2026-07-24
Blog Page 676

Dei egiten diegu beste sindikatuei patronalaren kontrako borrokarekin bat egitera, Bizkaiko bulego eta langeletan hitzarmen duina sinatzera behartzeko

Bulego eta langeletako hitzarmena negoziatzen ari den mahaian, LABek aurkeztu duen sinatzeko moduko plataforma dago, CCOOk eta UGTk sostengatua. Baina azken bilera ostean ez da aldaketarik izan; patronalak ezetz irmoa eman dio sindikatuen proposamenari.

Azken erantzun honen eta gauden egoeraren harira, sektoreko sindikatu handiek, ELA, CCOO eta UGTek agertu duten arduragabekeria itzela da; zaila gertatzen zaigu hura kalifikatzea, hala ere, saiatuko gara hura azaltzen:

ELA, sektorean %41,53ko ordezkaritzarekin, ez da gauza izan inolako ekimen motaren buru izateko sektorean, LABek borroka honi ekin zitzaionetik proposatu dituen proposamenekin bat egitera mugatu da. Eta sektorea gidatzea erabaki zuenean, bideragarri ikusi zuen bakarra greba mugagabea egitea izan zen. Erabaki horrekin baldintzatu zuen borroka: haien borroka mugagabea egin ala ezer ez! Denok dugu gogoan zertan geratu zen mugimendu hura. Horren ondorioz, ELAk bere sinesgarritasuna galdu ez ezik, borroka desegituratu zuen ere, lau sindikatuok elkarturik genuen indarraren zati handia harekin eramanez.

Oraingoan ez dute bat egin LABen proposamenarekin. Gehiago nahi dutelako beti, jakina, zirkinik egin barik eta erakutsi duten geldotasunarekin, hitzarmena hiltzen utzi dute. Jakina, haren proposamenak ez du gehiengoa lortzen mahaian.

Bestalde, CCOO, %31,48ko ordezkaritza batekin, gordeta egon zen, inoren berri jakin nahi ez zuela. 2018ko otsailaren 1ean LAB eta ELA sindikatuek greba deitu zuten arte, non milaka langileak bildu ziren Bilboko kaletan. Haren militantziak berak, CCOOek hartan parte hartu ez izanaren zergatia ulertzen ez zuenez, egin nahi ez zutena egitera behartu zuten, borrokatzera alegia. Egintzetan agertu duten gogo eza agerikoa izan da aurrera egin nahi izan den bakoitzean, beti aitzakiatzat hartuz “negoziatu behar dela”. Dirudienez, azken bi urtean, hilero, CEBEKekin egin ditugun bilerak ez die balio izan, patronalari aurre egiten zaionean bakarrik etsitzen duela jabetzeko. Gainera, lan erreforma onartu zenetik puztua dabil. Borroka baztertzeko bozketa deitu zuen. Hartan ordezkaritza zeukan lekuetan, langileen %30ak bakarrik (sektorearen zati ñimiñoa) parte hartu zuen, eta ezer ez egiteko aitzakiatzat erabili zuen. Orduaz geroztik egoerak bere horretan dirau; “negoziatu” berba ikurtzat hartu dute, eta duela hainbat hilabete ez dira gauza proposamen bakarra aurkezteko.

UGTri dagokionez, beno, haren %9a zuzenean gehitzen zaio CCOOren %31ri: egiazki egiaztatu dugu CCOOk ezartzen duela haren estrategia, eta frankizia izatera mugatu dela.

CCOOk eta UGTk ez dute argitzen zenbateraino kaskartu ditzaketen sektore honetako lan baldintzak, hura esateko ausardiarik ez dutelako izan. Dena den, argi adierazi dute hura kaskartzeko zereginean dihardutela, eta aitzakia gisa, hitzarmena bera da. Baina zertarako balio du estatuko hitzarmena okerragotzen duen hitzarmena? Argi izan behar da, “negoziatzeak”, haiek dioten moduan, 2012ko hitzarmenaren baldintzak are gehiago urritzea dakarrela. Hobekien dakiten bezala sal dezatela. Dena dela ere, bi hauen batuketarekin, ez da iristen ere hitzarmena sinatzeko.

Egoera honelakoa izanik, ezinezkoa da sektore honetako %84a biltzen duten sindikatuek egiazko norgehiagoka eta borrokako jarrera sindikalik egitea, eta horri onargaitza deritzagu. Horrengatik eta klaseko sindikalgintza aldarrikatuz, eskatzen dugu utz diezaiotela ezertarako balio ez duten bilerak egiteari patronalari erregutzeko, eta patronala makurtzeko borrokari batu dakiola, horrela, hitzarmen duina sina dadin.

LABek bultzatu du gurdia, kalean ikusi izan duzuen mobilizazio guztietan eta bakoitzean (lehen aipatu sindikatuek ondotxo dakite), batzuen eta besteen mespretxuak irentsi izan ditugu, eta sektoreak aldarrikatzen duen sindikatuen arteko batasun horri eustearren, betiere, hitzarmena duina lortzeko helburuan, entzungor egin dugu.

Baina garaia iritsi da mahai gainean ukabilkada jo dezagun, garaia iritsi da sektoreko langileek jakin dezaten zein den egiazko egoera, eta denok jakitun izan gaitezen hitzarmena bada, ez dela inongo sindikatuaren baitan egongo, izatekotan, denok ados jarriko garelako CEBEK-eri aurre egiteko. Egoera ezin hobean dagoen patronala dugu CEBEK, non lan erreforma haren neurrian egin zen, eta dirudienez, sindikatuak eskubideen borrokan murgildu baino, barne estrategiei egiten dieten so. Borroka ez da amaitu; LAB, ardura agertuz, ez dago mahaian, ez dugulako iraun nahi iruzur horren partaideak izaten. Hala ere, tinko sinesten dugu indarrak bildu behar direla patronal hori estutu nahi badugu, hitzarmena lortzearren borrokatu nahi badugu. Espero dugu, behin gogoeta egin ostean, gainontzeko sindikatuak itzuliko direla garrantzitsua den horretara: sektore honetako lan baldintzen alde egitera eta haien alde gogoz borrokatzera.
 

 

 

Ezin da industria aurreratu batetaz hitz egin Bizkaiko Metalgintzako langileak prekarietatera kondenatzen dituzten bitartean

0

Bizkaiko Metalgintza sektorean deitutako grebak jarraipen oso zabala izan du gaur. FVEM patronalak zabaldutako gezurren gainetik, eta hainbat enpresatan egoera okerrenean dauden langileek jasandako presioaren gainetik, grebak %85eko jarraipena izan du. Aurreko greba egunean baino handiagoa izan da grebarekin bat egin duten langileen kopurua. Zorionak kalera ateratako langile guztiei, erakutsitako duintasunagatik.

Bizkaiko Metalgintzan une historikoa da bizi duguna, eta FVEM patronalak bere jarrera harroputza baztertu eta langileen egoera okertzearen kontura aberasteari utzi beharko lioke.

BECen antolatutako azpikontratazioaren azokaren aurrean gaur salatu dugun moduan, ezin da industria aurreratu batetaz hitz egin langileak prekarietatera kondenatzen dituzten bitartean; emakumeek industriara sarbiderik ez duten bitartean; milaka direnean 10 urtez euren lan baldintzak izoztuta dituzten enpresa txikitako langileak; ETT eta azpikontratetan esplotazioa pairatzen ari direnean. Hauentzat subrogazioa beharrezkoa da bizi duten prekarietate egoerari aurre egiteko.

Patronalak gaurko aldarria entzun eta Bizkaiko Metalgintzako hitzarmen duin baten aldeko apustua egin beharko luke. Honela ez bada, LABek langile batasuna eta borrokaren aldeko apustuarekin jarraituko du. Bihar, ekainaren 7an, Bizkaiko Metalgintzako hirugarren greba eguna egingo dugu. Manifestazio nagusia Bilbon izango da, 11:30ean. Jesusen Bihotzean irten eta FVEM patronalaren egoitzan amaituko da.
 

 

 

SEAren jarrera inmobilistaren aurrean, aktibazioaren beharra aldarrikatzen dugu Arabako metalgintzan

0
Atzo, ekainaren 5ean, Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea bildu zen eta bertan, nagusiki, sailkapen profesionala eta soldatak izan zituzten hizpide. SEAren jarrera argia zen: estatuko hitzarmena gurera ekartzea eta soldata igoera eskasak adostea, 2018ko urtea ezabatuz. Horren aurrean, LABen aktibazioaren beharra azpimarratu nahi du.

Atzoko bileran bi gai nagusi jorratu zituzten, sailkapen profesionala eta soldata igoerak. Lehenengoari dagokionez, SEAk sailkapen berri bat proposatu zuen Arabako Metalerako, talde profesionalak ezarriz. Halere, proposamen hori da hain justu Estatuko metalgintzako hitzarmenean agertzen dena, zaharkituta gelditu diren mailak mantentzen ditu eta ez du suposatzen langileentzat inolako hobekuntza ekonomikorik.

Bestaldetik, SEAk berretsi zuen 2018rako ez duela inongo soldata igoerarik aurreikusten, eta hurrengo urteetarako igoerak bere horretan mantentzen dituela. Aldi berean, patronalak berretsi zuen lanaldia ezin dela jaitsi (1.735 ordutakoa da, Euskal Herriko metalgintza hitzarmenen arteko altuena) eta ez duela onartzen subrogazioa hitzarmenean jasotzea.

Hori guztia dela eta, LABek oso larritzat jotzen du SEAren jarrera, bere planteamenduak erabat onartezinak direlako eta bilera burutu ahala, akordio bat urrun du besterik ez du egiten.

Horren aurrean, LABek argi eta garbi azpimarratu nahi du aktibazio eta mobilizazioaren beharra eta norabide horretan, hurrengo asteetan mobilizatzeko prestutasuna agertu nahi dugu, sektoreko beharrei erantzungo dien hitzarmena lortzeko helburuz.
 

 

 

Osakidetzako Lehen Arreta sendo, eraginkor eta iraunkor baten alde egingo dugu greba, ekainaren 17an

0

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok eta Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak grebara deitu dugu ekainaren 17rako, Lehen Arretako egungo eredua guztiz urria dela salatzeko eta Osakidetzari bere jarrera zuzentzea eta profesionalen beharrizanetan oinarritutako konponbideak martxan jartzeko exijitzeko. Atzo iragarri bezala, grebaren erregistroa egin dugu Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, eta ekainaren 17an Gasteizen manifestazio bat egingo dugula jakinarazi dugu (Plaza de Bilbao, 12:00).

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT, ESK eta Lehen Arreta Arnasberritzen plataforma oso pozik gaude langileen aldetik jaso dugun babesarekin.

Osakidetzako zuzendaritzak, konponbideak luzatzeko, aldebakar gisa mahai sektorialeko deialdia atzeratu du. Guk, ordea, emaginak, erizainak, erizain laguntzaileak, medikuak, gidariak, pediatrak, zelariak, administrari laguntzaileak, administrariak, etabarrek tinko jarraituko dugu Lehen Arreta Mailan jardun dugun guztion aldarrikapenei uko egin gabe.
 

 

 

Iruñeko El Corte Inglesek bi langile kaleratu ditu gezurretan oinarrituz, langileak izutzeko helburuarekin

0

Kaleratzeak salatzeko, elkarretaratzea egingo dugu ekainaren 7an, 11:00etan, El Corte Inglesen aurrean. Ez gara isilduko!

 

 

 

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak behin-behineko langileen esleipenak atzeratu izana egonkortasuna finkatzeko atzerapausua da

0
Aurreko astean jakin genuenez, Hezkuntza Departamentuak behin-behineko langileen esleipen prozesu guztia abuztura atzeratzea erabaki du. Oposizio garaian -aurten Haur eta Lehen Hezkuntzari dagokio- prozesu horretan parte hartzen dutenei plazen aukeraketa abuztura atzeratzea logikoa izan ohi da, baina oraingo honetan alor publikoko irakasleria osoari eragingo dio -Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa barne-, oposizioak izan ala ez. Erabaki horren zergaitirik ez dugu oraindik jaso eta ulergaitza egiten zaigu, aukeraketa ekainaren amaieran izanda, irakasleriak datorren ikasturterako planifikazioa egin ahal izateko aukera gehiago izan baititu.

Iragarpen horren ondorioz, azken urteotan esleipenak ekainean izateko ahalegina zapuztu egin da eta ondorioz ikasturteko planifikazioa eta prestaketa didaktikoa egokiagoa egiteko xedea. Beraz, ikasturtean barna gabeziak pairatzeko tartea berriro handitu egingo da. Irakasleok erabaki ezberdinak hartu behar ditugu esleipenen ondorioz: bizitzeko lekua, mugikortasuna, edukin didaktiko eta metodologiko berriak nola ezarri…
Esleipenak atzeratzeak bertze ondorio pedagogiko batzuk dauzka pertsonalez haratago: jardunaldi murritza duten plazak, profil anitz edo berezietakoak zein ibiltari direnak betetzea zail izaten ohi denez, urtero plaza multzo bat hasierako deialdian esleitu gabe gelditzen ohi da. Dena abuztura gibelatzeak ikasturte hasieran hainbat ikastetxetan hutsuneak daudela hasiko garela aurrikusten dugu.

Planifikazio egokia
Mota horretako erabakiak hartzeko askoz ere egokiagoa iruditzen zaigu oposizio prozesuan ez dagoen irakasleriak ekainean jakitea nora joango den datorren urtean, planifikazioa patxada handiagoz egin dezan, hala nola behin-behineko irakasleriaren egonkortasuna sendotzeko bidean aurrerapausoak finkatzeko.

Horregatik prozesu hori guztientzat abuztura atzeratzea kaltegarria dela deritzogu eta Hezkuntza Departamentuari erabaki hori birplanteatu eta oposizioen eraginpean ez dauden esleipenak orain arte bezala ekainean egitea galdegiten diogu.
 

 

 

Asteburuan, gaueko txandan, erizaintza zerbitzurik gabe egon dira Egogain helduen egoitzan

Eibarko Egogain helduen egoitzako langileek protestekin jarraitzen dute, euren egoera jasangaitza dela salatzeko. Hain zuzen ere, Eibarren, Urkizun egin ohi duten azokan elkarretaratzea egin dute, eta, bertan, azken egunotan egoera okertu egin dela jakinarazi dute: "Irailaz geroztik daramagu Gipuzkoako Foru Aldundiak Egogainen ezartzen ari den eredua salatzen: pribatizazioak, lan baldintzen kaskartzeak, azpikontratan lan egiten duten lankideen egoera eskasa… Ematen ari diren arretaren kalitatean eragin handia du; horren adibide da asteburu honetan erizaintza zerbitzurik gabe egon garela gaueko txandan, inposatzen ari diren neurriek langileak beste enpresa batzuetara joatea eragiten dutelako. Borrokan jarraitzen dugu, eta ez dugu etsiko".

 

 

 

KYBSE-ko Enpresa Batzordeak errefusatu du KYB multinazionalak Nafarroan 133 langile kaleratzeko duen asmoa

0
Orkoiengo KSS lantegian kaleratuko dituen 133 langileak Ororbiako KYBSE lantegian berriz hartzeko proposamena egin dio KYB multinazionalak KYBSEko Enpresa Batzordeari, baina gaur azken honek baztertu egin du hitzarmenaren aldaketa hori -UGT sindikatuak hala eskatuta eta aho batez- multinazionalak eginiko proposamen horrek KYBSEko behin-behineko langile batzuk kaleratzea ekarriko lukeelako.

Paradoxikoki, orain aste batzuk multinazionalak proposamen berbera egin zuen Los Arcosen duen lantegian (KAMS), eta kasu horretan UGT-k eta CCOO-k onartu egin zuten, baina LABek, ez, noski. Izan ere, proposamen horrek aurrera egiteak une honetan KAMSen dauden 13 langile kaleratzea lekarke.

LAB-en uste dugu multinazionalak nahikoa bitarteko dituela langile bat bera ere lanik gabe geratu ez dadin bermatzeko, eta argi utzi nahi dugu ez dugula landuko kaleratzeak suposatuko duen proposamenik. Ildo horretan, KYB-k Nafarroan dituen hiru lantegietako -Orkoien, Ororbia eta Los Arcos- langileen enplegua bermatzeko oinarria abiapuntu hartuta, behar beste neurri adosteko gure prestutasuna azaldu dugu. Baina, horren aurrean, multinazionalak adierazi du bere asmoa dela 133 langile kaleratzea, lantegi batean edo bestean.

KYB Multinazionalak eta Nafarroako Gobernuak duten erantzunkizuna kontuan hartuta, langile guztientzat enplegua oinarri izanen duten neurriak har ditzaten exijitzen diegu, langileen artean inolako ezberdintasunik egin gabe.

 

 

 

Correosek Bilbon egindako murrizketa berriaren aurrean, mobilizazioa bihar posta zerbitzu unibertsalaren defentsan eta kalitatezko posta publiko baten alde

0
Funtzionarioen batzordeak eta enpresa komiteak, atal sindikal guztien babesarekin, ordezkarien kontzentrazio bat egingo dute bihar osteguna, ekainaren 6an, goizeko 11etan Bilboko posta- bulego nagusian (Urkixo zumarkalea, 19).

2016an, Correos-ek Bilboko banaketako 54 postari kentzea erabaki zuen, horrek dakarren enplegu galerarekin. Orain, berriro ere, 16 postari gehiago kentzea erabaki du, guztira, hiriburuko langileen herena. Postari bakoitzak 2.500 biztanletik gorako errolda hartu behar du egunero. Bilboko banaketan murrizketa berri hau arrazoitzeko argudiorik ez dago, are gehiago Internet bidezko erosketetatik datozen paketeen hazkundea banaketa-unitateetan arazo eta zailtasun asko sortzen ari denean, enpresaren aurreikuspen eta garai berrietara egokitzeko neurri faltagatik.

Correos-eko funtzionarioen batzordeak eta enpresa-komiteak, atal sindikal guztien babesarekin, publikoki salatu nahi dute erabaki horrek hiritar guztion eskubidea den eta Correos-en esku dagoen posta-zerbitzu unibertsalaren gainean duen eragina.

Lehenagotik ere legeak agintzen duen bezala astelehenetik ostiralera etxebizitza guztietara heltzeko arazoa bazuten, neurri berri honekin arazoa are handiagoa izango da. Postari bakoitzak ezinezkoak diren lan-zamak jasan beharko ditu herritarrei gutunak banatu ahal izateko, honek posta-zerbitzu unibertsalaren ez betetzea ekarriz.