2026-09-19
HomeEkintza SindikalaJazarpenak jazarpen, borroka sindikala inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikatu dugu Iruñean

Jazarpenak jazarpen, borroka sindikala inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikatu dugu Iruñean

Jazarpen sindikala salatzeko hainbat mobilizazio egin ditugu egunotan, eta Iruñeko manifestazio jendetsuarekin are eta gehiago jendarteratu dugu borroka sindikalaren aurkako erasoen eta LABeko zenbait kidek jaso dituzten zigorren salaketa; espetxe zigorrak eta isun ekonomiko larriak, tartean. Hala, autobus geltoki zaharretik abiatuta, Iruñeko kaleak hartu ditugu langileen lan eskubideen alde egiteko eta borroka sindikala inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikatzeko.

Sindikalismoa, langileontzako borroka tresna gisa ulertuta, inoiz baino beharrezkoagoa da. Langileek eta, bereziki, sektore prekarizatuenek sindikalismo konprometitu, aktibo eta eraginkorra behar dute, eta horren aldeko hautua egina du LABek. Egunotan gauzatu dugun salaketa kanpainaren bidez sindikalisten aurkako jazarpen poliziala eta judiziala salatu nahi izan dugu, baita prekarietate eta lan esplotazioaren kontrako borroka areagotu ere.

Nafarroako LABeko bozeramaile Imanol Karrera.

Izaera horrekin bildu gara gaur Iruñean, eta erdialdeko kaleak hartu ditugu autobus geltoki zaharretik abiatutako manifestazioaren bitartez. Nafarroako LABeko bozeramaile Imanol Karrerak hartu du hitza manifestazio hasi aurretik eta ondoren: "Ez dugu Imanol Salinasen absoluzioa baino onartuko", adierazi du, 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dioten sindikatuko kidearen auziari helduta. Hain zuzen ere, lan gatazka batean prekarietatea modu baketsuan salatzeagatik, megafono bat eskuetan zuela, kartzelaratu nahi dute Salinas. "Ez gaituzte geldituko, ez dute LABen borroka sindikala baldintzatuko. Injustizia non, LABen megafono bat han egongo da horri aurre egiteko", berretsi dugu.

Gaurko mobilizazioa aurreko egunetan egindako protesta sorten segida izan da. Hain justu, besteak beste, Hego Euskal Herriko hiriburuetan elkarretaratzeak egin ditugu eta Nafarroako Parlamentuan kateatu ginen, jazarpen sindikala salatzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.