2026-06-19
HomeEkintza SindikalaNafarroako Parlamentuan kateatu gara, jazarpen sindikala salatzeko

Nafarroako Parlamentuan kateatu gara, jazarpen sindikala salatzeko

LABeko hainbat ekintzailek Nafarroako Parlamentura eraman dute jazarpen sindikalaren eta Imanol Salinasen aurkako espetxe zigorraren salaketa. Hain zuzen ere, sindikatuko kideak bertan kateatu dira, "Borroka sindikala ez da delitu" oihuen artean eta megafonoak eskuetan, Imanol Salinasen delitua hori izan baitzen: La Sangiovesako langileen eskubideak megafono batekin defendatzea. LABeko bozeramaile Itxaso Torregrosak hartu du hitza ekintza egin bitartean, eta Imanol Salinas kartzelaratzeko epaia "eskandaluzkoa" dela nabarmendu du.

Iragan maiatzean Imanol Salinas LABeko kideari 21 hilabeteko kartzela ezarri zion epaileak 2018an Iruñeko La Sangiovesako lan gatazkan bozgorailu bat erabili zuelako. Egunotan, sindikatuak sententzia surrealista hari jarritako helegitea aztertzen ari dira. Eta horren karietara, LABeko zortzi kide Nafarroako Parlamentuaren leihoetan kateatu dira gaur, sindikalismoa delitua ez dela aldarrikatzeko.

Iruñeko La Sangiovesa jatetxearen parean pankarta batekin jarri. Barnera sartu. Pegatinak itsasi. Kartelak erakutsi. Bozgorailu batekin kontsigna sindikal batzuk oihukatu. Ekintza horiek bakarka egin izan balira, ez zuketen zigorrik mereziko. Baina denak batera egin zirenez, “koakzioa” dira eta zigorra merezi dute “askatasun sindikalaren esparrua” gainditzen dutelako. Halaxe uste du, bederen, Emilio Labella izeneko epaileak, eta halaxe utzi zuen idatzita 2019ko maiatzaren 16an argitaraturiko sententzia batean. Horren ondorioz, Imanol Salinas LABeko kideari 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion, bozgorailu batekin protesta hura dinamizatzen ibili baitzen. Kartzela barnean bete beharreko 21 hilabete.

LAB sindikatuaren aburuz sindikalista bat kartzelara eraman dezakeen epai hori eskandaluzkoa da eta, horregatik, Borroka sindikala aurrera kanpainaren bidez, Imanol Salinasekin egin nahi duten injustizia salatu nahi du, bai eta esplotazioaren zein prekaritatearen aldeko bere jarrera berretsi ere. Ildo horretan, gaur, LABeko zortzi kide Nafarroako Parlamentuko leihoetan kateatu dira, bertze zortzi kidek bozgorailuak erakutsi dituzte, bertze batzuk eskuorriak banatu dituzte, eta bertze batzuk pankarta bat erakusten saiatu dira -ezin izan dute foruzainek eta bizkartzainek kendu dietelako-. Eta hori guztia irudikatzeko protesta laboraletan ohikoak diren ekintzak egiteagatik ezin dutela inor kartzelan sartu.

Kateatu diren kideetako bat Itxaso Torregrosa izan da, LABeko idazkaria Iruñerrian eta bozeramaileetako bat. Haren hitzetan, gaurko ekintzarekin Nafarroako Parlamentua eta Gobernua interpelatu nahi izan ditu LABek. “Nahi dugu jakin zein jarrera duten gertatzen ari den honen inguruan, eta nahi dugu jakin zer eginen duten. Hau guztia bereziki larria baita”.

Torregrosaren ustez, epaileak, poliziak edo Lan Ikuskaritza enpresetan egon beharko lirateke, lan eskubideak urratzen ez direla, esplotaziorik ez dagoela, prekaritaterik ez dagoela zaintzen. “Eskandaluzkoa da beraiek egin beharko luketen lana egiten duten sindikalistak kartzelatzea”. LAB sindikatuaren borroka legitimoa dela aldarrikatu du Torregrosak, “inoiz baino beharrezkoagoa” dela, eta dei egin du Imanol Salinasi babesa emateko antolatu den irailaren 28ko manifestazioan parte hartzera. Iruñean izanen da, 17:30ean Autobus Geltoki zaharrean hasita.

Jazarpen sindikalaren aurkako mobilizazioak egingo ditugu datozen egunetan. Hauek dira deitutako mobilizazioak, hain justu:

ELKARRETARATZEAK EPAITEGIETAN:

-Irailaren 20an, Iruñean, 12:00etan.
-Irailaren 23an, Bilbon eta Donostian, 12:00etan.
-Irailaren 24an, Gasteizen, 12:00etan.

MANIFESTAZIOA:

-Irailaren 28an, 17:30ean, Iruñeko autobus geltoki zaharretik.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.