2026-10-25
HomeErrepresioaGure elkartasun eta babes osoa adierazi diegu 11/13 makrosumarioan auzipetutako 47 herritarrei

Gure elkartasun eta babes osoa adierazi diegu 11/13 makrosumarioan auzipetutako 47 herritarrei

47ak Herrian dinamika bilera-erronda egiten ari da, irailaren 16an auzipetuko dituzten 47 herritarren eta 11/13 makrosumarioaren egoera bertatik bertara azaltzeko. Euskal jendartearen gehiengoa osatzen duten alderdi, sindikatu, eragile eta sektoreetako ordezkariekin bilduko dira hurrengoa asteetan, eta lehen hitzordua gaur egin dute; LAB sindikatuarekin, hain justu. Igor Arroyo idazkari nagusi ondoko eta Eulate Zilonizaurrekoetxea Exekutiboko kidea ordezkatu dute sindikatua bileran. Bertan, gure elkartasun eta babes osoa adierazi diegu auzipetuei, baita egingo diren mobilizazio eta ekimenei ere. 

LABen iritziz, herri honek irtenbideak behar ditu, ez zigorra, kartzela, mina eta sufrimendua areagotzen dituzten bide agortuak. Epaiketa honek berriz ere uzten du agerian Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa, gaindituta egon beharko liratekeen bide errepresiboetan sakontzearekin tematuta jarraitzen duela erakusten baitu.

Giza eskubideak, demokrazia eta etorkizunaren alde, indarrak bildu eta erantzuteko deia egiten diegu euskal langileei, epaiketa bertan behera uzteko deia egitearekin batera.

Hain zuzen ere, 601 urteko kartzela zigorrak eta 117.600 euroko isun eskaerak dituzte auzipetuek aurrean. Presoen eskubideen inguruan egindako lanagatik daude herritar hauek jo-puntuan. Bada, epaiketa hauekin amaitu eta presoen gaia konpontzeko garaia da, guztiak kaleratze bidean jarriz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.

Vicinayn proposatutako kaleratzeak eta ABEE berria arbuiatzen ditugu, eta operazioaren atzean dauden interesei buruzko zalantza adierazi dugu

Plantillak hainbat urte daramatza Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak pairatzen eta sakrifizioak egiten, eta orain enpresaren jarduerarekin loturiko arazoak ere langileek ordaindu behar izatea onartezina da sindikatuarentzat. Damaso Quintanak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak babestutako operazioaren lehentasuna, enplegua eta Vicinayren industria-etorkizuna bermatzea baino, enpresaren lursailak ez ote ziren planteatu du LABek.

Amarratzaileen aurkako jazarpen sindikal larriaz ohartarazi du LABek, eta langileen antolaketarekiko konpromisoan berresten da

Sindikatuak agerraldia egin du Bilboko Portuan, sektorean askatasun sindikalaren aurkako erasoak etengabeak direla salatzeko eta arduradunei argi uzteko LABek ez duela bazter utziko langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko bere betebeharra. Enpresak LABeko hiru ordezkari kaleratu ditu eta hainbat zigor ezarri ditu, mehatxuak eta xantaia baliatzeaz gainera.