2026-07-25
Blog Page 649

Greba eskubidearen alde eta mehatxu eta errepresioaren aurrean, Bizkaiko metalgintza borrokan

0

Mobilizazioa egin dugu gaur Haizea Wind enpresaren aurrean, grebak hasi zirenetik 25 langile kaleratu dituztela salatzeko. Maiatzaren 24an egin zen lehen kaleratzea, lehen greba egunaren biharamunean.

Hauxe da LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, USO, CGT eta CNT sindikatuok igorri dugun ohar bateratua, gaurko mobilizazioaren harira:

Bizkaiko metalgintzan maiatza eta ekainean egindako greba egunen ondoren, ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, USO, CGT eta CNTk modu positiboan baloratzen dugu Bizkaiko metalgintzako langileek erakutsitako borrokarako konpromisoa, lan eta bizi-baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmena lortzeko.

Sektoreko langileen konpromiso hau da zigortu nahi dutena. Egindako greben ondoren, hauxe da balantzea: 3 pertsona inputatuta, zenbait isun, hamarnaka identifikatu, langileak zauritu dituzte erreprimitatutako manifestazioetan eta grebalariak kaleratu.

Eta gaur zehazki, Bilboko portuan ari gara mobilizazioa egiten (Zierbenako sarreran), Haiza Wind enpresaren aurrean, grebak hasi zirenetik 25 langile kaleratu dituztela salatzeko. Maiatzaren 24an egin zen lehen kaleratzea, lehen greba egunaren biharamunean. Kaleratutako langile guztiek egin zuten bat grebarekin, Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren defentsan.

Aerogeneradoreak egiten dituen enpresa hau, Iñigo Urkulluren Lehendakariaren hitzetan “Euskadiko 4.0 enpresen erakusle gorena” da, baina propagandaren atzean, hau da izkutatzen duen errealitatea.

Badakigu zein den neurri errepresibo guzti horien helburua. Beldurra zabaldu nahi dute langileon artean eta gu desmobilizatu, gure lan-baldintzak hobetzeko borrokatzeak merezi ez duela sinestarazi nahi digute.

Baina orain arteko egindako bost greba egunetan erakutsi dugun moduan, metalgintzako langileok konpromisoa dugu hitzarmen duinaren aldeko borrokan. Ez dugu atzera pausorik emango prekarietatearekin amaitu eta sektorea duintzeko neurri zehatzak lortu arte.

Greba eskubidearen alde eta mehatxu eta errepresioaren aurrean, ¡Bizkaiko metalgintza borrokan!
 

 

 

Lan Harremanetarako Euskal Esparrua bermatuko duten tresnak lortzeko lanean jarraituko dugu

Bilera egin da gaur Bilboko Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) egoitzan 2019ko abuztuaren amaieran sukaldaritza kolektiboko espainiar patronalak (FEADRS) Akordio Interprofesionalaren kontra sartu zuen demanda aztertzeko. Bileran, FEADRSen inpugnazioaren kontra agertu da LAB.

LABen arabera, akordio interprofesionala guztiz baliozkoa eta aplikatzeko modukoa da, tresna juridiko eta sindikal bezala, dokumentuak berak zehazten dituen sektore eta lurralde eremuetan, hau da, EAE osoan.

EAEko langileei euren lan-baldintzak berton negoziatzeko eskubidea ahalbidetzen dien tresna da. Hori dela eta, esku- hartzerik gabeko Lan Harremanen Euskal Esparrua bermatuko duten mota honetako tresnak lortzeko lanean jarraituko du LABek.

Sukalde edo kolektibitateen eremuak LABek argi eta garbi adierazi du EAEko negoziazio-eremua eratzearen aldeko bere jarrera, eta honen arabera jokatu du negoziazio mahaian bertan bi aldiz honetarako deia eginez. Esan beharra dago, LABek jarrera honen arabera jardungo duela bere ekintza sindikalean, sukalde edo kolektibitateen sektorean esparru propioa lortzeko beharrezko ekimenak aurrera eramanez.

Inpugnazio honek FEADRSen aldetiko xantaiari erantzuten dio, eta honek ez du inola ere LABen jarrera aldatuko, argia dena eta mehatxuek aldatuko ez dutena.

 

 

 

Frankismoaren garaiko Donostiako errepresaliatu eta eraildakoei omenaldia egingo diegu bihar

0
Irailaren 13an, Frankoren kolpistek Donostiara sartu zirela 83 urte beteko dira. LABen proposamenaren ondorioz, Oroimen historikoaren Kontseilu Sektorialak errepresaliatu eta eraildako donostiarren oroitzapenerako egun gisa onartu zuen irailaren 13a. Hala, Ijentea kaleko oroitarrian ekitaldia egingo dugu, 11:00etan, udaletxe aurrean.


 

 

 

EAEko Hezkuntza eta EHUko garbitzaile azpikontratatuen borrokak aurrera jarrai, ikasturte berrian ere

0

Ikasturtearen irekierarekin, elkarretaratzeak egin dituzte gaur Bilbon eta Donostian, atzo Gasteizen egin bezala. Hezkuntzako eta EHUko garbiketa kontraten EAEko hitzarmena negoziatzen hasi eta ia bost urte igaro direnean, egoerak blokeatuta jarraitzen du.

Hauxe da LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuon ohar bateratua:

Eusko Jaurlaritzarentzat lan egiten duten langileen artean soldata-arrakala dago, eta honekin erabat eroso sentitzen dira Lakuan. Langile publiko eta azpikontratatuen artean dagoen soldata desberdintasuna dago, garbitzaileen artean 2.200 euro baino gehiagokoa dena.

2000. urtean, Hezkuntza eta UPV-EHUko garbitzaile azpikontratatuen borroka eredugarri baten ondorioz, urteetan zehar aldarrikatutako soldata-ekiparazioa lortu zen.

Hala ere, ekiparazio hau ez zen inoiz errealitate izatera heldu, 2.200 euroako osagarri bat existitzen zelako, “lanaldi zatitua egiteagatiko osagarria” deitzen zena eta urteko soldata gordinetik salbuetsi egin zena.

Osagarri hau duela hainbat urte urardotu zen eta gaur egun, langile publiko guztiek jasotzen dute, aurrera eramaten duten lanadia edozein izanik ere. Enpresek eta Eusko Jaurlaritzak berak, baieztapen hau ukatu egin dute denbora luzez, zuzenean gezurrak esanez edo erantzun anbiguak ematen gai honi buruz galdetzen genuen bakoitzean. Hori gutxi balitz, balizko ekiparazio egoera baten aurrean osagarri hau jasotzeko dugun eskubide zilegia frogatu dugunean, erantzun digute, agian arrazoia izango dugula, baina nahiago dutela ez ordaindu.

Horrela, UPV/EHU eta Hezkuntzako Garbiketa kontraten EAEko hitzarmena negoziatzen hasi eta ia bost urte igaro direnean, egoerak blokeatuta darrai eta langileak kolapsotik gertu.

Azken urte hauetan hamaika mobilizazio egin ditugu. Hainbatetan aldarrikapenak moldatu behar izan ditugu akordioaren lorpena errazteko asmoz. Bost egunetako greba aurrera eraman genuen ere. Baina patronalak ez du inolako aurrerapausorik eman. Azken bileretako eszenatokia txundigarria da, enpresek ahoan legarrik izan gabe, baieztatzen digutelako bezeroa bera dela soldata igoera hori onartu nahi ez duena, azpikontratazioa eta prekarizazio egoera honen aurrean eroso sentitzen dena; nahiz eta langile hauetariko askok, 25 urte baino gehiago daramaten haientzat lan egiten.

Nazkatuta gaude eta horregatik, berriro ere, mobilizazioetara jotzea erabaki dugu. Mobilizazio hauei gaur emango diegu hasiera baina areagotu eta biziagotu egingo dira Hitzarmenaren sinadura lortu arte. Lan baldintza duin batzuen defentsan, goazen 2.200 eurotako desberdintasun horrekin amaitzera. Hezkuntza/UPV-EHU, dagokiguna ordaindu!

 

 

 

BilbaoBiziko langileak eta erabiltzaileak kalera irten dira, zerbitzuaren kalitatearen alde eta lan baldintza prekarioen aurka

BilbaoBiziko langileek asteotako mobilizazioekin bat egiteko deia luzatu diete erabiltzaileei, eta erabiltzaileek ederki erantzun dute. Batzuek zein besteek mezu argi bat luzatu dute: egoerak ezin du horrela jarraitu.

Hain zuzen ere, BilbaoBizi zerbitzu publikoa da, eta, ondorioz, duintasunez eskaini eta garatu behar da. Hilabeteak eman dituzte langileek enpresarekin negoziatzen, eta Bilboko Udalak beste albo batera begiratzen du. Gatazka konpontzeko giltza, hain justu, Udalak berak duenean: zerbitzua eta lan baldintzak duintzeko aurrekontua handituz, alegia. Soldatak igotzea ezinbestekoa da, baina plantilla handitzea ere bai.
 

 

 

Diadan, Katalunia zein Euskal Herriaren burujabetzaren alde

0

LABeko Ekintza Sozialeko kide Urtzi Ostolozagak Bartzelonara bidaia egin du 2019ko Diadan parte hartzeko. Aurten ere LAB sindikatua Kataluniako herriari bere elkartasuna adieraztera eta bertako prozesuaren nondik norakoak bertatik bertara ikustera hurbildu da.

Aurtengo Diada ere testuinguru berezian etorri da. Kataluniako preso politikoek jadanik bi urte daramatzate kartzelan, eta baliteke Kataluniako prozesu independentistaren kontrako epaiketaren epaia aste gutxira ateratzea. Hortaz gain, lehendakari izateko kataluniarren babes demokratikoa jaso zuen pertsonak eta beste lider politiko batzuek erbestean jarraitzen dute. Euskal Herritik guztiei gure elkartasun osoa bidaltzen diegu.

Goizean goiz, Kataluniako Esquerra Independentistak 1978ko irailaren 11n eraildako Gustau Muñozi egin ohi zaion omenaldian parte hartu dugu, eta memoria, justizia eta erreparazioa aldarrikatu ditugu. Era berean, egunean zehar eragile ezberdinek deituriko ekimenetan parte hartzea genuen aurreikusita, eta, arratsaldean, ANC eta ondoren Esquerra Independentistak deituriko manifestazioetan egotea ere. Berriro ere tsunami independentista, demokratiko eta herritar batek Bartzelonako kaleak hartu ditu, eta LAB sindikatua horren lekuko eta parte hartzaile izan da.

Katalunian eta Euskal Herrian demokrazia da jokoan dagoena. Prozesu politiko honek Euskal Herrian hamarkada luzeetan zehar argi eta garbi erakutsi duen bezala, Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoak Estatuaren batasunaren kontrako disidentzia politiko oro errepresioarekin zigortzen du. Beraz, herrien zapalkuntza honetan sustengatzen den 78-ko erregimena herrien autodeterminazioa eskubidea gauzatuz apurtu behar dugu, benetako eskenatoki demokratiko bat lortu nahi badugu.

Horregatik diogu, 78-ko erregimenaren kontrako borroka hau ez dela Kataluniako herriaren borroka bat bakarrik, gure herrien askatasuna nahi eta behar dugun guztiona ere bada; euskal herritarrona ere,a legia. Beraz, Kataluniako herriarekin eta pairatzen duen salbuespen egoeraren kontra egin dezakegun elkartasun ekintza eraginkorrena Euskal Herrian prozesu independentista bat irekitzea da, herrion eta langile klasearen askatasunaren ateak parez-pare irekiko dituena.

Kataluniako herriak argi eta garbi adierazi du ez soilik orain arte egindakoaz ez direla damutzen, baizik eta berriro ere egin, egingo dutela, eta ho tornarem a fer leloa egikaritzeko asmo osoa daukatela. LAB sindikatuak, orain arte, bezala Kataluniako herriaren borroka honen alboan jarraituko du, Kataluniako herritarren gehiengo zabalak babesten duen autodeterminazio eskubidea gauzatu arte.

Baina, hortaz gain, gure herrian burujabetza prozesu baten oinarriak jartzeko lanean eta borrokan jarraituko dugu. Euskal Herri libre batean bizi nahi dugula garbi daukagu, burujabetza eta erabakitzeko eskubidea bizitzako esparru guztietan gauzatu nahi dugu, eta 78-ko erregimena hori ekiditen duen eskuburdina da.

 

 

 

Ikasturte berria hasi da EHUn, baina arazoak eta prekarietatea mantentzen dira

0

Irailaren 11n UPV/EHUko ikasturtearen hasiera-ekitaldia egin da Gasteizko Letren fakultatean, errektorearen eta hiru probintzietako Lehendakariaren parte-hartzearekin, besteak beste. Ohikoa den moduan, mezu positiboak dira nagusi, kontzeptu batzuk erabiliz: bikaintasuna, kalitatea, unibertsitate modernoa, etorkizunera begira, gizartearekin eta euskararekin konprometitua. Hala ere, alderdi batzuetan hobekuntzak egon badira ere, beste eremu askotan arazo batzuk sortu edo mantentzen dira, kasu batzuetan kroniko bihurtzeraino.

ikuspegi partzial batetik zabaldu nahi duten gatazkarik gabeko irudi positiboaren aurrean, LAB sindikatua kontzentratu da ekitaldi honen harira, langileok EHUn dauzkagun arazoak salatzeko eta beste unibertsitate eredu bat aldarrikatzeko. Izan ere, baliabide zein borondate falta direla eta, arazo eta diskriminazio zein prekarietate egoera asko topa ditzakegu gaur EHUn. Batzuk aipatzeagatik:

– Unibertsitate publiko modernoa eta kalitatezkoa
… baina behar duen finantzaketa ukatzen

2019 urterako Eusko Jaurlaritzak unibertsitate publikoa finantzatzeko esleitutako diru- partida ez da nahikoa garatu behar dituen funtzioetarako. Eraikin, azpiegitura eta tresneria egokiaz gain, langileak dira baliabiderik garrantzitsuena. Hortaz, langileen kolektibo ezberdinen egoerari erreparatu behar zaie, guztiek lan-baldintza duinak izateko.

– Bikaintasuna
… baina langile gehienak behin-behinekotasunean murgilduta

Kasu batzuetan kontratuak behin-betikoak ez izatea ulergarria bada ere (batez ere ordezkapenen kasuan), EHUn dauden langile guztien % 60a behin-behinekoa da, kasu askotan EHUn 5, 10, 15… urteak emanda eta lanpostua egonkortzeko aukerarik izan gabe.

– Top-ranking-etan kokatuta
… baina lanaldi partzialeko irakasleek 400-800 euro kobratzen

Ordezkapenetan zein elkartu plazetan aritzen diren lanaldi partzialeko irakasleei irakaskuntza eta tutoretza orduak baino ez zaizkie ordaintzen (400-800 euro hilabetean, arduraldiaren arabera), nahiz eta kudeaketa egin, formazioa jaso eta, kasu askotan, ikerketa egin. Lanpostu duin bat lortzeko itxaropenean oinarritutako prekarietatea…

– Euskalduna
… baina zerbitzua euskaraz bermatu gabe

Neurri eraginkorrak hartu eta baliabide nahikorik jarri ordez, EHUko euskalduntze prozesua inertziaren esku dago, planteamendu estrategiko konprometitua izan gabe. Oraindik ezin da gradu batzuk guztiz euskaraz egin, eta are gutxiago graduondoko ikasketetan, non euskara oso titulazio gutxitara mugatzen den. Publikoari begira zein langileen arteko harremanetan, euskararen erabilera ez dago bermatuta arlo askotan oraindik.

– Erantzukizuna
… baina osagarrien deialdiak etengabe oztopatuta

Irakasle-ikertzaileen soldatak duintzeko sortutako osagarrien sistemari oztopoak jarri dizkio Eusko jaurlaritzak azken urteetan, deialdiak ez ateraz edota ordaintze-urtea atzeratzeko deialdiak berandutuz edozein zirrikitu erabiliz. Modu horretan ordaindu beharreko diru hori aurreztea lortu dute, langile askoren kontura.

– Ikerketaren motore
… baina ikertzaile ez-finkoak diskriminatzen

Ikertzaileak egonkortzeko ibilbidea ez dago definituta, eta askok urteak eta urteak daramatzate aldi baterako kontratuak uztartzen, ziurgabetasunean, osagarri batzuk ezin eskatu edota deialdi batzuetan ezin parte hartu. Doktoretza aurreko zein osteko ikertzaileen kasuan, diskriminaziorik gabeko lan-baldintza duinak lortu behar dira beren eskubideak errespetatuz.

– Gardena
… baina langileen eta ikasleen parte-hartzea oso mugatua

Kolektibo ezberdinek EHUko eztabaidetan parte-hartzeko daukaten aukera eta eragina oso mugatuta dago. Gainera, ordezkaritzari dagokionez, kolektibo zabal batzuk oso minorizatuta daude. Foro itxiek eta iraganeko inertziek ordezkatzen dute maiz ideien konfrontazioa.

Autokonplazentziazko irakurketen gainetik, EHUko langileok benetako irtenbideak behar ditugu dauzkagun arazo eta prekarietate egoeren aurrean, eta euskal jendarteak bere beharrei erantzuten dien unibertsitate publiko, euskaldun eta baliabide nahikoz hornituta behar du. Horretan dago eta egongo da LAB: salatzen, aldarrikatzen, ekimen eta proposamenak egiten eta langileen eskubideak defendatzen.

Diskurtso adeitsuek ezin dute ezkutatu heldu beharreko neurriak! Beste unibertsitate eredu bat behar dugu!

Polizia okupazioa
Bestalde, LABeko EHUko sail sindikaletik salatu nahi dugu poliziak EHUkoak diren guneen okupazioa, bertako langileak Letren fakultateko aurreko eremutik kanporatuz eta kontzentratuta zeuden ikasle batzuk identifikatuz.

Era berean, salatu nahi dugu EHUko gobernu taldearen Segurtasun Sailarekiko morroitza, EHUko guneen okupazio hau onartzen eta EHUko langileek erabiltzeko eskubidea urratuz, haien ustezko segurtasun kontzeptua dela medio.

 

 

 

Bankako ordutegi-kontrolaren inguruko balizko akordioa kritikatu dugu

0
Biharko bileran akordioa lortuko duten itxura osoa du, eta berriro, sindikatu batzuk onartu egingo dute Espainiako Bankaren Elkartearen (EBE) proposamen nagusia: lanaldiaren kontrola “nork berea aitortuz” egin dadila, hots, lanaldiaren egiazko kontrolik izan ez dadila.

Birritan adierazi dugunez, LABen aburuz aipatu eredua iruzurra da, ez duelako betetzen Europako zuzentarauarekin, ez eta Espainiako dekretuarekin ere. Azken honek behartu egiten du, maiatzaren 12tik, aipatu kontrola objektibotasunez eta fidagarritasunez egitera.

Dagoeneko ia lau hilabete igaro dira eta egoerak bere horretan dirau. Milaka aparteko orduak egin ohi da oraindik, Gizarte Segurantzan kotizatzen ez direnak, are gutxiago konpentsatzen edo ordaintzen.

Oraingoan saiatuko dira aurpegia garbitzen saiatuko dira patronala nahiz sindikatu batzuk, euren buruak zuritzeko egindako akordio batez.

Oso litekeena da horrenbeste urtez Enplegua Erregulatzeko Espedienteak, hitzarmenen murrizketak,… onartu dituzten sindikatu horiekiko akordio berriak bermatu ez izatea lanaldiaren benetako kontrola, langile bakoitzari egokituko zaiolako nahi duen lanaldia adieraztea eta markatzea, nahiz eta gero esango duten horixe egin dutela).

Duela gutxi arte, bankan, sindikatu guztiok bat gentozen lanaldia luzapen eta aparteko ordu asko eta asko egiten direla esatean, EBEk bestelakoa esan arren, baita gerarazi eta kontrolatu behar zirela esatean ere; ordurako indarrean zegoen dekretuaren helburua zena. Orduan, zer dela eta onartzen zaio oraingoan patronalari, denok dakigunez, aipatu kontrola bermatzen ez duen nork berea aitortzeko eredua?

Ez da ezer aldatu duela urte batzuk gai honi ekin genionetik. Lehengo asmo berberari eusten dio patronalak gaur egun. Lehen, denok arbuiatzen genuen nork berea aitortzeko eredua, baina, dirudienez, gaur egun egoera alda daiteke.
Hala ere, Dekretu honekin aukera gehiago daukagu benetan kontrolatzeko, iruzurrak iraun ez dezan. Horrengatik ez dezakegu onartu, inondik inora, neurri horren azala eta mamia urratu dadila eta oraingoan nork bere aitorpena egitea onartu nahi izatea. Fidagarria ote da langile bakoitzaren esku egin duen lanaldia adierazten uzten duen sistema?

Ezezkoan gaude, eta halaxe adieraziko dugu berriro. Ez dugu norberak egin duen lanaldia adieraz dezan “espero” egon behar; tamalez, badakigu gaur egun pertsona asko eta askok lan egiten dutela ezarri ordutegia gaindituz. Nork esango du ez dezatela iraun horretan, nahiz eta legezko lanaldia erregistratuko duten?

Aipatu erregistroa norberaren esku uzteak ez du betetzen Europako Parlamentuko zuzentaraurekin, objektiboa eta fidagarria izatera behartzen duena.

Ez dago aitzakiarik. Diotenez, baliabide telematikoa erabili behar baldin bada, errazena, aipatu baliabidea langileek erabili ohi dituzten teknologia bitartekoekin konekta dadila izango da (haren banakako gakoaz, mugikorra, tableta,…) eta ez dugu zertan espero behar norberak erregistratu behar izatea egin duen lanaldia.

Ziur gaude honelako akordioa ezinezkoa izango litzatekeela Euskal Herrian; garaia da negozia ditzagun bertan euskal bankan diharduten langile denen baldintzak.
 

 

 

Libre eta gurekin izango dugu Abdenabi

Abdenabi Mellase libre eta gurekin geldituko da. Ospatzeko moduko gauza da, nahiz eta horretarako Huerta de Peraltako grebalari ohiak Fiskaltzarekin akordioa egin eta gertatu ez zirenak onartu behar izan dituen. Hala azaldu genuen, atzo, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean Abdenabiren aldeko elkartasun sareko eragileok egindako agerraldian.

Abdenabi Mellaseren aurkako zigor eskaera oso larriak ziren: “autoritatearen kontrako ustezko atentatua” argudiatuz, Fiskaltzak bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra, 2.500 euroko isuna eta bost urteko kanporatzea eskatu zituen marokiar herritartasuna duen Huerta de Peraltako grebalari ohiarentzat. Gogoan hartu beharra dago Huerta de Peraltako greban zehar Foruzaingoak enpresaren ateetan protesta egiten zuten langileak erasotu eta kolpatu zituela hainbat aldiz; hain zuzen ere, auzipetutako langilea beso batean zauritu zuten foruzainek eta, handik egun batzuetara, bendatutako besoan bertan kolpea eman zioten berriz ere.