2026-02-09
Blog Page 657

Estampaciones Bizkaiako langileak metalgintzako hitzarmenaren alde mobilizatu dira

0

"Bada denbora alarma gorria piztuta dagoela, metalgintzako herrialdeko hitzarmen baten faltak, lan-baldintza duinak bermatuko dituenak, sektore langile guztiontzako prekarietate handiagoa dakar. Elkartasuna baino gehiago da Bizkaiko metalgintzako hitzarmena, beharrizana eta eskubidea da", adierazi du enpresa batzordeak.

Hauxe da Estampaciones Bizkaiako enpresa batzordearen oharra:

Estampaciones Bizkaiako langileok metalgintzako hitzarmen sektorialaren baldintzak askogatik hobetzen dituen hitzarmen propioa dugu. Gaur egun hau bezalako hitzarmena izatea, daukagun antolaketa eta borrokarako gaitasunagatik da, baina baita ere Bizkaian metalgintzako hitzarmen sektoriala egon delako, eta honek oinarriak finkatu dituelako sektoreko enpresek, gureak bezala, euren lan-baldintzak are gehiago hobetu ahal izateko. Sektoreko hitzarmena desagertu egiten bada edo urteetan hobekuntzarik gabe baldin badago, sektoreko langile guztiok jasaten dugu honen eragina. Sektoreko hitzarmen eguneraturik ez badago, herrialdeko hitzarmena ezartzen duten enpresa guztiek merkeago eskaintzen dituzte euren zerbitzuak, eta hau aitzakia bezala erabiltzen dute hitzarmen propioa duten enpresek lan-baldintzak ez hobetzeko, okertzeko, kontratazio berriak are baldintza prekarioagoetan egiteko…

Bada denbora alarma gorria piztuta dagoela, metalgintzako herrialdeko hitzarmen baten faltak, lan-baldintza duinak bermatuko dituenak, sektore langile guztiontzako prekarietate handiagoa dakar. Elkartasuna baino gehiago da Bizkaiko metalgintzako hitzarmena, beharrizana eta eskubidea da.

Horregatik, Estampaciones Bizkaiako langileok mobilizazioa egin dugu gaur. Sektoreko langile eta sindikatu guztien borrokak soilik ekarriko du Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duina. Estampaciones Bizkaiako langileok Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duinaren aldeko gure konpromisoa erakusten dugu.
 

 

 

Sunrise Medical enpresako langileek greban jarraitzen dute, zuzendaritzak negoziatzeko duen borondate ezaren aurrean

0

Sunrise Medical, aulki elektrikoak eta ortopediarako osagaiak ekoizten dituen eta Arrankudiagako Bakiola industriagunean kokatua dagoen enpresa, martxoaren 20tik greban dago. Joan den irailean, plantilla osatzen duten ekoizpeneko 43 langilek eta bulegoetako beste horrenbestek hitzarmenaren negoziazioari ekin zioten. Lehenengo unetik, negoziatzeko borondate eza adierazi du enpresak, lantokiaren langileek aurkeztu zioten plataformaren puntu garrantzitsuei buruz hitz egiteari uko eginez.

Bakiolako Sunrise Medicaleko plantak urtero-urtero etekinak ematen ditu eta bere ekoizpen mailak gora egiten du. Bere osasun ekonomiko onaren seinalea da dibidendu garbien banaketa enpresaren kideen artean, baita Euskal Lantegiak enpresaren beste lantegiak finantziatzen dituela bere inbertsioak bakiolako lantegiari zuzendu barik.

Errealitatearen parez pare, berriz, plantillaren lan baldintza onartezinak daude, zeinei lan erritmoen azkartzea gaineratzen zaien. Enpresak onartu nahi ez dituen plantilaren aldarrietako batzuk: azkeneko urteotan galdutako eroste ahalmena berreskuratzea, Bajak bete daitezela, kategoria profesionalak ez daitezela betikotu edo ETTak ez daitezela kontratatzeko erabil, egiturazko lanpostuentzako behin-behinekotasuna erabiltzeari uko egin diezaiotela.

Enpresaren zuzendaritzak negoziatzeko borondate ezaren aurrean, plantillak, ELAko delegatuen eta LABeko delegatuaren laguntzaz martxoaren 20rako greba deialdia egin zuen. Bada, asanblada baten bidez, beharrezkoa izango den denbora, beren aldarrikapenak gauzatu artean tinko eutsiko diotela erabaki dute langileek. Juxtutzat jotzen dituzte delako aldarrikapenak eta ez dute enpresaren zuzendaritzaren jarrera itxia ulertzen enpresaren ekoizpen egoera eta egoera ekonomikoa ikustita.

Beren egoeraren berri jendarteari baita Sunrise Medicalen bezeroei emateko asmoz, mobilizazio berriak iragarri dituzte langileek.

 

 

 

Ambazoniako Gobernu Kontseiluko ordezkariekin bildu gara, herrialdeak pairatzen duen errepresio bortitzaren berri izateko

0

Ambazonia, Amba Land izenarekin ere ezaguna, aldarrikatutako Estatu bat da, lehen Kamerun hegoaldearen parte zena. Bada, Ambazoniako Gobernu Kontseiluko ordezkariak izan dira gurean, eta Garbiñe Aranburu idazkari nagusiarekin eta Nazioarteko idazkari Koldo Saenzekin bildu dira. 

Ambazoniako ordezkariak Euskal Herrian izango dira bihar arte, eta Gasteizko Legebiltzarrak ere hartuko ditu. Ambazoniako Gobernu Kontseilua 2013. urtean egituratu zuten, Ambazoniako bertako askapenerako mugimendu desberdinetako ordezkarien eskutik. Burujabetza osoa aldarrikatzen dute, baina azken urteetan errepresio bortitza pairatzen ari dira Kamerungo Estatuaren aldetik, milaka hildako eta erbesteratuekin. Etxeak ere erre dizkiete, eta krisi humanitario larrian daude. Honen guztiaren berri jaso dugu gaur, bertatik bertara.

 

 

Enplegu duina eta segurua aldarrikatu dugu Gasteizen, Michelin Hirien Biltzarra dela eta

0

Michelin Hirien Biltzarra egiten ari dira egunotan Gasteizen. Bada, hitzordu hau baliatu dugu enplegu duina eta segurua aldarrikatzeko. Izan ere, azken bi urteetan, Gasteizko Michelingo lantegian lau langile hil dira, eta, hala ere, gai hau ez dute jorratuko egunotako biltzarrean.  
 

 

 

Etxeko langileen baldintza duinen alde eta doako zaintza lanen berrantolaketaren alde borrokatuko dugu

Martxoak 30, Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna da. Data horren bezperan, salatu behar dugu sexuaren araberako lan banaketa pairatu eta pairatzen dugula gaur egun.

Sexuaren araberako lan banaketa pairatu eta pairatzen dugu gaur egun. Hezkuntza primariotik emakumeak* zaintza lanetara bideratzen gaituen sistema oso bat egituratua dago. Industrializazio garaitik hona kapitalismo basatiak bi espazio nagusien bereizketa indartu du; alde batetik, produkziorako espazioa; eta bestetik, erreprodukzioaren espazioa. Produkzioaren espazioan kapitala mugitzen da, lan indarraren truke ordainsari bat jasotzen da, gizartearen imajinario kolektiboan aitortza duen “enplegua” da. Izan ere, hazkundea eta merkatuaren logikaren baitan kokatzen delako. Espazio erreproduktiboan, zaintza lanak kokatzen dira, gizakion bizitzak sostengatzeko ezinbestekoa den egitura.

Bi espazio hauek sexuaren araberako lan banaketan oinarritzen dira eta kapitalismoan estrategikoa izan da sistema osoa berretsi ahal izateko. Lan erreproduktiboa emakumeen* eskuetan ezarri izan da, historikoki atxikitutako rol baten bitartez, non emakumeak besteon zaindari izan behar garen eta belaunaldiz belaunaldi transmititu izan dena. Emakumeak* zaintza lanak musutruk egin ditugu, ezkutuan, eremu pribatuan, etxe barruan, horren truke ezer eskatu gabe, aitortza gabe, emakume izate hutsagatik. Kapitala eta patriarkatuaren aliantzan, emakumeok*, espazio publikora atera diren gizon horiek sostengatu eta zaindu ditugu merkatuaren logikan produktiboak izateko.

Kapitalismoak zaintza lanak merkantilizatu ditu ere, modu honetan truke monetarioaren bitartez emakumeak haien lan indarra saltzen dute, hortaz, funtsezko beharrizan bat zerbitzu batean bihurtuz.

Etxeko zaintza lanak zerbitzu edo negozio pribatu bat bilakatzen diren heinean herrialde mendebaldarretan, badago estruktura sozial kapitalista eta patriarkal bat zein pertsona profil konkretu bat kondenatzen duen lan hauek egitera. Profil hau ezaugarri espezifikoz zeharkatua dago: generoa, etnia, jatorria, klasea… Kasu honetan soldatapeko etxeko lanak emakume* etorkinen esku geratzen dira. Soldatapeko Etxeko lanetan aritzen den kopuru nagusiena emakumeak* dira, hortaz, sistema kapitalista patriarkalaren estrukturaren antolaketa sexu araberako lan banaketaren isla daukagu. Intersekzionalitatearen ikuspegitik, emakume* hauek oinarritik zapalkuntza anitz pairatzen dituzte, zapalkuntza hauek haien lanetan zein egunerokotasuneko bizitzan azalarazten dira. Hala nola, sufritzen duten babes faltagatik, lan baldintza prekario eta kaskarretan lan egitera behartuak daude. Askok soldata lotsagarrien truke egiten dute lan, kontratu gabe, esplotazio egoeretan, iritzia emateko beldurrarekin kaleratuak ez izateko.

Kritikoak izan behar gara soldatapeko etxeko lanetan aritzen diren emakume* hauen egoerarekin, emakume zuri moduan gure eskubideen aldeko borroka anitz bultzatu ditugu, herrialde eta bizimodu feminista bat eraikitzeko jomuga argiarekin. Baina gure militantziaren egunerokotasunean non geratzen dira soldatapeko etxeko langile egoera prekarioak? Haien lan baldintzak? Pairatutako indarkeria matxista eta sexista? Gu emakume* zuriak gara doaneko zaintza lanen subjektu interpelatu zuzenak, emakume* izate hutsagatik. Instituzioak, lantokiak eta inguruko gizonak interpelatu behar ditugu, zaintza lan duin paritarioak eskuratzeko, sexu lan banaketarekin bukatzeko. Ordea, nahiz eta gure lehia izan, ezin ditugu ahaztu egoera prekarioan soldatapeko etxeko langile moduan aritzen diren emakumeak*. Emakume* hauek feminismoko subjektu politiko kategoria izan behar dute, gure diskurtsoetan barneratu behar ditugu ikusgaitasun eta aitortza bat emateko.

Gure pribilegio espazioetan lekua eman behar diegu ahotsa har dezaten, feminismoa bizitzak erdigunean jarri behar ditu, zaintza lanak birpentsatzeko eta birsortzeko hautua eginez. Kapitalaren logikarekin hautsi nahi dugu, zaintza lanei benetako garrantzia emateko. Soldatapeko langileen eskubideak bermatu behar dira, hala nola, gaixotasun bajak, gizarte segurantzan kotizatzea, oinarrizko soldata, formakuntza, langabezia,… Emakumeen lan indarra ez da merkantzia, eskubide duinak exijitzen ditugu.

Bihar osteguna, martxoaren 28an, 18:30ean, hitzordu garrantzitsua daukagu Barakaldon, horregatik Apuros Mayse agentzia aurrean egongo den kontzentraziora gonbidatzen zaituztegu. Agentzia honek langileak zapaltzen ditu, ez die oporrik ematen, ezta gizarte segurantzan altarik ere, beraz. Bihar, bertan egongo gara. Gure gorputzak ez dira esplotatzen, soldatapeko etxeko langileen baldintza duinen alde eta doako zaintza lanen berrantolaketaren alde borrokatuko dugu.
 

 

 

Irakaskuntza Publikoko hauteskunde sindikalak irabazi ditugu EAEn

0

LABek Irakaskuntza Publikoko hauteskundeak irabazi ditu, eta lehen indar gisa berresten gara, bozka eta delegatu kopuruan gora eginez. LAB Irakaskuntzak borrokan jarraituko du euskal eskola publiko komunitarioaren bidean eta langileon lan baldintzak defendatzen.

Atzo arratsaldean, Irakaskuntzako kolektibo desberdinetan hauteskunde sindikalak burutu genituen EAEn. EHUko irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonala, administraziopeko irakasleak, zerbitzuetako sukaldari eta garbitzaileak, Heziketa Bereziko langileak eta irakasle laboralak eta Haurreskolak Partzuergoko Gipuzkoako langileak bozkatzera deituak ziren.

Bada, LAB Irakaskuntzatik zorion mezu bat helarazi nahi diegu gure hezkuntza komunitatea osatzen duten kide guztiei, liberatu, delegatu eta afiliatuei, une oro gure bide lagun izateagatik eta egunez egun erakusten duten konpromisoagatik. Era berean, hezkuntza komunitateko langile guztiak zoriondu nahi ditugu, oztopo guztien gainetik, hauteskunde sindikaletan parte hartzeagatik.

Ibilbide oparoa egin dugu azken urteetan. Bereziki azpimarragarria izan daitezke kolektibo desberdinetan piztuta izan ditugun lan gatazka eta borrokaldiak, arrakasta handiko mobilizazioak izan baitira. Hauei esker negoziaziorako bideak ireki eta akordio sendoak sinatu ditugu, hezkuntzaren kalitatean eta lan baldintzetan hobekuntza nabarmenak lortuz.

Iruten dinamika ere abiarazi genuen 2016ko maiatzean, inposaketak salatzeaz gain, hezkuntza sistema propiora bidean gaurdanik urrats praktikoak emateko erronkarekin. Era berean, gure hezkuntza egitasmoa berritu dugu, eta euskal gizarteari proposamen sendo eta integrala aurkeztu diogu.
 

 

 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazkan akordiora gerturatzeko giltzarriak jasotzen dituen dokumentua helarazi diegu patronalari eta Hezkuntza Sailari

Asteleheneko mahaian patronalek aurkeztutako proposamena behin betiko eta definitibo gisa aurkeztu bazuten ere, giltzarri hauen baitako proposamen bat aurkez dezatela eskatzen diegu LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuontzat, pasa den Asteleheneko mahai negoziatzailean patronalek aurkeztutako proposamenean jasotako eduki eta planteamenduekin, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako egoerari irtenbide egokia emango dion akordioa erdiestea ezinezkoa da gaur gaurkoz.

Mahai negoziatzaileko bilera horretan patronalek erakutsitako jarrera itxia eta erakutsitako negoziaziorako borondate falta nabaria izan zen, aurkeztutako proposamena behin betiko eta definitibotzat joz eta negoziaketari inolako aukerarik eman gabe. Sindikatuon elkarrizketa eta akordio puntuak aurkitzeko eskaerei muzin egin eta proposamen hau aldaezina dela errepikatu zuten etengabe.

Honi gehitzen zaio orain arte Hezkuntza Sailak gatazka honi irtenbidea emateko erakutsi duen inplikazio eta parte hartze aktibo eskas eta ez nahikoa.

Sektore honetan ordezkaritza daukagun sindikatu guztiok ordea, behin eta berriro errepikatu dugun bezala, 10 urtez Lan Hitzarmena berritu gabe daramaten langileen oinarrizko eskaerei tajuzko erantzuna emango dioten edukietan sakonduz, akordioetara iristeko gure borondatea adierazi nahi diegu.

Beraz, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok akordioetara gerturatzea ahabideratu dezaketen giltzarriak jasotzen dituen dokumentu bat helarazi diegu bai patronal eta bai Hezkuntza sailari ere.

Beraz, bai patronal eta bai hezkuntza sailari eskatzen diegu bakoitzari dagokion ardura bere gain har dezatela; Patronalei eskatzen diegu negoziaketarako borondatea erakutsiz Asteleheneko mahaian aurkeztutako proposamena atzera bota eta giltzarri horien baitan mugituko den proposamen berri bat aurkezteko; eta Hezkuntza Sailari gatazka honen irtenbidean inplikazio eta parte hartze aktibo eta erreala izan dezala.
 

 

 

DIA supermerkatuen EEE kontsulta garaia adostasunarekin amaitzeko erabakia Bizkaia eta Gipuzkoako langileei bizkarra emanda hartu dute

0

Fetico eta UGT sindikatuek, Bizkaian inolako ordezkaritza gabe eta Gipuzkoan ordezkaritza bakarrarekin, 38 lankideren kaleratzea onartu dute, zehazki 34 Bizkaian eta 4 Gipuzkoan.

Enpresa eta Fetico eta UGT sindikatuen arteko akordioaren aurrean, LAB sindikatutik ondorengo irakurketa egiten dugu:

EEE kontsulta garaia adostasunarekin amaitzeko erabakia, Bizkaia eta Gipuzkoako langileei bizkarra emanez egin da beste behin ere. Ez zaigu Euskal Herrian ordezkaritza handiena dugun sindikatuei parte hartzen utzi, eta akordioa behin publiko egin denean jakin dugu.

Prozesuaren hasieratik amaierara informazio falta izan dugu, eta honek EEEaren aurkako borroka dinamika kalean garatzera eraman gaitu. Presionatzea lortu dugu, kontsumitzaileen elkartasuna jaso eta gatazka ikusgarri egitea. Gure lana defendatu behar genuen eta defendatzen jarraituko dugu!

Eta berriz diogu, EEEak ez ditu DIA% dituen arazo ekonomiko eta finantzieroak konponduko. Beharrezkoa da gogoraraztea, langileen gastua fakturazioaren %9koa besterik ez dela, hau da, 100 eurotik 9 besterik ez direla bideratzen langileen gastuetara.

Benetan uste dugu enpresaren bideragarritasuna kaleratzeek eragingo duten aurrezkiarekin lortuko dutela? Erantzuna argia da, EZ!

Ukaezina da DIA enpresaren egoera finantzieroa oso korapilatsua dela, baina argi izan behar dugu soluzioa ez dela inolaz ere langileen kaleratzearen bidez lortuko. Jakin beharko da akzionistek zein neurri hartuko dituzten, zenbat jarriko duten ondarea orekatzeko. Zentzu honetan argi dugu bestelako neurriak hartzeko aukera bazegoela, ez hain traumatikoak eta DIAren etorkizuna baldintzatu gabe.

Proposatzen den subrogazioaren aurrean, zertan dantzan jakin beharko dugu. Frankizia bilakatzea proposatzen bada, berriz ere arrisku guztia langileen gain eroriko delako.

 

 

 

LOREA proposamena aurkezten hasi gara Osakidetzako lan zentroetan

0

Ratioak ezartzeko LOREA proposamena aurkezten hasi gara Osakidetzako lan-zentroetan. Gurutzetako ospitalean izan ginen atzo eta Zamudioko ospitalean, gaur. LOREAren bidez lan zamen banaketen parekotasuna ezartzea da helburua; langile plantilla egonkortu; prekarietatearekin bukatu; eta kalitatezko arreta ezarri, osasungintzatik at dauden irizpide politikoen gainetik, besteak beste.

Hauek dira datozen egunetan egingo ditugun aurkezpenak:

• Martxoak 27. Donostia ospitalean. 2. aretoan (maternoko pasabidean) 14:00etan.

• Martxoak 28. Arabako ospitale psikiatrikoan. Formakuntza gelan, 14:00etan.

• Apirilak 2. Urdulizko ospitalea. 3. aretoan 14:00etatik 15:00etara.

• Apirilak 4. Santiago ospitalea. Areto nagusian 10:30ean.

• Apirilak 4. Lakuako Arriaga anbulategia. Gela handian, 16:00etan.