2026-11-15
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaJosenea Lan Elkarteko langile bat lan istripuan hil izana salatzen dugu

Josenea Lan Elkarteko langile bat lan istripuan hil izana salatzen dugu

Lehenik eta behin, LABek bere elkartasuna eta babesa erakutsi nahi die atzo hildako langilearen familia eta senideei. LABen datuen arabera, gutxienez 27 dira urte hasieratik Euskal Herrian lanean hildakoak, horietariko 8 Nafarroan. Istripua gertatu den enpresan, Josenea Lan Elkartean, beste langile bat hil zen istripuz martxoaren 29an, ordukoan in itinere izandako istripuan.

Enpresaren ezaugarriak eta Nafarroako Gobernuak ematen dizkion laguntza publiko garrantzitsuak ikusita, bereziki nabarmentzen da heriotza hau. Hortaz, gertatutakoaren ikerketa zorrotza eskatzen dugu eta zehatz ikertzea erabiltzen ari den tresneria eta makinaria, eta baita arriskuen prebentziorako plana bere osotasunean.

Ematen du berriro gaudela istripuen udako gorakadaren aurrean, Euskal Herrian astean langile bat hiltzera eramaten duena. Gure ustez, igoera hau, gainontzeko lan-istripuak bezala, ez da kasualitatearen ondorio.

Prekarietate eta prebentzio faltan egiten den inbertsio faltaren egoera orokor hau larritu egiten da udan: prestakuntzarik gabeko mugikortasun funtzionala, gainbegiratze falta, tenperatura altuak, etab. Enpresak behartuta daude egoera hauek beti kontuan hartzera, baina bereziki udan.

Sistema kapitalistak nahi du laneko heriotzak, istripuak eta gaixotasun profesionalak onartzea ekoizpen prozesuaren azpiproduktu bezala eta ezin dugu horrelakorik onartu.

Lanetik bizirik bueltatzeko eskubidea dugu eta ez boltsa beltz batean. Are gutxiago, gertakari hauen ostean, gehienetan, irabazi enpresarialen hazkundea dagoenean.

Dei egiten diegu langileei lan arriskuen arloan egiten den edozein ez-betetze salatzera eta ordezkaritza sindikalari jakinaraztera, baldin balego, edo bestela zuzenean sindikatuarekin harremanetan jartzera, berehala esku hartzeko. Enpresariari bat pasatzen uzten badiozu, baliteke bigarren aukerarik ez egotea.

Era berean deia egiten diegu beste sindikatuekin batera egingo dugun kontzentrazioan parte hartzera. Bihar izango da, uztailaren 10a asteazkenean, 12:00etan, enpresak Noainen dituen lokalen aurrean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...