2025-12-20
Blog Page 68

Hezkuntza publikoaren alde mugitzen ari gara

Gaur “Hezkuntza Publikoaren alde – MuĂ©vete por la PĂşblica” kanpainaren lehen lanuztea egin dugu Baztan-Bidasoa eskualdean. Hiru elkarretaratze eta beste hainbeste asanblada jendetsu izan ditugu Beran, Elizondon eta Donezteben. Bertako irakasleekin bildu gara eta lehen eskutik jaso ditugu beraien kezka eta proposamenak. Beste behin ere argi geratu da Hezkuntza Departamentuak inbertsioa handitzea beharrezkoa dela, besteak beste inklusioa bermatzeko, nabaria baita baliabide pertsonalen falta, ikasleen beharrak asetzeko irakasle gehiagorena alegia.

Era berean, premiazkoa da Oronozko Lanbide Eskola berriari irtenbidea ematea, eta horren erakusle da bertako hezkuntza komunitate osoak bat egiten duela eskola berria eraikitzearen beharrarekin. Gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok erabateko babesa ematen diegu helarazi dizkiguten eskaera horiei guztiei.

Beraz, irakasleok antolatuta eta mobilizatuta jarraitzeko beharra dagoela argi ikusten dugu. Datorren asteazkenean, otsailak 26, bigarren lanuztea izango dugu Lizarraldean. Bertako irakasle eta hezkuntza komunitate osoa gonbidatzen dugu Viana, San Adrian eta Lizarran egingo diren elkarretaratze eta asanbladetan parte hartzera.

Hezkuntza Publikoko sukalde eta garbiketan LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako grebak hirugarren egunez %70etik gorako jarraipena izan du

Hezkuntza Saileko Sukalde eta Garbiketako 1.000 langile izan dira gaur, otsailaren 19a, grebara deituak. Urtarrilaren 30eko eta 31ko grebetan bezalaxe grebak jarraipen oso zabala izan du, %70etik gorakoa.

Gaur Bilboko, Donostiako eta Gasteizko hezkuntza ordezkaritzetan egindako elkarretaratzeetan ehunka sukaldari eta garbitzaile bildu gara.

Urtarrileko greben ostean negoziazio mahaiak deitu ditu Hezkuntza Sailak. Bilera hauetan, grebek behartuta zenbait eduki mahai gainean jartzen hasi da, funtzioen inguruan esaterako eta kategorien egokitzapenari buruz hitz egiten hasi da. Halere, grebetako aldarrikapenei erantzuten dieten proposamenak jorratzetik eta ekartzetik urrun dago.

Grebek eta mobilizazioek izandako babesak argi erakusten du langileek grebetan jarraitzeko indarra daukatela edukiak lortu arte. Horrela, bihar ere greba eguna da kolektibo honentzat. Lakuan egingo dute mobilizazioa goizeko 11:30ean. Lakua inguratuko dute sukaLdari eta garbitzaileek.

Hitzarmena berritzeko grebetako aldarrikapen nagusiak hauek dira: lan zamak arintzeko bazkaltiar eta garbiketa ratioak hobetzea eta lanaldiak murriztea; gazteberritze planak adostea; galdutako eros-ahalmena berreskuratzea; funtzioak definitzea eta kategoriak egokitzea; enplegua egonkortzea eta pribatizazio zein fusio edo itxieren bidez lanpostu suntsiketak eragozteko neurriak hartzea, ordezkoen araudia negoziatu eta adostea, lizentziak eta baimenak hobetzea eta lan osasun, berdintasun eta euskara planak garatzea.

Kolektibo hau feminizatuena den Hezkuntza saileko esparrua da eta lan baldintza prekarioenak dituena, baita pribatizazio prozesu handiena bizi duena ere.

Azkenik, gogoratu behar dugu Eusko Jaurlaritzak gehiegizko zerbitzu minimoen bitartez zein hauen aplikaziorako irizpide neurrigabeak ezarriz, kolektibo honen greba eskubidea baldintzatu nahi izan duela.

Hau horrela izan arren, greba egiteko aukera izan duten langileen artean, grebak %70etik gorako jarraipena izan du. Besteak beste, aipatzekoak dira, gutxieneko zerbitzuak kenduta langileen %100ak greba egin duen ondorengo eskoletako sukaldeak:

Gipuzkoan: Beasain, Hernani, Zarautz, Azkoitia, Lezo, Ikasbide edo Urretxu.
Bizkaian: CEP Mendia Balmasedan, CEP Kontxa edo CEP Alonsotegi.
Araban: Alegria/Dulantzi, Valdegobia, Gamarra edo Mendiko eskola.

Garbiketako langileen kasuan ere grebaren jarraipena oso zabala izan da. Erabatekoa, besteak beste, Lasarte eta Ordizin Gipuzkoan, Burdinibarra eta Trapagaran Bizkaian edo Gorbeialde, Eio eta Eraikin Araban.

[IRITZIA]: Langileen alde, euskal esparruaren bidean

Jarraian irakur dezakezue Oihana Lopetegi Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkariaren iritzi-artikulua:

Otsailaren 19a euskal sindikalismoak agendan ondo markatuta daukagun eguna da. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aldarrikatu zuen 1994ko mobilizazio hark abiapuntua jarri zuen Euskal Herria borrokarako eta antolakuntzarako espazio autonomo gisa garatzeko. LABek ordutik behin eta berriz aldarrikatu du langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko esparru propioaren beharra, burujabetzan urratsak ematea ezinbestekoa baita. Langileon egunerokoarekin konektatzen duen aldarria da, ditugun arazo ugariekin: prezioen garestitzea, etxebizitza gastuak; jatorriaren eta azalaren koloreagatiko eskubide urraketak; osasungintzako itxaron zerrendak; pentsio duin batera iritsi ezina; enplegua galtzeko beldurra, diskriminazioa, prekaritatea, eta beste hamaika korapilo. Lan eta bizi baldintzak hemen erabakitzeak tresnak ematen dizkigu hari matazak askatuz bestelako agertoki bat marrazteko.

Kapital errenten eta langileon errenten artean aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa da eta langileon artean ere arrakala eta desberdintasunak gero eta nabarmenagoak dira. Emakumeak* gara, gazteak, langile migratu eta arrazializatuak edo aniztasun funtzionala dutenak egoera prekarioena dugunak. Zerbitzu publikoak eraisten eta lan harreman eredu gero eta prekarioagoa sustatzen ari diren honetan, kezkarako arrazoiak baditugu.

Lan harremanen prekarizazio prozesua Europak agindu eta Espainiako zein Frantziako Estatuan bezala, Euskal Herrian ere ezarritako araudi eta funtzionamoldeen ondorioa da. Batetik, kapital multinazionalei atea irekitzen zaie negozioa egin dezaten langileon prekarizazioaren kontura. Interesen arabera datoz eta doaz, lantokiak itxi eta jarduera beste herrialde batzuetara eramanez. Desregularizazioak bidea errazten die. Bestetik, Estatuetatik inposatuta erreformak daude: Ipar Euskal Herrian eragina izan dute Frantziako Estatuan 90. hamarkadaz geroztik sustatutako erreforma antisozialek; zer esanik ez azken urteetako erretreta eta langabezia-asegurantza erreformek, greba orokorrekin erantzun izan ditugunak. Hego Euskal Herrian, berriz, 2010-2013 urteen artean Zapateroren eta Raxoiren Gobernuek bultzatu zituzten erreformek eragin izugarria izan dute bai pentsioetan, bai lan harreman ereduan. Euskal jendarteak borrokaren bidez adierazi zien desadostasuna, bost Greba Orokorrekin. Egiturazko aldaketa ezarri zuten, negoziazio kolektiboaren arauak aldatu eta, besteak beste, lan harremanen estatalizazio prozesua azkartzea ekarriz. Estatalizazioarekin batera, prekarizazio prozesua ere bizkortu egin zen. Sindikatu soberanistek erreforma larri haiei greba eta borrokaren bidez erantzun genien, ez ordea, estatalek.

Erreformen aurretik negoziazio kolektiboa lan harremanetarako euskal esparruarean zutabe garrantzitsuena izan zen. Erreformen ondorioz, ordea, Lan Harremanetarako Euskal Esparrua garatzeari mugak ezarri zitzaizkion, negoziazio kolektiboa ahuldu baitzen. Gainera, lan harremanen markoa aldatzeak bazuen beste asmo bat, euskal sindikalismoaren borrokarako eta eragiteko gaitasuna apaltzea. Lan harremanak desarautzeak izan zuen hirugarren ondorio argi bat, negoziazio kolektibotik kanpo, antolatzeko eta euren lan baldintzak negoziatzeko eta borrokatzeko aukerarik gabe izatea gero eta langile gehiago.

Ultraaktibitatea urtebetera mugatzeak, eta Estatuko hitzarmenak herrialdekoen edo autonomia erkidegokoen gainetik jartzeak ekarri zuen ordura arte bertako hitzarmenak zituzten langile askori Estatuko hitzarmenak aplikatzen hastea. Lan baldintza duinagoak izatetik prekarizatzera.

Ipar Hegoa fundazioak botere sindikalari buruz aurkeztutako “Ikusmiran 19” txostenaren arabera, urtebetean, 2013tik 2014ra, Hego Euskal Herrian Estatuko hitzarmena aplikatzen zitzaien langileak %21,60 izatetik %32,26 izatera pasatu ziren. 2017an bertako hitzarmenen lehentasuna ezartzeko lanbidearteko akordioa izenpetu genuen ordezkaritza handieneko lau sindikatuok patronalarekin, estatalizazio prozesuari mugak jarri eta lan harremanak bertara hurbiltzeko helburuarekin; ondoren, 2024an, sindikatu soberaniston borroka eta aldarrikapenen eraginez, legez berreskuratzea lortu genuen bertako hitzarmenen lehentasuna. Aldaketa horiek estatalizazioaren aurkako borroka indartzeko mugarri garrantzitsuak izan dira. Esku artean ditugun azken datuen arabera, 2023an langileen %29,60aren lan baldintzak arautzen ziren hitzarmen estatalen bidez. Oraindik 2013 aurreko datuetara iritsi ez bagara ere, 2014koak hobetzea lortu dugu.

Ez da bide samurra izan. Zenbat greba, borroka eta eztabaida. Aurrera begira ere bide luzea geratzen zaigu egiteko, euskal esparrua osorik garatu arte, bertako hitzarmenen defentsan borrokak pizten eta estatalizazioari mugak jartzen; hitzarmen propioen alde, estatalizaturiko eremuak hona ekartzeko borrokak aktibatzen; eta nola ez, gutxieneko soldata propioa hemen erabakitzeko indar guztia jartzen, bertako eskumenen baitan lanbidearteko akordio baten bidez —dagokion ardura hartzeari prepotentzia osoz uko egin nahi dion patronala negoziatzera eser dadin— edota eskumen berriak eskuratzeko herri ekimen legegilea bultzatuz.

Euskal langileon egoera hobetzeko ezinbestekoa da marko juridiko-politikoa gainditzea. Horretarako Euskal Herriaren nazio izaeraren aitortza eta erabakitzeko eskubidea aintzatestearen alde lanean jarraitzen dugu, herri honen askapen nazionalean eta langile klasearen askapen sozialean gure onena ematen, posible denaren mugak zabalduz. Olatu erreakzionarioari aurre egiteko hauxe da gure errezeta: kontrabotere sindikalismoa, independentista, feminista, antirrazista, ekosozialista. Euskal sindikalismo eraldatzailea.

Beste lan heriotza bat Nafarroan

2025 hasiera honetan, patronalak eragindako prebentzio faltak beste langile baten heriotza eragin du, urteko zazpigarrena Euskal Herrian eta bosgarrena Nafarroan. 46 urteko Gruas Barragan enpresako langilea, errepide bazterrean matxura bat atenditzen ari zela, auto batek harrapatu du bertan hilaz. Lan istripua A15ean izan da, Martzilla inguruan.

Lehenik eta behin, LAB Sindikatuak bere doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta gertukoei.

Ezagunak dira garabietako langileek errepide bazterrean lanean ari direnean pairatzen duten arrisku handia, hein handi batean ekidin daitekeena. Izan ere neurri prebentiboen artean erreien berbideratzea eta seinalizazio egokia dira garrantzitsuenak. Nafarroan trafikoa antolatzen duten kolore guztietako polizien ardura da hori, eurak dira, Nafar Gobernuaren agindupean, trafikoa antolatu behar dutenak bertaratuko diren garabilari eta bestelako langileei eremu segura eskaintzeko. Lan arriskuen aurrean koordinazioa da gakoetako bat, honetan Txibiteren gobernua arduragabekeria handiz jokatzen ari delarik.

Paradoxikoa da gaur bertan aurkeztu dela Nafarroako enplegu plana, non patronala, CCOO eta UGT-ren arteko diru banaketa hutsala agerikoa den. Horrelako kanpaina antzuak egin beharrean Nafarroako Gobernuak instituzio ezberdinen koordinazio egokia egingo balu bizitzak salbatuko lirateke, gaurkoa bezala.

Lan osasunaren galera Nafarroan nabarmena da, 2024ean 26 langile hil ziren istripuz, azken hamarkadako kopuru handiena, 24.000 lan istripu erregistratu ziren ofizialki. Datuek nabarmentzen dute istripuak ez direla kasualitatea, baizik eta neurri egokiak hartzen ez dituen patronal eta instituzioen ardura. Ardura hau beti langileriak ordaintzen dugu.

Intersindikala osatzen dugun LAB, ESK, STEILAS, EHNE Etxalde, HIRU eta CGT-LKN sindikatuok mobilizazioa antolatuko dugu datozen orduotan.

Zaintzaren antolamendu soziala eraldatzeko borrokan berretsi, eta pribatizazioaren erantzuleak interpelatuko ditugu martxoaren 6an

2023ko azaroaren 30ean lehen aldiz egin zen Euskal Herrian zaintza eskubide kolektiboaren aldeko Greba Feminista Orokorra; atzera-bueltarik gabeko urrats bat, Sistema zisheteropatriarkal kapitalista kolonial honetan zaintza krisiari aurre egin genion, eta zaintza sistema publiko komunitario baten alde borroka ziklo bat ireki genuen.

Borroka sindikal eta sozialaren bidez, zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatzeko borrokan jarraitzen dugu: euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioaren bidean, epe ertaineko erronka horretarantz urratsak ematen jarraitu ahal izateko aliantzak eta konpromisoak garatzen. Horregatik, martxoaren 6an, Greba Feminista Orokorrean egin genuen bezala, kaleak hartuko ditugu Bilbon eta Iruñean, eta patronala zein instituzioak interpelatuko ditugu.

BILBO – 11:00etan Eusko Jaurlaritzatik (Gran VĂ­a 85).

IRUĂ‘EA – 11:00etan CEN-etik (C. del Dr. Huarte de San Juan, 3).

Instituzioen arduragabekeria salatu nahi dugu, pribatizazioaren eta negozioaren ereduan sakontzen jarraitzeko egindako hautuagatik eta oraindik ere zaintzaren eremuan dauden egoera prekario eta kolapsatuen erantzule egiteko neurririk hartu ez izanagatik. Izan ere, administrazioa da pribatizazioak iraun dezan bermeak jartzen dituena, enpresa pribatuak zaintza langileen pribatizazioaren erantzule diren bezala.

Guztiontzako zaintza duina lortzeko borrokan, negozioa amaitzeko, sistema garatzeko eta pribatizatutako zaintza langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokan berresten gara.

Aldarrikapen horiek eremu sindikalean negoziazio kolektibora eramateko ardura hartu genuen moduan, kaleetan eta agenda politikoan mantentzeko hautua ere egiten dugu. Bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko, zaintza publikoaren alde, borrokan jarraituko dugu.

CAF – Rail Linen akordioa lortu du LABek

Borrokaren bideari ekin genion enpresa mailako lehen akordioa erdiesteko eta hainbat lanuzte eta mobilizazio burutu ditugu azken asteetan. Gaur arte ezinezkoa zena posible bilakatu da horrela.

Mahai negoziatzaileko azken bi bileratan enpresak jarrera aldatu eta edukia duten proposamenak ekarri ditu. Hala, hiru urterako akordioa dugu, langile batzarrean gehiengo zabalez onartu dena. Soldata igoerak KPIaren gainetik, urteko lanaldia 28 ordutan murriztea edo telelanerako aukeren hedapena dira lorpen nagusiak.

Langileon arteko elkartasun eta konpromisoaren bidez lortu da lehen aldiz enpresa lan baldintzak modu kolektiboan negoziatzera eserarazi eta eduki nabarmenak dituen akordioa erdiestea. Horregatik CAF – Rail Lineko langileak zoriondu nahi ditugu hemendik. Bide beretik iritsiko dira lorpenak aurrerantzean ere.

LABek EAEko Hezkuntza Sailari exijitzen dio CIDI enpresa behartu dezala eskola-garraioko eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmen kolektiboa negoziatzera esertzera

Joan den otsailean eratu zen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpekoak diren eskola-garraioko laguntzaileen eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko mahaia eta ordutik, patronalaren jarrera negoziatu nahi ez izatea izan da. Hasiera batean, patronala lau enpresek osatzen zuten (Ercisa, Eulen, La Productora eta CIDI), eta horietatik CIDIk (Centro Internacional de Idiomas) bakarrik jarraitzen du, gainerako enpresek elkartea uztea erabaki zutelako inolako zerbitzurik kudeatzen ez zutelako.

CIDI da gaur egun EAEko ikastetxe publikoetan zuzeneko kontratuarekin eskola garraioaren eta patioaren zaintzaren zerbitzua kudeatzen duen enpresa bakarra, duela bi ikasturte baino gehiago Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zerbitzurako lizitazio berriak argitaratu behar baitzituen.

2025eko otsailaren 11n, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak publiko egin zuen 100.000.000 euroko inbertsioa hurrengo lau urteetarako eskola-garraioko zerbitzurako, “azken urteetan garraiolarien sektoreak jasotako eskaerei erantzunez”. Eta egunero autobusean eta patioan ikasleak zaintzen eta artatzen dituzten langileenak? Argi dago Begoña Pedrosari gehiago axola zaizkiola garraio sektoreko enpresak langileak baino. Langile gehienak emakumeak* dira, lanaldi partzialekin eta kontratu prekarioekin.

CIDIk joan den abenduan jakinarazi zigun ez zuela parte hartuko hitzarmenaren negoziazio-mahaiko bilera gehiagotan, harik eta lizitazio berriak argitaratu eta adjudikatu arte, eta hala egin zuen urtarrilaren 29ko bileran eta ez zen bertaratu. Gaur, 2025eko otsailaren 18an, 12:00etan, hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaira deitua dago berriro, eta Lan Harremanen Kontseiluaren bidez bidalitako komunikatu baten ondoren, CIDIk parte ez hartzeko erabakiari eusten dio, horrela negoziazio kolektiboa urratuz.

LAB sindikatuak egoera honen berri eman dio Hezkuntza Sailari eta gaur-gaurkoz ez dugu erantzunik izan. EAEko eskola publikoetan eskola garraioa eta patioa zaintzeko zerbitzua, enpresa pribatu batek diru publikoarekin kudeatzen duen zerbitzu publikoa da, eta beraz, Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuaren Saila bera da arduradun nagusia.

Hori esanda, LAB sindikatuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari exijitzen dio CIDI enpresa behartzea EAEko eskola garraioko eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmen kolektiboa negoziatzera esertzera. Negoziazioan blokeo egoera honek jarraitzen badu, LAB sindikatuak ekintza sindikala aktibatuko du.

Lanbide heziketako oposizioak Nafarroan, arazo iturri oposiziogileentzat eta epaimahaikideentzat

Hezkuntza etapa honek Nafarroan dituen hamaika arazoei beste bat batu zaie oraingoan, oposizioen harira. Batetik, indarrean dauden curriculumak aurreko Lanbide Heziketako Legean daude oinarrituta, eta bestetik, berriak ez dira oraindik NAOn argitaratu. Zeren gainean eraiki programazioa? Zertan oinarritu ebaluazioa?

LAB sindikatuak Lanbide Heziketako irakasleek egun, Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoetarako 2025eko LEParen aurrean, bizi duten egoera salatu eta deitoratzen du.

Lanbide Heziketa Antolatzeko eta Integratzeko Lege Organiko berriaren ezarpenarekin, oposiziogileak batere babesik gabe sentitzen dira, programazioan zer aurkeztu ez dakitela. Kontua da Nafarroako Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuetan irizpide desberdinak erabiltzen direla legea aplikatzeko orduan, espezialitateen curriculumak ez dituztelako oraindik ere NAOn argitaratu. Hori dela eta, Nafarroan Lanbide Heziketa DUALA “probaldian” baino ez dagoela ematen du.

Aurkeztuko diren pertsonen kexa eta galdera askoren ondoren, otsailaren 11n izandako Mahai Sektorialean LHrako programazio didaktikoa egiteko baldintzak aldatu ziren. Ondorioz, kasu guztietarako araudi komuna erabili beharrean, etapa horretako LEPera aurkeztuko diren pertsonek curriculum zaharrean oinarritutako programazioak aurkeztu ahal izango dituzte 1. eta 2. mailetarako, baina hala nahi duenak NAOn argitaratu gabe dagoen curriculumean oinarrituta ere osa dezake 1. mailako programazioa. Egoera honetan daude, halaber, epaimahaietako kideak ere, oposizio-lehiaketara aurkezten diren irakasleen programazio didaktikoak ebaluatzeko errubrika desberdinak erabili beharko baitituzte.

Bestalde, bada atal bat non aipatzen den zein diren programazioan nahitaez adierazi beharrekoak. Bertan, besteak beste, honakoa zehaztea eskatzen du: “hezkuntza-mailari dagozkion gaitasunak eta zikloko gaitasun orokorra”. Aipatutako Mahai Sektorialean, LABek adierazi du 2023an indargabetu zela LHko hezkuntza-mailari dagozkien gaitasunak zehazten zituen Errege Dekretua, ordutik ez dugula araudi berririk ezagutzen Nafarroako Foru Komunitaterako eta oposiziogileek ez dakitela nola islatu puntu hori beren programazioetan. Erantzun modura, isiltasuna baino ez genuen jaso.

Gauzak horrela, Lanbide Heziketako irakasleek, bai oposiziora aurkeztuko direnek bai oposizioko epaimahaiak osatzen dituztenek, hutsune oso garrantzitsu bat dute. Noiz eta oposiziorako lau hilabete eskas baino falta ez direnean!

Urteak dira LAB sindikatua Nafarroako Lanbide Heziketan nagusi den zentzugabekeria salatzen ari dela. Aurten, esate baterako, ikasturte hasierako jarraibideak azaroan bidali zitzaizkien Lanbide Heziketako eskolei, kurtsoa hasi eta hiru hilabetera. Hori urte askotan gertatu izan da, baina aurtengoa are larriagoa izan da, Lanbide Heziketa DUALA ezarri berria baita.

Horrek guztiak neurrigabeko ezinegona sortzen du irakasleengan, eta baita hamaika arazo ere ikasturteari ekiteko. Horren adibide dira, besteak beste, behin baino gehiagotan irakurri eta entzun ditugun Virgen del Caminoko, Nekazaritza eta Basogintzako Zentro Profesionaleko edo Elizondoko Lanbide eskolako irakasleek egin dituzten kexak, zeinak askotan hedabideetara ere iritsi diren.

Egoera tamalgarri hori ikusita, beraz, LAB sindikatuak erreklamazio andana iragarri du 2025eko Lanbide Heziketako oposizioetan.

Sanmarkoseneko langileek enpresarekin akordioa lortu dute!

Sanmarkosene nagusien egoitza kudeatzen duen Gureak enpresak, langileen lan baldintzak okertu eta prekarizatuko zituen prozesu batean murgiltzea derrigortu zituen langileak. Enpresaren proposamenak, besteak beste, jardunaldi partzialen kontratuak gehiago murriztea, langileak kaleratzea, egutegiak moldatzea 9 lan egun jarraian egiteraino eta enpresa hitzarmena ez aplikatzea planteatzen zuen.

Egoera honen aurrean, langileek mobilizatzea erabaki zuten eta 81 greba egun eta mobilizazio ugari egin ondoren enpresarekin akordioa lortu dute.

Akordioan, kontratu partzialen jardunaldia handitzea (%60tik %81era igoko dira), langilerik ez kaleratzea eta enpresa hitzarmena aplikatzea lortu da, baina nagusien egoitzetan dagoen beste aldarrikapen nagusi bat ere jaso da akordioan, ratioak hobetzea, hau da, zerbitzua emateko langile kopurua igotzea. Honek egoiliarrek jasoko duten arreta egokiagoa izatea ekarriko du.

Langileek egin dituzten mobilizazio guztiei esker eta herriak (pentsionistak, mugimendu feminista, senideak…) eman duen babesagatik lortutako akordioa dela argi dugu, beti ere, borrokak merezi duelako.