2026-09-27
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaBizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek beste zazpi greba egun egingo dituzte

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek beste zazpi greba egun egingo dituzte

Apirilaren 16 eta 17 eta maiatzaren 13, 14, 15, 16 eta 17. Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek egun hauetan egingo dituzte grebak, LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok deituta.

Soldatak 7 urtez izozturik, 4 urtez hitzarmena berritu gabe, eta mobilizazioetan hasi ginenetik 2 urte igaro dira, eta urtebete lanuzteak egiten hasi geroztik. Hala ere, sektore honetako sindikatuok 7 greba-egun gehiagorako deialdia egin beharrez gaude, orain arte egindako 26 greba-egunei gehitzekoak.

Argi dago Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzaren gatazka ito-puntuan dagoela. Patronalek ez dute borondaterik langileen lan-baldintzak duintzeko; aldiz, badute asmoa etekin itzelak irabazten jarraitzeko, diru publikoaren kontura. Horiek dira, beraz, udalekin batera, egoera honen errudun nagusiak.

Erakunde publikoei, batez ere udalei, dagokie zerbitzu horren ardura; baina zuzeneko erantzukizun hori gainetik astindu nahi dute. Behin martxoaren 8a igarota, erakunde-aldarrikapenak ahanzten zaizkie, antza. Orduan honelako salaketak adierazten zituzten: "emakumeen lan-prekarietatea eta pobrezia", eta "zainketa-lanak politika publikoen erdigunean" jarriko zituztela zioten.

Etxez Etxeko Laguntza berebiziko esparrua da horrelako asmoak gauzatzeko, baina orain arte ez dute zirkinik ere egin norabide horretan: prestazio-orduak urterik urte gutxitzen dira, eta profesionalen lan-baldintzak hondatuz doaz, eta udalek ez dute konponbiderik bilatzen.

Negoziazio-mahaiaren azken bileran, iazko urrikoan, sindikatuok oinarrizko puntu batzuk ezarri genituen negoziazioa ito-puntutik ateratzeko: inaplikazio-klausulak, malgutasuna eta mugikortasun geografiko eta funtzionala; 18 artikulua kentzeak aukera ematen du lanaldien malgutasuna muturreraino eramateko; gaixotasunen edo lan-istripuen %100eko osagarritik gaur egun salbuetsita dauden kasuak ez salbuestea (in itinere istripuak, lunbalgiak…) eta KPItik gorako soldata-igoerak 2016, 2017, 2018 eta 2019. urteetarako, galdutako eros-ahalmena berreskuratuz joateko.

Patronalek oinarrizko eskakizun horiek guztiak baztertu zituzten, eta lan-baldintzak are gehiago okertzen tematu ziren: malgutasun handiagoa (orain ere norberaren eta lanaren bizitzak kontziliatzea ia ezinezkoa da), lan-osasun eta segurtasunaren neurririk ez hartzea (gaur egun hutsaren hurrengo dira, oso beharrezkoak izan arren), eta eros-ahalmen galduz jarraitzea. Haien eskaintza prekarietate gehiagokoa da.

Horregatik guztiagatik, sindikatuok ez dugu beste irtenbiderik izan greba-egun gehiagorako deitzea baino. eta apirilaren 16 eta 17a eta maiatzaren 13, 14, 15, 16 eta 17a izango dira. 1.500 langile baino gehiago duen eta 8.000 menpeko pertsona artatzen dituen zerbitzu honen alde, langileok kaleak berriro beteko ditugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.