden langileak ordezkatu.
-Enpresak horrela egingo balu, barne zein kanpoko langileekin, SALATU EZAZUE lan ikuskaritzan egunean bertan.

Ikuskaritzaren telefonoak:

Araba, 945 062100
Bizkaia, 94 4032700
Gipuzkoa, 943 023550
Nafarroa, 948 261750

Edo jar zaitezte harremanetan LAB edo bestelako sindikatuarekin, laguntza gehiago behar izanez gero.

 

 

 

Emakumeon eskubide falta salatu dugu Sestaon, Gizarte Segurantzaren egoitzan

0

Ekimen eta mobilizazioak egiten ari gara Euskal Herriko eskualdeetan zehar martxoaren 8ko greba feministari begira, “Kapitala hautsi, bizitzari eutsi” lemarekin, deialdia zabaldu eta emakumeei* parte hartzeko deia eginez. Bada, gaur, elkarretaratze bat egin dugu Sestaon, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, emakumeok* bizi dugun eskubide falta salatzeko. Egoitzan bertan sartu gara ere, gure aldarrien berri emateko.
 

 

 

Aktibazioa aldarrikatzen dugu Arabako metalgintzako behin-behinekotasuna eta berdintasun faltarekin amaitzeko

0
Gaur, martxoak 6, Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea batzartu da eta bertan, behin-behinekotasuna eta berdintasun falta izan ditugu hizpide. SEAk bere benetako aurpegia erakutsi du eta proposamen guztiei ezetz erantzun die. Horren aurrean, LABen ustez, langileon aktibazioaren bidez SEA mugiarazi behar dugu.

Gaurko bileran bi gai nagusi jorratu ditugu, biak ala biak sektoreko arazo nagusietakoak: behin-behinekotasuna eta emakumeek jasaten duten egoera. Lehenengoari dagokionez, hainbat proposamen atera dira iruzurrezko kontratazioari aurre egiteko eta egonkortasuna bilatzeko baina guzti-guztiei ezetz erantzun die patronalak. Hortaz, LABen ustez, SEA enplegu prekarioaren defendatzaile sutsua da, ez baitu arazo hau aldatu nahi.

Berdintasun faltaren inguruan, SEAk uko egin dio berdintasun-planak 50 langiletik gorako enpresetan ezartzeari, eta soilik legeak agindutakoa beteko duela adierazi du. SEAk hartu duen konpromiso bakarra da Sektoreko Berdintasun Batzordeaz hitz egitearena izan da, baina bere jarrera ikusita, LABek proposamen zehatzak egingo ditu batzorde hori benetan eraginkorra izateko, ezerezean gelditzeko arriskua baitago.

Hori guztia kontuan hartuta, LABek uste du SEA bere benetako aurpegia erakusten ari dela, sektoreko arazoei erantzun beharrean prekarietatea iraunkortzea bilatuz. Hau ere bada aurreko hitzarmenen ondorioa, patronala oso eroso dagoelako gutxiengo sindikalak hain merke sinatutakoarekin.

Horren aurrean, LABek argi eta garbi adierazten du soilik langileon aktibazio eta mobilizazioarekin lortuko dugula SEA patronala mugiaraztea.
 

 

 

Hitzarmen duina aldarrikatu du langileriak Gureak Navarra enplegu zentru berezian

Gureak Navarra enplegu zentru bereziaren langileriak kalera atera da hitzarmen duina aldarrikatzeko asmoz, Noainen eta Arazurin dituen lan zentruen atarietan mobilizazioak burutuz.

2018an, urte hasieran, Nafarroako Gureak-en hitzarmen berria negoziatzeari ekin genion.

Hasiera-hasieratik topo egin dugu enpresak agertu duen jarrerarekin, aurrekoarekin alderatuz, funtsezko murrizketak jasoko lituzkeen hitzarmen berria nahi zuelako. Batzordeak nahiz langileek desadostasuna agertu zuten, negoziazio berria zoru sendo batean sostengatu behar zelako, hala nola, indarrean dagoen hitzarmenean, atzeratzerik eta murrizketarik gabe.

Hala ere, enpresak erabaki du ez duela langileen premia askori erantzunen lioketen mugimendu sakonik eginen, eta oinarrizko eskubide batzuen murrizketari eutsiko diola, adibidez, aldi baterako ezgaitasunari.

Nafarroako Gureak aniztasun funtzionaleko pertsonei ematen die enplegua; Nafarroako Gobernuak eta Estatuto Lan Zerbitzu Publikoak milioi askotako diru-laguntzak ematen dizkio; Lanbide-arteko Gutxiengo Soldataren eta langile-kotizazioen erdia jaso ohi du.

Aitzitik, enplegu baldintzak oso kaskarrak dira, eta Hitzarmenean jaso hobekuntzak urriak. Argi deritzegu enplegu babestuko esparruan diharduen enpresa batek gutxiengo lan baldintzak bermatu behar izateari, eta ildo berean, dirua kudeatzeari.

Are gehiago, Gureak enpresaz ari garenean, dibertsitate funtzionala duten 4700 pertsonei enplegua ematen dien, eta urteko 240 milioi €tako negozio-bolumena mugitzen duen enpresa batez ari garelako.

Horrek guztiak bermatzen ez duenez hitzarmen duina, Nafarroako enpresako langileok gaurko egunez mobilizatu gara, kalera langileen erdia baino gehio irten direlarik, Zuzendaritzarekin negoziatzeko bilerari ekin aurretik.
 

 

 

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek Eudelen aurrean egin dute protesta

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak greban daude egunotan, eta, gaurko manifestazioa egin aurretik, eserialdia egin dute Eudelek, Euskadiko Udalen Elkarteak, Bilbon duen egoitzaren aurrean. Zaintza eta bizitza erdigunean jartzeko aldarriarekin ari dira borrokan, baita zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintza duinak exijitzeko ere. Atzo eta gaur egin bezala, biharko ere deitu dute grebara.

  

 

 

Nafarroako Gobernuko langile guztientzako Lanbide Karrera-Garapen lege proposamena aurkeztu dugu

LABek nafar administrazioetako langile guztientzako Lanbide Karrera/Garapen sistema ezartzen duen lege proposamen bat landu du, eta berau foru Gobernuari zein talde parlamentarioei helarazi die. Honen guztiaren helburua argia da: hartzaileei hurrengo legealdian lege hau eztabaidatu ahal izateko euren konpromezua eskatzea. 


Joan den otsailaren 27an, LABek Lanbide Karrera/Garapena Nafarroako administrazio publikoetako langile guztiei aplikatzeko lege proposamen bat erregistratu zuen Nafarroako Diputazioan. Proposamen horretan aldarrikatzen da Lanbide Karrera langile guztiei onartzea, gaur egun soilik osasun arloko sektore batzuek daukaten sistema gainerako langileei ere zabaltzeko. Hori dela eta, dokumentua aurkezteko ekitaldian Administrazioko arlo eta maila guztietako ordezkariak egon ziren. Proposamenean, mailaz igotzeko prozesua arautzen da, horretarako behar diren irizpideak zehaztuz.

LABen proposamenak 23/2016 Foru Legea du oinarri, medikuntzako eta erizaintzako langileentzako Lanbide Karrera ezarri zuena. Helburua da sistema hori Nafarroako Gobernuko langile guztiei zabaltzea; izan ere, LABek, klaseko sindikatua den aldetik, beti defendatu du langile guztiek aukera izan behar dutela prestakuntza jasotzeko eta lanbidean gora egiteko, betiere parametro batzuk betez gero eta, horren ordainean, konpentsazio ekonomiko batzuk jasoaz. LABen iritziz, prestakuntza hori oso lagungarria da langile publikoek herritarrei ematen dieten zerbitzua hobetzeko bidean.

Talde parlamentarioek ere hartu dute proposamena
Lanbide Karrerari/Garapenari buruzko legearen proposamena, Nafarroako Gobernuari igortzeaz gainera, gaur egun Nafarroako Parlamentua osatzen duten talde guztiei ere helarazi die LABek. Horregatik, agiriaren zenbait kopia sartu zituen Nafarroako Parlamentuaren erregistroan: alderdi bakoitzarentzat kopia bat. Ongi jakin arren legealdi hau bukatzear dagoela, LABen helburua da talde parlamentarioek beren hitza ematea hurrengo legealdian gure proposamena eztabaidatuko dutela, hauteskundeetatik eratorriko den Parlamentuaren osaera zeinahi delarik ere. Gainera, Osasunbidean LABeko ordezkari den Txomin Gonzálezek iragarri zuen bilera bat eskatuko diela Nafarroako Parlamentuko alderdi politiko guztiei proposamenaren gaineko informazioa emateko.