2026-01-29
Blog Page 650

Azken lan heriotza salatu dugu Gorbeia merkataritza gunean bertan

Joan den asteazkenean, apirilak 3, langile bat hil zen lan istripuz. 61 urtetako langilea, Zigoitiko bizilaguna, araztegi batera erori ostean zendu zen, herri bereko Gorbeia merkataritza zentroko hustuketa gunean. Bada, Gorbeia merkataritza gunean bertan egin dugu gaur elkarretaratzea, euskal gehiengo sindikalaren izenean, lan heriotz hori salatzeko. Dagoeneko, 12 langile hil dira aurten, gutxienez, Hego Euskal Herrian.

 

 

 

Sexu heziketari buruzko gida bat argitaratu dugu, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleei zuzendua

0

LAB sindikatuaren Irakaskuntza arloak Sexualitate Askatzaileak Iruten izeneko egitasmoa abiatu du, eta lehenbiziko urrats gisa "Sexu heziketari buruzko gida Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleentzat" izenburuko argitalpena karrikaratu du. Gida hori Itxaso Torregrosa sexologo eta LABeko kideak egin du, eta gaur aurkeztu dute, Iruñean eginiko prentsaurreko batean. Sindikatuaren asmoa da derrigorrezko hezkuntzako ziklo guztietarako ildo honetako gidak eta materialak sortzen jarraitzea. 


Duela berrogei urte inguru ez zen sexu hezkuntzarik lantzen. Gero hasi ziren haurdunaldien prebentzioarekin. Gero gaixotasunekin. Eta gero familia plangintzarekin. Baina ikuspegia gutxitan abiatu da plazeretik, gozamenetik, harremanetatik. Halaxe uste du, bederen, Itxaso Torregrosak, LAB sindikatuko Irakaskuntza arloak argitaratu duen Sexu heziketari buruzko gida Haur eta Lehen hezkuntzako irakasleentzat argitalpeneko egileak. “Historikoki sexu hezkuntza ugalketan zentratu da, genitaletan, genitalekin egiten ditugun gauzetan, koitoan, eta horrekin guztiarekin loturiko alderdi negatiboetan. Orain arte egin den guztia izan da prebentzio ikuspegi batetik edo beldurretatik abiatuta. Beti zentratu gara arriskuak ekiditen, eta ez gauza positiboak elikatzen. Baina sexu hezkuntza askoz haratago dago, edo haratago joan beharko luke: mutil eta neska izateko aurpegi guztiak, nola adierazten garen, nola sentitzen garen, nola erlazionatzen garen… Ikuspuntu positibo horretatik dago egina gida hau”.

Osasunaren Mundu Erakundeak, Unescok edo Europako herrialde aurreratuenek gomendatzen dute sexu hezkuntza legez arautzea modu integralean eta behin eta berriz lantzea adin tarte guztietan. LABek ikusten du halakorik ez dela egiten hemen eta horregatik erabaki du modu propioan material hauek argitaratzea. “LABen ustez sexualitatea lantzeak badu puntu iraultzaile bat”, adierazi du Torregrosak. “Bada pertsonak modu askean hezteko modu bat. Gure ustez, sexu hezkuntzaren helburu nagusia da umeek eta gazteek beren burua ezagutzea, onartzea eta modu askean adieraztea eta horretarako ezinbestekoa da jaiotzetik etengabeko lan bat egitea”.

LABek Haur eta Lehen Hezkuntzarako gida bat apailatu du orain, heldu diren asteetan Nafarroako eskola guztietan banatuko du -aurrerago Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoetan-, geroago jolas bat sortuko du gidako gaiak lantzeko, eta asmoa da adin tarte guztietarako gidak eta materialak sortzen joatea. “Gida hau lehenbiziko urratsa baino ez da”, azaldu du Torregrosak. “Irakurtzen arina da gida; baina, aldi berean, mamitsua da, eta gaiak jorratzeko hainbat gako ematen ditu. Betiere begirada aldaketa bat eskainiz. Beste aldetik, aipatu beharra dago LABek aholkularitza zerbitzu antzeko bat ere eskainiko duela gidaren inguruan sor daitezkeen zalantzak eta kezkak kudeatzeko”.

Sexualitate askatzaileak iruten
Itxaso Torregrosarekin batera Eloy Tato izan da Iruñeko prentsaurrekoan. LAB Irakaskuntzako kidea da eta gida osatzen lagundu du. Tatok azaldu duenez, sindikatuan denbora nahikotxo daramate sexualitatea eta sexu hezkuntza lantzeko asmoarekin. “Garrantzitsua iruditzen zaigu gaurko txikiekin sexu hezkuntza lantzea; izan ere, lanketak edo lanketa faltak haien bizipenetan zuzenean eragin dezakeelako, orainean eta etorkizunean”.

“Duela hiru ikasturte, LAB Irakaskuntzan, pedagogia feminista eta askatzaileari bultzada emateko egitasmo berri bat abiatu genuen”, esplikatu du Tatok. “Geroztik material andana ekoitzi dugu, nafar hezitzaileen esku gaia jorratzeko baliabide multimedia sorta ederra jarriz. Hasiera batean gaia aldarrikatzen duten data seinalatuetan argitaratzen genituen materialak. Gerora, pedagogia feminista eguneroko gauza dela eta ikasturte osoan feminismoaren presentzia modu iraunkorrean bermatu behar dela ulertuta, hilabete guztietako 8an zabaldu ditugu materialak: afiliazioari, sare sozialetan zein ikastetxe guztietara”.

8 oro martxoa da ekimena abiatu eta urtebetera LAB sindikatuak urrats bat gehiago egin du Sexu heziketari buruzko gida haur eta lehen hezkuntzako irakasleentzat argitaratuz. Halaxe azaldu du Tatok: “Sexu heziketa ahalik eta goizenen hastea garrantzitsua dela iruditzen zaigu -sexualitatea etengabekoa delako, jaiotzetik hil arte- eta, horregatik, etapa guztietarako gida eta material zehatzak sortu nahi izan ditugu. Gure gida didaktikoaren helburua da irakasleentzat, gurasoentzat eta ikasleekin esku-hartzea duen edonorentzat gakoak ematea eta, horrez gain, gerora sor daitezkeen zalantzak osatzea. Jolasak, berriz, bidea emanen digu hori guztia Lehen Hezkuntzako ikasleekin praktikara eramateko. Sexualitate askatzaileak iruten egitasmoa Sexu heziketari buruzko gida Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleentzat izeneko gida honekin abiatu dugu, eta gure helburua da derrigorrezko hezkuntzako ziklo guztietarako gidak eta materialak sortzen jarraitzea”.

LABen aburuz, sindikatuak sorturiko material hau Nafarroako ikastetxeetan jadanik ezartzen ari den SKOLAE programan lagungarri izan daiteke kasu askotan, prozesuak aberasteko gida berri bat, gaian adituak diren profesionalek egindakoa izanaren bermea duena. Programa oraindik abiatu ez duten horietan, aldiz, lehen pausuak ematen hasteko gida oso egoki bat izanen da, nondik abiatu lagunduko duena, iparrorratz gisako bat.

Gidak honoko atal hauek jasotzen ditu:

1. Zer dela-eta material hau?
2. Zergatik eta zertarako sexu heziketa?
3. Zertaz ari gara sexualitateaz ari garenean?
4. Nork eta nola landu behar du gai hau?
5. Sexu-garapenari buruzko gako batzuk
6. Sexu heziketa “osasuntsu” baterako klabeak
7. Baliabideak eta material didaktikoa

Itxaso Torregrosak idatzitako gidak Amaiur Morenoren ilustrazioak ditu lagun.

 

 

 

Zerbitzu sozialetan ematen ari diren lan arriskuen prebentziorako legearen urraketak salatu ditugu Lan Ikuskaritzan

LAB zerbitzu sozialetako langileen eta, bereziki, zaintzaren arloan ari direnen eskubideen aldeko kanpaina egiten ari da, “Zaintza zaindu” lemarekin. Sindikatuak langile gehiago eskatzen ditu sektorean, baita langileen osasuna errespetatzea ere, horrela izango genituzkeelako kalitate oneneko zerbitzuak eta lan-inguru osasuntsua. Zentzu honetan, ratioen lege berriak eskatzeaz gain, salaketak aurkeztu ditugu gaur Bilbo eta Donostiako Lan Ikuskaritzetan, zerbitzu sozialetako hainbat enpresetan ematen ari diren lan arriskuen prebentziorako legearen urraketak jasoz.

Gizarte zerbitzuak jarduera batzuez osatuak daude, betiere pertsonen bizi baldintzak bermatzeko eta hobetzeko helbu- ruan eginak. Horien ardatz, euren zereginean, aipatu zerbitzu horien hartzaileak hezten, laguntzen, elkarrekin lan egiten, so- rosten eta zaintzen dituzten pertsonak dira.

Euskadiko Gizarte Zerbitzuetako legeak eta Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako foru legeak erakunde publikoei eslei- tzen dizkie gai honetako eskuduntzak, honela, ziurta dadin egokiro diharduela Gizarte Zerbitzuetako Sistema Publikoa. Tamalez, gehiengo handi baten hautua Gizarte Zerbitzuak alor pribatuak kudea dezala izan da, haien ardura enpresa kudeatzaileengan utziz. Aipatu enpresek, kalitateko zerbitzua jasotzeko eskubide subjektiboa eta langileen lan eskubideak baino, irabaziak lehenesten dituzte.

Oro har, gizarte zerbitzuen hondatze egoera kezkagarria da, lan arloan zein sorospen arloan. Laneko erritmo jasangai- tzak, atentziorako behar adina denbora eza, neurriz gaineko ahaleginak, estresa, hitzezko erasoak, eraso fisikoak, erabateko eskuragarritasuna, txandaka aritu beharra, bakarka eta behar adinako baliabiderik gabe lan egin beharra,… Zerbitzuen zain- tzan dagoen kalitate urriak langileen lan baldintza kaskarrei eragiten die.

Erakundeen arduragabekeriak, araudi egokirik ez izateak eta enpresa pribatuen kudeaketak enpleguan prekarita- tea zehazten duten eragile guztien bat-egitea sortzen dute. Garrantzia berezia hartzen du langile kopurua urria izatea, funtsezko faktore gisa. Hau da, egungo atentzio ratioetan
kokatzen da gizarte zerbitzuetako prestazioan ematen den gaitzen jatorria; horretan ezartzen den lan giroan langileak etengabe jasan behar dituzte lan arrisku zorrotzak.

Arauak ezartzen du langileen osasunari kalterik eragingo ez dien ingurua bermatu behar dela. Horretan, ezagutu, ezaba- tu eta ebaluatuko dira ezaba ez daitezkeen arriskuak, egokiak gertatuko diren prebentzio neurriak hartzeko.

Gizarte zerbitzuetan lan egiten dugunok, mendeko adinekoen egoitza-zentroetan, gizarte esku-hartze zerbitzuetan, etxeko laguntza zerbitzuan zein telelaguntza zerbitzuan dela ere, oso gertutik ezagutzen ditugu dauden arriskuak. Jasaten ari gara, ezagutzen ditugu. Hala ere, ez da bermatzen, ez eta ezertan sus- tatzen ere, gure osasuna, gure eginkizunak betetzen ari garela.

LAB sindikatua aspaldi salatzen ari dela egiturako egoera hau. Gogoratu behar dugu, 14.000 sinadura baino gehiago jaso genituela langile gehienen eskakizuna bermatuz. Gizarte zerbitzu guztiak egokiro arautu behar dira; hartan sartuko diren atentzio ratioak behar adinakoak izango dira kopuruari dagokionez, mailaka eta zuzenekoak. Ziurtatuko da zerbitzuen antolamendua erabiltzaileen premiei egokituko zaiela, hots, eska daitekeen kalitateari eta langileen lan eskubideei, eta hauen osasunaren bermeari eta sustapenari egokituko zaiela.

Gaurko egunez, bi gobernuak endrokatuak diraute ez bete- tzean. Nafarroako gobernuak, Akordio marko baten bidez, hiru- garren adineko egoitza-zentroak bakarrik arautu ditu, eta Eusko Jaurlaritzak dekretu zirriborroa landu du hirugarren adineko egoitza-zentroentzat bakarrik; azken honetan, langileek ez dute parte hartu, eta atentzioaren ratioei dagokienez, ez da aurrera- penik izan. Berriro ere, atentzioaren kalitateari eta lan baldintzei lotu irizpideak baino, ekonomia irizpideak lehenetsi dira.

LAB sindikatuaren lankideak, gizarte zerbitzuetan, eta osasu- nari kalterik egingo ez dion lan-ingurunea bermatzeko helbu- ruan, eta irtenbidean funtsezkoa denez, baita gure eginkizu- nen eta betebeharren jardutean ere, langile gehiago eskatuz, lan osasunaren gaian alegazioak aurkeztu ditugu, iritsi ahal izan garen zentro guztietan. Argi eta ozen esan dezakegu ez dagoela Laneko Arriskuak Prebenitzeko Legea betetzen duen zentrorik.

Egiten dugun zereginari datxekion arriskuak ez dira ezagu- tzen, ez eta ebaluatzen zuzentasunez. Ez da metodo egoki- rik erabiltzen gure zereginari dagozkion arriskuen eraginez jasaten dugun kalte-maila zehazteko. Zentro gutxitan egin dira arrisku psikosozialen ebaluazioak, eta egin diren lekue- tan, ez da prebentzio neurririk ezarri, eta ezarri direnean, ez dira eraginkorrak. Arrisku ergonomikoei dagokienez, ez dago berariazko ebaluaziorik. Pertsonen mugigarritasunak eragin arriskuak ebaluazio orokorretan biltzen dira, hasierakoak, eta beste jarduera mota batzuei esleitu metodoak erabilita. Aipatu behar da gizarte zerbitzuen multzoa, oso feminizatua dagoen sektore batean, egoera hori ez delako kontuan hartzen.
Era berean, ez da Segurtasun eta Osasun Batzordearekin inolako prebentzio plangintzarik negoziatu; prebentzio neurri batzuk hartzea hedatu nahian, tasatuak, programatuak, kon- trolatuak eta jarraipena egiteko eta hauen xedea aipatu arris- kuak ezabatzea izanik.

Gizarte zerbitzuetan prebentzio ekimenen gabezia erabatekoa da, eta hortaz, enpresek behin eta berriz ez dute betetzen. Emaitza langile guztiok ezagutzen dugu. Hauek ezbeharren eta ezbehar-kopuruen txostenetan idatziz jasoak daude. Gihar eta hezurduraren kalteek eta erasoek eragin Zuzeneko eta onartutako ezbehar-kopuru indizeak handiak dira, nahiz eta hauen laneko jatorria onartzen ez den. Lanari lotutako zerga- tiengatik mugatuak izanagatik, lanerako gaituak diren pertso- nen kopurua handitu izana egoera lazgarri horren isla da.

LAB sindikatuaren lankideok Lan Ikuskaritzan salatuko ditugu irregulartasun hauek guztiak, lan osasuna enpresen politikan txerta dadin. Era berean, zerbitzuen titularrak diren erakundeak deituko ditugu, egoera horren arduradunak direlako.

Atentzio egokiko ratio batzuen ezarpenak integratu behar du bermea, lan baldintza hobeezinak zerbitzuaren kalitatean; gainera, zerbitzuaren prestazioak ez dio inolako kalterik eragin behar langileen osasunari.
 

 

 

Negoziazio eremu guztiak defendatzen eta lantokietan borrokak pizten jarraituko dugu negoziazio kolektiboa berreskuratzeko

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak agerraldi bat egin dute, lan harremanetan estatalizazioak duen eragina agerian uzteko, datuekin baliatuta. Hain zuzen ere, egoera larria dela nabarmendu du Garbiñe Aranburuk, eta are eta larriagoa litzatekeela adierazi du, sindikatuaren lanagatik izango ez balitz: “Horregatik, lan erreformen aurka borrokatzen, negoziazio eremu guztiak defendatzen eta lantokietan borrokak pizten jarraituko dugu negoziazio kolektiboa berreskuratzeko”.

Euskal langileen portzentaia oso handia dago Estatuko lan baldintzen menpe, eta beste portzentaia handi bat dago mehatxupean. Era berean, gero eta gehiago dira Estatutik bertako hitzarmenei ezartzen zaizkien debekuak, eta Estatuko hitzarmenek negoziazioan gero eta gai gehiago hartzen dituzte eurentzat.

Inboluzioa argia da lan harremanetan. Euskal langileon negoziazio kolektiborako eskubidea urratua izaten ari da, gure lan baldintzak bertan erabakitzeko dugun eskubidea urratzen ari dira.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “hauteskunde ziklo batean gaude murgilduta, faxismoaren gorakadak eta kapitalismoaren olatu berriak markatuta. Inboluzio terminoetan hitz egiten da asko; bada, inboluzio hori ez da mehatxu soil bat lan harremanei dagokienez, gertatzen ari den zerbait bada”.

PSOEren 2010eko lan erreformak, EAJren abstentzioarekin adostuta, negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aldeko apustu garbia egin zuen, eta PPren ondorengo erreformak beste gai batzuk gogortu eta zentralizazioaren aldeko apustua berretsi zuen. “Negoziazio kolektiboaren estatalizazioak gero eta langile gehiagori eragiten dio. Estatalizazioak negoziazio kolektiboaren marko propioa erasotzen du. Lan baldintzak erabakitzeko dugun eskubidearekiko injerentzia garbi bat da”, azaldu du LABeko idazkari nagusiak.

Gaur egun, langileen erdiak baino askoz gutxiagok dute bermatuta euren esparruan negoziatzeko eskubidea. “Zentralizazioak, lan baldintzen estatalizazioak, helburu bikoitza du: prekarietatea zabaltzea eta soldatak jaistea; eta gehiengo sindikala gutxiengo sindikal baten ordez ordezkatzea, hots, LAB eta ELAren kontrabotere sindikalismoa CCOO eta UGTren sindikalismo otzanaren ordez ordezkatzea, patronalaren mesedetan”, azpimarratu du Garbiñe Aranburuk.

Bestalde, enpresa negoziazioaren gorakada oso urruti dago langileen negoziazio kolektiboaren kobertura bermatzetik: “Lan erreforma adostu zutenetik, LABek negoziazio esparru guztiak defendatu ditu, baita negoziazio kolektiboaren marko propioa blindatzearen beharra ere, hitzarmen sektorialak babestuz. Negoziazio kolektiboaren egitura blindatzeko saiakera guztietan hartu dugu parte, baina bere momentuan esan genuen: negoziazio kolektiboa desblokeatu ezean, gutxirako balio izango du egiturazko akordioak. Beti esan dugu enpresa esparrutik bakarrik ezin dela bermatu langile guztien negoziazio kolektiborako eskubidea”, ohartarazi du Garbiñe Aranburuk. “Lan erreformen joko arauak onatzea, enpresa esparruko negoziazioa lehenetsiz, milaka eta milaka langileen negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzea da, feminizatutako sektore eta enpresa txiki eta ertainena, batez ere ”, erantsi du.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “argazkia kezkagarria da, baina uste dugu desarautzea are eta okerragoa litzatekeela gure borroka gabe. Patronalek tresna oso garrantzitsu bat dute esku artean, baina ez diegu erabiltzen utziko. Horregatik, lan erreformen aurka borrokatzen, negoziazio eremu guztiak defendatzen eta lantokietan borrokak pizten jarraituko dugu negoziazio kolektiboa berreskuratzeko. Era berean, berzentralizazioaren aurrean, demokratizazioaren eta burujabetzaren bidean pausoak eman behar dira. Aldaketa politikorako prozesu bat bultzatzen jarraituko dugu, marko juridiko eta politiko berriak ekarriko dituen prozesu bat, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru Propio bat bermatzeko”.

Xabier Ugartemendiak, bere aldetik, estatalizazioaren eraginaren berri eman du, datu hauen bitartez:

EAE
-Biztanleria okupatua (soldatapekoak): +/- 750.000 pertsona
-Sektore pribatua: 605.000
-Sektore publikoa: 145.000

SEKTORE PRIBATUA

1.- EAEko hitzarmen sektoriala erorita duten sektoreak

-Eroritako hitzarmen sektoriala duten langileak: 252.785 (%33,7)
-Eroritako hitzarmen sektoriala duten langileak baina enpresako hitzarmena dutenak: 60.580 (%8,1).
-Estatalizazioaren benetak arriskuan dauden langileak sektoreko hitzarmena erorita dutelako: 192.205 (%25,6).

2.- Estatuko hitzarmena ezartzen den sektoreak
-Estatuko hitzarmena ezartzen den sektoretako langileak: 120. 763 (%16,1).
-Estatutako hitzarmena ezartzen den sektoretako langileak baina enpresako hitzarmena dutenak: 15.560 (%2,1).
-Estatutako hitzarmena ezartzen zaine langileak euren lan-baldintzak EAEn negoziatzeko eskubiderik gabe: 105.203 (%14).

3.- Aurrekoetan sartu gabeko sektoreak, zeintzuetan estatuko esparruak negoziaziorako gaiak usurpatu dituen (legeak zehaztutakoetatik harago)
-EAEn negoziatutako indarrean dagoen sektoreko hitzarmena ezartzen den sektoretako langileak, zeinetan estatuko esparruak gaiak beretzat gorde dituen (garbiketa eta eraikuntza): 43.135 (%5,8).
-EAEn negoziatutako indarrean dagoen sektoreko hitzarmena ezartzen den sektoretako langileak, zeinetan estatuko esparruak gaiak beretzat gorde dituen (garbiketa eta eraikuntza), baina enpresako hitzarmena dutenak: 2.924 (%0,4).
-EAEn negoziatutako indarrean dagoen sektoreko hitzarmena ezartzen den sektoretako langileak, estatuko esparruaren gaien benetako erreserbarekin (garbiketa eta eraikuntza): 40.211 (%5,4)

SEKTORE PUBLIKOA

145.000 langile (%19,3), guztiak estatalizatuta Estatuko aurrekontu lege desberdinen ondorioz.

Ondorioak:
-Benetan estatalizazioak eragiten dien langileak (EAEko sektore hitzarmena erorita + estatuko hitzarmena ezartzea + estatuko esparrutik gaiak erreserbatuta dituzten sektoreak + sektore publikoa): 482. 619 (%64,3).
-Enpresa-hitzarmenak estatalizaziotik “salbatzen” dituen langileak: 79.064 (%10,5).

NAFARROA

Okupatutako biztanleria (soldatapekoak): +/- 216.000 pertsona
Sektore pribatua: 186.000
Sektore publikoa: 30.000

1.- Estatuko hitzarmena ezartzen den sektoreak
Estatuko hitzarmena ezartzen den sektoreetako langileak: 25.746 (%12)

2.- Estatuko hitzarmenek ordezkatutako Nafarroako hitzarmenak
Kolektibitateteak + grafikagintza + drogeriak (%2).

3.- Estatuko hitzarmenak negoziaziorako gaiak bere gain hartu dituen sektoreak (legeak zehaztutakoetatik harago).
Metalgintza + eraikuntza + garbiketa: 61.500 (%28,5).

4.- Sektore publikoa
30.000 langile (%13,9) guztiak estatalizatuta estatuko aurrekontu legeen desberdinak direla eta.

Ondorioak:
Estatalizazioak benetan eragiten dien langileak (estatalak ordezkatutako hizarmen sektoriala + hitzarmen estatala ezartzen zaienak + estatuko esparrutik gaiak erreserbatuta dituzten sektoreak + sektore publikoa): 121.526 (%56,3).

 

 

 

Eusko Jaurlaritzak hauteskunde garaiko propagandarako erabiltzen ditu kontziliazio neurriei buruzko iragarpenak

Josu Erkorekaren gaurko prentsa agerraldian, Gobernuak gurasotasun baimena guraso bientzat berdintzea proposatu du; 18 asteetan, hain zuzen. Estatuan gurasotasun baimena berdintzea erabaki da aste honetan; amatasun baimenak kontutan hartzen zituen16 asteak beste gurasoari aitortzea, hain zuzen. Eusko Jaurlaritzak, beraz, ez du ezer berririk asmatu. Estatutik datorkigun araua aplikatu besterik ez du egin.

EAEko administrazioetan 18 asteko amatasun baimena jasota dago lan hitzarmenean; baimen berri bat martxan jarri nahi badu Gobernuak, 18 aste horietan izan beharko du abiapuntua. Kopuru horretatik behera egon daitekeen bestelako edozein aldaketa atzera pauso nabaria izango litzateke, kontziliazio neurrien atalean.

Pasa den martxoak 8rako planteatua zegoen greba deialdiaren testuinguruan, gogor salatu genuen Eusko Jaurlaritzak berdintasun politikak propaganda eta aurpegi zuriketarako erabiltzen dituela. Gaurkoan enegarren kapitulua jasan behar izan dugu prentsaren bidez. Gobernuak negoziazio mahaira eraman nahi dituen proposamenak lehenago komunikabideen bidez jakinarazten ditu. Guretzat horrelako jokabideak negoziazio borondate eskasa adierazten dute. Aipatu nahiko genuke, momentuz, ez dagoela Mahai Orokorrerako inongo deialdirik eginda.

LABen ustez, gurasoen baimenak parekideak eta intransferibleak izan behar dira zalantzarik gabe. Gure ustez, Eusko Jaurlaritzak zaintzari behar duen garrantzia eman nahi badio, baimen hauen luzapena planteatu beharko luke, gaur egun dauden 18 asteak baina harago. Jaurlaritzaren bozeramailearen hitzetatik ondorioztatzen duguna da ez dagoela zentzu horretan berrikuntza nabarmenik, Estatuan bezala, hemen ere guraso bientzat baimena berdinduko dela ez bada. Bidaia horretarako ez ditu sindikatuak behar.

LABek, orain arte bezala, klausula feministak barneratu daitezen proposatzen jarraituko du. Guretzat berdintasun politikak ez dira hauteskunde garaian erabili daitezken hitz politak. Lan asko egiteko dago eremu honetan, eta ez dugu orain arte Gobernua jarrera baikorrarekin ikusi. Estatutik etortzen diren neurriak ez badira bere ekimenez, ez ditu proposamenak ez egiten, ezta egiten zaizkionak kontutan hartzen ere. Beste gaietan bezala, berdintasuna egia bihurtu dezaketen kontziliazio neurriak negoziatzea eta adostea ezinbestekoa jotzen dugu. Inposizioa eta aldebakartasuna alde batera utzi eta negoziazioa beharrezkoa dela uste dugu.

 

 

 

Salatu dugu CCOOk eta UGTk arriskuan jarri dutela Esku-hartze Sozialeko Nafarroako lehen hitzarmena, negoziazio mahaiaren irekitzea eragotzi baitute

Kontu tekniko batzuen inguruko gezurrak zabalduz, eta nahiz eta Nafarroako Esku-hartze Sozialeko sektorean oso ordezkaritza txikia duten, CCOO eta UGT lortu zuten ANEIS patronalak ez eratzea negoziazio mahaia 2019ko martxoaren 27an, eta sektoreko lehenbiziko hitzarmenaren negoziazio prozesua arrisku larrian utzi dute. Hala eta gutiz ere, heldu den apirilaren 11n egonen da negoziazio mahaia irekitzeko beste saialdi bat.

Ez dugu oso garbi zergatik bi sindikatu horiek saboteatu nahi duten Nafarroako esku-hartze sozialeko lehenengo hitzarmenaren negoziazioaren hasiera. Oso argi dugu, ordea, ez dugula onartu behar Madriletik negoziazio gaiak ezartzea edo mugatzea, ez eta inork ere boikoteatzea negoziazio mahaiaren eraketa halako arduragabekeriaz, eta funtsik gabe gainera. Horregatik erabaki dugu informazio hau argitaratzea, sektoreko langile guztiek jakin dezaten zer gertatu den.

LABen urte asko daramatzagu borrokan Nafarroako esku-hartze sozialeko lehenengo hitzarmena sina dadin, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin duten bezala. Hitzarmen hori gure lana aitortua izateko behar dugun tresna da, sektore honetan Nafarroan aritzen garen langile guztiek egonkortasuna eta baldintza duinak izan ditzagun.

Urteak eman ditugu sukaldeko lana egiten entitateekin eta administrazioarekin, gainerako sindikatuekiko ekintza-batasuna bilatuz, betiere gardentasunaren eta erantzukizunaren bidetik. Kalean mobilizatu gara eta besoz beso lan egin dugu gure delegatu eta afiliatuekin, baita hitzarmen hori etorkizunaren sinonimoa dela uste duten sektoreko langile askorekin ere.
Martxoaren 7an, LAB, CCOO, UGT eta ELA sindikatuek patronalarekin adostu genuen martxoaren 27an negoziazio mahaia eratzea, eta hala jakinarazi genien formalki bai Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioari (CEN) baita ANEIS ugazaben elkarteari ere.

Azken gertakarien kontakizun kronologikoa
Martxoaren 26an, negoziazio mahaia eratzearen bezperan, bilera batera joan ginen Lan Auzitegira, lau sindikatuok ordezkagarritasun ziurtagiriak konparatzeko eta negoziazio egutegi bat proposatzeko (tramite horiek ezinbestekoak ziren biharamunean negoziazio mahaia eratzeko). Finkatutako ordua baino lehen iritsi ginen, eta ikusi genuen CCOOren eta UGTren ordezkariak bilduta zeudela hango gela batean guri ezer esan gabe.

Lau sindikatuon bilera hasi zenean, CCOO eta UGT, besotik helduta, ordura arte ezagutzen ez genituen datu batzuk ematen hasi ziren, eta esan zuten baldintza batzuk bete gabe ezin zela mahaia eratu hurrengo egunean:

1. Esaten digute, estatuko hitzarmenaren arabera, beharrezkoa dela hitzarmen horretako batzorde paritarioari baimena eskatzea (kasualitatez CCOOk eta UGTk osatzen dute batzorde hori) eta haien baimenik gabe legez kontrakoa dela Nafarroako negoziazio mahaia eratzea. Hitzarmenaren 11.6 artikuluak zera dio Batzorde Paritarioari buruz: “lurralde-eremu txikiagotan irekitzen diren negoziazioei buruzko informazioa jasotzea”. Ez du ezer esaten lehenago jakinarazi behar zaionik, eta, are gutxiago, baimena eskatu behar zaionik. Une horretan berean, hitzarmena eskuan genuela, gezurretan ari zirela esan genien.

2. Esaten digute badagoela Txertatze Soziolaboraleko Enpresen (EIS direlakoen) patronal bat, eta haiekin bildu direla, eta jakinarazi dietela beren eremurako negoziazio prozesu bat ireki nahi dutela. CCOOren eta UGTren iritziz, horrelako enpresetarako aplikazio eremua Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmena litzateke, eta, hala, haiei negoziazio mahaiaren irekieraren berri eman ezean, aurkaratzen ahalko dutela eta legez kontrakoa deklaratu. LABek EIS enpresa mota horien ordezkari batekin hitz egin zuen, eta esan ziguten ez daudela patronal gisa eratuak. Beraz, ez gaude behartuak haiei ezer jakinaraztera.

3. Esaten digute estatuko hitzarmenak galarazten duela Nafarroan eremu funtzionala negoziatu ahal izatea, estatuko hitzarmenarena bezalakoa izan behar delako (4 sindikatuok, prozesuaren hasieratik, eremu funtzional bat finkatua genuen). Badaezpada ere, estatuko hitzamenera jo genuen horri buruzko informazio bila: 3. artikuluan, sektoreko negoziazio kolektiboaren egiturari dagokionez, hirugarren eta bosgarren paragrafoetan, CCOOren eta UGTren argudioak desmuntatzen dira. Hona zer dioen hitzarmenak hitzez hitz: “hitzarmen autonomikoetan edo probintzialetan konkurrentzia arauek eragina izanen dute baldin eta eremu funtzionalak partez edo osorik berdinak badira”. Eta aurrerago: “eremu autonomikoa edo probintziala duen hitzarmen batean edozein gairi buruz xedatzen denak eragina izan dezake hitzarmen honen gainean, indarra duen bitartean, baina, kasu horretan, hitzarmen honetan araututakoa errespetatuko da, gutxieneko baldintza gisa”. Ez du ezer esaten eremu funtzionalari buruz.

CCOOk eta UGTk azaldutakoa gure aholkulari juridikoekin eztabaidatu ondoren, berretsi genuen ez dagoela ezer galarazten duenik gure hitzarmenaren negoziazioari hasiera ematea. Berme guztiak genituela egiaztatu genuen, eta hurrengo egunerako deialdiari eutsi genion.

Martxoaren 27an, alderdiak bildurik, bilera hasi zen. LABek ordezkagarritasun ziurtagiriak * eraman zituen (LAB % 72, CCOO % 16, UGT eta ELA % 3), baita sektoreko langile kopuruari buruzko hainbat datu eta negoziazio mahaia eratzeko akta ere. CCOOk eta UGTk bezperan erabilitako argudio faltsu berberak azaltzen dituzte (segurtasun juridikoaren izenean, gezurrak esanez). ANEISeko ordezkariak zalantzan hasten dira.

LABek beste bi proposamen egiten ditu (biak ala biak legezkoak) mahaia egun horretan berean eratu ahal izateko, baina CCOOk eta UGTk ez dituzte onartzen, eta azkenean lortzen dute patronalak atzera egitea eta eraketa akta ez sinatzea.

LABeko ordezkariek adierazi genuen tramite hori atzeratzea oso arriskutsua zela; izan ere, apirilaren 3an estatuko hitzarmenaren Batzorde Paritarioa elkartuko da, eta CCOOk, UGTk eta estatuko patronalak negoziatzeko eskumenak kentzen ahal dizkigute, bi sindikatu horiek beste negoziazio probintzial batzuetan egin duten bezalaxe.

Apirilaren 11n, arratsaldeko 16:00etan, negoziazio mahaia eratzeko beste bilera bat eginen dugu.
 

 

 

Erlijioko ikasgaia ikasgeletatik ateratzeko eskaria egin diogu Eusko Jaurlaritzari, “ErlijiOFF” dinamikaren barruan

0

Sindikatuak kontzentrazioa egin du Gasteizen, Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan, burutzen ari den “ErlijiOFF” dinamikaren barruan. Honen helburua erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzea da. Eskari honekin, martxan jarria dute sinadura-bilketa eta horixe eskatuz, idatzia erregistratu du gaur LABek Jaurlaritzaren egoitzan.

Euskal Herriko hezkuntza komunitatearen gehiengoak desiratzen duen hezkuntza sistema eraikitzeko ezinbestekoa zaigu guk gure hezkuntzaren inguruko erabakiak hartzea, hezkuntzan ere burujabetza eskuratzea. Ezinezkoa da Euskal Herriak behar duen euskal eskola publikoa eraikitzea Madril eta Parisek hezkuntzaren inguruan erabakitzea onartzen badugu.
Hezkuntza eredu propioaren norabidean espazioak irabazi baditugu ere, hezkuntza burujabetza osoa eskuratzea ezinbestekoa da aipatutako erronkei aurre egiteko. Euskal Herriko hezkuntza eredua Euskal Herriko hezkuntza komunitateak, jendarteak eta instituzioek adostu behar dute. Horixe da edozein hezkuntza akordio edo itunerako oinarrizko premisa.

Gure ortzimuga estrategikoa honako hau da: pertsona libreak hazi eta heziko dituen jendarte librea. Horretarako, eskola publiko komunitarioa ardatz izango duen hezkuntza sistema propioa eraikitzeko apustua egiten dugu. Norabide horretan, esan bezala, ezinbestekoa da hezkuntza burujabetza eskuratu eta behar dugun hezkuntza eredua gaurdanik garatzea, ditugun indarguneak baliatuz eta ahulguneei aurre eginez.

Duela lau urte, LABek IRUTEN dinamika martxan jarri zuen. Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistemaren eraikuntzan urrats praktikoak emateko, hausnarketa eta tresna eraginkorrak sortu eta partekatzea da dinamika honen xedea. Ebaluazio Hezitzailearen gaiari heldu genion lehenik, eta ikasturte honetan, Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko dinamika abiatu dugu.

LABek Eskola Publiko Komunitarioaren parte izateko ikastetxeek bete beharreko ezinbesteko irizpideak zehaztu ditu, eta irizpide horien baitan hezkuntzaren izaera laikoa agertzen zaigu. Horrela, gure oinarri ideologikoen planteamenduan sakontzera gatoz dinamika berri honen bitartez.

Aurrekariak eta testuingurua

1. Erlijio desberdinetako ikasgaia (nagusiki katolikoa) urtez urte eskaintzen da Euskal Herriko ikastetxe publiko zein itundutakoen gehiengo zabalean. Erlijioa, gaur egungo elementu segregatzaile nagusienetakoa da. Erlijioek inongo ikastetxeko curriculumetan lekurik ez dutela ozen salatu nahi dugu.

2. Jakina da garai batean erlijioko irakasleek EAEko irakaskuntza publiko ez unibertsitarioan izan zuten sarbide iluna. Apezpikutzak kudeatutako zerrenda edo lan poltsa batetik ematen zuten jauzia irakaskuntzara, gerora, merituak pilatutakoan aukera zutelarik gainontzeko espezialitateetara igarotzeko. Gaur egun, zerrenda horiek administrazioak kudeatzen baditu ere, apezpikutzak ezartzen ditu zerrenda horietan sartzeko baldintzak. Gure ustez, onartezina da erakunde erlijioso batek zerrenda publiko batzuetarako irizpideak ezartzea.

3. Erlijio irakasle hauen lan jarduna, orohar, erlijio saio batzuk ematera mugatzen da; ez dute ikastetxeko jardun eta proiektu desberdinetan parte hartzeko beharrik. Gainera, irakasle hauetariko askok ez dute inondik inora euren asteko jarduna betetzen, jardun osoan kontratatuta daudelarik eta bataz- beste asteko 10 orduko lan jarduna betetzen dutelarik, irakasle arteko arrakalan ikaragarri sakonduz eta lan karga askoz baxuagoak izanez. Eta egoera bidegabe honek, irakasleen artean talka handiak sortzen ditu. Ondorioa argia da: irakasle hauek pribilegiatu hutsak dira Eusko Jaurlaritzaren babes, baimen eta bedeinkapenarekin.

4. LABek, erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik atera eta irakasle finko zein behin-behineko hauek birkokatzeko prozedura adostu baten aldeko hautua egiten du, dagozkion berme mekanismoak artikulatuz eta gardentasun printzipioak bermatuz. Gainontzeko irakasleak bezala, elizaren injerentziarik gabeko lan poltsa publikoen bidez eta egonkortasun prozesuen bidez eskuratu beharko dute lanpostua bestelako espezialitate batean, hauek lan baldintza berdinetan, eskubide eta bete-behar berdinekin esleituko zaizkielarik.

5. LABek, erlijioko irakasleengan ez duela fokoa jarri nahi argi adierazi nahi du, hauek ez baitute gaur egun ematen den egoerarekiko ardurarik ezta beroni buelta emateko eskumenik. Ardura politiko guztia eta konponbiderako eskumena Eusko Jaurlaritzak du eta berari egiten diogu interpelazio zuzena, gaiari eutsi eta erlijiorik gabeko bestelako Hezkuntza sistema bat hezkuntza komunitatearekin adostu eta abiarazi dezan.

Horretarako hurrengo neurriak martxan jartzea eskatzen dugu benetako hezkuntza laikoaren bidean:

– Epe laburrerako neurriak:
• Irakasle hauen pribilegioekin amaitu. Gainontzeko irakasleak bezala, kontratazioa euren lan orduetara egokitu.
• Zerrenden kudeaketa elizaren inferentziarik gabe administrazioaren esku geratzea, berdintasun, gardentasun, meritu eta gaitasun printzipioak errespetatuz. Bitartean:
– Erlijio ikasgaia bakarrik eman dezatela.
– Erlijioko ordezko irakasleen meritajeak erlijioko arloan bakarrik konputatzea eta baremazio prozesuetan gainontzeko zerrendetara igarotzeko aukera bertan behera uztea.
• Ikasleen ratioak gainontzeko hautazko ikasgaiekin berdintzea eta hautazko ikasgaietako ratio horiek berrikustea.
• Erlijio ikasgaiak espedientean eraginik ez izatea.
• Erlijio katolikoko laboral finkoen kopurua berraztertzea.
• Erlijioko irakasleen formakuntza, apezpikutzak emandakoa bada, diru publikoz ez finantzatzea.

– Epe ertainerako neurriak:
• Irakasle hauen birkolokaziorako prozedura adostu. Administrazioak eta alde sozialak aterabide adostu bat artikulatu beharko dute, beti ere dagozkion berme mekanismoak eta gardentasun printzipioak bermatuz.
• Hezkuntza sistema burujabea artikulatzea.
• Estatua eta Elizaren arteko konkordatuarekin amaitzea.
• Erlijioa eskaintzen duten ikastetxeek finantziazio publikorik ez jasotzea.
 

 

 

Zuzenean zerbitzuko langileek lana eta familia bateratzea ezinezkoa zaiela salatu dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean

LABek Zuzenean zerbitzuko langileen kontziliazio eskubidea bermatua izan dadin eskatzeko bi ordu eta erdiko lanuztera deitu du gaurko, eta Eusko Legebiltzarraren aurrean kontzentrazioa egin du.

EH Bilduko Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak galdera egin dio Josu Erkorekari galdetzeko “ordutegi malgutasuna izateko Zuzenean zerbitzuko langileek dituzten arazoei buruz” eta horri erantzun beharko dio Erkorekak Legebiltzarrean.

Legebiltzarreko ekimen honen arrazoia da Zuzenean zerbitzuko langileek urtebete baino gehiago daramatelako bizitza familiarra eta lana bateratzeko arazoekin eta, kasu batzuetan, bateratze hori ezinezkoa bilakatu delako.

Josu Erkorekaren Gobernantza Publiko eta Autogobernu saila langileei lanera sartzeko eta irteteko malgutasuna ukatzen hasi zen. Malgutasun hori langileek 8 urte aurreragotik bazuten, hala baitago jasota urtez urteko ordutegien zirkularretan eta Sailak 2017an Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasun planean berariaz jasota (“Ordutegi malgutasuna eta herritarrei zuzendutako zerbitzuen maila mantendu, Zuzenean herritarrentzako zerbitzuarenak, hain zuzen ere, bertako langileen bateragarritasunean eragozpenik sortu gabe (hiru lan txanda, lana eta familia bateratzeko neurriak, sartu eta ateratzeko malgutasuna, e.a.”). Eta Jaurlaritzak lana eta familia bateratzea ezinezko egiten zuen lanera sartzeko eta irteteko ordutegi zurruna ezartzen jarraitu zuen; ordutegi zurrun horrek ez dio legeriari jaramonik egiten, ezta aurretiaz, Eusko Jaurlaritza zigortu zituzten epai batzuei ere. Eta orain langileak derrigortzen dituzte atsedena hartzera bezero gehien dagoen orduetan, eta ez diete uzten orduak berreskuratzen egunaren lehen orduetan, aplikazio informatikoak ez duela aukera hori onartzen argudiatuta. Jauntxokeriak baino ez dira, eta neurri horiek gainera ez dute zerbitzuaren hobekuntzarik bermatzen inondik inora.

Zer dago horren atzean?
Lehenengo eta behin zerbitzuaren kudeaketa eskasa. Ohikoa izan da gaixotasun bajak ez betetzea eta, eskaria handitu den arren, ez egokitzea lanpostuak eskarira, ezta zerbitzua eskaintzea eta hutsuneak betetzea langileen borondatearen esku uztea ere. Horrek ekarri du 10 urtez izan den arauen interpretazio baketsua hautsi egin dela, eta, ondorioz, gure herrian langileei onartzen zaizkien eskubideak galarazi zaizkiela, hau da, lana eta familia bateratzeko eskubidea ukatu egin zaiela.

Argi baino argiagoa da antolakuntza eta kudeaketa arazoa izan dela, eta horrek ezin du inondik inora eragin berdintasuna bermatzeko Lege Organikoak eta Euskal Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak onartzen dituzten eskubideak bertan behera uztea.

Bigarrenik, presio bidea da duela 10 urtez lortutako akordioa aldatzeko. Akordio horretan konpentsazioak adostu ziren txandaka lan egitearren eta ordutegi malgutasunik ez izatearren. Baina ordutegi malgutasun falta horretan ez zen sartzen lana eta familia bateratzeko malgutasuna.

Langileek eta sindikatuek ez dugu ezbaian jartzen ordutegi berezia dutela Zuzenean zerbitzuko langileek, baina ezbaian jartzen dugu ordutegia zurruna izan behar izatea langile guztientzat, kontuan hartu behar baita lan-zama ez dela berdina eta uniformea guztientzat. Hain zuzen ere, lan-zamarik handiena goizeko 10etatik 14ak arte ematen da eta ordutegien malgutasunak zerbitzuaren kalitate egokiagoan eragin zuzena dauka, zalantzarik gabe. Ordutegien malgutasuna eta ordutegien murrizketa ukatzea erabaki oso arbitrarioa izan da sakoneko arrazoirik gabe.

Kontuan hartzen badugu Zuzenean zerbitzu feminizatua dela, Administrazioko bataz bestetik gora feminizatua, Eusko Jaurlaritzak, zeharka bada ere, emakumeen kontrako diskriminazioa eragin du, emakumeak izan baitira gehienak murrizketa ordutegien zurruntasun horiek jasan behar izan dituztenak. Horrez gain, Zuzenean zerbitzuan hartu diren erabakiek gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala handitzea ekarri dute lana eta familia bateratzeko emakumeak izan baitira ordutegiak laburtzea eta ondorioz, soldata txikiagoa izatera pasatu direnak.

Gatazka honetan Erkoreka Sailburuak esan du “zerbitzua dago ordutegien malgutasunaren gainetik”, baina, egia esan, langileen eskubideak ukatzeaz gain, zerbitzuan ez da hobekuntzarik, izan ere, ordutegien malgutasunak dakar zerbitzua indartzea herritarren eskari handiagoa dagoenean. Eta orain galdera hauxe da: Non geratzen dira Erkoreka jaunaren hitzak non esaten zuen Administrazioan lana eta familia bateratzen zela eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzen zela?

Arotzaren etxean, gerrena zotzez.

 

 

 

Patronalari eta Hezkuntza Sailari arduraz jokatzen hasteko eta langileen eskaerei erantzunez Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazkari bide emateko erabakiak har ditzatela galdegiten diegu

Azken bi ikasturtetan sektorean gauzatu den 25. greba eguna eta ikasturte honetako 22. da gaurkoa. Eta gaur ere, izan duen babesa oso zabala izan da. Beste behin ere, 3.500 langiletik gora batu gara gaur Bilbon izandako manifestazioan, ikastetxeetan lan baldintzen okertzearen ondorioz bizi den nahigabe orokortuaren erakusgarri.

Sektore honetako langileok 10 urte daramatzagu gure lan hitzarmena berritu gabe, 10 urte soldata izoztuta, gure lan kargak gero eta handiagoak dira, eta jaiotze tasaren jaitsiera medio lanpostu galera garrantzitsu bat aurreikusten da datozen urteetarako. Langile kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak), feminizatuenak direnak, lan baldintza erabat prekarioak dituzte, DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok egoerari irtenbide egoki bat eman, negoziazioa bideratu eta langileen eskaerei erantzun serio bat emango dioten adostasunak erdiesteko helburuan berresten gara. Helburu horrekin eman ditugu azken urteetako pauso guztiak, eta bereziki azken hilabete eta asteetakoak.

Sindikatuok, bai patronal eta bai Hezkuntza sailari, gatazkari irtenbidea emateko eta adostasunak erdiesteko giltzarriak jasotzen dituen dokumentu bat helarazi genien pasa den asteko mahai negoziatzailearen ondoren. Dokumentu haren inguruko erantzun ofizialik jaso ez dugun arren, komunikabideen bidez egindako adierazpenen baitan ez patronal ez eta Hezkuntza Sailaren aldetik ere inolako pausorik emateko asmorik ikusten ez genuenez, LHKan bilera deialdi bat luzatu genien Astearte arratsalderako.

Patronalak azken hilabeteetan jarrera erabat aldakorra, ulergaitza eta larria izan du. Sindikatuokin izandako aldebiko bileretan adostasunak erdiesteko aukera irekitzen zuten planteamenduak egin arren, ondoren mahai negoziatzailean planteamendu hauek atzera botaz alde batetik, mahaian egindako azken proposamena definitibo eta aldaezina bezala aurkeztuz bestetik, eta atzoko bilerara agertu ere ez egiteko erabakia hartuz azkenik.

Hezkuntza Sailak berriz, gatazka honi irtenbidea emateko orain arte erakutsi duen interesa oso eskasa izan da, bere inplikazioa sindikatuokin biltzera mugatuz, sindikatuon eskariz eta jadanik sektorean 18 greba egun gauzatu ondoren soilik; Hezkuntza Sailari eta patronalei gela itxieragatik lanpostua galdu dezaketen langileen birkokapenaren inguruko planteamendua orain dela 4 urte helarazi bagenien ere, orain dela bi hilabete inguru arte ez du eman Hezkuntza Sailak gai honi buruz hitzegiten hasteko inolako pausorik. Astearteko bilera deialdiaren aurrean ere, deialdi hau gatazka bideratzeko aukera bezala baliatu ordez, eskuak garbitzen jarraitzea eta gatazkaren irtenbide egoki batean inplikatu gabe jarraitzea erabaki du.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok argi daukagu adostasunetara iristeko eta langileen eskaerei tajuzko erantzunak emanez gatazkari irtenbidea emateko ezinbestekoa izango dela patronalen aldetik negoziaziorako borondate erreala eta hezkuntza sailaren inplikazioa. Beraz, sindikatuok bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari galdegin nahi diegu bakoitzak bere ardurak bere gain har ditzala, eta behingoz bai langile, bai familia eta bai ikasleen onuran, gatazka honi irtenbide egoki bat emateko neurriak eta erabakiak har ditzatela. Horrela, Astearte arratsaldeko bilerara ez etortzeko erabakia hartu bazuten ere, sindikatuok bilera deialdia luzatzen jarraitzen diegu edozein leku eta unetan.

Azkenik, langileak zoriondu nahi ditugu beste behin ere erakutsi duten tinkotasun, indar eta konbentzimenduagatik. Harro egotekoa da gure ikastetxeetako hezkuntza kalitatean eragin zuzena duten lan baldintzen kaskastzearen aurrean, lan baldintza horien alde borrokatzeko apustua egin duten langileak izatea gure ikastetxeetan.