2026-09-22
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaEUDELen zuzendaritza berriaren esku dago langileen interesak lehenestea eta udal autonomiak burujabetzaren...

EUDELen zuzendaritza berriaren esku dago langileen interesak lehenestea eta udal autonomiak burujabetzaren norabidean ahalbidetzen duen potentzialitatea defendatzea

Ostegunean EUDELen Asanblada Orokorra bildu zen Elgoibarren eta bertan, kargu banaketatik harago, ezer gutxi entzun genion bere presidente berria izango den Gorka Urtarani. Aurreko lau urtetako balantzea positibo bezala kalifikatu zuten. Ahaztu zuten, antza, 2017tik Udalhitzen negoziazio mahaia blokeatuta dagoela. Bake soziala ezartzea baino ez bilatzen dutenek erraz ahazten dituzte EUDELen ordezkatuta dauden 245tako udaletako langileen eskubideak eta lan baldintzak.

LAB sindikatuak Udalhitzen negoziazio mahaiko azken bileran, bertan ez jarraitzea erabaki genuen. Gure erabakia konstatazio batetik abiarazten zen: EUDELen lehentasunen artean ez gaudela ez herritarrak ez langileak. EUDEL Espainiako gobernuak agintzen duenaren jarraipena egitera mugatzen da inongo bide propiorik erakutsi gabe. Non dago udalen autonomia? Zertan gelditu da onartu den Udal Legea? LABen ustez, EUDEL ezin da mugatu Madriletik datorrena kudeatzera Estatuko apendize bat izango balitz bezala. Estatuarekiko menpekotasuna euskal langileen interesen kontra doalako. EAJ eta Gorka Urtaranen asmoa hori baldin bada, gurekin ez du kontatuko.

Baina LAB prest dago arduraz jokatzeko eta EUDELek onartu berri duen Zuzendaritzari eskua luzatzeko. Zuzendaritza berriaren esku dago langileen interesak lehenestea eta udal autonomiak burujabetzaren norabidean ahalbidetzen duen potentzialitatea defendatzea. Borondate politikoaren kontua da.

LABen aldetik, gure lehentasunak ondoko hauek jarraituko dira izaten: enplegu publikoaren sorrera kontsolidazio prozesuekin batera; zerbitzu publikoen aldeko apustua eta pribatizatuak izan diren zerbitzuak birmunizipalizatzea; murrizketen ondorioz galdutako zorra berreskuratzea; gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalarekin amaitzea; euskararen normalizazioaren aldeko lana bultzatzea eta lan osasuna zaintzea, mutualitateak bazterrean utziz.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko Udalaren eraikinetako garbitzaile azpikontratatuek beste greba ziklo bati ekin diote

Gaur goizean manifestazioa eta elkarretaratzea egin dituzte, eta datozen egunetarako ere hainbat hitzordu iragarri dituzte.

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.