2026-01-28
Blog Page 662

Greba feminista: sistema kapitalista heteropatriarkalaren gehiegikeriak salatuko ditugu, baita emakumeon eskubideak irmotasunez exijitu ere

0

LABetik Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8an greba feministarako deialdiarekin bat egiten dugu. Zerbait berria eraikitzeko prest gauden guztion indarrak behar ditugu, bateratzen gaituena aintzat hartuz, baina ezberdintzen gaituena saihestu gabe, Euskal Herri aske, feminista, antikapitalista eta antiarrazista eraikitzeko.

Duela urtebete, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, milaka emakume kalera irten ginen eta pairatzen dugun egiturazko bazterkeriaren aurrean olatu morea osatu genuen. Aurtengoan indar handiagoarekin seinalatuko ditugu sistema kapitalista heteropatriarkalaren gehiegikeriak, are eta ozenago salatuko ditugu bere kontraesanak eta irmotasunez exijituko ditugu gure eskubideak.

2018an erakutsi genuen indarraren aurrean kapitala morez janzten saiatu da eta sinestarazi nahi izan digu mahaiaren alde berean jesarririk gaudela. Ez da horrela! Generoaren soldata arrakala oraindik badago lan esparru guztietan, gehienbat emakumeok* egiten ditugun lanei balio ekonomiko eta soziala kentzen zaie, zaintzak ez dira inorentzat lehentasun politiko, emakumeok*ez daukagu ez denborarik ez baldintzarik zaintzeko eta duintasunez bizitzen jarraitu ahal izateko.

Ez gaituzte engainatuko, ez gaituzte isilaraziko, aurtengo Martxoak 8an eta ondotik etorriko diren egunetan ere borrokatzen jarraituko dugu.

Aurtengo Martxoaren 8aren atarian, hainbat ekintza eta mobilizazio egin ditugu sindikatutik. Bihar, mugimendu feministak Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan egingo dituen mobilizazioekin egingo dugu bat. Hiriburuetako hitzordu nagusiak hauek dira:

-DONOSTIA
12:00etan Boulevard
19:00etan Antiguako Tunela

-IRUÑEA
12:00etan Gaztelu Plaza
19:00etan Golem Zinemak

-GASTEIZ
12:00etan Plaza Berria
19:00etan Iparralde G.E.

-BAIONA
12:00etan Merkatu Plaza
19:00etan Errepublika Plaza

Bestalde, LABeko Idazkaritza Feministak honako hau gogoratu du biharko greba dela eta:

-Grebarako eskubidea oinarrizko eskubidea da.
-EZ zaude behartuta greba egingo duzun ala ez jakinaraztera.
-Pertsona orok greba egiteko eskubidea dauka, gutxieneko zerbitzuetan egon behar direnak izan ezik.
-Enpresak EZIN DU greban dauden langileak ordezkatu.
-Enpresak horrela egingo balu, barne zein kanpoko langileekin, SALATU EZAZUE lan ikuskaritzan egunean bertan.

Ikuskaritzaren telefonoak:

Araba, 945 062100
Bizkaia, 94 4032700
Gipuzkoa, 943 023550
Nafarroa, 948 261750

Edo jar zaitezte harremanetan LAB edo bestelako sindikatuarekin, laguntza gehiago behar izanez gero.

 

 

 

Emakumeon eskubide falta salatu dugu Sestaon, Gizarte Segurantzaren egoitzan

0

Ekimen eta mobilizazioak egiten ari gara Euskal Herriko eskualdeetan zehar martxoaren 8ko greba feministari begira, “Kapitala hautsi, bizitzari eutsi” lemarekin, deialdia zabaldu eta emakumeei* parte hartzeko deia eginez. Bada, gaur, elkarretaratze bat egin dugu Sestaon, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, emakumeok* bizi dugun eskubide falta salatzeko. Egoitzan bertan sartu gara ere, gure aldarrien berri emateko.
 

 

 

Aktibazioa aldarrikatzen dugu Arabako metalgintzako behin-behinekotasuna eta berdintasun faltarekin amaitzeko

0
Gaur, martxoak 6, Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea batzartu da eta bertan, behin-behinekotasuna eta berdintasun falta izan ditugu hizpide. SEAk bere benetako aurpegia erakutsi du eta proposamen guztiei ezetz erantzun die. Horren aurrean, LABen ustez, langileon aktibazioaren bidez SEA mugiarazi behar dugu.

Gaurko bileran bi gai nagusi jorratu ditugu, biak ala biak sektoreko arazo nagusietakoak: behin-behinekotasuna eta emakumeek jasaten duten egoera. Lehenengoari dagokionez, hainbat proposamen atera dira iruzurrezko kontratazioari aurre egiteko eta egonkortasuna bilatzeko baina guzti-guztiei ezetz erantzun die patronalak. Hortaz, LABen ustez, SEA enplegu prekarioaren defendatzaile sutsua da, ez baitu arazo hau aldatu nahi.

Berdintasun faltaren inguruan, SEAk uko egin dio berdintasun-planak 50 langiletik gorako enpresetan ezartzeari, eta soilik legeak agindutakoa beteko duela adierazi du. SEAk hartu duen konpromiso bakarra da Sektoreko Berdintasun Batzordeaz hitz egitearena izan da, baina bere jarrera ikusita, LABek proposamen zehatzak egingo ditu batzorde hori benetan eraginkorra izateko, ezerezean gelditzeko arriskua baitago.

Hori guztia kontuan hartuta, LABek uste du SEA bere benetako aurpegia erakusten ari dela, sektoreko arazoei erantzun beharrean prekarietatea iraunkortzea bilatuz. Hau ere bada aurreko hitzarmenen ondorioa, patronala oso eroso dagoelako gutxiengo sindikalak hain merke sinatutakoarekin.

Horren aurrean, LABek argi eta garbi adierazten du soilik langileon aktibazio eta mobilizazioarekin lortuko dugula SEA patronala mugiaraztea.
 

 

 

Hitzarmen duina aldarrikatu du langileriak Gureak Navarra enplegu zentru berezian

Gureak Navarra enplegu zentru bereziaren langileriak kalera atera da hitzarmen duina aldarrikatzeko asmoz, Noainen eta Arazurin dituen lan zentruen atarietan mobilizazioak burutuz.

2018an, urte hasieran, Nafarroako Gureak-en hitzarmen berria negoziatzeari ekin genion.

Hasiera-hasieratik topo egin dugu enpresak agertu duen jarrerarekin, aurrekoarekin alderatuz, funtsezko murrizketak jasoko lituzkeen hitzarmen berria nahi zuelako. Batzordeak nahiz langileek desadostasuna agertu zuten, negoziazio berria zoru sendo batean sostengatu behar zelako, hala nola, indarrean dagoen hitzarmenean, atzeratzerik eta murrizketarik gabe.

Hala ere, enpresak erabaki du ez duela langileen premia askori erantzunen lioketen mugimendu sakonik eginen, eta oinarrizko eskubide batzuen murrizketari eutsiko diola, adibidez, aldi baterako ezgaitasunari.

Nafarroako Gureak aniztasun funtzionaleko pertsonei ematen die enplegua; Nafarroako Gobernuak eta Estatuto Lan Zerbitzu Publikoak milioi askotako diru-laguntzak ematen dizkio; Lanbide-arteko Gutxiengo Soldataren eta langile-kotizazioen erdia jaso ohi du.

Aitzitik, enplegu baldintzak oso kaskarrak dira, eta Hitzarmenean jaso hobekuntzak urriak. Argi deritzegu enplegu babestuko esparruan diharduen enpresa batek gutxiengo lan baldintzak bermatu behar izateari, eta ildo berean, dirua kudeatzeari.

Are gehiago, Gureak enpresaz ari garenean, dibertsitate funtzionala duten 4700 pertsonei enplegua ematen dien, eta urteko 240 milioi €tako negozio-bolumena mugitzen duen enpresa batez ari garelako.

Horrek guztiak bermatzen ez duenez hitzarmen duina, Nafarroako enpresako langileok gaurko egunez mobilizatu gara, kalera langileen erdia baino gehio irten direlarik, Zuzendaritzarekin negoziatzeko bilerari ekin aurretik.
 

 

 

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek Eudelen aurrean egin dute protesta

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak greban daude egunotan, eta, gaurko manifestazioa egin aurretik, eserialdia egin dute Eudelek, Euskadiko Udalen Elkarteak, Bilbon duen egoitzaren aurrean. Zaintza eta bizitza erdigunean jartzeko aldarriarekin ari dira borrokan, baita zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintza duinak exijitzeko ere. Atzo eta gaur egin bezala, biharko ere deitu dute grebara.

  

 

 

Nafarroako Gobernuko langile guztientzako Lanbide Karrera-Garapen lege proposamena aurkeztu dugu

LABek nafar administrazioetako langile guztientzako Lanbide Karrera/Garapen sistema ezartzen duen lege proposamen bat landu du, eta berau foru Gobernuari zein talde parlamentarioei helarazi die. Honen guztiaren helburua argia da: hartzaileei hurrengo legealdian lege hau eztabaidatu ahal izateko euren konpromezua eskatzea. 


Joan den otsailaren 27an, LABek Lanbide Karrera/Garapena Nafarroako administrazio publikoetako langile guztiei aplikatzeko lege proposamen bat erregistratu zuen Nafarroako Diputazioan. Proposamen horretan aldarrikatzen da Lanbide Karrera langile guztiei onartzea, gaur egun soilik osasun arloko sektore batzuek daukaten sistema gainerako langileei ere zabaltzeko. Hori dela eta, dokumentua aurkezteko ekitaldian Administrazioko arlo eta maila guztietako ordezkariak egon ziren. Proposamenean, mailaz igotzeko prozesua arautzen da, horretarako behar diren irizpideak zehaztuz.

LABen proposamenak 23/2016 Foru Legea du oinarri, medikuntzako eta erizaintzako langileentzako Lanbide Karrera ezarri zuena. Helburua da sistema hori Nafarroako Gobernuko langile guztiei zabaltzea; izan ere, LABek, klaseko sindikatua den aldetik, beti defendatu du langile guztiek aukera izan behar dutela prestakuntza jasotzeko eta lanbidean gora egiteko, betiere parametro batzuk betez gero eta, horren ordainean, konpentsazio ekonomiko batzuk jasoaz. LABen iritziz, prestakuntza hori oso lagungarria da langile publikoek herritarrei ematen dieten zerbitzua hobetzeko bidean.

Talde parlamentarioek ere hartu dute proposamena
Lanbide Karrerari/Garapenari buruzko legearen proposamena, Nafarroako Gobernuari igortzeaz gainera, gaur egun Nafarroako Parlamentua osatzen duten talde guztiei ere helarazi die LABek. Horregatik, agiriaren zenbait kopia sartu zituen Nafarroako Parlamentuaren erregistroan: alderdi bakoitzarentzat kopia bat. Ongi jakin arren legealdi hau bukatzear dagoela, LABen helburua da talde parlamentarioek beren hitza ematea hurrengo legealdian gure proposamena eztabaidatuko dutela, hauteskundeetatik eratorriko den Parlamentuaren osaera zeinahi delarik ere. Gainera, Osasunbidean LABeko ordezkari den Txomin Gonzálezek iragarri zuen bilera bat eskatuko diela Nafarroako Parlamentuko alderdi politiko guztiei proposamenaren gaineko informazioa emateko.

 

 

 

Bizitza duinerako eskubidea aldarrikatu dugu, Donostiako Infiernoko auzoan izandako heriotzaren aurrean

Joan den ostiralean, martxoaren 1ean, Infernua auzoko bizilagun bat hil zen etxebizitzan gertatutako sute baten ondorioz. LAB, ELA, ESK, Eskubide zibil eta politikoen aldeko ELEAK-Libre Mugimendua, Gipuzkoa Zutk, Txantxerreka, Herritarron Harrera Sarea-Red de Acogida Ciudadana eta Ongi Etorri Errefuxiatuak eragileok exijitzen diegu arduradun politikoei gertakizun honen esku-hartze kontzientea eta, braz, integrala egin dezaten. Gertatutakoaren zein errealitate sozioekonomikoaren diagnosia errotik egin eta honela, benetako oinarrizko eskubideen, osasuna eta etxebizitzaren, sistema publiko eta duina gorpuzteko beharrezko neurriak har ditzaten.

Sinatzaileok bat egin nahi dugu pertsona honen senide eta lagunen minaiekin.

Ostiral goizeko sutearen ondorioz gertatutako heriotzak halabeharrez ekarri behar du hausnarketa politikoa, errotiko hausnarketa, Donostako errealitateaz eta aurrerabideaz. 2019. urtean tamalez oraindik ere, gure munduaren errealitatea jarraitzen baitu izaten bizi baldintzen muturreko prekarizazioa, desberdinkeria, estigmatizazioa eta bazterkeria. Bizitzaren prekarizazio etengabearen ondorioz, eta azken urteotako erasoaldiaren ostean, gure herriko egoerak okerrera egin du nabarmen.

Pobrezia eta gizarte bazterkeria sistema sozioekonomikoan errotutako egiturazko arazoak dira, gaur gurera ekarri nahi izan ditugunak, argi esateko, Donostian sustatzen den hirigintza eta gizarte ereduaren ondorio zuzena direla. Izan ere, udal gobernuaren hiri eredu honek asko du esateko ostiraleko gertakizunarekin. Hasteko, etxebizitzaren arazoa, gentrifikazioa, salneurri eta alokairuaren igoera neurrigabea, espekulazioa… etxebizitza eskubide izatetik gutxi batzuen pribilegio izatera aspaldi pasa zen Donostian. Hori dela eta, Infernoko auzuneak herriitar askori eman dio aterpe, eman dio etxe, bizitoki duinerako sarbidea ukatua izan zaion pertsona askori, hain zuzen. Lan munduaren bilakaerak eta honen gain esku-hartzeko borondate politiko ezak, langabezia, prekarietatea eta miseriazko bizi baldintzen egoera sozioekonomikoa egonkortu dute Donostan. Eta zeresanik ez, herriitarron arreta eta zainketara bideratutako lan esparru publikoaren merkantilizazioak, horrek zerbitzu sozialen kaliitatean duen inpaktu negatboaz… guzti honek amaiera gordin honetan du isla.

Argi utzi nahi dugu martxoaren 1eko infernuko bizilagunaren heriotzaren arrazoiak estrukturalak diiela eta honen erantzukizuna herritarron ongizatea bermatzeko instituzio lokalena eta arduradun politkoena dela.

Salatu nahi dugu, pertsona honen heriotzaren karietara egin nahi izan den irakurketa mediatkoa. Jakin izan ahal dugunez, besteak beste 7 urtez bertan bizitzen egon diren peitsonak izan dira kaltetuakn, ordea, komunikabideetan hildako pertsona zein haien bizilagunak aterpegabeko gisa izendatu dituzte, gaur egungo merkatuaren logikaren begiekin ikusiz eta, beraz, etxerik izango ez balute bezala, haien eskubidea lapurtuz, eta duintasuna minduz. Etxebizitza duinerako eskubide urraketaren adibiderik muturrekoena izan dugu hau.

Horrez gain, jakina da Infiernoko auzunean etxebizitza okupatuak daudela, eta mahaigainean jarri nahi dugun erantzukizun politkoa dutenak halako ezbeharrez baliatuko direla okupazioaren kriminalizazio kanpainafri ekiteko. Eta bide beretik, baliatuko baitute parada hau Infernoko lurretan aurreikusia dagoen etxebizitza proiektua azkartzeko, ez lehenik bertako bizilagun eta etxebizitzen aurkako ofentsiba bat abiatu gabe.

Guzti honen aurrean, eragileok exijitzen diegu arduradunei, gertakizun honen esku-hartze kontzientea eta, beraz, integrala egin dezaten. Gertatutakoaren zein errealitate sozioekonomikoaren diagnosia errotik egin eta, honela, benetako oinarrizko eskubideen, osasuna eta etxebizitzaren, sistema publiko eta duina gorpuzteko beharrezko neurriak har ditzaten. Bizi baldintzen egoera latz honen aurrean, Donostian etxebizitzarekin daukagun arazoair eusteko konpromisoa har dezan exijitzen diogu Udalari, eta har ditzala lehenbailehen babes sozialeko sistema publikoa indartzeko neurriak, gizarte bazterketa eta pobreziaren aurrean errotik ausart erantzunez, bizitoki eta bizitza duinerako aukera izan dezagun herritar guztiok.
 

 

 

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak grebara itzuli dira, hitzarmen duin baten alde

Grebara deitu dute gaurko, biharko eta etzirako, sektorearen defentsan eta hitzarmen duin baten alde. Honetaz gain, emakume guztiei, datorren martxoaren 8rako mugimendu feministak antolatutako ekintza guztietan parte hartzeko deia zabaldu dute langileek eurek, atzo arratsaldean Bilbon egin zuten manifestazioan jakinarazitakoaren arabera. Hain zuzen ere, atzoko manifestazioa mugimendu feministak antolatu zuen, grebalariei babesa adierazteko. Gaur, berriz, manifestazio berri bat egin dute langileek, Unamuno plazatik abiatuta.

Hauxe da atzoko manifestazioaren eta aste honetako greba egunen harira osatutako oharra, LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok sinatuta:

Urteak aurrera joan ahala, jendartearen eboluzioa ematen da, baina zaintza lanak antzinako denboretan geldirik jarraitzen dute. Ematen zaien balioa, hutsa izaten jarraitzen du eta ondorioz, oraindik ere, lan hauek emakumeon eskuetan geratzen dira. Honen adibide argia da Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua, non, plantillen %95a baino gehiago emakumeok osatzen dugularik. Nahiz eta, jendartearen ongizaterako ezinbestekoak diren jarduerak egin, gure lana, bigarren mailako enplegutzat hartzen jarraitzen da.

Etxez Etxeko Laguntza, udalei dagozkion zerbitzu publikoa da. Hauek, hein handi batean, lizitazioen bidezko pribatizaziorako bidea hartzea erabaki dute. Honekin, zerbitzuaren titularrak direnak, urteak daramatzate beste alde batera begiratzen langileon lan baldintzei dagokionez.

Zerbitzu honen beharrizana duten erabiltzaile kopurua gorantz egiten jarraitzen duen bitartean, zerbitzuaren kalitatearen gainbehera salatuz, langileok urte bat baino gehiago daramagu mobilizatzen, egindako 26 greba egunekin batera.

Sorospen arloari dagokionez, handitzen doan kolektibo baten babes maila gutxitzen ari da. Prestazio orduan jaisten dira, egin beharreko lanak handitzen diren heinean, honekin, zerbitzuaren kalitatean galera emanez. Lehen 10 orduetan egiten genuena orain 7 orduetan egin beharra daukagu. Nola da posible?

Lan arloari dagokionez, 7 urte daramatzagu soldata izozketa eta lan eskubideen galerarekin. Enpleguaren behin-behineko tasa handia da, lanaldi partzialak ugariak dira eta osasunerako kalte eta arrisku ugari dagoen lan batean, lan osasuneko neurriak ez dira existitzen. Labur esateko, gure lan-baldintzak prekarioak dira.

Azken mobilizazio urtean zehar, gatazkaren konponbiderako pausuak ematea dagozkien subjektu guztiak interpelatu ditugu. Bizkaiko Udal garrantzitsuenetan Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko kalitatea hobetuko zuten eta onartu diren mozioak aurkeztu ditugu, alderdi politikoekin bildu gara, Bilboko udaleko aurrekontuei egin dizkiegu, sektore feminizatu moduan gure problematika EMAKUNDEri helarazi diogu, eta Patronalak, zuzenean, interpelatu ditugu. Kontaktu guzti hauetatik ez dugu, jendarte osoaren arazoa den honentzako, inolako erantzunik jaso.

Arduradunak seinalatzeko unean, ez dugu beste alde batera begiratuko. Bizkaiko udaletako gobernu taldeak, mozioen erabilera partidista eta gerora hauen ez betetzearekin, eta patronalak, negoziaziorako gogo ezarekin, dira gatazka honen arduradun zuzenak. Lehenengoek, zerbitzuaren titular moduan, zein bigarrenek, zerbitzuaren prestatzaile moduan, ezin dute euren ardura albo batean uzten jarraitu.

Datorren martxoaren 8an, herri honetako emakumeak grebara aterako gara. Beste behin ere, emakumeon esplotazioan oinarritzen den sistema baten aurrean planto egingo dugu. Generoagatiko diskriminazioa ez da zerbait puntuala, jendartean tinko txertatuta dagoen arazo estrukturala baizik. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bezalako sektoreekin, berdintasun erreal batera jotzeko benetako neurriak hartzeko aukerak zabaltzen dira. Emakumeen lan baldintzetan eta ondorioz, bizi baldintzetan, hobekuntzak sustatuz.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak, alde batetik, EUDELeri zaintza lanei dagokien balio eman eta bere ardurapeko zerbitzu honi kalitatea ematea eskatzen diogu. Beste alde batetik, PATRONALEI, emakume langileon lan baldintzen murrizketan oinarritzen diren, etekin ekonomikoei begira jartzeari uztea exijitzen diegu.

Honengatik guztiagatik, hasitako borroka honi eusteko argudioak soberan ditugula argi daukagu, eta hurrengo martxoaren 5, 6 eta 7an sektorearen defentsan eta hitzarmen duin baten alde, grebara bueltatuko gara. Honetaz gain, emakume guztiei, datorren martxoaren 8rako mugimendu feministak antolatutako ekintza guztietan parte hartzeko deia zabaldu nahi dugu.

Zaintza eta bizitza erdigunean jartzeko garaia heldu da! Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzan, kalitatea eta lan baldintza duinak! Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza borrokan!

 

 

 

DIA supermerkatuetan iragarritako greba mugagabea gero eta gertuago dago

0

Bizkaia eta Gipuzkoako DIA supermerkatuetako langileek hirugarren greba eguna egin dute gaur, aurreikusitako kaleratzeen aurrean borrokatzeko, eta gaur ere euren lan baldintzekiko errespetua exijitu dute. Negoziazio mahaia bildu zen atzo Madrilen, eta ez zuten langileen etorkizuna argitu. Hortaz, egoera aldatu ezean, martxoaren 11tik aurrera iragarritako greba mugagabea gero eta gertuago dago.