2026-04-23
Blog Page 672

Modu positiboan baloratzen dugu Larrialdietako baldintzen gainean eskuratu dugun akordioa Osakidetzako mahai sektorialean

0
Osakidetzako mahai sektorialeko bilera, EPEaren eskanduluagatiko dimisioek sortutako zuzendaritza berriak deitzen duen bigarrena alegia, lortutako Larrialdien arloko akordioak markatu du. Akordio honetan arlo horretako langileen oinarrizko aldarrikapen batzuk jasotzen dira.

Azpimarratu nahi dugu urte eta erdiko borrokak eta mobilizazioak izan direla Osakidetza negoziatzera eta aspaldi aldarrikatu ditugun eskaera batzuk onartzera behartu dutenak.

Argi gelditu da borondate politiko pixkat baino ez dela behar edukiz betetako akordioak eskuratzeko. Era berean, Osakidetzaren jarrera salatu nahi dugu, aspaldi konpontzerik zegoen gatazka hau denboran luzararazi duelako.

Gaurko akordioa garrantzitsua da, Larrialdietako langileen lan-baldintzak hobetzen dituelako, eta, ondorioz, zerbitzuaren kalitatea ere bai. Hala ere, argi utzi nahi dugu akordioak ez dituela barnebiltzen LABek aldarrikatzen dituen puntu guztiak, eta denak lortu arte, borrokan jarraituko dugula.

 

 

 

Egogain helduen egoitzako langileen borrokak aurrera darrai

Eibarko Egogain helduen egoitzako langileak borrokan daude, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan eta murrizketa, pribatizazio eta arduragabekeriaren aurka. Gaur Borroka Eguna egin dute hainbat jarduerekin. Era berean, euren gatazkaren berri eman dute egunean zehar egindako protesten bitartez.


 

 

 

Ikor enpresako langileek elkarretaratzea egin dute Zuatzun, lantegiaren aurrean, kaleratzeak salatzeko

0

Ikor Sistemas Electronicos eta Ikor Tecnology-eko langileak joan den ostiralaz geroztik ari dira egunero mobilizatzen, 10:00etan eta 18:00etan, lantokiaren aurrean. Azken asteotan emandako hainbat aldaketa eta gertatutako lau kaleratze salatzeko erabaki dute protesta egitea, eta horrela jarraituko dute ostirala arte gutxienez.
 

 

 

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek beste zazpi greba egun egingo dituzte

Apirilaren 16 eta 17 eta maiatzaren 13, 14, 15, 16 eta 17. Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek egun hauetan egingo dituzte grebak, LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok deituta.

Soldatak 7 urtez izozturik, 4 urtez hitzarmena berritu gabe, eta mobilizazioetan hasi ginenetik 2 urte igaro dira, eta urtebete lanuzteak egiten hasi geroztik. Hala ere, sektore honetako sindikatuok 7 greba-egun gehiagorako deialdia egin beharrez gaude, orain arte egindako 26 greba-egunei gehitzekoak.

Argi dago Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzaren gatazka ito-puntuan dagoela. Patronalek ez dute borondaterik langileen lan-baldintzak duintzeko; aldiz, badute asmoa etekin itzelak irabazten jarraitzeko, diru publikoaren kontura. Horiek dira, beraz, udalekin batera, egoera honen errudun nagusiak.

Erakunde publikoei, batez ere udalei, dagokie zerbitzu horren ardura; baina zuzeneko erantzukizun hori gainetik astindu nahi dute. Behin martxoaren 8a igarota, erakunde-aldarrikapenak ahanzten zaizkie, antza. Orduan honelako salaketak adierazten zituzten: "emakumeen lan-prekarietatea eta pobrezia", eta "zainketa-lanak politika publikoen erdigunean" jarriko zituztela zioten.

Etxez Etxeko Laguntza berebiziko esparrua da horrelako asmoak gauzatzeko, baina orain arte ez dute zirkinik ere egin norabide horretan: prestazio-orduak urterik urte gutxitzen dira, eta profesionalen lan-baldintzak hondatuz doaz, eta udalek ez dute konponbiderik bilatzen.

Negoziazio-mahaiaren azken bileran, iazko urrikoan, sindikatuok oinarrizko puntu batzuk ezarri genituen negoziazioa ito-puntutik ateratzeko: inaplikazio-klausulak, malgutasuna eta mugikortasun geografiko eta funtzionala; 18 artikulua kentzeak aukera ematen du lanaldien malgutasuna muturreraino eramateko; gaixotasunen edo lan-istripuen %100eko osagarritik gaur egun salbuetsita dauden kasuak ez salbuestea (in itinere istripuak, lunbalgiak…) eta KPItik gorako soldata-igoerak 2016, 2017, 2018 eta 2019. urteetarako, galdutako eros-ahalmena berreskuratuz joateko.

Patronalek oinarrizko eskakizun horiek guztiak baztertu zituzten, eta lan-baldintzak are gehiago okertzen tematu ziren: malgutasun handiagoa (orain ere norberaren eta lanaren bizitzak kontziliatzea ia ezinezkoa da), lan-osasun eta segurtasunaren neurririk ez hartzea (gaur egun hutsaren hurrengo dira, oso beharrezkoak izan arren), eta eros-ahalmen galduz jarraitzea. Haien eskaintza prekarietate gehiagokoa da.

Horregatik guztiagatik, sindikatuok ez dugu beste irtenbiderik izan greba-egun gehiagorako deitzea baino. eta apirilaren 16 eta 17a eta maiatzaren 13, 14, 15, 16 eta 17a izango dira. 1.500 langile baino gehiago duen eta 8.000 menpeko pertsona artatzen dituen zerbitzu honen alde, langileok kaleak berriro beteko ditugu.
 

 

 

KSS Orkoien lantegian ez dago inor soberan

0
KSS-ek iragarritako enpresa itxieraren aurrean, LAB sindikatuak, argi adierazi nahi du Orkoienen ez dagoela inor soberan eta kaleratze horien aurrean multinazionalak duen erantzunkizuna salatu nahi du.

Kayaba multinazionalak Orkoiengo lantokia 2021ean itxiko duela iragarri berri du eta bertan lan egiten duten 130 langileak kaleratuko dituela. LAB sindikatuaren ustez ez dago inolako arrazoirik inor kale gorrian uzteko, multinazionalaren betebeharra langileei lana ematea delako.

Enpresak ez du bere konpromisorik bete Orkoiengo lantokirako industria plan bat aurkeztearen harira. Hortaz, enpresak ezin du bere erantzukizuna saihestu eta 130 familia kale gorrian utzi, are gutxiago multinazionalak irabazi handiak dituen bitartean. LAB sindikatuak, Kybsen lehen indar eta KAMS-en bigarren indar den heinean, ongi hartuko ditu gogoan multinazionalak KSS-ko industria planari dagokionez agertutako arduragabekeria eta zintzotasun falta.

Hau guztia dela eta, multinazionalari erantzukizuna bere gain hartzea eta inor ez kaleratzea exijitzen diogu. Nafarroako gobernuari ere inplikazioa eskatzen diogu eta multinazionalari presioa egin diezaiola kaleratzeak eman ez daitezen.
 

 

 

Remolcadores Ibaizabal enpresaren aurrean mobilizatuko gara ostiralean, azken lan heriotza salatzeko

Apirilaren 8an Remolcadores Ibaizabaleko langile bat hil zen bere lanpostuan. Heriotza honen aurrean, euskal gehiengo sindikalak kontzentrazioa egingo du enpresa aurrean, ostiralean, 9:30ean.
 

 

 

ELA eta ESK, elebitasunaren aurka Eusko Irratian

0
LABek salaketa jarri zuen bere egunean, Eusko Irratiko lan boltsa elebiduna indartu eta, LEP-aren oinarriak agindu bezala, elebakarren boltsa desagerrarazteko eskatuz. Salaketa aztertzeko epaiketa egin berri da. Bertan ELA-k eta ESK-k agerian utzi dute beste behin erdaldun elebakarraren interesak baino ez dituztela defendatzen, euskaradun langileen kaltetan.

Eusko Irratiko zuzendaritzak lan boltsa elebiduna indartuko lukeen deialdia egiteko prest agertu zen orain hilabete batzuk, baina ELA-ren jarrerak aukera zapuztu zuen eta orain jarrera horri eutsi dio. Alperrik da Euskararen aldeko aldarrikapenak egitea, gero, eguneroko jardueran, EITB benetan euskalduntzeko traba bihurtu behar baldin badute.
 

 

 

Salatu nahi dugu Osakidetzak ez duela benetako Berdintasun Plana egiteko borondaterik

Gaur Gasteizen egin den Berdintasun Batzordeko bileratik frustrazioz beterik atera gara, ez dugulako ikusten Osakidetzak benetako Berdintasun Plana aurrera ateratzeko inongo borondaterik daukanik. Gure ustez, Osakidetzaren helburu bakarra legeak agintzen diona formalki betetzea baino ez da, hau da, Berdintasun Plana onartzea, baina EAEko enpresarik handiena den honetan, non emakumeok gehiengoa garen, ez du emakumeok egunero jasan behar ditugun egoerak benetan konpontzeko inolako asmorik.

Izan ere, gogoratu behar dugu Osakidetza ez dela legea betetzen ari, aspaldi izan behar zuelako Berdintasun Plana. Egoera hau berez, salatzeko modukoa da, LABek askotan egun duen bezala.

Berdintasun Plana eratzeko bidea eta prozedura luzatzen joan da etengabe, argi utziz kontua ez zegoela Osakidetzako zuzendaritzaren lehentasunen artean. Lehenengo urratsak 2015. urtean eman ziren eta, gaur egun, 2019ko apirilean, Planik gabe jarraitzen dugu.

Hasieratik, LAB buru-belarri aritu da prozesuan eta denbora eta ahalegin asko inbertitu ditugu bertan, ekarpen asko eta asko eginez. Urte hauetan, Berdintasun Plan baten beharra eta lehentasuna aldarrikatu dugu, jakinda plana ez dela konponbide magikoa, baina lagundu egin dezakeela urrats kualitatibo eta kuantitatiboak ematen.

Osakidetzak pasatu digun azken zirriborroa ikusita, guztiz ez-nahikoa dela iruditzen zaigu eta hasieratik izan dugun susmo txarra konfirmatzen digu, Osakidetzaren helburu bakarra tramite legala betetzea baino ez da. LABen ustez:

• Dokumentuaren formatuak argi uzten digu Osakidetzaren aldebakarreko erabaki dela. Honela kritikatu dugunean, eraginik gabeko bileren dinamikarekin jarraitzea proposatzen digute.
• Genero ikuspegia oso eskasa da.
• 4 urtetarako aurrekontua 48.346.865 eurokoa. Honen barruan ekimen asistentzialak sartu dituzte,
Berdintasun Planaren aurrekontutik kanpo egon beharko liratekeenak.
• Gure ekarpen gutxi jaso ditu, eta jaso direnak modu desitxuratuan.
• Barne eta Kanpo Planak nahastu egin dira.
• Ez dago sexu jazarpen protokolorik.
• Soldata arrakalarekin amaitzeko benetako borondaterik ez dago, nahiz eta neurri generiko batzuk
aipatu.
• Sexu-langileak ez dira agertzen arrisku-taldeen barruan, LABek eskatu bezala.
• Orokorrean, azaleko testua da, zehaztasun nahikorik gabe eta zalantzan ipintzen duena Berdintasun Batzordearen papera.

Gure kritiken aurrean, emandako urratsak berriro emateko eskatu digu Osakidetzak. Hau adar jotzea iruditzen zaigu, Batzordearen ahalmena ezerezean uzten duena. Ez dugu uste Osakidetzak benetako negoziazioa garatuko duenik Berdintasun Planaren inguruan.

Hain motel garatu den prozesua azkartu nahi du Osakidetzak oraingoan, presaka eta korrika onartu nahi dutelako. Badirudi denborak hauteskunde giroak markatzen dituela eta Teleberrian beste tartetxo bat bilatzen dutela. LAB ez dago prest antzerki horretan parte hartzeko; nekatu egin gara. Osakidetzaren esku dago erabakia: berdintasuna tramite hutsa bihurtu eta hauteskunde-produktu bezala erabili, edo sakoneko aldaketak egiteko esku-orria markatu. Bigarrenerako LABekin kontatu dezakete; lehenengotik jotzen badute, aurrean izango gaituzte.
 

 

 

Bat egiten dugu Hego Euskal Herriko pentsionisten mugimenduak deitutako manifestazioekin

Gaur Geroa pentsionisten plataformaren sorrera txalotzen dugu, eta pentsionisten mugimenduak deitutako mobilizazioekin egiten dugu bat.

LAB presente egongo da Hego Euskal Herriko pentsionisten mugimenduak larunbata honetan, apirilaren 13an, hiriburuetan deitutako mobilizazioekin eta hauetan parte hartzeko deia egiten die bere kideei. Egoera politiko eta sozial honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da arreta pentsiodunen eskubideen defentsan jartzea. Hego Euskal Herriko pentsionisten mugimendua giltzarria da urte luzetako borrokaren ondoren eskuratutako eskubideen defentsan, baina ez hori bakarrik, eztabaida politikoa Euskal Herriak behar duen aldaketa sozialaren parametroetan kokatzeko jarraitu beharreko bidea ere erakusten digu.

Honekin lotuta, 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa, lan zein pentsio erreformen derogazioa, pentsioen berbalorizazioa eta Babes Sozialerako Sistema Propioaren eraikuntza ezinbestekoak dira pentsionisten eskubideak bermatzeko. Gasteizko gobernuaren borondate eza eta geldotasunaren aurrean, zein estatutuk zein Europatik datozen erasoen aurrean, bide posible bakarra langileria osoaren mobilizazio eta aktibazioa bultzatzen jarraitzea da.

Hauek dira pentsionisten mugimenduak apirilaren 13rako egindako deialdiak:

• 18:00etan Iruñeko Gaztelu Plazatik
• 12:00etan Gasteizko Artiumetik
• 18:00etan Bilboko Jesusen Bihotzetik
• 17:00etan Donostiako Alderdi Ederretik

Era berean, gaur Hego Euskal Herriko Pentsionisten Plataformek egindako asanblada orokorra aipatu beharra dago. Nafarroa zein Bizkaiko Pentsionistak Martxan plataformek, Arabako Pentsionistak Lanean eta Gipuzkoako Duintasunak egitura berria sortu dute gaur, Gaur Geroa deiturakoa. Bere sorrera txalotzen dugu eta gure ustez oso urrats garrantzisua da bizi duina bermatuko duten pentsio duinak lortze aldera. Orain arte bezala, bidelagunak izango gara pentsionisten eskubideen defentsan. Horrela bada, eta aurretik aipatu den moduan, bide hau Babes Sozialeko Euskal Sistema lortzetik pasatzen da, pentsio publikoak oinarrizko elementutzat izango dituena.