2024-04-20
HomeEkintza SindikalaElkartasunari esker, Imanol Salinas ez dute espetxeratuko

Elkartasunari esker, Imanol Salinas ez dute espetxeratuko

Nafarroako Auzitegiko lehen atalak ontzat eman du neurri batean Auzitegi bereko laugarren aretoak Imanol Salinas sindikalistari ezarritako 21 hilabeteko espetxe zigorraren kontra LAB sindikatuak jarritako helegitea. Egitateen kalifikazioa nabarmen apaltzen du epai berriak (mehatxu “arinak”) eta 450 euroko isuna ezartzen du. Honela bada, Imanol ez da espetxera joango eta LAB sindikatuaren Borroka Kutxak hartuko du bere gain aipatutako isuna. Labella epailearen tesi burugabea, hots, megafono, pankarta eta pegatinak batera erabiltzea bortizkeriatzat jo daitekeela, bertan behera uzten du epaiak.

Jarduera sindikal zilegiaren ondorioz Imanol Salinas espetxeratua ez izatea berri ona da sindikalismo osoarentzat; kolektibo eta lagun askoren elkartasunari nahiz mobilizazioari esker izan da posible. LAB sindikatuak berak egindako ekimenekin batera, hainbat sindikatu eta eragile sozialek adierazi dute euren elkartasuna eta enpresa batzorde ugarik elkartasun mozioak onartu dituzte. Horiei guztiei geure esker ona adierazten diegu, eta etorkizunean zernahi sindikalista edo aktibista sozialen oinarrizko eskubideak urratzen diren guztietan beste horrenbeste egiteko konpromisoa adierazten dugu.

Halere, enpresa eta sindikatuaren artean lan gatazkari amaiera emateko akordioaren gainetik, ekintza sindikal legitimoaren kontrako prozesu judiziala egon izana bera salagarria dela iruditzen zaigu. Larriagoa dena, sindikalista bat espetxeratzeko zorian egon da epaile bat, zergatik eta Auzitegi bereko beste epaitegi batek arintzat jotzen duen egitate batengatik. La Manadaren lehen epaiaren ostean sistema judizialaren zati handi baten joera patriarkala salatu zen bezala, oraingoan joera antisindikal bat ere badagoela salatu behar dugu. Justiziaren “patronalizazioa” da, hain zuzen ere: Foruzaingoa, Lan Ikuskaritza edota Fiskaltzak ez dute ezer egiten prekaritate eta esplotazio egoeren aurrean, baina horiek salatzen dituzten sindikalisten kontra aritzen dira.

La Sangiovesa eta Huerta de Peraltako borroka arrakastatsuen ondotik jasotako isun ugariei eta lau prozesu penalei aurre egiteko sortutako Borroka Sindikala Aurrera kanpainaren atal bat itxi berri da. Hona hemen orain arteko balantzea: elkartasun kanpaina baten ondotik, Abdenabi Mellase Huerta de Peraltako langilea espetxeratu eta Espainiako Estatutik kanporatua izatea eragozten duen akordioa lortu genuen; Jose Javier Osesen kontrako prozedura bat, nahiz Imanol Salinasen eta lehen instantzian absolbituta izan zen beste langile baten kontrako prozedura hau, isun banatan geratu dira; eta azkenik, urriaren 10ean Salinas eta Oses epaituko dituzte Huerta de Peralta enpresaren atean furgoneta bat aparkatzeagatik: greban zeuden langileak legez kanpo ordezkatzea eta Murtzia nahiz Almeriatik ekarritako lehengaien sarrera eragoztea zen ekintza horren helburua.

Bada, Imanol Salinasen kontra emandako epai burugabearengatik desautorizatutako Emilio Labella epailea bera da Huerta de Peraltako furgonetaren kasua epaituko duena. Bere jokaera ikusita, beste epai injustu bat emititzeko arriskua ikusten dugu.

Autoinkulpazio kanpaina baten hasiera iragartzen dugu, adierazteko hain zuzen ere Imanol Salinasek eta Jose Javier Osesek ez dutela errurik batere, eta hazten ari den prekaritatearen kontra ekintza sindikala inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikatzeko.

Azkenik, eta azken hilabeteotan adierazi dugun bezala, esplotazio eta prekaritatearen kontra langileak antolatzeko lanean jarraituko dugu. Lan injustiziak non, LABen megafonoa han egonen da salatzeko. Ildo horretan, Piztu Alarma dinamikari bultzada berria emango diogula iragarri nahi dugu. Tresna horren bidez, sindikalizatuta ez dauden lantokietan abusu bat pairatzen duen langile orok “alarma piztu” eta elkartasuna aktibatzeko aukera dauka; aipatu dugun bezala, Imanol Salinasen espetxeratzea eragozteko ezinbestekoa izan den elkartasuna.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.