2026-01-28
Blog Page 667

Beste greba egun bat egin dute Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek

Hitzarmenik gabe jarraitzen dutela salatu dute, eta biharko beste greba egun batera deitu dute. Gaur, Aldundiaren Gizarte Politika Sailaren aurrean egin dute protesta, Intxaurrondon, eta kotxe karabana bat egin dute ondoren, Garberatik abiatuta.

2019ko urtarrilaren 18an, ADEGI, LARES eta ACGG patronalek aurkeztu proposamena aztertu zuen LABek.

Dagoeneko bi urte baino gehiago igaro dira Gipuzkoako hirugarren adineko zentroetako langileen lan baldintzak hobetzen ez direla; askoz urte gehiago pasatu dira Gipuzkoako hirugarren adinari dagokion zentroen probintziako hitzarmen kolektiboa ezartzen zaienentzat. Nolatan eman daiteke egoera hau titulartasun publikoa duen gizarte zerbitzu batean, zehazki Gipuzkoako Foru Aldundiarena den zerbitzu batean? Nolatan ez dago betetzen den zerbitzuari egokiak diren lan baldintzak bermatuko duen lurralde osorako hitzarmen kolektiborik? Nolatan eratu zen 2017. urtean negoziazio mahaia eta ez da inolako aurrerapenik gertatu? Nolatan ez da negoziatu esparru honetan, non hartan langile guztiak ordezkatuak dauden?

Zerbitzua betetzen den baldintzei lotutako babesgabetasun egoera honen eta erabiltzaileek jaso ohi duten zerbitzua eskaintzen den kalitatearen benetako arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundia da, haren hautua hirugarren adineko egoitza edo zentro batean gizarte zerbitzua jasotzearen aldeko eskubide subjektiboa alor pribatuak kudeatzeko eredu baten aldekoa izan delako.

Zerbitzuaren kudeatzaileak Aldundiaren aurrean eratu den lobby garrantzitsu bihurtu dira. Aldundiak berak sustatu zuen hura sortzea, enpresako sektoreak laguntzeko eredua bere egin duelako, bere politika klientelarraren zati moduan. Oraingoan hauek lehiatzen dira beren tarifak eta irabaziak ontzeko,
betiere, langileen lan baldintzen eta eginkizuna betetzen duten baldintzen kontura, hau da, nolabaiteko eskubide subjektiboa bermatzen zaien erabiltzaileei eragiten dien beharren kontura.

LABek ekimenak proposatu ditu hasiera hasieratik, betiere, Gipuzkoa osoko sektoreko hitzarmen kolektiboan arautuko liratekeen langileen baldintzen funtsezko hobekuntza babestearren: Aldundia eta Patronalak interpelatuz, zentroetan eta kalean, eta langile guztientzat akordioa lotzen saiatuz, ekintza kolektiboa bilatuz hura lortzeko funtsezko oinarritzat hartuz. Horretan berresten gara.

ELArekin egintza batasuna ezinezkoa gertatu zitzaigun, enpresa esparruei lehentasuna ematen dielako. Horrengatik utzi genuen negoziazio mahaia, berrespen printzipioa onartu ez zelako sektoreko hitzarmen kolektiboa egokitu enpresetan.
Negoziazio mahaia, langile guztiak ordezkatuak dauden markoa, berez, blokeatu egin da modu egokian eratu ez zelako, ELA ez zegoelako.

Langileekiko ardura eta begirune urria erakutsi duela iruditu zaigunez, haren jarrera salatu dugu, are gehiago, negoziazio mahaitik at patronalekin negoziatzen aritu denean. Iraganean salatu genuen hau, baina ELAk ukatu egin zuen. Paparra ateratzen zuen, patronalarekin mahaia partekatzeko une egokia ez zela argudiatuz. Egun batzuk geroago jakin genuen patronalekin negoziatzen aritu zela eta akordioren bat lotu zutela. Gertakari hori gezurtatu zioten patronalek Aldundiari, baina hala ere, txostena filtratu egin zen.

Horrengatik, patronal batzuk, ez denek, proposamen berria aurkeztu zuten; ziur aski Aldundiak behartuta, eta arriskua saihetsi nahian. Proposamen berria, aurrerapen handia dakarrela egia bada ere, aurrenekoa eta patronalek aurkeztutako bakarra hobetuz, guztiz desitxuratua geratu da indarraldi luzeegirako jaso ziren edukiengatik. Horrez gain, zerbitzuek daukaten arazorik handienetako batez, lan-zamaz, ez du proposamen argirik egiten, langile kopurua handitzeari dagokionez.

LAB bere ekinbidean berresten da. Mobilizazioari eutsiko diogu. Horrela, grebak deitu ditugu sektorean datorren otsailaren 25 eta 26rako, eta langileak mobilizatzera deitu ditugu.

 

 

 

Akordioa sinatu dugu kudeaketa zuzeneko eskola-jangeletan

Ostiral arratsaldean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langile asanbladek berretsi egin zuten ostegunean lortutako aurreakordioa. Horrela, gaur goizean, biharko, otsailaren 26rako deitutako greba deialdia bertan behera gelditzen da. Gaur sinatu dute akordioa, Lan Harremanen Kontseiluaren Bilboko egoitzan.

LABek zoriondu egin nahi ditu EAEko eskola-jangelen sektoreko 7.000 langileak, lehen helburu handia lortu dutelako, soldaten ekiparazioa. Lortutako akordioaren ondoren, lan-baldintzen homologaziorako beste borroka bat hasten da: enpleguari eustea, ratioak hobetzea, funtzioen definizioa eta lan berdinagatik, baldintza berdinak.
 

 

 

Xileman amatasunaren babesa ez okertzeko exijitu diogu Mutua Unirversali

Haurdunaldiaren garaian dauden laneko arriskuak baloratzen laguntzeko Gida urtarrilean argitaratua izan ostean, Mutua Universal aldaketak eta arazoak jartzen hasi da Xilema Fundazioa eta Xilema programas S.L. enpresetan, emakume langile haurdunen babeserako ordura arte jarraitutako irizpideei dagokionez. Langile batzuk kaltetuak suertatu dira honen ondorioz.


Ordura arte, Mutuak langileen laneko arriskuen araberako neurriak lehen minututik onartzen zuen amatasunaren babeserako prestazioa, orain ordea, exigentzia burokratikoak handitu egin ditu eta laneko arriskuak erlatibizatu. Honen ondorioz, prestazioaren onarpenaren epea luzatzeko aukera dago eta amatasunaren babesa lan munduan arrisku larrian dago. Guzti hau osasun irizpide zientifikoetan oinarrituta dagoela sinistarazi nahi diguten arren, honen guztiaren atzean dagoena irizpide ekonomikoak baino ez direla argi eta garbi dugu.

Nola ulertu dezakegu bestelaz Gidan adierazten duten hurrengo argudio “zientifikoa”, adin-txikiko lan zentruen langileei dagokionez: Haurdunaldiaren 12. astea baino lehen, fetoa aldaken ezurren artean dagoenez, eraso bat jasotzen bada, fetoa babestua dagoela eta ez dagoela arriskurik argudiatzen dute. Eraso baten testuinguruan beste aldagai guztiak ahaztuz.
Gainera, Mutua jakitun denean sektorean eta Xileman egon diren eta dauden eraso kopuru altuak eta larriak.

Mutuaren erabakia deitoratzen dugu, hala nola, ohartarazi nahi dugu Xilemaren zuzendaritzaren ardura legala amatasunaren babesari dagokionez, beraiek baitira langilearen babesaren arduradun nagusiak.

Atzo Mutua Universalaren egoitza nagusiaren aurrean elkarretaratzea egin genuen eta enpresak neurriak hartzen ez baditu, hurrengo ostiralean hasiera izango duten Xilemako jardunaldietan ere mobilizatu egingo gara.

Ez dugu onartuko laneko amatasunaren babesean atzerapausorik egotea.  

 

 

Gipuzkoako papergintzako mahai negoziatzailearen bileraren balorazio positiboa egiten dugu

0

Gaur papergintza sektoreko mahai negoziatzailea elkartu da. Aurreko asteetan mahaian parte hartzen dugun sindikatuak lanean aritu gara plataformak bateratzeko saiakeran. Bilera horiek emaitzak eman dituzte eta plataforma bateratu bat osatu dugu.

LABen iritziz plataforma bateratu horretan gure aldarrikapen guztiak jasotzen dira. Balorazio positiboa egiten dugu beraz, eta gure aldarrien defentsa egiteko konpromisoa hartzen dugu aurrerantzean ere.

Gaurko bileran plataforma bateratua patronalari aurkeztu eta azaldu zaio. Patronalak, berau baloratuko duela aipatu du eta honekiko balorazioak eta beraien proposamenak hurrengo bileran tratatuko ditugu, martxoaren 15ean.
 

 

 

Osakidetzako soldata-arrakala salatu dugu Gasteizko Zerbitzu Zentraletan

Gizon eta emakumeen arteko soldata berdintasunaren aldeko egunean, parodia bat egin dugu Osakidetzako Zerbitzu Zentraletan, Gasteizen, emakumeok jasan behar ditugun diskriminazio egoerak irudikatu eta langile gehienak emakumeak izan arren, zuzendaritzek gizonen esku jarraitzen dutela salatzeko.

Osakidetzako LABen irakurketa
SOLDATA ARRAKALA … eta OSAKIDETZAN ZER?

Generoaren araberako soldata arrakala ez da kantitate kontu hutsa. Arazo politikoa da.

Gure lanak kontutan ez hartzeko tresna bat da, musutruk lan horietaz jabetzeko tresna, lanaldi partzialak eta behin-behinekotasuna inposatu, gutxiago ordaindu, eta zaintza lanak egitera behartzeko tresna. Zaintza lan hauek gabe sistema kapitalista heteropatriarkalak ezingo luke iraun eta ez luke etekinik lortuko.

Zoritxarrez gai honetan Osakidetza ez da salbuespena. Bertako zuzendaritza saiatzen da dagoen arrakala itxuraldatzen, horretarako beraien datuekin nahasmena sortzen ahalegintzen dira eta datu horien erabilera alderdikoia egiten dute. 2018 urteko Memorian hau diote: “Emakumezkoak dira Osakidetzako langileen %78, eta zuzendaritza postuetan nagusi dira”. Baina datu hauei mozorroa kendu behar zaie eta benetako portzentaia atera.

Adibide gisa Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIa jar dezakegu. Bertan 4.400 langile inguru daude, nahiz eta soilik 4.100 langileren datuak ditugun eskuragarri. Horietatik, %22 gizonezkoak dira eta %78 emakumezkoak. Langileen lagin honetan, 113 gizonezko daude buruzagitzetan, emakumezkoak 69.
Beste ikuspegi batetik begiratuta, ESI honetako gizonezko langilegoaren %12,53 buruzagitza mailakoa da. Aldiz, emakumezkoen kasuan portzentaia hau %2,16koa da soilik.

Osakidetza orokorrean harturik, eta erakundeak berak egindako diagnostikoaren datuen arabera, bertan lan egiten duten emakumeen %3,96ak soilik daude buruzagitza postuetan. Legezko zaintza egin ahal izateko eskatzen diren lanaldi-murriztapen eskaeren %92,55 emakumezko langileek eginak dira. Behin-behinekotasun gehiago ere pairatzen dugu, besteak beste.

LABen aspalditik gabiltza instituzioen benetako inplikazioa eskatzen, lanaren gizarte-antolakuntzarekin erabat loturik dagoen diskriminazio egoera hau konpontzeko neurriak ezar ditzaten. Baina beti “suebakiak” topatzen ditugu aurrean, orain morez mozorroturik. Eta egoerak horrela darrai, haurdun diren emakumeentzako gero eta oztopo gehiagorekin, pribatizazio eta azpikontratazioak bidea libre dute, Lehen Arreta hiltzen uzten, berdintasun planik gabe (ezta itxura egiteko ere)…

Guzti honen ondorioz emakumeok kaltetuak irteten gara, langile eta erabiltzaile gisa. Horregatik Osakidetzan planto egiten dugu, sistema honetan sinesten ez dugulako!

 

 

 

Pikete feminista egin dugu Donostian, soldata-arrakala salatzeko

Gaur, otsailaren 22an, emakume eta gizonen arteko soldata berdintasunaren aldeko egunean, Donostiako LABeko emakume* langileek pikete feminista egin dute. Bizikleta martxa batean, lantoki eta instituzioetan ematen diren diskriminazio egoerak salatzen ari dira. 10:30ean atera dira Artzain Onetik eta 12:00etan amaitu dute protesta, Gipuzkoa plazan.

Udalean etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen egoera prekarioa eta administrari eta gainontzeko langileen artean dagoen soldata arrakala salatu ditugu.

Eusko Jaurlaritzan eskola publikoetako langileak hitzarmena borrokatzen egon direla gograrazi eta honezkero sinatu dutela adierazi dugu.

Aldundian, berdintasun plan eraginkorrak eskatu ditugu.

 

 

 

Askatasunaren Aldeko Martxarekin bat egingo dugu larunbatean, Iruñean

Hainbat eragilek, LABek barne, manifestaziora deitu dugu larunbaterako, otsailak 23, Iruñean, Askatasunaren Aldeko Martxa izenburupean. Udaletxe plazatik abiatuko da mobilizazioa, 17:30ean, eta kolektibo desberdinak bilduko ditu, ultraeskuinaren eta erregimenaren aldekoen mehatxuari aurre egiteko. Hala, langileak, emakumeak, pentsiodunak, migranteak, gazteak… bilduko ditu protestak.

 

 

 

Hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dugu kudeaketa zuzeneko eskola-jangeletan, Hezkuntza Saileko sukaldariekin soldata berdintzea lortuz, 16 urteko borroka egin eta gero

Beste behin ere, ikastetxe publikoetako eskola-jangeletako langileek, catering enpresetakoek, erakutsi dugu gure hitzarmena azkenera arte defendatzeko prest gaudela eta horrela ulertu du sektoreko patronalak. 

Azkenean, baloratzeko modukoa den aurreakordioa jarri digute mahai gainean:

-2019ko urtarriletik abuztura, Hezkuntza Saileko sukaldarien igoera portzentaia berdina (%3,62 metatua egungo taulekiko).

2019ko irailetik aurrera sukaldarien soldata %100ean berdinduko da Eusko Jaularitzaren Hezkuntza Saileko sukaldarienarekiko, eta langile laguntzaileen soldata Saileko langileen soldatei %98an ekiparatuko zaie.

-2020ko urtarrilean %99koa izango da langile laguntzaileen ekiparazioa Hezkuntza Saileko sukaldarien erreferentzia taulekiko.

-2021eko urtarrilean %99koa izango da ekiparazioa .

-2022ko urtarrilean, %99,5ekoa.

-2023ko urtarrilean %100ekoa izango da ekiparazioa, eta ordurako eskola jangeletako langile kolektiboaren ekiparazioa lortuko da.

LABek argi utzi zuen bere egunean hau izango zela, behingoz, kudeketa zuzeneko kolektiboaren %100eko ekiparazioaren helburu historikoa beteko zuen hitzarmena.

Lorpen honek %100 lortzea dakar. Gainera, hitzarmena sinatzen denetik, Hezkuntza Saileko langileei soldata igotzen dieteb bakoitzean, hurrengo hilabetean automatikoki ezarriko zaigu guri, catering enpresetako edo kudeaketa zuzeneko langileei. Funtsezkoa irizten digoun zerbaitetan egin dugu aurrera, lan berdina, lan- baldintza berdinak.

Aurreakordioak kolektiboarentzat garrantzitsuak diren beste aldarrikapen batzuk ere jasotzen ditu:

Lantokiaren aintzinatasuna, enpleguan egonkortasuna ematen diguna, sartze eta irteeren gaia argituz, eta baita soberan dauden orduen gaia ere.

– 10 egunetako eszedentzia zatitzeko aukera, hiru alditan.

– Permanentzia plusa argitzea ikasturte osoa ez dauden langileentzat.

– Kanpaina amaierako osagarrian lan efektibotzat jotzen da baja baten ondorioz izandako opor egunak. Azkenean, patronalak utzi egin dio gure osasunaren kontura negozioa egiteari.

– Ezinbestekoa den denbora seme-alabak medikura laguntzeko (adin mugarik gabe).

LABen uste dugu hitzarmena sinatzea aurrera pauso bat izango litzatekeela oraindik egiteke ditugun gainontzeko borroketan aurrera egiteko.

Eusko Jaurlaritzarekin ere batzartu da LAB ratio eta funtzioen inguruan hitz egiteko eta aldatu egingo dute honezkero zaharkituta dagoen 2000ko araudia.

Eusko Jaurlaritzarena da ikastetxe publikoetako eskola-jangeletako funtzionamendu eta kudeaketaren erantzunkizun osoa, eta kontuan izan behar da zerbitzu publikoa dela, diru publikoz funtzioanatzen duena. Guztion diruarekin.

Eskola-jangelen ereduaren inguruan eta Eusko Jaurlaritzaren asmoen inguruan uste dugu egiteko asko dagoela.

Langileok erakutsi dugu, kontratu partzialak dituen sektore prekarizatu eta feminizatu baten egon arren, prest gaudela gure eskubideen alde borroka egitera eta %100eko ekiparazioa jasotzen duen hitzarmena sinatu ahal dugula greba egunik gabe.

Bihar LABek langileen asanbladak egingo ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aurreakordioaren inguruan. Hauek aurreakordioa berretsiko balute, LABek bertan behera utziko luke otsailaren 26rako deitutako greba.
 

 

 

Arcelor Mittal eta CCOO eta UGT-k Euskal Herriko langileak saldu dituzte

0
LABek Euskal Herriko lantokietarako negoziaketa mahai bat osatzea exijitu du hauek ordezkatzen dituzten sindikatuen eta zuzendaritzaren artean bertako arazoak lantzeko.

Atzo, Arcelor Mittaleko 7. estatuko esparru-akordioaren bilera egin zen, Arcelor Mittalek Espainiako estatuan dituen lantoki guztietarako lan baldintzak arautzen dituen akordioa. Azkeneko oinarrizko akordioaren negoziaketan gertatu zen moduan, zuzendaritzak eta CCOO eta UGT sindikatuek Asturiaseko arazoak soilik landuko dituen negoziazio mahai paraleloa eratu dute. Ez dugu ezagutzen zer negoziatzen duten mahaia horretan, ez dutelako azaltzen, baina badakigu zer gertatu zen azken oinarrizko akordioan: CCOO eta UGT-k, Asturiasen inbertsioak eta kontratazioa egitearen trukean, esparru-akordio merkea sinatu zioten zuzendaritzari. Egoera hortan, Euskal Herriko lantegiak babes gabe gelditzen dira, eta trukerako txanpon bilakatzen dira. Gogoratu nahi dugu, azkenengo akordio markoan Sestaoko lantokia soldata igoera gabe uztea adostu zutela.

Desberdintasun egoera honetan, LABek, berriz ere, Euskal Herriko lantokietarako negoziaketa mahai bat osatzea exijitu du Euskal Herriko lantokiak ordezkatzen dituzten sindikatuen eta zuzendaritzaren artean bertako arazoak lantzeko. Zuzendaritzak, espero genuen moduan ezezkoa eman du, eta CCOO eta UGTk ez dute ezer esan.

Tamalgarria da era berean, ELAren jarrera, Euskal Herriko langileek euren lan baldintzak bertan negoziatzea defendatubeharrean, Madrildik gure lan baldintzak prekarizatzen ari diren, eta EEEak 13 urtez luzatu dituzten CCOO eta UGT bere siglekin babestu baititu. Ez da, ez sinesgarria, ez bateragarria sindikatu hauek kritikatzea eta aldi berean beraiekin bat egitea negoziaketa kolektiboaren estatalizazioan.

Enpresak zatiketaren estrategia erabili du, eta sindikatu batzuk ontzat eman dute estrategia hau.

LABek argi dauka, estatu mailan adostutako 6 akordio marko eta gero, Euskal Herriko lanpostuen erdia baino gehiago desagertu dira, lan baldintzak prekarizatu dira eta inbertsio falta izugarria da. Ez bagara aktibatzen eragozteko, 7. oinarrizko akordioak bide beretik jarraituko du.

Horregatik, LAB izan da Euskal Herriko lantokien etorkizuna ziurtatzeko eta langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko mahai gainean proposamenak jarri dituen sindikatu bakarra:

1.- Negoziaketa esparru propioa Euskal Herrirako. 2.- 2009ko EEEaren amaiera.
3.- Inbertsioak Euskal Herriko lantokietan.
4.- Errelebu kontratua planta bakoitzean.
5.- Eros ahalmenaren berreskurapena, KPItik gorako soldata igoeren bidez.
6.- Azpikontratazio eta ABLEen mugapena.
7.- Kontratazio eta promozio eredua adostuko da, diskriminazio eta bidegabekeria eragotziz. Era berean, kontratazio berrien %25a emakumeak izango direla ziurtatuko da, emakumeek pairatzen duten diskriminazioa txikitzeko.

Beraz, Euskal Herriko lantokietako etorkizunaren alde aktibatzeko garaia da. Lantoki guztiek batera ekiten badugu inbertsioak, enplegua eta lan baldintzen hobekuntza lor dezakegu.

Hemen lan egin, hemen erabaki. Gaurko borroka, biharko enplegua!