2026-02-10
Blog Page 674

Alcad Electronics enpresako langileak mobilizatzen ari dira

0

Irungo Alcad Electronics enpresako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute. Hain zuzen ere, astelehena eta osteguna bitartean, hiru aste eman dituzte manifestazioak egiteko, ordu erdiz, 14:00etatik 14:30era, enpresaren egoitzatik Arretxe Ugalde industriaguneko sarreraraino. Hamaika urte dira soldata izoztuta dutela. Gainera, soldata murrizketak izan zituzten 2015ean, enpresak 2019an irabaziak dituen arren.
 

 

 

Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileak haien hitzarmenaren alde mobilizatzen hasi dira

Lehen protesta astelehenean izango da, 09:15ean Donostiako PRECOren aurrean, mahai negoziatzailearen bileraren aurretik.

LAB eta CCOO sindikatuek Donostiako Tabakaleraren kanpokaldean langile asanbladak burutu ditugu patronalek egindako proposamen onartezin eta iraingarriaren ostean.

Hauetan mobilizazio eta protesten bide orri bat markatu da HEDATZEN patronalak (Ekimen eta Esku Hartze Sozialeko erakundeen Gipuzkoako elkartea) bere proposamena birpentsatu eta negoziazio erreal eta duin baten alde egin ezean azpikontratatutako eta guztiz prekarioak diren gizarte zerbitzuak aurrera ateratzen dituen sektorearentzat.

 

 

 

Bizkaiko eskuhartze sozialaren sektorea arriskuan dagoela ohartarazi dugu

Zerbitzu Sozialen karteraren dekretu berriaren aplikaziotik eratorritako Bizkaiko Eskuhartze Sozialeko sektoreko berregituraketak, sektoreko sindikatuak alertan jarri gaitu sindikatuak.

Azkenengo lan hitzarmenaren sinadura eta gero, ziurgabetasun aro batean sartzen ginela ohartarazi genuen. Kartera dekretu berriaren aplikazioak, lan baldintzetan izango zituen eraginak zalantzak sortarazten zizkigularik.

Pasa den astean, sektorearen berregituraketak lehenengo kaleratzea ekarri zuen, zehazki, Bizitegi elkartean. Honetaz gain, aurreko otsailaren 5ean izandako kontaktu batean, GIZARDATZ eta GEROAN patronalek, sindikatuok egiten dugun analisia berretsi ez ezik, berrantolaketak sorturiko ondorioengatik, langileen kaleratzeen beharra, enpresa batzuen mahai gainean dagoela aipatu zuten.

Kartera Dekretu berria hazkunde aukera bat moduan planteatzen da sektorearentzako, gizarte zerbitzuen finantziazioa murrizten den heinean. Guzti honek murrizketa handiak ekarri ahal ditu zerbitzuaren kalitatean. Finantziazio falta hau langileongan erortzen da beste behin ere; lan eskubideen murrizketarekin, lan kargen handitzearekin, pertsonal murrizketarekin eta kaleratzeekin.

Bizitzen ari garen egoeraren garrantzia kontuan izanik eta espekulazioarekin bukatzeko helburuarekin, sektorean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok gatazkan inplikatuta dauden eragile guztiekin bilerak deituko ditugu. GIZARDATZ patronalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Inklusio Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari bilkura eskaerak helaraziko dizkiegu.

Honekin, alde batetik, sektorearen, zerbitzuen eta finantzazioaren gaur egungo egoera, modu zuzen batean ezagutzea bilatzen dugu. Bestetik, Bizkaiko Eskuhartze Sozialaren kalitatea bermatu nahian, zeresana duten eragile guztien parte hartzea bultzatu nahi dugu.

Bukatzeko, patronalek, instituzioen aurrean erakusten ari diren ahalduntze falta kontuan izanik, finantzazioaren arduradunen interpelazioa baino lehen, langileon kaleratzeak konponbide gisa jartzen dituztelarik; sektoreko sindikatu guztiok, Bizitegiko langileek, kaleratutako langilearen berronartzearen helburuarekin planteatzen dituzten ekintza eta mobilizazioak, gureak egiten ditugu, gure babes publikoa helaraziz. Gatazka honek duen berebiziko garrantzia argi geratzen dela uste dugu, Gizardatzen hitzetan honakoa esan zenean: “Bizitegik kaleratzeen aukera heldu duen lehenengoa izatearen zorigaitza izan du”. Honengatik guztiagatik, sektoreko langile guztiak hurrengo otsailaren 19an, Otxarkoagako plazan 10:30etan, burutuko den kontzentrazioarekin bat egitera gonbidatzen ditugu.  

 

 

Odi Bakar itxi ez dadin beharrezko urrats guztiak emango dituzte langileek

0

Iurretan dagoen Odi Bakarreko Zuzendaritzak enpresa ixtea erabaki du, lehiaketan urte bat baino gehiago egon ondoren. Ekainaren 21ean 15 langile kaleratuak izan ziren. Administradore konkurtsalak konkurtso egoeran zehar etengabe errepikatu eta baieztatu du enpresaren etorkizuna ez zegoela kolokan, azkenekoz abenduan.

Horrela izanda, urtarrilean likidazio eskaera eta langile guztientzako kaleratze EEE bat aurkeztu dute eta atzo egin zen negoziazioaren lehenengo bilera.

36 langile ari dira momentu honetan Odi Bakarren lanean. 36 langile engainatuak izan dira. Lehiaketan eta bertara sartu baino aurreko zorra 20.000 eurotakoa da bataz beste langile bakoitzarekin.

Enpresa hau bideragarria izan daiteke, baina horretarako inbertsoreak behar ditugu, plan industrial batekin.

Langileek argi dauka, ez dira etsituak sentitzen, aurrera jarraituko dute. Beharrezkoak diren pausu guztiak emango dituzte. Odi Bakar itxi ez dadin, eta Durangaldean 36 langabetu gehiago egon ez daitezen.  

 

 

TCCko lanuzteen balorazio positiboa egiten dugu

0

TCCko Enpresa Batzordearen gehiengoak deituta (ELA, ATTU, LAB), CGTrekin batera, lanuzteak egin zituzten atzo Iruñerriko garraio publiko kolektiboaren zerbitzuan, Hitzarmen Kolektibo bat aldarrikatzeko. 12:00etatik 16:00ak bitarte deituak zeuden lanuzteak eta 14:00etan Merindadeen plazan kontzentrazio bat egin zuten.

Enpresaren aldetik jarritako traba guztiak kontuan izanda, jarraipena ona izan zela adierazi nahi du Enpresa Batzordeak. Atzoko mobilizazioetarako ezarritako zerbitzu minimoak %60koak izan ziren eta, horiek betetzeko, lanuztea deitu zuten sindikatuen afiliazioaren %90ari egokitu dizkie zerbitzu horiek enpresak. Eta hala eta guztiz ere, lanuzteek zerbitzuan eragina izan zute eta %40eko jarraipena izan zuten. Beraz, sindikatuok balorazio positiboa egiten dute gaurkoaz.

Aipatu beharra dago greban zeuden bi gidariren zerbitzuak ordezkatu zituela enpresak; Lan Ikuskaritzan salatuko dute hori.

Enpresa Batzordearen gehiengoak mobilizazioekin segitzea erabaki du “TCCko langile guztientzat Hitzarmen Kolektibo bat lortu arte”. Hala, datorren otsailaren 21erako ere lau orduko lanuzteak deitu dituzte. 19:00etatik 23:00etara izanen dira, eta 20:00etan elkarretaratzea eginen dute TCC enpresaren ateetan.  

 

 

[IRITZIA]: “EAJk, PSEk eta PPk umezurtz utzi dituzte pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako 51.000 ahots”

Bea Martxueta, LABeko ekintza sozialeko idazkariaren iritzi-artikulua:

Orain urte bete Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak martxan jarritako Herri Ekimen Legegilearen (HEL) ibilbideari EAJk, PSEk eta PPk amaiera eman diote. Zorionez, EH Bildu eta Podemos gure alde izan ditugu. Ekimen horren helburua egun indarrean dagoen babes sozialaren estaldura zabaltzea zen, handitzea. Konkretuki bi lege aldatu nahi genituen: Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) 18/2008 eta Etxebizitzaren Legea 3/2005. Tamalez, hain beharrezkoa dugun eztabaidarako bidea galarazi digute. 51.000 sinadura ezer ezean utzi dituzte. 51.000 bai bestelako babes sistema sozial baten alde, 51.000 ahots pobreziaren eta bazterketa sozialaren kontra umezurtz utzi dituzte.

Datuen arabera, gero eta jende gehiagok babesa behar du. Pobrezia eta desberdintasun sozialen inguruko azken inkestaren arabera, DBSE, etxebizitza prestazioak eta larrialdi sozialeko laguntzen sistemak 2016an 134.563 lagunen premiei eman zien erantzuna, hau da, EAEko herritarren %6,3ari. 2008an ordea, 83.023 lagun izan ziren (herritarren %3,9). Hortaz, 2008tik 2016ra bitartean laguntza jaso izan duten lagun kopurua %62 handitu da.

2018ko datuetan arreta jarriz gero, alde batetik, prestazio hau jasotzen dutenen artean, jada %20 langile pobreak dira eta etengabe haziz doan kolektiboa da. Bestetik, %25,7 miseriazko pentsioak jasotzen dituzten pentsionistak dira. Eta, eskubide horren %57,7 onuradunak emakumeak dira. Berriro ere, genero perspektibatik aztertuz gero, datuek argi erakusten dute egiturazko bazterkeria egoera: DSBE jaso behar dutenen artean gehiengoa emakumezkoa da.

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren borondate politikoa gutxieneko estaldura eskaintzea da eta horretarako sistema deseraikitzen ari dira azkenengo urte hauetan: prestazioa eskuratzeko baldintzak gogortzen dituzte eta diru kopuruan ere beheranzko joera dago. Horrela, adosten dituzten murrizketek kolektibo horien bizi kalitatean zuzenean eragingo dute eta bizi autonomoa garatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabideak ukatuko dizkiete. Zentzu horretan, 2012. urtetik gaur egun arte, %13,5eko murrizketa jasan izan du eskubide horrek. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren erabakia tarteko – Espainiako Gobernuak 2019 urterako ezarritako Gutxieneko soldata ez aplikatzeak – DSEn kopuruak 2019rako %30 baino gehiagoko murrizketa izanen luke.

Gauzak horrela, berriro ere, EAEko gizarte babeserako ereduari buruzko eztabaida era faltsuan itxiko da. Emanen ez den baina eman beharko litzakeen eztabaidan, agerian utzi beharko litzateke lan harremanen eta gizarte segurantzaren alorrean eskumenik ez izateak (Lan Harremanetarako eta Gizarte Segurantzako Euskal Esparrua) Madrilen erabakitako lan erreformek eta pentsio murrizketek eragindako ondorioei DSBEren bidez aurre egin behar izatera garamatzala. Pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren igoera, langile pobreen errealitate berria eta pentsio apalak, Madrildik hartutako erabakien ondorio zuzenak dira.

Hemendik aurrera, eremu horretan geratzen dena EAJ eta PSEk aurkezturiko lege proposamena da, HEL neutralizatzeko helburuarekin sortua. Ez hori bakarrik: mugimendu horrekin, urte bete lehenago Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako 18/2008 legea erreformatzeko prozesua zartatu egin zuten, beharrezkoak ziren eztabaida eta bermeak mugatuz. Finean, gai horren inguruan premiazkoa den adostasun soziala ekidin nahi izan dute.

Gure HELri ezetza emateko arrazoiren artean, EAJk beraien lege proposamenean mugimendu sozialen eta sindikatuen ekarpenak jasotzen direla argudiatu zuen. Hori ez da horrela. Lege proposamenaren erreferentzia Jaurlaritzak duela urtebete aurkeztu zuen oinarrien dokumentua da alegia, neurri berberak. Neurri horiek, bere momentuan, hainbat kritika jaso zituzten, gaur egun indarrean dagoen araudiarekin konparatuta DSBE murriztera baitatoz. Mugimendu sozialek, gehiengo sindikalak eta aurkeztutako HELak agerpen parlamentarioetan azaldu eta eskatutakoari entzungor egin eta bere momentuan kritikatutako neurriei eutsi diete.

Ondorioz, lege proposamenaren aurka agertzen gara eta babes sistemaren inguruan herri honek beharrezkoa duen eztabaida abian jartzea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Gaur egungo jendartean, ekonomian eta lan munduan daukagun egoerari erantzuteko benetako aldaketak behar ditugu. DSBE gizarte kohesiorako benetako tresna bihurtzeko borondate politikoa behar da, bai eta politika integralak garatzeko tresnak izateko beharrari heltzeko borondate politikoa ere. LABek lanean jarraituko du gaur egungo eta etorkizuneko jendarteak behar duen euskal babes sistemaren eztabaidan sakontzen. LABek Lan Harremanen eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko borrokan tinko jarraituko du.

 

 

 

H&M-ko EEEaren akordio estatala ez sinatzea erabaki dugu

0

Gogoratu behar dugu, pasa den abenduan, enpresak Barakaldoko Max Center-en zuen denda ixteko erabakia jakinarazi ziela Bizkaiko enpresa-batzordeko-kideei.

Komunikazio horretan H&M-k Estatu mailako EEE baten barruan sartzen gintuen, Estatu espainoleko 5 dendarekin batera estalitako kaleratzeak ziren beste herrialde batzuetarako lekualdatzeak eskainiz.

Bartzelonara joan ginen enpresak lehenago ez bezala, negoziazio eremua zentralizatu nahi zuela eta Euskal Herrian genuen ordezkaritza eta negoziaketa eremuan jardun behar genuela aldarrikatzeko. Madrileko bilera guztietan ere izan gara, lan-baldintzak mantenduz ahalik eta lan-postu gehien bermatzen direla ziurtatzeko lanean, baina uste dugu EEE honek helburu bikoitza izan duela. Batetik, Euskal Herriko negoziaketa eremuko ordezkaritza gutxiengoan uztea. Bestetik, enpresak aldaketak egin nahi ditu negozio ereduan eta hori aitzakiatzat erabiliz plantillaren parte bat hustu eta besteek beraien lan-baldintzak moldatzea nahi du. Lan-karga badago eta salmentak ere, beraz, LAB-en azken bilerako posizionamendua behin-behineko aterabide batetik haratagokoa da, enpresari aurrean gaituela adierazi nahi diogu eta ez dugula txantaiarik onartuko (“hau sinatzen da edo eskeinitako eskaintza kenduko dugu”).

Erabat kezkatzen gaitu enpresak norantz egin nahi duen edo Euskal Herriko dendekin zer egin nahi duen ez jakiteak, eta ikusteak nola erabili dituzten enpresak salmentak handitu ditzan hainbeste ahalegin egin dituzten langileak.

Azkenik, langile guztiak elkarrekin borrokan multinazional honi aurre eginez jarraitu dezan animatzen dugu, azken greban egin zuen bezala.
 

 

 

Gogor salatzen dugu EAEko Eskola Kontseiluak oposaketak derrigorrezkoak izateko mahai-gaineratutako proposamena eta bere buruaren dimisioa exigitzen dugu

0
LAB sindikatuak beste behin ere prozeduraren gardentasun eza, hezkuntza-komunitateraren parte-hartze eza eta inolako eztabaidarik garatu ez izana gaitzesten du. Gaur goizean, prentsaren bidez izan dugularik Eskola Kontseiluaren azken erabakiaren berri. Ikasturte hasieratik aktiboki agertu gara neurri horren aurka eta zenbait mobilizazio eta ekimen garatu ditugu neurri hori bertan behera uztea exijitzeko. Horrela adierazi diogu behin eta berriro bai Hezkuntza Sailari zein Eskola Kontseiluari.

Alegazio eta emendakinak aurkeztu ditugu gure aurkako jarrera argi adieraziz eta ez dugu inolako erantzunik jaso. Are gehiago, ez da Eskola kontseiluko eragileekin inolako eztabaidarik bideratzeko sahiakerarik sikieran egin. Norabide honetan, lotsagarria da hezkuntza-komunitatearekin adostutako neurria dela adieraztea, inongo momentuan eztabaidarik garatu ez den neurrian. Hamaikagarren aldiz rodiloa pasatzea erabaki dute hezkuntza komunitatearen iritziaren gainetik. Zoritxarrez, ez da horrelako gertaera bat ematen den lehen aldia, Herenegun Unitate Didaktikoarekin edo “Hezkuntzaren gaineko akordioa” egitasmoarekin gertatutakoak ditugularik azken adibide garbiak. Onartezina eta jasangaitza iruditzen zaigu errealitate hau.

Guzti honengatik, Eskola Kontseiluaren barne araudia errotik aldatzea, Eskola Kontseiluko iraunkorrak suposatzen duen “kortijoarekin” behingoaz amaitzea eta Eskola Kontseiluko buru den Nelida Zaitegiren berehalako dimisioa exijitzen dugu.
 

 

 

Patronalaren xantaiaren aurrean ordua da Bizkaiko metalgintzan sindikatu guztiok lanuzte eta grebak deitzeko

0
Gaur egin da Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren mahai negoziatzailearen 17. Bilera. Bileran, FVEM patronalak berriro mespretxatu ditu langileak eta sindikatuak, proposatzen are atzerakoiago bat aurkeztuz, zeintan 2018a igoerarik gabe geratuko litzatekeen, hau da, galdutzat emango litzatekeen.

Gogoratu beharra dago ze testuingurutan egiten dituen patronalak planteamendu hauek. Irabazi eta hazkunde ekonomikoko testuinguru batean, FVEM berak esan du 2019an 1.000 lanpostu sortzea aurreikusten duela. Bere proposamenekin argi geratu dena hau da, bai sortuko diren lanpostuak zein honezkero daudenak prekarioak izango direla. Horixe ari da LAB salatzen 2018ko ekainetik, FVEMen negoziaziorako borondate faltaren aurrean mahaian genuen parte-hartzea etetea erabaki genuenean. Gaur, 17 bilera beranduago, UGT-k erabaki du mahaitik altxatzen dela arrazoi berdinak aipatuz.

47.000 langile baino gehiagori eragiten dio Bizkaiko metalgintzako hitzarmenak. 47.000 horietatik ia %90ak aldi baterako kontratua dauka, %28a azpikontratatutako langileak dira, lanpostuen %30 baino ez dute betetzen emakumeek, %20koa da gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala, gora egin du ABLE bidezko kontratazioak, badira langileak urteak daramatzatenak igoerarik gabe eta baita soldata-murrizketekin ere…

Langile guzti horiek euren lan- eta bizi-baldintzak hobetuko dituen hitzarmena merezi dute. Horregatik, LABen erabaki dugu prekarietate eta esplotazio egoera guzti hauei egitea, lantegiz lantegi borrokatuz eta akordioak lortuz, baina baita borroka sektoreko langile guztiei zabalduz ere, inor ahaztu gabe.

Patronal honi aurre egiteko ordua da eta bere xantaien aurrean amore ez ematekoa. Sektoreko langile guztiontzako hitzarmen duinaren alde borrokan egiteko ordua da. Ordua da sindikatu guztiak batu gaitezen eta borrokan egin helburu horren bila. Dei egiten diegu ELA, CCOO eta UGTri aurrera urrats bat eman dezaten eta sektore guztian lanuzte eta grebak deitu. Kontrakoa ez litzateke ez ulergarria ez onargarria izango Bizkaiko metalgintzako langileentzat.