2026-07-25
Blog Page 648

Irmoki salatzen dugu Kasedako lan istripua eta ABLEek dakarten arrisku erantsiaz ohartarazi nahi dugu

LAB sindikatuak bere elkartasun eta babesa helarazi nahi die Kasedako Viscofan lantegian hildakoaren eta zauritutakoaren familiei, lagunei eta lankidei. Eta, aldi berean, irmo baino irmoago salatu nahi du gertaturikoa -berehalako ikerketa zorrotza behar duena- eta ohartarazi nahi du ABLE aldi baterako lan enpresek kontrataturiko langileek pairatzen duten arriskugarritasun erantsiaz.

Kasedako Viscofan lantegian gaur hildako behargina – F.U., 46 urtekoa eta Zarrakaztelun bizi zena- 2019an Euskal Herrian lan istripuetan hildako 32. langilea da; bederatzigarrena Nafarroan. LABek jakin ahal izan duenez, langileak hamabi hilabete inguru zeramatzan Viscofanen lanean, ABLE batek kontratatua hainbat opor eta gaixoaldi ordezkapen egiteko.

Gauza jakina da ABLEek kontrataturiko langileek prekaritate handiagoa izateaz gainera istripuak izateko aukera gehiago dituztela, lantoki horretako segurtasun kontuetan zuzenean kontrataturiko lankideek baino formakuntza txikiagoa baitute, nahiz eta gehienetan lan berdina egin. Hala, ABLEek kontrataturiko pertsonek izaten dituzten lan istripuen kasuetan, ABLEa kontratatu duen enpresak ezin du bakarrik istripu zehatz hori aztertu; horretaz landara, hausnarketa sakon eta zintzoa egin beharko luke jendea zuzenean ez kontratatzeak dakartzan ondorio humano eta sozialen inguruan.

Nafarroako enpresetan gertatzen den lan ezbehar tasa altuak laneko segurtasun eta osasun gaietan utzikeria argia adierazten du. Egiten diren prebentzio politikak ez dira nahikoak gure lurraldean lan-istripuen gorakada erakusten ari diren bezala. Langileen bizitza eta osasuna oso azpitik daude enpresen balio eskalan, eta argi gelditzen da gure osasuna ez dela patronalaren eta erakunde publikoen lehentasuna.

Segurtasun neurri handiagoak eta egokiagoak ezartzea izan behar da enpresetan erabateko lehentasuna, benetan amaitu nahi badugu urtero dozenaka langile eramaten dituen gaitz honekin. Lan istripu guztiak prebentzio neurri egokiekin saihestu daitezke, eta datuak ikusita, ez dira kontuan hartzen enpresen eguneroko bizitzan.

Azkenik, LABek dei egin nahi dio langile klaseari parte har dezan antola daitezkeen mobilizazio guztietan, Kasedan gertaturikoa salatzeko eta hildakoaren zein zaurituaren lankideei elkartasuna eta babesa adierazteko.  

 

 

Lakuan mobilizatuko gara, EAEko irakaskuntza publikoko ordezkapenetan kaltetutako irakasleentzat konponbide eske

0
LABek gogor salatu nahi dugu Hezkuntza Sailaren utzikeria eta ardura falta irakasleen ordezkapenen inguruan. Gaur gaurkoz, oraindik ikasgeletan irakasleak falta dira. Berme guztiekin milaka lanpostu esleitzeak dakarren lana burutzeko baliabide falta nabarmena baitago. Eta horren erantzule, Uriarte andereak gidatutako arduradun politikoak dira.

Eskola ezberdinetako zuzendaritzetatik egindako ordezkapen eskariei entzungor eginez, irakasleen ordezkapenetarako lanpostuak inprobisazioz eskaintzen ari dira, adostutako irizpideak kontuan izan gabe. Horren ondorioz, langile askok beren antzinatasunagatik dagozkien lan baldintza baino okerragoak onartu behar izan dituzte. Askotan, etxetik ehundaka kilometrotara dauden lanpostuetan, murriztuetan edo langabezian egotera kondenatuz.

Egoera honek irakasleekiko begirune falta erakusteaz gain, beste behin erakusten digu Eusko Jaurlaritzak Euskal Eskola Publikoa ez duela lehentasun bezala hartzen. Hori gutxi balitz, lanpostuak inprobisazioz eta bermerik gabe banatzeak, zuzenean talka egiten du ordezkoen arautegiarekin.

LABek argi du milaka langileren bizitzak ez direla joko politikorako tresna. Ez dugu onartuko utzikeriaren ondorioz milaka langilek beren lanpostuak kolokan izatea. Horregatik, prest gaude kaltetuekin bide juridikoa zabaltzeko.

Hartara, erreklamazioak jasotzen ari gara eta jasotzen jarraituko dugu. Gainera, kaltetuko langile guztiak gonbidatu nahi ditugu, datorren astelehenean, irailaren 16an 11:00etatik 11:30era egingo dugun elkarretaratzera. Gasteizko Lakuaren parean, entzungor egiten duen Hezkuntzan sailaren aurrean ikusgarri egin gaitezen. Aski delako, hezkuntzako langileak zenbaki hutsa besterik ez garelako, konponbidea orain!
 

 

 

Frankismoaren garaiko Donostiako errepresaliatu eta eraildakoak omendu ditugu

0

Irailaren 13an, Frankoren kolpistek Donostiara sartu zirela 83 urte bete dira. LABen proposamenaren ondorioz, Oroimen historikoaren Kontseilu Sektorialak errepresaliatu eta eraildako donostiarren oroitzapenerako egun gisa onartu zuen irailaren 13a. Hala, Ijentea kaleko oroitarrian ekitaldia egin dugu goizean, udaletxe aurrean.
 

 

 

“Ez gaituzte geldituko, ez dute gure borroka sindikala baldintzatuko”


Protesta baketsu batean parte hartzeagatik, LABeko kide Imanol Salinas espetxeratu nahi dute, helegitearen erabakiaren zain, 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri baitiote 2018an La Sangiovesako lan gatazka salatzeagatik. Imanol Salinasi babesa erakusteko, eta azken hilabeteotan handitu den jazarpen sindikala salatzeko, Iruñeko Justizia Jauregiaren atarian bildu gara, eta langileriari kalera irtetzeko deia luzatu diogu. LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyoren hitzetan, "ez gaituzte geldituko, ez dute LABen borroka sindikala baldintzatuko. Injustizia non, LABen megafono bat han egongo da horri aurre egiteko". 


Hauek dira datozen asteeetarako deitutako mobilizazioak:

ELKARRETARATZEAK EPAITEGIETAN:

-Irailaren 20an, Iruñean, 12:00etan.
-Irailaren 23an, Bilbon eta Donostian, 12:00etan.
-Irailaren 24an, Gasteizen, 12:00etan.

MANIFESTAZIOA:

-Irailaren 28an, 17:30ean, Iruñeko autobus geltoki zaharretik.
 

 

 

11/13 makroepaiketako auzipetuei babesa erakutsiko diegu larunbatean, Bilbon egingo den manifestazioan

0

LABeko ordezkaritza zabal bat Bilbon izango da larunbatean, 11/13 makroepaiketako auzipetuei babesa emateko eta makroepaiketa bera bertan behera utz dezaten exijitzeko. Sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok, Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak eta Industria Federazioko idazkari Eulate Zilonizaurrekoetxeak epaiketa atarian egingo den manifestazioan hartuko dute parte (Bilboko La Casilla, 17:30). Larunbateko mobilizaziorako deia egiteko, joan den ostiralean, gehiengo sindikaletik elkarretaratzeak egin genituen Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Aurretik, hainbat eragilerekin batera, babesa erakutsi genien auzipetuei, baita eurekin beraiekin bildu ere.
 

 

 

Protesta baketsu batean parte hartzeagatik Imanol Salinasi ezarritako kartzela zigorra aztertuko dute gaur Iruñean

Iragan maiatzean, Imanol Salinas LABeko kideari 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten 2018ko La Sangiovesako lan gatazkaren protesta baketsu batean parte hartzeagatik. LABek helegitea jarri zion epai bidegabe hari eta gaur, irailak 13, saioa eginen dute epaitegietan helegitea aztertzeko. Oraingo epaileek lehenbiziko sententzia berresten badute, litekeena da Salinas berehala sartzea kartzelan. Hori dela-eta, Igor Arroyo LAB sindikatuko idazkari nagusiaren ondokoak adierazpenak eginen ditu Iruñeko Justizia Jauregiaren parean. 12:00etan izanen da.
 

 

 

Lakuak Ordezkagunean egin duen kudeaketa tamalgarria salatu nahi dugu

0
LAB Irakaskuntzak salatutakoaren arabera, irailaren 10ean ez dira plaza guztiak atera, eta beraz, postuak bete gabe geratu dira eskolen eta irakasle ordezkoen kalterako.

Ordezkagunearen bidez lanpostuen banaketan egon diren arazoak ikusirik, LABek honako hau salatu nahi du:

Irailaren 10ean ez direla plaza guztiak atera, eta beraz, postuak bete gabe geratu direla eskolen eta irakasle ordezkoen kalterako. Gainera, Lakuatik eskoletako zuzendaritzen gain jarri nahi izan da ardura guztia, Ordezkagunearen kudeaketa txarraren erantzukizuna hartu beharrean.

Postu guztiak ez banatu izanaren ondorioz, plazak ez dira puntuazioaren arabera banatu. Hau da, posturen bat hartu zutenek ezin izan zuten beren puntuazioari zegokion posturik hautatu, eta derrigorrez beren etxetik urrunago zeuden postuak hautatu behar izan dituzte.

Lanaldi murriztuak hautatu zituzten irakasleen kexak ere iritsi zaizkigu: murriztu guztietan %66ko lanaldia zela jartzen zuen hala izan gabe ere. Hori dela eta irakasle askok eskolara joandakoan jakin du lanpostuaren lanaldia murritzagoa zela. Egoera honen aurrean Lakuak lanpostuei uko egiteko aukera zabaldu du berriro ere Ordezkagunean aktibo jarri ahal izateko.

 

 

 

Euskal Trenbide Sareko langileek elkarretaratzea egin dute, hitzarmenaren defentsan

0

Hitzarmenaren aldeko mobilizazioei ekin diete Euskal Trenbide Sareko langileek. Hain zuzen ere, gaur izan da mobilizazioetako lehena, Bilboko ETSko egoitza atarian, batzorde iraunkorrak deituta.


 

 

 

Plastiko gutxiago Gurutzetako ospitalean?

0

Ezinbestekoa da Osakidetza mailan benetako apustu bat egitea eta hondakinak kudeatzeko plan integral bat martxan jartzea, hondakinen gutxitzea, berrerabiltzea eta birziklatze erreala barnebilduko dituena.

Berriz, Igorre, Markina, Plentzia, Sondika, Gurutzetako Ospitalea… Ez dira Bizkaiko herri politak, ez, haien arteko denominatzaile komuna ez da hori. Haien arteko elementu komuna hiri hondakinak dira; sei leku horiek maila berberean sortzen dituzte hiri hondakinak, hau da, urtean 2000 tona inguru.

LAB sindikatuak pasaden abenduaren 5an proiektu bat aurkeztu genion Osakidetzari, Gurutzetako Ospitalean saiakera pilotua egin zezaten. Gurutzetako Ospitaleko gerenteak, Santiago Rabanalek, otsailaren 19an proposamena aztertzen ari zirela erantzun zigun eta ahalik eta lasterren jakinaren gainean izango gintuela.

Gurutzetako Ospitaleak, bere hiru hektareetan, vending makina andana ditu; horietan erabilera bakarreko ontzien kontsumoa oso kezkagarria da. Horren harira, Madrileko La Paz Ospitalean egin zen ekimena errepikatzea proposatu genion Osakidetzari. Hau da, Reverse Vending makina bat jartzea, jendeak ontzia balora dezan. Hainbat herrietan martxan dago sistema hau eta honela funtzionatzen du: makina batean erabilitako ontziak botatzeko aukera dago eta makina horrek diru kopuru jakin bat itzultzen du. Gure proposamena 10 zentimo ziren.

Azkenean Osakidetzako gerenteak erantzun digu, eta bere erantzuna proiektua gutxiestea izan da. Arazo teknikoak aitzakia bezala jartzeaz gain, ECOEMBESekin sinatutako kontratu bat ere jartzen du arazo bezala.

Hau guztia ulertzeko egoera hainbat datu ezagutzea komeni da:

Gurutzetako Ospitalea Osakidetzako ospitale handietako bat da. 2017. urtean Gurutzetak 2.227.119 kg zabor sortu zituen, hau da, 2.227 tona urte batean. Hauetatik hondakin arruntak, hau da, hiriko zaborrari lotutako hondakinak, 1.754.386 kg. izan ziren. Barakaldo herriak, 100.000 lagun izanez, urtean 35.000.000 kg inguru sortzen ditu. Hots, Gurutzetako gerentearen ardura Barakaldoko zaborraren %5a da.

Egoera ikusita, gure proiektua aurrerapauso bat zen. 2018ko abenduan bereizten zen plastiko kopurua handitzea proposatu genuen. Momentu hartan plastiko garbia biltzen zen, plastiko film gardena. Plastiko hori lehengai bezala kudeatzaile batek eramaten zuen eta horietatik 5-10 tona kopuru berreskuratzen zituen, berriz plastiko filma sortzeko. Erabiltzaileek bakarrik vending makinetan saltzen diren ur botiletan 3,5 tona inguru sortzen zituztela salatu genuen eta vending makinetan saltzen zen plastikoa lehengai bihurtzea proposatu genien.

Guri ez digute kasurik egin, baina ECOEMBES etorri da bere propagandarekin eta akordio baten bidez konpaktadore berria kokatu dute ospitalean. Antza, plastiko gehiago berreskuratzeko. Plastiko eta ontzietan 100 tona birziklatuko omen dituzte urtean. Birziklatu ez, konpaktatu bai.

Hor dago koxka. Zabor beilegi gehiago konpaktatuko dute konpaktadore horrekin, zabortegira eramateko. Eta bereizten zen plastiko garbia kudeatzaile horrek ez du berriro eramango, beste plastiko film garbia sor dadin. Baina hori bai, plastikozko 10 tona birziklatzetik 100 tona konpaktatzera pasatu gara, hor daude zenbakiak. Auskalo hondakin horiekin zer egiten den eta birziklatzekotan, ze modutan egiten den; jasotzekotan gaizki deituriko “birbalorizazio energetikoa” izango da seguru aski. ECOEMBESen negozioa hor dago, hain zuzen ere: geroz eta hondakin gehiago kudeatzeko, orduan eta negozio handiagoa. Birziklapena erabili dute merkatu berriro bat irekitzeko.

Laburbilduz, Berriz, Igorre, Markina, Plentzia, Sondika eta Gurutzetako Ospitalearen artean desberdintasun handi bat dago; batean, ospitalean, administrazioak dauka ardura bakarra. Bere jokaera guztiz gardena izan behar da eta abangoardia izan beharko litzateke. Oso larria da zaborraren asuntoa eta ez da onargarria administrazioak ezikusiarena edo ezjakitearena egitea. LAB sindikatuan argi daukagu, kontsumo eredua aldatu behar dugu, baina administrazioa aldaketa horretan lehena izan behar da, besteentzako adibide bezala jardun behar du. Osakidetzaz hitz egiten badugu, ardura are handiagoa da, izan ere, zaborraren errausketak inpaktu zuzena dauka langileon eta herritarron osasunean. Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da Osakidetza mailan benetako apustu bat egitea eta hondakinak kudeatzeko plan integral bat martxan jartzea, hondakinen gutxitzea, berrerabiltzea eta birziklatze erreala barnebilduko dituena.