2026-04-30
Blog Page 642

Sexu askatasunaren mugimenduak ekainaren 28rako deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dugu

Ekainak 28a Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da. Egun horretan zein urteko gainontzekoetan, lanean zein beste esparrutan gure desio, gorputz eta identitateak aske eta duin bizi ahal izateko aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko dugu. Halaxe berretsi dugu gaur LAB sindikatuko Nazio Biltzarreko kideek, talde argazkia aterata.

Badira urteak ekainak 28a LABen agendan markaturik dagoela, eta askatasun sexualarekin konprometitu eta honen aldeko neurriak bultzatzen aitzindaria izan da ere.

Balore heterosexistetan oinarritzen den jendarte kapitalista eta patriarkalean bizi gara eta lantokiak horren isla dira. Modu ezberdinetan derrigorrezko heterosexualitatea inposatzen zaigu: behin eta berriz gure identitateak estereotipatuz, gure bizitza sexualak kuestionatuz, isekak eta umiliazioak jasoz… Langile guztiok eskubide guztiak bermatuak izan behar ditugu, eta ez dugu inongo diskriminaziorik jasan behar, ez zuzenean, ez zeharka, ez kontaktuak izateko orduan, ez lanean gaudela ere. Gure intimitatea errespetatua izan dadin eskubidea dugu, duintasunerako eskubidea dugu, eta gure identitate eta aukerak ez ezkutatzeko eskubidea daukagu, edo azalpenik ez emateko horrela erabakitzen badugu.

Aurreko urtean sindikatuan antolatzen hasi ginen, barne sare bat osatuz eta arreta berezia jarri genuen lan munduan bisibilizazioa bultzatzen eta langile trans*en egoera ezagutarazten eta lan munduan neurri zehatzak sustatzen.

Aurten ikusgarritasun lesbikoaren egunean gure irakurketa plazaratu dugu eta LGTBI+ fobiaren kontrako egunean, Hego Euskal Herriko patronalei exijitu diegu ematen den diskriminazioarekin bukatzeko eta lan munduan askatasuna eta aniztasuna irabazteko enpresetan gida eta protokoloak derrigorrez ezartzea. Aurten ere, Kataluniako Behatokia hurbiletik ezagutu dugu, bere zuzendariarekin formazio saio bat egin dugulako eta Euskal Herrian horrelako tresna baten beharra dagoela uste dugu, mugimendu sozialen eta bertoko erakundeen bultzadarekin. Lan munduaren errealitatea zein den zehazteko eta egoerari aurre egiteko neurriak jasotzeko.

Aurtengo leloa: "Kapitala hautsi, gorputz eta identitate aske eta duinei eutsi" izango da, eta egun hau gogorarazten duen Stonwalleko mobilizazioetatik 50 urte igaro direla izango dugu gogoan.

Lantokietan Aniztasun sexuala askatasunez bizi ahal izateko gida eta protokoloa dugu, langileen ordezkariek tresna bezala lantokietan erabili ditzaten. Langile klasearen sentsibilizazioa guztiz beharrezkoa da, horregatik, LABek, formakuntza saioak antolatu eta antolatzen jarraituko dugu (ekainaren 28an mintegi bat egingo dugu), beharrezkoa eta derrigorrezkoa deritzogulako sindikatuko kide ezberdinek LGTBI+ buruzko oinarrizko jakintzak izatea, existitzen diren arauak eta legeak ezagutuz, lantokietan langile kolektibo honen defentsa egiteko.

Sistema honen aurkako borroken elkarlana oso garrantzitsua da. Are gehiago Bilbao Pride-Harro bezalako ekimenekin kapitalismo aseezinak LGTBI mugimendua instrumentalizatzen ari direnean. Horregatik, gure borroka ez da lantokietara mugatuko eta Euskal Herrian sexu askatasunaren mugimenduak ekainaren 28rako deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, eta beraiekin aliantzak sortzen joatea ezinbestekoa ikusten dugu.

Lanean zein beste esparrutan gure desio, gorputz eta identitateak aske eta duin bizi ahal izateko aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko dugu.

 

 

 

Abdenabi libre eta gurekin nahi dugula aldarrikatu dugu Iruñean

60 kolektibok "#AbdenabiLibre eta gurekin" kanpaina aurkeztu dugu Iruñean, Huerta de Peraltako langile Abdenabi Mellaseren aurkako zigor eskaerak baztertu ditzaten eta Nafarroan bizitzen eta lan egiten jarrai dezan exijitzeko. Kartzela zigorra, isun ekonomikoa eta kanporatzea eskatu dute harentzat, beste zenbait sindikalistak pairatzen ari diren jazarpenaren baitan hartutako erabakien harira.  
 

 

 

Euskotrenen Batzorde Iraunkorrak babesa luzatu dio erasotutako langileari

0

Pasa den larunbatan, langile bat erasotuta izan zen bere jardunean zela. Euskotrenen Batzorde Iraunkorrak eraso hau zein gainerako langileek bere jardunean pairatzen dituzten erasoak deitoratu nahi ditu. Hala, Euskotrenen Batzorde Iraunkorrak elkarretaratze bat egin du Zumaian, gertatutakoa salatzeko.

Jendaurrean bere lana garatzen duten Euskotrenen langileek (kontu hartzaileak, geltokietako langileak, gidaritza agenteak, Bezero Arretarako Bulegoetako langileak…) Euskotrenen erabiltzaileei laguntza emateko eta garraio publikoaren erabilera zuzena bermatzeko egiten dute lan. Guztiz anartezina da bere lana egiteagatik hainbat langilek isekak, mehatxuak edota erasoak pairatu behar izatea.

Horrelako jarrerak gutxiengo batek burutzen dituela nabarmenduagatik ere gure kezka agertu nahi dugu. Harremanek abegigortasun eta elkar errespetuan behar dute oinarritu.
 

 

 

Kalitatezko segurtasun publikoa aldarrikatu dugu Gasteizen

EAJ, PSE eta PPren aldeko bozkekin gaur onartutako Euskadiko Poliziaren V. Lege moldaketaren aurka dago LAB sindikatua. 1992an onarturiko Euskadiko Polizia Legearen norabidean erreaktiboa, urruna, zurruna eta maskulinizatua den polizia ereduarekin jarraitzen duelako. Hori dela eta, mobilizazioa egin dugu Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen, “Kalitatezko segurtasun publikoaren alde polizia lege honi ez” leloarekin.

Hain zuzen ere, lege moldaketa honek hiru helburu nagusi betetzen dituela hausnartu du LABek:

1. Zenbait sindikatu eta elkarte pozteko neurriak ezartzea (garapen profesionala, buruzagitzen maila eta izendapenak, armen ezarpena, behin behineko udaltzainen desagertzea, …).
2. Udaltzaingoak “Ertzaintzatu” nahi ditu; jendartearen egungo arazoei erantzunik ematen ez dien eredu agortuan itsu-itsuan jarraitzea da. Segurtasun Sailak bere Ertzaintzarekin dituen arazoak udaltzainak kontrolatuz eta zuzenduz konpondu nahi ditu Erandiotik.
3. Udal autonomia murrizten jarraitzeko beste pausu bat da honakoa. Aurrez deialdi bateratuarekin, Segurtasun Publikoaren Legearekin, Udaltzaingoen Koordinazioarekin… egin bezala. Udalek dagozkien ardurak hartu behar dituzte, udaltzainak udal langileak baikara.

Bada garaia, euskal jendarteak eskatu eta behar duen kalitateko segurtasun publikoaren bidean, Euskal Polizia proaktiboa, jendartean integratua, jendartearen beharrei erantzungo diena eta berdintasun baloreetan oinarriturikoa abian jartzeko. LAB sindikatua lan horretan ari da; egungo Udaltzaingoa indartuz, bultzatuz eta irauliz. Egungo jendartearen arazoetan esku hartu eta gainontzeko eragileekin lanerako prest gaude. Bada garaia Segurtasuna=Polizia moduko ekuazioak zuzenak ez direla jabetzeko.

Azkenik, Lege moldaketa honek behin-behineko udaltzainekin sortuko duen babesgabetasuna salatu behar dugu, egungo Udaltzaingoen bizi-iraupena bermatu duten aldi baterako lankideena, alegia. LAB sindikatuak behin behinekotasunaren eta prekarietatearen aurka borrokan dihardu. Segurtasun Sailak eta Udalek sorturiko egoera da hau, behin-behinekotasun eta prekarietatearena, baina horrela ez dira gauzak konpontzen. Zubiak eraiki behar dira egungo egoeratik, non Udaltzaingoetan behin-behinekotasun tasa izugarria den, lanpostuak finkatu eta zerbitzuak bermatzeraino.

 

 

 

Gipuzkoako Grafikagintza eta Papergintzako grebaren arrakastaren ostean, ADEGIk erabaki behar du: negoziazioa ala konfrontazioa

0

Gaur, ekainak 27, Gipuzkoako Grafikagintza eta Papergintzako sektoreek beste greba egun bat burutu dute jarraipen zabalarekin, eta Tolosako kaleak hartu dituzte, manifestazio baten bitartez.

Papergintzako sektorean 4 greba egunen ostean, eta Grafikagintzakoan 2 greba egun burutu eta gero, orain arteko balantzea egiteko unean gaude:

1.- Grebek oso jarraipen zabala izaten ari dira. Ez dago bi sektoreetan normaltasunik. Papergintzako sektorean ekoizpena erabat geldituta dago eta grafikagintzan grebaren eragina oso handia izaten ari da.

2.- Grebek izaten ari diren jarraipen zabalak erakutsi du langileek sindikatuen jarrera bere egin dutela eta, aldiz, ez dutela onartzen ADEGIren jarrera inmobilista.

3.- Greba egunak joan ahala, grebaren jarraipena mantentzen ari da. Honek erakusten du langileak prest daudela tinko jarraitzeko beren lan baldintzak hobetu arte.

Honengatik guztiarengatik, LABek honako mezua bidali nahi dio ADEGIri:

-Hurrengo uztailaren 2an Grafikagintzako negoziazio mahaiaren beste bilera bat dago. Beraz, ADEGIk badu beste aukera bat orain arte erakutsi ez duen jarrera negoziatzailea azalarazteko. ADEGIri dagokio mahai gainean proposamen serio eta erreal bat jartzea benetako negoziazioa behingoz eman dadin. LAB jarrera negoziatzailearekin azalduko da bilerara, baina, ADEGIk aurrera egiteko asmorik ez balu, LABek konfrontazioaren alde egingo du sektoreko lan baldintzak hobetzeko.

-Papergintzari dagokionez, ADEGIk bukatutzat eman zuen negoziazioa sektorea konfrontaziora eramanez. Bada, dagoeneko porrot egin du. Greba erabat arrakastatsua izan da. Hortaz, gogoeta bat egin behar du eta erakutsi behar du negoziazioaren aldeko apustua egiten duela proposamen berriak mahai gaineratuz. Soilik horrela lortuko dugu konfrontazio egoeratik negoziazioaren bidera pasatzea. ADEGIri dagokio fitxa mugitzea.
 

 

 

Egun osoko greba egiten ari dira Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaietako langileak

0

Urteko lanaldiaren murrizketa, soldaten doitzea, kontratatutako lanaldien handitzea eta enpleguaren egonkortasuna dira Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaietako langileen aldarrietako batzuk, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok babestuta. Horiek lortzeko, lau orduko lanuzteak egin dituzte egunotan, eta gaur jauzi bat eman dute euren borrokaldian, egun osoko greba eginda. Bilboko kaleetan manifestazioa egin dute, euren borroka gizarteratzeko.
 
Bizkaiko kirol-lokal eta zelaien hitzarmenaren negoziazioaren inguruan sortutako mobilizazioak hasi dira euren eragina izaten kanpoko igerileku eta udako ikastaroetan. Patronalak eta udalek irabaziak izan dituzte hamarkadetan zehar kolektibo oso bat prekarizatzearen kontura eta orain erantzukizunak onartzea eta sektoreari duintasuna bermatuko dion konponbidea eskaintzea dagokie.

Helburua ez da inongo momentutan izan erabiltzailea kaltetzea, baina 30 urte baino gehiago duintasunik gabeko lan-baldintzekin eta 16 hilabete negoziatzen aritu ondoren aurrera pauso bat eman beharrean ikusi dugu gure burua. Hilabete hauetan, Bizkaiko kirolaren profesionalek lehen aldiz erakutsi dute euren antolaketa eta borrokarako gaitasuna. Heldu egin da sektorea, eta ordua da bere etorkizuna bermatzeko.

Patronalak ez du onartzen sektoreak bere eskubideak aldarrikatzea: aldibaterakotasuna langileak behartzeko tresna moduan erabiltzeaz gain, lanpostuak ordezkatzen ditu, azken orduan aldatzen dituzte ordutegiak, langileak galdekatu egiten dituzte eta udako orduak eduki eta lanuzteak jarraitu dituztenek haiek izateari utzi diote. Horren erakusgarri da herenegun negoziazio mahaian erakutsitako inbolimismoa,

Gaur, sektorean bost egunetako lanuzteak izan ondoren, bigarren greba eguna dugu. Negoziazio mahaia osatzen duten sindikatuok, LAB, ELA, CCOO eta UGT-k manifestazioa egin dute CEBEKetik hasita, Arriagako plazaino. Ibilbidean zehar, zumba eta dantza bezalako jarduerak egin dituzte egoera honen erantzule diren Bilbao Kirolak edota Bilboko Udalaren aurrean.

Nagusiki diru publikoz finantzatzen diren sektore hauetan dagoen aldi-baterakotasun eta partzialitate tasa altuekin amaitzea guztioi dagokigun aldarrikapena da. Hortaz, ulerkorrak izatean eta babesa eskatzen ditugu gure lan-baldintza duinak lortu ahal izan arte.

 

 

Bat egin dugu azken erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeekin

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, elkarretartzeak egingo dira gaur eta bihar Euskal Herrian, Bardozen izandako erailketa matxista salatzeko. Mobilizazioak Bilbon (19:30, Arriaga), Iruñean (20:00, Udal Plaza) eta Gasteizen (20:00, Andra Mari Zuriaren Plaza) izango dira gaur, eta Bardozen (18:30, Herriko Etxea), bihar.

Hauxe da Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren deia:

Astebete bakarrik pasa da Euskal Herrian azken erailketa matxista izan zenetik eta jadanik beste emakume bat bere bikoteak erail du. Oraingoan ere Lapurdin izan da, Bardozen hain zuzen ere. 72 urteko emakumea tiroz hilik aurkitu dute.

Hau da Euskal Herrian biolentzia matxistak 2003tik hiltzen duen 100.
emakumea eta ez dugu onartuko. Horregatik gaur Hego Euskal Herrian eta bihar Bardozen egingo diren elkarretratzeetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

Martxan jarraituko dugu, denak aske izan arte!

ASKI DA!
 

 

 

Soldata-arrakalaren benetako irakurketa integrala eskatzen dugu, eta honi aurre egingo dioten egiturazko neurriak hartzea

12 urte baino gehiago daramatzagu LABen generoagatiko soldata arrakala dagoela salatu eta nabarmenduz. Orain, patronal zein instituzioetatik, soldata-arrakala errealitate bat dela aitortu behar izan dute eta gainera, honi aurre egiten ikerketa eta proposamenak egin beharrean ikusi dute euren burua. Atzo bertan ezagutu genuen Emakunderen eskariz genero arrakalari buruz egin zen ikerketa, honek arrazoia ematen digu urteetan salatu dugun hainbat konturen inguruan.

Emakunderen eskariz genero arrakalari buruz egin zen ikerketak arrazoia ematen digu kontu hauetan, besteak beste: soldata-arrakala egon badagoela; arrakala eta lanen feminizazioaren arteko harreman zuzena; lanbide batzutan emakume gehiago egonda enplegu horien prekarizazioa eman eta arrakala zabaltzen denaren konstazioa; emakumeen kasuan ematen den lanaren partzialitatea nagusiki inposatua dela eta soldata-arrakala larritzen duela; soldata-arrakalak emakume guztiak zeharkatzen gaituenaren ebidentzia edozein delarik ere gure ikasketa maila, adina edo lanbidea; eta ekonomikoak diren datuetatik aparte arrakalaren %55aren kausa diren arrazoiak badirenaren konstatazioa.

Beste alde batetik, gure desadostasuna eta kezka erakutsi nahi ditugu pertsona aktibo eta inaktiboez, lanik egiten ez duenez, hitz egiteko tema. Oso larria iruditzen zaigu zaintza lanetan eta izkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guzti horiek izkutatu eta kontuan ez hartzea. Lan hauek kontuan ez hartzeak, arrakalaren errealitatea hutsaltzeaz gain, irain bat dira sistemarko pertsona zaurgarrienentzat.

Azterketak proposatzen dituen aurrera egiteko neurrien inguruan, ados gaude inposatutako partzialitateari aurre egitea, benetako erantzunkidetasuna sustatu eta bermatuko duten neurriak edo soldatari lotutako kontzeptuetan gardentasun handiagoa bezalako proposamenetan. Hala ere, salatu beharrekoa iruditzen zaigu sexuagatiko diskriminazio estruktural baten aurrean gaudela ez aitortzea, honela emakumeok emakume izate hutsagatik gutxiago kobratzeaz gain, sistema kapitalista patriarkal honek prekarietatera, partzialitatera, zaintza-lanak onartzera, bazterketara eta pobreziara kondenatu nahi gaitu.

Soldata-arrakala ez da kasualitatea, interes zehatz eta ondo definitutako estrategie erantzuten die eta erantzule argiak ditu. Serio eta zehatzak izan gaitezen, badakigu zer egin behar dugun, egin dezagun!

Hortaz, soldata-arrakalaren benetako irakurketa integrala eskatzen dugu eta honi aurre egingo dioten egiturazko neurriak hartzea.
 

 

 

Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako garbiketan soldata arrakala %70 gainditzea lortu dugu

0

Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako garbiketan aurre-akordioa lortu dugu. Aurre-akordio hau LAB, ELA, ESK, CCOO eta UGT sindikatuok sinatu dugu. Hau medio, irailaren 19an hasitako greba mugagabeari amaiera ematen diogu.

Lehenik eta behin, azpimarratu nahi dugu sektoreko langileen konpromisoa, 9 hilabete luzeko greba aurrera atera eta uneoro erakutsitako tinkotasunagatik. Zoriondu eta txalotzekoa!
Negoziaketen hasieratik azaldu izan dugu bi hitzarmen hauetan Gipuzkoako kale-garbiketarekin alderatuta langileek bizi duten soldata arrakala gainditzea zela erronka. Komisaldegietan %13koa eta epaitegietan berriz %7ko zehazki. Gaur, soldata arrakala desagertu ez, baina %70ean gainditu dugula baieztatu dezakegu.

Aurre-akordioan ondorengo puntuak adostu ditugu. Komisaldegietan, soldata igoerari dagokionez, 2018tik 2022era urtero KPIaren igoera bermatzeaz gain, soldata arrakala txikitu asmoz %9 soldata igoera izango dute langileek. Aldiz, epaitegietako garbitzaileek, komisaldegietakoek bezala KPIa bermatuta izateaz gain, 2018tik 2021era %4,5eko igoera izango dute.

Honekin batera ultraaktibitate mugagabea, arrisku, toxiko eta nekagarritasunagatik plusa eta hitzarmenaren blindajerako artikulua adostu ditugu.

LAB sindikatutik aurre-akordioa oso positiboki baloratzen dugu. Garbiketako sektorean oso adierazgarria da kalean burutzen den garbiketa publikoa eta lau pareten artean burutzen den garbiketaren artean dagoen aldea. Lehena erabat maskulinizatua dagoen sektorea, eta bigarrena berriz feminizatua, eta lehenarekin alderatuta gainera, soldata alde handia duena. Komisaldegi eta epaitegietako azpikontratetako garbitzaileen egoera horren adibide bat dugu, eta orain erreferentzia bat soldata arrakala gainditzeko borrokan. LAB sindikatuko kideok garrantzia handia ematen diogu aldarrikapen honi eta argi dugu lekuen leku, arrakala hau gainditzeko bideak diseinatu eta borroka egin beharko dugula. Guk hor jarriko ditugu gure indar eta konpromisoa.