2026-02-23
Blog Page 663

Arrazakeria eta kriminalizazioaren aurrean erantzuten jarraituko dugula berretsi dugu, Moussa eta Joseba Alvarezen aurkako salaketa dela eta

2018ko ekainaren 24ean, Donostiako Alde Zaharrean jasotako gertakizunak eta bertatik abiatutako auziak ekarri gaitu gaur, Egiako epaitegien aurrera. Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna iragan berri, mobilizazioa egin dugu bidegabeki epaituko dituzten bi kideekiko elkartasunez. Hala, LAB sindikatutik prekarietatea, migrazioa, arrazakeria, kriminalizazioa, eta eskubide zibil eta politikoen urraketaren aurrean erantzuten jarraituko dugula berretsi dugu.

Joan den uda hasieran kale saltzaile den Moussa lanean zegoela, Udaltzaingoak gelditu eta, berriro ere, poliziarengandik kolektibo honek jasaten duen jazarpenaren eta tratu txarraren biktima izan zen. Tratu bidegabea ikusirik, inguruan zebiltzan herritar eta lekukoak hurbildu egin ziren. Joseba Alvarez kidea zegoen haien artean. Guztiek pertsonaren eskubide guztiak bermatu behar zirela aldarrikatu zieten udaltzainei eta Moussa pairatzen ari zen tratu bortitzaren aurrean beraien babesa eskaini zioten langileari.

Gertakari hauen ondorioz, Udaltzaingoak sartutako salaketek, Moussa eta Joseba zigortzea helburu dute. Moussari material guztia kendu, bortizki atxilotu eta komisaldegira eraman zuten San Juan Egunean. Autoritatearen aurkako atentatua leporatzen dio Udaltzaingoak; Joseba Alvarezi, berriz, baldintzapeko mehatxuak eta desorden publikoak (mota guztiak) egozten dizkio Udaltzaingoak. Gaur biek epaitegira deklaratzera deitu dituzte epaiketara begirako “aurretiazko egintzak” egiteko.

Egoera benetan larria dela irizten diogu LAB sindikatuaren aldetik, eta horrexegatik halako arrazismo eta politika totalitarioen aurrean ez garela isilik geratuko jakinarazi nahi dugu. Izan ere, bizi dugun garai honetan herritarrok zein langileok geure burua antolatu eta inoiz baino gehiago borrokatu behar baitugu bizitza duinaren alde eta gure oinarrizko eskubideak errespetatuak izan daitezen.

Ekintza Sozialeko idazkari ondoko Urtzi Ostolozagak hartu du hitza, komunikabideen aurrean.Ekintza Sozialeko idazkari ondoko Urtzi Ostolozagak hartu du hitza, komunikabideen aurrean.

LAB sindikatutik mahaigainera ekarri nahi dugu, Moussaren aurkako ekimena salaketa sinple bat baino gehiago dela, gertakari honen atzean EAJ-PSOEren migrazio politika eskuindar lotsagabea baitago: kale saltzaileek islatzen duten ezein pobrezia arrastoz garbi mantendu nahi dituzte Donostiako kaleak. Gabonetako argiak, noria, hondartza eta izozkiaren Donostia ahalik eta zurien, elitisten eta turistikoen mantentzea helburu duen udal gobernua baitugu. Europako Batasunak bere ateak itxi dizkio Europa berak sortutako migrazioari, eta ez gaitzatela engaina, Donostiako Udal Gobernuaren politika berbera baita. Kale saltzaileak, kalean bizi direnak, Infiernoko bizilagunaren heriotza… Honelako kolektiboenganako gupidarik gabeko politika baztertzaile eta kriminalizatzaile oro salatzera etorri gara. Moussari egozten zaion autoritateari atentatuak ez du ez hanka ez buru, lekukoek baieztatu bezala Udaltzaingoarengandik iruzurrezko jokabidearen erakusgarri besterik ez delarik, boterea erabili eta arrazializatutako bizitzen baztertzeko, pobretzeko eta suntsitzeko: jarrera arrazista barren-barrenetik.

Tamalez, Donostian gertatutakoak itxura txarra du. Joan den urtean Donostia “Harrera Hiri” izendatu zuten, handik egun gutxira, ordea, Moussari aipatu salaketa jarri zioten, bere herrira espultsatzeko aukera zabalduz. Zergatik? Kalean baimen administratiborik gabe pultserak saltzeagatik. Udaltzaingoaren jokabideak erakusten du nolakoa den herri honetan isilpean egiten den benetako migrazio politika. Ez dago instituzio publikoengandik, udal gobernu batengandik jarrera miserableagorik, delitu handiagorik, miseriazko egoeren aurrean inolako gupidarik gabe, boterea erabiltzeko hautua egin eta jokaldi zikin batez herritartasuna ukatzerainoko mehatxua egitea baino, duintasuna lapurtzea baino.

Gertakizun honen aurrean, LAB sindikatutik exijitzen dugu Moussaren aurkako salaketa bertan behera uztea, ez dadin izan bere lana ez eta jatorria ere inoiz epaitua.  Administrazioarengandiko mehatxuzko jarreren aurrean, esku-hartzea, giza eskubideak oinarri, hiritartasuna eskuratzeko prozesuan instituzioak bidelagun izan behar baitira eta ez etsai.

Era berean, erretira dezatela Josebaren aurka jarritako Mozal Legearen aplikazioa, autoritatezko botere harremanean babesgabetasun egoeran zegoen langile baten defentsan agertzea baita epaiketa honen bidez delitu bilakatu nahi dutena. Zuriketarik ez, arrazakeriaren aurka egintzak nahi ditugu, ez hitzak! Langile guztion eskubideen alde, klase elkartasuna!

 

 

 

Burujabetza eta Huerta de Peraltako borroka ardatz izango dituzten solasaldietan izango dira Garbiñe Aranburu eta Imanol Karrera, Gazte Topagunean

0

Gero eta gutxiago geratzen da Lemoan egingo duten Gazte Topagunerako. Hain zuzen ere, apirilaren 19 eta 22 bitartean izango da, eta atzo agerraldia egin zuten bertan izango diren jardueren berri emateko. Gazte antolakundeko kide eta kide ohirekin batera, ezker abertzaleko ordezkariak ere izan ziren aurkezpenean; LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, tartean. Sindikatuak presentzia izango du Gazte Topagunean, solasaldien tartean, besteak beste.

Gazte Topagunean egingo dituzten hitzaldien artean, apirilaren 19an, LABeko idazkari Garbiñe Aranburuk eta Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak hartuko dute parte. Lehenak, "Burujabetza(k) Iraultza Soziala(k)" izeneko solasaldian, 16:00etan; bigarrenak, "Huerta de Peralta: euskal langileak borrokan" lelodun hitzaldian, 13:00etan.
 

 

 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan atzoko negoziazio mahaira ekarritako proposamenak ez du akordioa erdiesteko balizko edukirik

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok langileak animatzen ditugu datorren asteko greba egunak babestera.

Atzoko negoziazio-mahaira patronalek ekarritako proposamenean 10 urtez Lan Hitzarmena berritu gabe daramaten langileen eskaerei erantzungo dioten aurrerapauso esaguratsurik ez da egon.

Atzoko proposamenaren eta martxoko grebak egin aurretik egindako eskaintzaren artean alde bakarra dago, soldatena, urtarrileko zortzi greba egunen ostean sektoreko patronal nagusia den Kristau Eskolak alde biko bileretan helarazi baitzizkigun atzo aurkeztutako eduki berberak (besteak beste, irakasleei 3 ordu osagarri eta 40 ordu ez presentzial aitortzea, edota Hezkuntza Laguntza Espezialisten lanaldia 97 ordutan murriztea); alabaina, hau ere nahikoa ez zenez, martxoan deitutako grebak egin behar izan genituen.

Soldatei dagokienez:

-Patronalek lehenago egindako proposamena ekarri dute, 2017, 2018 eta 2019 urteetarako. Proposamena urrun dago, hala urteotan galdutako eros-ahalmena berreskuratzetik (KPI + %9,8), nola plataforma sindikal bateratuko eskaritik (KPI + %6), izan ere, kasurik hoberenean KPI + 0,74 urria baitakar, eta areago, KPI – 0,5 DBH 2 eta Batxilergoan, 2017 eta 2018rako kontsolidazio planteamendurik gabe eta soldatak finantziaketari lotuz.

-2017rako soldata proposamenetik kanpo uzten dituzte soldata kaskarrenak dituzten kolektibo batzuk (lehen zikloko Haur hezkuntzako langileak, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileak).

-2020, 2021, 2022 eta 2023rako soldatak ezartzeko irizpidea lotuta utzi nahi dute, soldatak Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren baitan egotea planteatuz. KPIa handiagoa bada indize bera aplikatzea proposaten dute, baina gero esaten dute igoera hori hurrengo urteetan konpentsagarria eta xurgagarria izango dela.

-2017 eta 2018rako “paga” bat ordaintzea proposatzen dute, salbuespenekoa, bakarra eta kontsolidatuko ez dena, baina soilik kolektibo batzuri (irakasleak eta lehen zikloko haur hezkuntzakoak). Paga hau litzateke Jaurlaritzak soldatei buruz eskaintzen duena baino %2 gehiago. Paga hau ez lukete jasoko hezkuntza-laguntzako espezialistek, ez eta administrazio eta zerbitzuetako langileek ere.

Atzo egindako soldata proposamenak agerian uzten du, patronalek gatazka guztian zehar esan dutenaren kontra, badutela ahalmen ekonomikoa eros-ahalmena berreskuratzera gehiago gerturatuko gaituzten soldatak hitzartzeko. Hori adierazten du 2017 eta 2018rako "paga" ez kontsolidagarria ordaintzeko egindako eskaintzak eta baita izandako aldebikoetan kopuru kontsolidagarri handiagoak eskaintzeko prest agertu izanak.

Beraz, patronalek eros-ahalmena berreskuratzeko bidean aurrera egiteko proposamen egokiagorik egiten ez badute arrazoia ez da ahalmen ekonomikorik ez dutela; aitzitik, tematuta daude sektoreko langileei soldatak negoziatzeko aukera ebatsiko liekeen sistema bat ezartzen. Nahi dute langileok eskubide horri uko egitea; hain zuzen auzitegiek ere babestu zuten eskubidea, 2010ean patronalek gure soldatetan islatu nahi izan zutenean Jaurlaritzak egin zuen finantziazio murrizketa.
Soldatei buruzko proposamen hau ez da onargarria; baina gainera, ez dago aurrerapauso handirik oinarrizko beste kontu batzutan, esaterako Lanbide Heziketako eskaeretan edota ikasgelak ixteagatik lanpostua gal dezaketen langileen birkokapenerako. Gainerako eskarientzat erantzun partzialak ematen dira. Beraz, agerian dago patronalek ez dutela akordiorik bilatzen; ez dutela benetan negoziatu nahi.

Hezkuntza sailak, bestalde, gatazka honetan dagokion ardura oraindik ez du bere hartu, eta ez da busti konponbide batera iristeko. Sindikatuok sailarekin bilerak soilik azken bi hilabeteetan izan ditu, sindikatuen eskariz, eta sektorean 18 greba egun egin ondoren. Bileretan administrazioari galdegin diogu bere ardura aintzat har dezala eta gatazka bideratzeko erabakiak har ditzala, eskariei erantzun egokia emanez eta akordioak lortzeko aukera ematen duten proposamenak eginez.

Halere, oraingoz Jaurlaritzak bilerak egitea onartu du, besterik ez, eta lanpostua gal dezaketen langileak birkokatzeko aukerez hitz egiten hastea. Oraingoz hezkuntza sailak egindako planteamenduak birkokapen eraginkorrik bermatzen ez badu ere, deigarria da Hezkuntza saila prezeski orain hasi izana gai honi buruz mugitzen, sindikatuok orain dela lau urte inguru helarazi bait genion birkokapena bermatzeko formula eraginkorrak aztertzeko planteamendua.

Eusko Jaurlaritzak eta patronalek urtetan hartutako erabakiek ekarri gaituzte egoera honetara, hots, lan-baldintza prekarioetara eta horiei aurre egiteko ezinbesteko bihurtu den gatazkara.

Ondorioz, gatazkari irtenbide bat emateko ardura, aldarrikapenei taxuzko erantzuna emanez, patronalei eta Hezkuntza sailari dagokie, hau da, egin dezaketen eragileei. Halere, horretarako behar-beharrezkoa da patronalek benetan negoziatzeko borondatea izatea eta administrazioa inplikatzea eta behar bezalako parte hartzea izatea.

Argi dago patronalen proposamenetan eta Hezkuntza sailaren inplikazioan gertatu diren aurrerapenak batez ere etorri direla gure mobilizazio eta greba dinamikari esker.

Horregatik, sindikatuok dei egiten die sektoreko langileei mobilizazioaren bidetik jarrai dezaten, datozen grebetan parte hartuz;
 

 

 

Benetan negoziatua eta adostua izango den lan hitzarmen baten alde irten dira kalera Gipuzkoako Foru Aldundiko langileak

Ostegunean udaberriarekin batera jakinarazi zieten: asteartean, martxoak 26, aldebakarrez onartuko dutela langileen lan baldintzak arautzen duen testu bategina. Horrenbestez, gobernu honek inposaketa erabiliko du Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen lan baldintzak aplikatzeko. Ez dute langileen adostasunik behar. Ez dute nahi negoziazio kolektiborik egon dadin. Gaurko mobilizazioekin bat egin dute ere Eibarko Egogain helduen egoitzako langileek, asteak baitira borrokan daudela hitzarmen duin baten alde.

Hauxe da Gipuzkoako Aldundiko Langile Batzordearen oharra, gaurko mobilizazio egunaren harira:

Ostegunean udaberriarekin batera jakinarazi ziguten: Asteartean, bihar martxoak 26 ALDEBAKARREZ onartuko dutela langileen lan baldintzak arautzen duen testu bategina. Gobernu honek, INPOSAKETA erabiliko du Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen lan baldintzak aplikatzeko. Ez dute langileen ADOSTASUNIK behar. Ez dute nahi negoziazio kolektiborik egon dadin

Asteazkenean Batzar Nagusitan egon ginen bigarren aldiz, arrazoia berdina bazen ere.

Langileen lan baldintzak. Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu honek langileen lan baldintzak aldebakarrez onartu nahi ditu eta hori zen Batzar Nagusitan berriz ere salatu genuena. Azken Bi urte hauetan agerian geratu den bezala ez da benetako negoziatzeko borondaterik egon eta ez dugu horrelako erabakirik onartzen, ez dugu inposaketarik nahi

Ikusi dugun moduan sasi negoziazioa izan den prozesu honi hasiera emateko Aldundiak langileen jarduna arautzen duten araudi guztiak testu bateratu batean jaso zituen, eta negoziazioaren oinarritzat testu hori hartzea erabaki zen. Abiatzeko ez zen proposamen desegokia izan baina, gerora ikusi dugun moduan gobernu honentzat helburua ez zen benetako langileen lan baldintzak negoziatzea helburua beste bat zen araudiaren eguneraketa.

Sindikatuok 2017. urteko urtarrilean gure plataformak aurkeztu genituen, ez horrela Aldundiak.Bileretako dinamika ere oso nekagarria izan zen. Sindikatuok egindako proposamenak ez ziren nahikoak izaten, ez zituzten gustukoak izaten eta beste proposamen bat eta beste proposamen batzuk eskatzen zizkiguten. Onartu, zer onartu zuten? Oso aldaketa gutxi jaso ziren, eta Langileen ordezkaritzak eskatutako proposamen oso onak aldebakarrez onartu zituzten. Beraien aldetik jasotako proposamen bakanak murrizketa gogorrak ekartzen zituztenak izan ziren.

Langileekin asanbladak egin genituen egoera nola zegoen azalduz, mobilizazioak egin genituen eta egun horretan dihardugu. Langileek ere ez dute horrelako egoerarekin bat egiten. Benetan negoziatua eta adostua izan den Lan Hitzarmen baten alde borrokatzen jarraitzen dugu, kalean gaude borrokan eta borrokatzen jarraituko dugu. Ez dugu inposaketarik onartuko, ez eta aldebakarreko erabakirik ere.

Langileen ordezkariak hitzarmena adosteko gure gutxienekoak jakinarazi genizkien. Gai horien artean, sindikatu bakoitzaren ñabardurekin, hurrengo proposamenak mahai-gainean jarri ziren, eta berriz ere jakinarazten ditugu:

1-Zerbitzu publikoak bermatu eta lan baldintzak hobetu behar dira: Gipuzkoako Foru Aldundiak hurrengo konpromisoak hartuko ditu: bitarteko propioekin ematen den zerbitzurik ez du azpikontratatuko eta egitura ez du gutxituko. Era berean akordio berriak aurrekoetan adostutako lan baldintzak eta bermeak (subrrogazioa, eskubide sindikalak…) mantendu eta hobetuko ditu.

2-Enplegu eskaintzak Momentu honetan langileen bitartekotasun tasa % 35ekoa da. EPE bat onartuta dago,baina, langileen ordezkariak egiten ditugun proposamenak ez dituzte aintzat hartzen. Hiru EPE egon dira legealdi honetan, eta hirurak porrota izan dira. Gaiak, bai orokorrak eta baita espezifikoak bilatzeko erraztasunak eskatzen dira. Azterketak egokiak izan behar dira, eta EZ orain arte bezalakoak….

3- Soldata igoera Galdutako ero-ahalmenaren errekuperatze eta nominetan kontsolidatzea eskatzen dugu. Soldataren igoera urte bakoitzeko zenbatekoak KPIa baino handiagoak izatea bermatu beharko litzateke.

4-Aurre erretiroa Aurre erretiroko eta uko egite sarituko neurriak hobetzea. Batez ere enplegu publikoari eragin zuzena izango lukeelako. Langile guztiok 61 urterekin etxera joateko aukera izan beharko genuke.

5- Euskara Zerbitzu publikoak euskaraz ere ematea eta langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarren hizkuntza hautua errespetatzeko.

6-Berdintasuna Berdintasun batzordea berraktibatuko da, eta Aldundiko langileek benetako, aplikagarria izango den berdintasun plan bat izango dugu.

Kalean uxo eta etxean otso
Esaldi hau orain dela urte bete ere esan genuen: Gardentasuna, Parte-hartzea, kontziliazio neurriak, berdintasun zuria, Etika Batzordea, Telelana hauek dira gobernu honek saltzeko erakusleihoan jarri dituen titularrak baina ez da hau bere langileekin erabiltzen dituenak. Honek gure ustez gabezia demokratiko izugarria adierazten du.

2011.urtean, garai haietan izan genuen zuzendariak esan zuen ez zuela hitzarmenik sinatuko langileen ordezkaritzaren gehiengo absolutuak bat egingo zuela bermatzen ez bazen eta oraingo gobernu honek aldiz esan duena da aldebakarrez egingo duela.

Beraz lehen esan dugun bezala:Benetan negoziatua eta adostua izan den Lan Hitzarmen baten alde borrokatzen jarraituko dugu, kalean gaude borrokan eta borrokatzen jarraituko dugu. Eta Ez dugu inposaketarik onartuko, ez eta aldebakarreko erabakirik ere.

 

 

 

Hezkuntza Saila langileon eskubide sindikala oztopatzen ari da, EAEko irakaskuntza publikoko hauteskunde sindikalen atarian

0
Bihar egingo dira hauteskunde sindikalak EAEko irakaskuntza publikoan. Bada, LAB sindikatuak gogor salatu nahi du Hezkuntza Saila langileon eskubide sindikalal oztopatzen aritzea.

Postazko bozkari dagokionez, atzerapenarekin bidali dira bozkak etxeetara, langileengan kezka, ezinegona eta haserrea sortu duelarik.

Honetaz gain, gaur jakin izan dugunez, hauteskunde mahaietan sindikatu bakoitzak, Hezkuntza Sailak ez ditu beteko kolektibo guztietan jartzen dituen ikuskatzaileen ordezkapenak biharko hauteskunde egunean, nahiz eta jarraitu beharreko prozedura epe barruan bete dugun.

Beste behin ere, Hezkuntza Sailak hauteskunde sindikalekiko duen jarrera ozen salatu nahi dugu, eta dagozkigun eskubideen alde lanean tinko borrokatzen jarraituko dugu.
 

 

 

Homeserveko langileek lanuzteak egin dituzte berriro lan baldintza eta lanabes duinak exijitzeko

0

Joan den martxoaren 20ko egun osoko grebaren ostean, Homeserveko langileek hiru orduko lanuzteak egin dituzte gaur Bilbon, lan baldintza eta lanabes duinak exijitzeko. Apirilaren 1ean, lanuzte gehiago egingo dituzte, hiru ordukoak hauek ere,10:00etatik 13:00ak bitartean.
 

 

 

Apirilaren 4an izango da Bizkaiko bulego eta langeletako lanuztea

Bizkaiko bulego eta langeleko martxoaren 28rako lanuzterako baimena legalki jakinarazi ondoren, Eusko Jaurlaritzak aipatu eskari hori gaitzetsi du argudiatuz enpresek gutxieneko zerbitzuak eska ditzaketela eta kasu honetan, aurreabisuak ez duela zehaztutako gutxienekoa betetzen. Beste behin ere patronalaren alde jarri da gobernua, enpresa pribatuetan gutxieneko zerbitzuak ahalbidetuz, honezkero ohituta gaituen zentzugabekeria kapritxoso bat.

Zailtasunen gainetik, ez digute hitzarmen duinaren alde borrokan egitea eragotziko. Apirilaren 4an egingo dugu hiru ordutako lanuztea, 10:00etatik 13:00etara, eta mobilizazioa, 10:30ean, Bilboko Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean (Urkixu Zumarkalea, 2).

Beste alde batetik, ez gara sartuko LABen aurka beste sindikatuetatik botatzen ari diren deskalifikazioen lehian sartuko. Esateko dugun bakarra da, aldebakarrez proposamena zein mobilizazioen egutegia aurkeztu aurretik, sindikatuon arteko bilera ugari egin dugula. Eta hauetan mahai gainean jarri dugu mahaian proposamena eta mobilizazioak adostu beharra, eta ezezko biribila baino ez dugu jaso beste sindikatuen partetik. Geldialdi honen aurrean eta ekintza gabeziagatik hitzarmena hil aurretik, LABek aurrera pauso bat egitea erabaki du, bai negoziazio mahaian bai borrokan. Sektore honek merezi duelako eta beharrezkoa zelako zerbait gehiago egitea etsipenean erori edo egoera aldatzeko edozein ahalegin blokeatzea baino.

Argia da gure mezua: ezer egin behar ez baduzu, gutxienez ez trabarik egin eta utzi besteoi gure hitzarmenaren alde borrokan egiten.
 

 

 

Helduen euskalduntzea EAEn unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitatekoa izateko eskatu dugu

Gasteizko Legebiltzarrean “Euskara jakiteko eskubidea bermatzeko Legea” eztabaidatzen hasiko diren garaian, LABek Eusko Legebiltzarreko alderdiekin izan gara eta gure proposamenaren oinarriak azaldu dizkiegu. Hala, LABen proposamena publiko egin dugu komunikabideen aurrean, eta helduen euskalduntzeak unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitatekoa izan behar duela aldarrikatu dugu. Prentsaurrekoa eman dute LABeko euskara-idazkaritzako kide batek, euskaltegi homologatuetako langileek, udal euskaltegietakoek, irakasleek eta HABEko delegatu batek.

Euskara eta gaztelania dira EAEko hizkuntza ofizialak. Hala jasotzen du Autonomia Estatutuaren Legeak. Horrez gain, euskara dugu EAEko berezko hizkuntza, hizkuntza propioa,1982ko Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legeren arabera.

Ofizialtasun horrek herritarrei onartzen die euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea. Eta era berean betebehar bat ezartzen die botere publikoei: Botere publikoek eskubide horiek bermatu behar dizkiete herritarrei.

Lege horiek onartu zirenetik 40 urte eta 36 urte, hurrenez hurren, pasatu diren arren, Euskal Herriko botere publiko desberdinak ez dira gai izan herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, ez baitute lehentasunen artean izan herritarrek euskara jakiteko eta erabiltzeko duten eskubidea.

Gure herrian euskara hizkuntza normala eta normalizatua izan dadin klabea da botere publikoek herritarrak euskararen ezagutzara erakartzea eta euskara jakiteko baliabide errealak, doakoak, publikoak eta kalitatekoak eskaintzea.

Eusko Legebiltzarrean “Euskara jakiteko eskubidea bermatzeko Legea” eztabaidatzen hasiko diren garaian, LABek Eusko Legebiltzarreko alderdiekin izan ditugun harremanetan sumatu dugu legeak herritarren eskubideak bermatu beharrean, erabiliko dutela helduen euskalduntzean pribatizazioa eta prekarizazio handiagoa ezartzeko. Sumatu dugu euskaltegi publikoen mapa hedatu eta herritarren beharretara egokitu beharrean, sare publikoa murriztu egin nahi dutela eta euskaltegi publikoak ixteko asmoa agertzen hasi dira zenbait lekutan. Argi esan nahi dugu gure sindikatuak helduen euskalduntze publikoaren alde egiten duela eta horrek esan nahi du, besteak beste, sare publikoa desagerrarazteko asmoak alde batera utzi behar dituztela eta sektoreko lanpostuak gaztetzeko, egonortzeko eta duintzeko bideari ekin behar diotela.

Helduen euskalduntzean doakotasuna bermatu beharrean ikusten ari gara euskaltegien finantziazio-eredu gero eta ilunagoa eta prekarioagoa ezarri nahi dutela. HABEk orain arte erabakiak modu ilunean eta aldebakarrez hartu izan ditu, eta aurrerantzean, susmoa dugu are era ilunagoan hartu nahi dituela erabakiak. Hori dela eta, LABek uste du orain arteko sistema, subentzio-sistema hain zuzen, gainditu eta benetako doakotasuna bermatu behar diela herritarrei. Eta euskaltegietan, euskara irakasleen sektorean ematen ari den prekarizazioari irtenbide duin bat eman behar diola Eusko Jaurlaritzak.

Kontuak horrela, LABen iritziz, helduen euskalduntzearen sektoreak eraldaketa sakona behar du eta legebiltzarreko alderdiei helarazi dizkiegu gure proposamenaren oinarriak,.

Euskal Herrian helduen euskalduntzea eta alfabetatzea 4 oinarri hauen gainean eraiki behar da:

• Unibertsala izan behar da: euskal herritar orok du euskara ezagutzeko eskubidea eta botere publikoek hori bermatu behar dute

• Doakoa izan behar da: pertsona baten euskalduntze-prozesua noiz bukatzen den zaila bada ere zehazten, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoan oinarrituta, herritarrek euskalduntze-prozesu osoa amaituta izango dute erabiltzaile gaitua direnean, hau da, C1 maila gutxienez lortzen dutenean.

• Publikoa izan behar da: Helduen euskalduntzea bermatzea botere publikoei dagokie; eta LABen iritziz, publikotasuna bermatze aldera, helduen euskalduntzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean kokatu behar da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari dagokio, sistema antolatzea eta kudeatzea, finantzatzea, titulazioak kudeatzea, baliabide didaktikoak eta pedagogikoak bermatzea eta sortzea, irakasleen etengabeko formazioaz arduratzea, langileak kudeatzea …

• Kalitatekoa izan behar da: kalitatekoa bai erabiltzaileentzat, zein langileentzat.

Euskara ikasi nahi duten herritarrek instalazio duinak, ratio egokiak, baliabide pedagogiko egokituak… eduki behar dituzte eta hori bermatu behar zaie

Sektoreko langile guztiek lan-baldintza duinak, egonkortasuna, formazioa, errekonozimendua eta etorkizuneko aukerak eduki behar dituzte.

Azkenik, jakinarazi nahi dugu LAB sindikatuak proposamen hau erregistratuko duela Eusko Legebiltzarrean, legebiltzarreko alderdi guztiek haren berri idatziz izan dezaten. Eta horrez gain, adierazten dugu, helduen euskalduntzean eta alfabetatzean gure helburuak lortze aldera, mobilizazioekin hasiko garela.

 

 

 

Altsasun igandean egingo den manifestazioarekin bat egiten dugu, eta bertaratzeko deia egiten diegu langileei

0

Igandea martxoaren 24rako manifestazioa deitu dute Altsasuko gurasoek “Ez da justizia” lemarekin. Mobilizazioa Altsasun bertan izango da eta 12:00etan abiatuko da Iruñea etorbidetik, suhiltzaileen ondotik.

LAB manifestazioan egongo da Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru izango duen ordezkaritza batekin. Era berean, dei egiten die langileen bertan parte har dezaten.

Estatu antidemokratiko batean bakarrik gertatu daiteke Altsasuko gazteak bizitzen ari diren injustizia. Ez dugu
estatu antidemokratiko batean bizi nahi. Ez dugu horrelako injustiziarik jasan nahi, beharrezkoa dugu hemen,
Euskal Herrian, benetako justizia eta demokrazia eraikitzeko apustu garbi bat egitea.

Nafarroako gizarteak aspaldi absolbitu zituen gazteak. Eta guk ere Altsasuko kaleetan, aske nahi ditugu. Justua eta justiziazkoa delako, eta ezin bestekoa, Euskal herrian benetako demokrazia ezartzeko.