2026-02-10
Blog Page 670

Enpresa-batzordea pozik, Lantegi Batuak-eko lehen greba egunaren jarraipenarekin

Gaur egin dute Lantegi Batuak-eko langileek aurreikusitako 3 greba egunetatik lehena, hitzarmen duinaren alde. Goizeko 8:00etan kontzentrazioak egin dituzte Etxebarri eta Derioko zentroetan eta 12:00etan, Lantegi Batuak-ek Loiun duen zentroan mobilizatu dira. Bihar, bigarren greba egunean, manifestazioa egingo dute 12:00etan Bilbon, Jesusen Bihotzetik Aldundira. Adierazpenak emango dituzte.

 

 

 

Irabazi ditugu berriz Pasaiako Portuko Agintaritzako hauteskunde sindikalak

0

Emaitzek ematen diguten zilegitasunarekin, Eusko Jaurlaritzari Felix Garciandia presidentearen norabidea edo presidentea bera alda ditzala eskatzen diogu.

Joan den abenduaren 18an egin ziren hauteskunde sindikalak Pasaiako Portuko Agintaritzan (PPA) eta, berriz ere, LABeko hautagaitza atera zen garaile. Gaur egun 125 pertsonak egiten dute lan estatuko administraziopean dagoen enpresa honetan, eta langile- batzordea 9 kidek osatzen dute. Portuko langileek 53 bozka eman zizkioten LABi, 5 delegatu lortuz. Beraz, LABek gehiengoa mantenduko du PPAn datozen lau urteotan. Gogoratu behar da, portua bere orokortasunean hartuta, LAB dela sindikaturik bozkatuena, epealdi trinkoa gainditurik.

LABek eskerrak eman dizkie hauteskundeetan parte hartu duten langile guztiei eta, bereziki, bere hautagaitza bultzatu edo/eta bozkatu dutenei.

Legealdi gogorra dugu aurretik, Madrilen erabakitzeko baita Estatuko Aurrekontu Orokorren menpe dagoen gure lan-arautegi nagusia, hitzarmena alegia, eta handik datozelako neurri, lege eta dekretu murriztaileak… Horixe izango da gure lerro nagusietako bat, hain zuzen ere: negoziazio kolektiboa Pasaiara ekartzea eta hemen eskuratzea lan-jardueraz eta baldintzez erabakitzeko ahalmena.

Horretarako, gutxienez, enpresa publiko honek Gasteizko gobernuaren esku egon behar luke, baina ez bakarrik presidentea izendatzeko, baizik eta baita portuaren etorkizuna sustatzeko eta EAEn dauden baliabide ekonomikoei egokitutako lan-hitzarmena indarrean jartzeko ere.

Horrexegatik eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari berak izendatutako Felix Garciandia presidentea norabide horretan zuzen dezala, orain arte ez bezala, agintari honek noraezean baitarama enpresa karguan daramatzan 12 hilabeteetan:

– Martxan zeuden proiektu guztiak gediaraziz.
– Transferentzia gauzatzearen aurka azalduz.
– Eguneroko kudeaketa bere erara egin dadin inposatuz.
– Kontratazio berriak bere interes pertsonalen arabera antolatuz
– Euskararen kudeaketarako enpresak onartuta dituen irizpideak arbuiatuz.
– Indar sindikalak baztertuz.
– Langileon eginbeharrak mespretxatuz.
– Kontrako iritziei jarrera erasotzaile eta baztertzaileaz erantzunez.
– PPAko irudi publikoa bortizkeraz zikinduz (azaroan Herrera-Trintxerpe pasabidearen inaugurazio
ekitaldian kutsaduragatik protestan zegoen herritar bati ostikoka oldartu zitzaion).

Eta jarrera berbera omen dauka portuko goi-karguekin ere. Jakin berri dugunez, 2019ko otsailean zeahr zuendari berri bat izendatzen saiatu da baina, Eusko Jaurlaritzara eta Estatuko Portuak erakundera zuzendaritzaren erdiak baino gehiagok Felix Garciandiaren jarrera eta kudeaketa salatuz igorritako txostena tarteko, atzera bota du erabakia.

Horregatik guztiagatik, eta egoera larria dela iritzita, Jaurlaritzari eskatzen diogu norabidea, edo bestela presidentea, alda ditzala.

Bestela, aspaldian krisian dagoen Gipuzkoako azpiegiturarik garrantzitsuenetako bat hondamendira erabako dute, Pasaiako badiaren inguruko udalerri, langile eta herritar guztien kalterako.
 

 

 

Beste greba egun bat egin dute Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek

Hitzarmenik gabe jarraitzen dutela salatu dute, eta biharko beste greba egun batera deitu dute. Gaur, Aldundiaren Gizarte Politika Sailaren aurrean egin dute protesta, Intxaurrondon, eta kotxe karabana bat egin dute ondoren, Garberatik abiatuta.

2019ko urtarrilaren 18an, ADEGI, LARES eta ACGG patronalek aurkeztu proposamena aztertu zuen LABek.

Dagoeneko bi urte baino gehiago igaro dira Gipuzkoako hirugarren adineko zentroetako langileen lan baldintzak hobetzen ez direla; askoz urte gehiago pasatu dira Gipuzkoako hirugarren adinari dagokion zentroen probintziako hitzarmen kolektiboa ezartzen zaienentzat. Nolatan eman daiteke egoera hau titulartasun publikoa duen gizarte zerbitzu batean, zehazki Gipuzkoako Foru Aldundiarena den zerbitzu batean? Nolatan ez dago betetzen den zerbitzuari egokiak diren lan baldintzak bermatuko duen lurralde osorako hitzarmen kolektiborik? Nolatan eratu zen 2017. urtean negoziazio mahaia eta ez da inolako aurrerapenik gertatu? Nolatan ez da negoziatu esparru honetan, non hartan langile guztiak ordezkatuak dauden?

Zerbitzua betetzen den baldintzei lotutako babesgabetasun egoera honen eta erabiltzaileek jaso ohi duten zerbitzua eskaintzen den kalitatearen benetako arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundia da, haren hautua hirugarren adineko egoitza edo zentro batean gizarte zerbitzua jasotzearen aldeko eskubide subjektiboa alor pribatuak kudeatzeko eredu baten aldekoa izan delako.

Zerbitzuaren kudeatzaileak Aldundiaren aurrean eratu den lobby garrantzitsu bihurtu dira. Aldundiak berak sustatu zuen hura sortzea, enpresako sektoreak laguntzeko eredua bere egin duelako, bere politika klientelarraren zati moduan. Oraingoan hauek lehiatzen dira beren tarifak eta irabaziak ontzeko,
betiere, langileen lan baldintzen eta eginkizuna betetzen duten baldintzen kontura, hau da, nolabaiteko eskubide subjektiboa bermatzen zaien erabiltzaileei eragiten dien beharren kontura.

LABek ekimenak proposatu ditu hasiera hasieratik, betiere, Gipuzkoa osoko sektoreko hitzarmen kolektiboan arautuko liratekeen langileen baldintzen funtsezko hobekuntza babestearren: Aldundia eta Patronalak interpelatuz, zentroetan eta kalean, eta langile guztientzat akordioa lotzen saiatuz, ekintza kolektiboa bilatuz hura lortzeko funtsezko oinarritzat hartuz. Horretan berresten gara.

ELArekin egintza batasuna ezinezkoa gertatu zitzaigun, enpresa esparruei lehentasuna ematen dielako. Horrengatik utzi genuen negoziazio mahaia, berrespen printzipioa onartu ez zelako sektoreko hitzarmen kolektiboa egokitu enpresetan.
Negoziazio mahaia, langile guztiak ordezkatuak dauden markoa, berez, blokeatu egin da modu egokian eratu ez zelako, ELA ez zegoelako.

Langileekiko ardura eta begirune urria erakutsi duela iruditu zaigunez, haren jarrera salatu dugu, are gehiago, negoziazio mahaitik at patronalekin negoziatzen aritu denean. Iraganean salatu genuen hau, baina ELAk ukatu egin zuen. Paparra ateratzen zuen, patronalarekin mahaia partekatzeko une egokia ez zela argudiatuz. Egun batzuk geroago jakin genuen patronalekin negoziatzen aritu zela eta akordioren bat lotu zutela. Gertakari hori gezurtatu zioten patronalek Aldundiari, baina hala ere, txostena filtratu egin zen.

Horrengatik, patronal batzuk, ez denek, proposamen berria aurkeztu zuten; ziur aski Aldundiak behartuta, eta arriskua saihetsi nahian. Proposamen berria, aurrerapen handia dakarrela egia bada ere, aurrenekoa eta patronalek aurkeztutako bakarra hobetuz, guztiz desitxuratua geratu da indarraldi luzeegirako jaso ziren edukiengatik. Horrez gain, zerbitzuek daukaten arazorik handienetako batez, lan-zamaz, ez du proposamen argirik egiten, langile kopurua handitzeari dagokionez.

LAB bere ekinbidean berresten da. Mobilizazioari eutsiko diogu. Horrela, grebak deitu ditugu sektorean datorren otsailaren 25 eta 26rako, eta langileak mobilizatzera deitu ditugu.

 

 

 

Akordioa sinatu dugu kudeaketa zuzeneko eskola-jangeletan

Ostiral arratsaldean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langile asanbladek berretsi egin zuten ostegunean lortutako aurreakordioa. Horrela, gaur goizean, biharko, otsailaren 26rako deitutako greba deialdia bertan behera gelditzen da. Gaur sinatu dute akordioa, Lan Harremanen Kontseiluaren Bilboko egoitzan.

LABek zoriondu egin nahi ditu EAEko eskola-jangelen sektoreko 7.000 langileak, lehen helburu handia lortu dutelako, soldaten ekiparazioa. Lortutako akordioaren ondoren, lan-baldintzen homologaziorako beste borroka bat hasten da: enpleguari eustea, ratioak hobetzea, funtzioen definizioa eta lan berdinagatik, baldintza berdinak.
 

 

 

Xileman amatasunaren babesa ez okertzeko exijitu diogu Mutua Unirversali

Haurdunaldiaren garaian dauden laneko arriskuak baloratzen laguntzeko Gida urtarrilean argitaratua izan ostean, Mutua Universal aldaketak eta arazoak jartzen hasi da Xilema Fundazioa eta Xilema programas S.L. enpresetan, emakume langile haurdunen babeserako ordura arte jarraitutako irizpideei dagokionez. Langile batzuk kaltetuak suertatu dira honen ondorioz.


Ordura arte, Mutuak langileen laneko arriskuen araberako neurriak lehen minututik onartzen zuen amatasunaren babeserako prestazioa, orain ordea, exigentzia burokratikoak handitu egin ditu eta laneko arriskuak erlatibizatu. Honen ondorioz, prestazioaren onarpenaren epea luzatzeko aukera dago eta amatasunaren babesa lan munduan arrisku larrian dago. Guzti hau osasun irizpide zientifikoetan oinarrituta dagoela sinistarazi nahi diguten arren, honen guztiaren atzean dagoena irizpide ekonomikoak baino ez direla argi eta garbi dugu.

Nola ulertu dezakegu bestelaz Gidan adierazten duten hurrengo argudio “zientifikoa”, adin-txikiko lan zentruen langileei dagokionez: Haurdunaldiaren 12. astea baino lehen, fetoa aldaken ezurren artean dagoenez, eraso bat jasotzen bada, fetoa babestua dagoela eta ez dagoela arriskurik argudiatzen dute. Eraso baten testuinguruan beste aldagai guztiak ahaztuz.
Gainera, Mutua jakitun denean sektorean eta Xileman egon diren eta dauden eraso kopuru altuak eta larriak.

Mutuaren erabakia deitoratzen dugu, hala nola, ohartarazi nahi dugu Xilemaren zuzendaritzaren ardura legala amatasunaren babesari dagokionez, beraiek baitira langilearen babesaren arduradun nagusiak.

Atzo Mutua Universalaren egoitza nagusiaren aurrean elkarretaratzea egin genuen eta enpresak neurriak hartzen ez baditu, hurrengo ostiralean hasiera izango duten Xilemako jardunaldietan ere mobilizatu egingo gara.

Ez dugu onartuko laneko amatasunaren babesean atzerapausorik egotea.  

 

 

Gipuzkoako papergintzako mahai negoziatzailearen bileraren balorazio positiboa egiten dugu

0

Gaur papergintza sektoreko mahai negoziatzailea elkartu da. Aurreko asteetan mahaian parte hartzen dugun sindikatuak lanean aritu gara plataformak bateratzeko saiakeran. Bilera horiek emaitzak eman dituzte eta plataforma bateratu bat osatu dugu.

LABen iritziz plataforma bateratu horretan gure aldarrikapen guztiak jasotzen dira. Balorazio positiboa egiten dugu beraz, eta gure aldarrien defentsa egiteko konpromisoa hartzen dugu aurrerantzean ere.

Gaurko bileran plataforma bateratua patronalari aurkeztu eta azaldu zaio. Patronalak, berau baloratuko duela aipatu du eta honekiko balorazioak eta beraien proposamenak hurrengo bileran tratatuko ditugu, martxoaren 15ean.
 

 

 

Osakidetzako soldata-arrakala salatu dugu Gasteizko Zerbitzu Zentraletan

Gizon eta emakumeen arteko soldata berdintasunaren aldeko egunean, parodia bat egin dugu Osakidetzako Zerbitzu Zentraletan, Gasteizen, emakumeok jasan behar ditugun diskriminazio egoerak irudikatu eta langile gehienak emakumeak izan arren, zuzendaritzek gizonen esku jarraitzen dutela salatzeko.

Osakidetzako LABen irakurketa
SOLDATA ARRAKALA … eta OSAKIDETZAN ZER?

Generoaren araberako soldata arrakala ez da kantitate kontu hutsa. Arazo politikoa da.

Gure lanak kontutan ez hartzeko tresna bat da, musutruk lan horietaz jabetzeko tresna, lanaldi partzialak eta behin-behinekotasuna inposatu, gutxiago ordaindu, eta zaintza lanak egitera behartzeko tresna. Zaintza lan hauek gabe sistema kapitalista heteropatriarkalak ezingo luke iraun eta ez luke etekinik lortuko.

Zoritxarrez gai honetan Osakidetza ez da salbuespena. Bertako zuzendaritza saiatzen da dagoen arrakala itxuraldatzen, horretarako beraien datuekin nahasmena sortzen ahalegintzen dira eta datu horien erabilera alderdikoia egiten dute. 2018 urteko Memorian hau diote: “Emakumezkoak dira Osakidetzako langileen %78, eta zuzendaritza postuetan nagusi dira”. Baina datu hauei mozorroa kendu behar zaie eta benetako portzentaia atera.

Adibide gisa Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIa jar dezakegu. Bertan 4.400 langile inguru daude, nahiz eta soilik 4.100 langileren datuak ditugun eskuragarri. Horietatik, %22 gizonezkoak dira eta %78 emakumezkoak. Langileen lagin honetan, 113 gizonezko daude buruzagitzetan, emakumezkoak 69.
Beste ikuspegi batetik begiratuta, ESI honetako gizonezko langilegoaren %12,53 buruzagitza mailakoa da. Aldiz, emakumezkoen kasuan portzentaia hau %2,16koa da soilik.

Osakidetza orokorrean harturik, eta erakundeak berak egindako diagnostikoaren datuen arabera, bertan lan egiten duten emakumeen %3,96ak soilik daude buruzagitza postuetan. Legezko zaintza egin ahal izateko eskatzen diren lanaldi-murriztapen eskaeren %92,55 emakumezko langileek eginak dira. Behin-behinekotasun gehiago ere pairatzen dugu, besteak beste.

LABen aspalditik gabiltza instituzioen benetako inplikazioa eskatzen, lanaren gizarte-antolakuntzarekin erabat loturik dagoen diskriminazio egoera hau konpontzeko neurriak ezar ditzaten. Baina beti “suebakiak” topatzen ditugu aurrean, orain morez mozorroturik. Eta egoerak horrela darrai, haurdun diren emakumeentzako gero eta oztopo gehiagorekin, pribatizazio eta azpikontratazioak bidea libre dute, Lehen Arreta hiltzen uzten, berdintasun planik gabe (ezta itxura egiteko ere)…

Guzti honen ondorioz emakumeok kaltetuak irteten gara, langile eta erabiltzaile gisa. Horregatik Osakidetzan planto egiten dugu, sistema honetan sinesten ez dugulako!

 

 

 

Pikete feminista egin dugu Donostian, soldata-arrakala salatzeko

Gaur, otsailaren 22an, emakume eta gizonen arteko soldata berdintasunaren aldeko egunean, Donostiako LABeko emakume* langileek pikete feminista egin dute. Bizikleta martxa batean, lantoki eta instituzioetan ematen diren diskriminazio egoerak salatzen ari dira. 10:30ean atera dira Artzain Onetik eta 12:00etan amaitu dute protesta, Gipuzkoa plazan.

Udalean etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen egoera prekarioa eta administrari eta gainontzeko langileen artean dagoen soldata arrakala salatu ditugu.

Eusko Jaurlaritzan eskola publikoetako langileak hitzarmena borrokatzen egon direla gograrazi eta honezkero sinatu dutela adierazi dugu.

Aldundian, berdintasun plan eraginkorrak eskatu ditugu.

 

 

 

Askatasunaren Aldeko Martxarekin bat egingo dugu larunbatean, Iruñean

Hainbat eragilek, LABek barne, manifestaziora deitu dugu larunbaterako, otsailak 23, Iruñean, Askatasunaren Aldeko Martxa izenburupean. Udaletxe plazatik abiatuko da mobilizazioa, 17:30ean, eta kolektibo desberdinak bilduko ditu, ultraeskuinaren eta erregimenaren aldekoen mehatxuari aurre egiteko. Hala, langileak, emakumeak, pentsiodunak, migranteak, gazteak… bilduko ditu protestak.