2026-07-10
Blog Page 639

Sistema kapitalistaren baitan larrialdi klimatikoari ezin zaiola aurre egin ohartarazi du Garbiñe Aranburuk

0

Gaur, bi orduz eten egin dugu gure jarduna krisi klimatikoari eman beharreko erantzun ekosozialistari buruz gogoeta egiteko. 11:00etatik 13:00etara, bi orduz, LABeko egoitzak ixtea erabaki dugu. Larrialdi klimatikoaren aurrean, ekosozialismoaren apustua berretsi dugu. Hala adierazi du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Bilboko egoitzaren kanpoaldean egindako agerraldian. "Bidegurutze batean gaude: kapitala ala bizitza", nabarmendu du. Bitartean, egoitzak ixtearekin batera, Gasteizen, mintegi bat egin dugu trantsisio energetikoa ardatz.

Garbiñe Aranburuk agerraldi bat egin du Bilboko egoitzaren kanpoaldean, eta, bertan, LABen irakurketa plazaratu du.

Hain zuzen ere, larrialdi klimatikoa ezkutatu ezin den errealitate gordina dela nabarmendu du. "Larrialdi klimatikoari ezin zaio aurre egin sistema kapitalistaren baitan. Bidegurutze batean gaude: kapitala ala bizitza. Bat ala beste, kontrajarriak baitaude biak. Bizitza jomugan du sistema honek: desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira eta naturaren ustiaketa neurrigabea da, jasangaitza. Sistema aldatu behar da. Sistema auzitan jartzen ez duenak egungo eredua zuritu egiten du". 

Iruñea.

Kapitalak krisi orori kapitalismo gehiagorekin erantzuten diela esan du; eta krisi klimatikoari, esaterako, kapitalismo berdearekin: "Ez dago kapitalismo berderik, ez dago kapitalismo jasangarririk, sistemaren aurpegi zuriketa baino. Hori da instituzioen jarrera. Kapitalaren interesen jagoleak ditugu Euskal Herrian ere: AHT, erraustegia, Supersurra, Hegoaldeko Tren Saihiesbidea, Frackina sustatzea eta krisi ekologikoan sakontzea da. Bizitza merkantilizatzen ari dira, esplotazioan oinarritutako sistema babesten dute, sistema dira".   

Gasteiz.

Gaurko deitua zegoen mobilizazio eguna sindikatuaren agendan sartu dugu. Gaur gure egoitzak bi orduz itxi ditugu, geratu egin gara, aski da esan dugu: "Keinu honekin larrialdi klimatikoari aurre egiteko sindikatuaren konpromisoa agerian utzi nahi izan dugu. Eta keinu honekin gaurko deituta dauden mobilizazio desberdinak indartu nahi ditugu".

LABen eguneroko borroka da sistema hau gainditzea, bizitza erdigunean jartzeko, beste bizitza bat izateko, bizitza duina. Eredu sindikala berritu dugu, feminismoaren eta ekosozialismoaren oinarriak gure eginez.

Gasteizen egindako mintegia.

Larrialdi klimatikoari aurre egiteko trantsizio ekosozialista baterako bidea egin behar da. Eta zein izango da LABen ekarpena trantsizio ekosozialista horretan?

Eraldaketa sozialerako aktibo izan. Egungo produkzio eta kontsumo eredua aldatu egin behar da, eta, justizia sozialaren norabidean, sortzen den aberastasuna modu orekatuagoan banatu. Hori da gure borroka.

Demokrazia eta burujabetzan sakondu. Merkatuen eta enpresa trasnazionalen neurrira eginiko sistema antidemokratikoa da, eredu ekonomiko eta sozialari buruzko erabakiak elite ekonomiko batek hartzen ditu. Langileen erabaki ahalmena handitzea ezinbestekoa da.

Larrialdi klimatikoaren aurkako borroka, ildo sindikalean txertatzea. Klase borroka eta ekologiaren aldeko borroka uztartu egin behar ditugu.

Donostia.

Gabiñe Aranbururen hitzetan, "trantsizio ekosozialista sustatzeko jendartearen aktibazio soziala da gakoa. Borroka honetan, langileak aktibatu nahi ditugu. Langileekin pedagogia egin, eta ikustarazi egunero lan baldintzak duintzeko egiten dugun borroka eta mundua gainbehera daraman larrialdi ekologikoari aurre egitea borroka bera direla. Bizitza duina defendatzen ari gara".

Beraz, gai hau, sindikatuaren konpromiso izatetik langilegoaren borroka bilakatzera urratsa ematea da LABen erronka: "Gaur sindikatua geratu dugu, etorkizunean langileak geratzeko".

 

 

 

Nafarroako nekazaritza sektoreko prekaritatea salatu nahi dugu, Erriberrin gertaturiko lan istripu hilgarriaren harira

LAB sindikatuak bere elkartasuna eta babesa helarazi nahi dizkie iragan asteartean Erriberrin zendu zen Lizarrako langilearen familia eta lagunei. Era berean, berehala osatzeko gure desioa igorri nahi diogu istripu hartan zauritu zen bertze langileari. Asteartekoarekin, dagoeneko 34 dira Euskal Herrian 2019an lan istripuetan hil diren langileak; horietako 10 Nafarroan izan dira.

47 urteko A.S.E. langilea Erriberriko dermio batean zegoen, mahatsa biltzen eta jasotzen. Eta traktorearekin N-121 errepidera sartu zelarik, kamioi batek bortizki jo zuen, errepidetik kanpora bota zuen eta kamioiaren erremolkeak traktorearen kabina zanpatu zuen.

Nekazaritza sektoreko prekaritatea ez da inor ezustean harrapatuko duen zerbait: lanaldi luze eta gogorrak, edozein motatako eguraldiaren erasopean, anitzetan zaharkiturik dauden makinak, lan erritmo frenetikoak, destajuko soldatak -gaizki ordainduak, orduka edo kiloka- lanaldien arteko atsedenaldi eskasak… Horiek guztiak daude sektore honetan gertatzen diren istripu gehienen gibelean.

Berriz ere, sindikatu honek salatu nahi du erakundeek ezartzen dituzten prebentzio eta segimendu politikak ez-nahikoak direla arras. Mahai gainean ditugun zenbakiek horixe adierazten digute, aurreko krisialdia iragan eta gero etengabe handitzen ari baitira lan istripuen kopuruak. Jakin badakigu langileen osasuna ez dela patronala edo erakundeak bereziki kezkatzen dituen gai bat, mozkinei begiratzen baitiete soilik, Nafarroko baratzearen produktuen kalitateari soilik, eta ez diete erreparatzen hainbertzeko pobrezia eta hainbertze istripu sortzen dituzten prekaritate eta esplotazioari.

Gure ustez, txikia baino txikiagoa da erakundeek enpresengan eragiten duten presioa segurtasun planak egokitu, hobetu eta martxan jartzeko edo prebentzioa behar bezala lantzeko. Horregatik, urteak dira LAB eskatzen ari dela Lan Ikuskaritzako eskumena Nafarroari ematea edota Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari indar handiagoa ematea enpresak zelatatzeko, prebenitzeko eta segimendu zorrotza egiteko, odoluste hau bukatze aldera, prekaritate eta esplotazio habiak diren sektore hauek iraultze aldera.

 

 

 

Nekane Murgarekin bilera eskatu dugu Osakidetza EPEko 19 mediku kategoriaren prozesua geldi dezan exijitzeko

0

Arduraz joka dezan exijitzen diogu Osakidetzari, ehunka hautagairen itxaropenekin ez jolasteko. Susmagarriak diren eta ikertzen ari diren kategorien prozesuarekin normaltasunez aurrera egitea erabaki larri eta arduragabea da; eta Osakidetzako zuzendaritza erabaki honek ekar litzakeen ondorioen erantzule bakarra izango da.

Pasa den irailaren 26an, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendaritza berriak 8 mediku kategoriaren hautagaien zerrendak argitara eman zituen. Zortzi kategoria hauen artean badaude bi (Medikuntza Nuklearra eta Oftalmologia) LAB sindikatuak salatu dituenak, azterketen emaitzetan alde handia zegoelako hautagai gehienen eta gutxi batzuen artean, hain zuzen ere, jokoan zeuden plazak bezainbeste. Hilabete batzuk beranduago jakin genuen Oftalmologiako hautagai batek irregulartasunak salatu zituela, baina Osakidetzak kategoria horretako epaimahaiak hori ez ikertzeko hartu zuen erabakia ontzat eman zuen. LABetik salatu nahi dugu Osakidetza mugimendu hauek guztiak erabiltzen ari dela ikerketa oztopatzeko.

Horregatik, Nekane Murgarekin biltzeko eskatu dugu, aurrez aurre exijitzeko LABek salatu dituen 19 kategorien EPE prozesua geldi dezan, horien artean Oftalmologia eta Medikuntza Nuklearra.

Nora eraman nahi gaitu Osakidetzak, itxaropen faltsuak sustatuz eta instrukzio penal baten barruan dauden plazak esleituz?

Gogora ekarri nahi dugu fiskaltzak salatu dituen 11 kategorietako hiru baino ez dituela modu ofizialean gelditu Osakidetzak. LABen ustez, 11 baino, 19 kategoria ikertu behar dira irregulartasunak argitzeko eta gutxieneko bermeko EPE prozesua aurrera eraman ahal izateko.

Bitartean, Osakidetzak egintza burutuen dinamikan jarraitzen du; Osakidetzako zuzendaritza berriari eskatzen diogu, berriro ere, jarrera harroputz eta oztopatzailea albo batera uzteko.

 

 

 

Vicinay taldeak Cables y Alambres enpresa ixtera kondenatu duela salatu dute langileek

0

Egoeraren aurrean, Erandioko enpresako langileek mobilizatzeari ekin diote, kalera atera dira. Vicinay Taldeari eskatu diote lantokiaren behin betiko itxiera eragotziko duen etorkizuneko plana egin dezala.

Enpresa batzordearen oharra:

Enpresa Batzordeak salatu nahi du: Vicinay Taldeak, Erandion, Kablea ekoizteko duen bere enpresaren jarduera suntsitzen eta eraisten ari dela.

Atzo, enpresak hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen. Joan den hilean, Abuztuan, Enpresa Batzordeari Enplegua Erregulatzeko Iraungitze Espedientea aurkeztu zion, 43 langileren kaleratzea proposatuz. Langileek erabateko ezezkoa eman zieten espedienteari.

Zuzenean 122 beharginek eta zeharka 50 bat beharginek lan egiten duten enpresa hau, Vicinay Taldeak 2015eko maiatzean erosi zuen. Ordura arte, akziodunak langileak beraiek ziren eta lantokia dagoen lursaila, SOCADE elkartearen bitartez, Eusko Jaurlaritzarena zen.

Vicinay Taldeak dena eskuratu zuen; hau da: alde batetik, akzio guztiak erosi zituen; eta bestetik, lursaila (lurrak eskuratzeko, Eusko Jaurlaritzarekin akordio bat egin zuten bost urtez jarduerari eutsiko ziola). Orduan, Vicinay-k publikoki adierazi zuen: 10 milioi eurotako inbertsioak burutuko zituela, 40 kontratazio berri egingo zituela eta ekoizpena %70ean handituko zuela.

Benetan gertatutakoa oso bestelakoa da. 40 kontratu berri egin baino, langile kopurua gutxitu du eta egin diren kontratazioak Aldi Baterako Lan Enpresen bidez egin dira. Vicinay egin dituen inbertsioak erabat eznahikoak izan dira beharrezkoa zen produkzioa bermatzeko eta langileen segurtasuna ziurtatzeko.
Honi gehitu behar diogu, herriko udalak agertu duen Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerapena; zeinak aurreikusten duen: lantokia kokatzen den lursaila bizitegi-gune bilakatu nahi duela.

Sindikatuek 2017. urtetik hona etengabe salatu dute, Vicinay Taldeak ez baldin bazuen apustu erreal bat egiten Erandioko lantokiaren alde, industria proiektua eta enplegua arriskuan leudekeela.

Industria planik eza etengabe errepikatu den egoera izan da azken 5 urtetan. Baina egun dugun egoeraren detonatzailea izan da: azken urte eta erdian enpresak sufritu duen bazterketa eta utzikeria.

Egungo argazkia: orain bi aste jarduera geratuta, eta Vicinay-ren aginduz modu mugagabean gainera; langileak etxean daude baimen ordaindu batekin; eta jada 80 egun baino gehiagoko soldata zorra dauka enpresak eurekin. Horri gehitu behar zaio, Vicinay Taldeak esan diela aurrerantzean ere ez dutela soldatarik kobratuko.

Guzti honen aurrean, langileak mobilizatzeari ekin diote, kalera atera dira. Vicinay Taldeari eskatu diote lantokiaren behin betiko itxiera eragotziko duen etorkizuneko plana egin dezala. Eusko Jaurlaritzari eta udalari laguntza eskatu diete, bitartekari izan daitezen, ehunka urte dituen proiektu industrialaren etorkizuna eta enplegua ziurtatuko duen akordioaren alde.

 

 

 

Manifestaziora deitu dugu Iruñean larunbaterako, jazarpen sindikala salatzeko

Jazarpen sindikala salatzeko egunotan egin ditugun mobilizazioen harira, manifestaziora deitu dugu larunbaterako Iruñean. Hain zuzen ere, borroka sindikalaren aurkako erasoen eta LABeko zenbait kidek jaso dituzten zigorren salaketa jendarteratuko dugu; espetxe zigorrak eta isun ekonomiko larriak, tartean. Hala, autobus geltoki zaharretik abiatuta, Iruñeko kaleak hartuko ditugu 17:30etik aurrera.
 

 

 

Irailaren 27an, bi orduz eten egingo dugu gure jarduna krisi klimatikoari eman beharreko erantzun ekosozialistari buruz gogoeta egiteko

0

Datorren irailaren 27an, larrialdi klimatikoa dela-eta nazioarte mailako mobilizazio egunaren aurrean, LAB sindikatuaren ohiko jarduna geratu egingo da. 11:00etatik 13:00etara, bi orduz, LABeko egoitzak itxita izango dira. Geratu egingo gara, krisi klimatikoari eman beharreko erantzun ekosozialistari buruz gogoetatzeko. Aldaketa etxetik hasten baita. Ekimen honekin LAB-ek kapitalismo heteropatriarkal eta ekozidaren kontra agertu eta burujabetza ekosozialista eta feministaren aldeko apustua berretsi egin nahi du. Era berean, deitu diren mobilizazioetan aldarrikapen propioekin parte hartzera deitzen ditu langileak.

Kapitalismoaren bilakaera bortitzak pertsonen eta planetaren jasangarritasuna kolokan jartzen du, langileon bizi eta lan baldintzen prekarizazioa kronifikatuz. Argi dugu krisi integral honen aurrean, kapitalismotik sustatzen ari diren proposamen sasiekologistak ez direla inolaz ere alternatiba. Horregatik, ezinbestekoa da agenda sozial bat martxan jartzea, langileon beharrizanak jasoko dituena eta printzipio ekologista, feminista zein justizia sozialean oinarrituko dena. Zentzu horretan, burujabetza, alternatibak egikaritzeko ezinbestekoa izango da.

Euskal Herrian eta mundu zabalean, trantsizio ekosozialista baterako oinarriak jarri behar ditugu, denbora galdu gabe. LABetik norabide horretan hainbat urrats ematen ari gara eta berandu baino lehen gure praktika soziosindikalean proposamen ekosozialistak txertatu eta sindikatu bezala dugun praktikan konpromiso zehatzak hartuko ditugu.

Geratu, pentsatu eta ekin. Hori da LABetik planteatzen duguna ekosozialismoaren bidean aurrera egiteko. Eta horrela egingo dugu irailaren 27an gure egoitzetako pertsianak jaitsi eta jendaurreko arreta etenda. Gelditu egingo da sindikatua, eztabaidarako, hausnarketarako eta ekinbide berriak adosteko. Lan mundua eraldatuko badugu, ezinbestekoa baita sindikatua eraldatzea.

Irailaren 27an, 11:00etan, bi orduko etenaldiari ekiteko orduan, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak agerraldia egingo du LAB sindikatuaren Bilboko egoitzaren kanpoaldean, sindikatuaren irakurketa plazaratzeko.

 

 

 

Onartezina da Mercedeseko langileak prekarizatzea Dieseleko krisiaren aitzakiapean

0

Atzo, Mercedes Benzeko Zuzendaritzak eta Komiteak bilera bat burutu dute eta bertan enpresak planteatu du malgutasuna handitzeko beharra. Horren aurrean, LABek argi dauka langileak ezin dituztela prekarizatu dieseleko krisiaren aitzakiapean eta horregatik enplegua eta lan baldintzak tinko defendatuko ditu.

Atzoko bileran, MERCEDESeko Zuzendaritzak haiek egindako egoeraren azterketa helarazi digu. Horren ondorioz, Komitearen batzorde negoziatzaileari malgutasuna 26 orduz luzatzea planteatu diote, -170 ordutara, suspentsio ERTE bat ekiditzejo asmoz.

Horren guztiaren aurrean, LABek argi eta garbi adierazi nahi du aipatzen diguten Diesel krisia ezin dela langileen bizkar gainean erori. Izan ere, azken aste hauetan jakin izan dugu MERCEDESek 132.000.000 €ko etekinak izan zituela iaz (delako krisia zabalduta zegoenean), 269.000.000€ banatu zituela dibidendoetan eta produkzioa handitu zuela aurreko urtekoarekin alderatuta. Horrekin batera, aste honetan bertan Alemanian DAIMLERri 870.000.000€ko isuna ezarri diote ibilgailuen isurketaren datuak manipulatzeagatik (hauxe gure lantegiko zuzendariak tinko ukatzen zuen duela zenbait aste eta orain Taldeak onartzen du).

Beraz, gure ustez langileei ezin zaizkie lan baldintzak okertu, ezin zaiela prekarizatu eta langileek ezin dituzte MERCEDESen jokabide okerrak edota irregularrak ordaindu. Hori dela eta, LABek langile guztien enplegua aldarrikatzen du eta beraien lan eskubideak tinko defendatuko ditu (Mercedesekoak zein enpresa hornatzaile eta azpikontratetakoak) bai oraingo neurrien aurrean, baita etorkizunean etor daitezkeen mehatxuen aurrean ere.

LABen helburua langileen lan baldintzak hobetzea da eta asmo horrekin lan egingo dugu prozesu honetan zehar.

 

 

 

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak Durangon egingo dira, azaroaren 1, 2 eta 3an

0

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak hortxe daude eta guk momentu historiko hori ez dugu galdu nahi. Izena emateko epea bukatzear dago (urriak 7) eta oraindik ez baduzue izena eman, lehenbailehen egin ezazue hemen!

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak hortxe daude eta guk momentu historiko hori ez dugu galdu nahi. Azken jardunaldiak 2008 urtean izan ziren eta geroztik hona asko aldatu da mundua. Gu ere aldatu gara eta gure eztabaidak eta erronkak ez dira berdinak; horregatik aukera paregabea dugu berriro elkartzeko, eztabaidatzeko, elkarrekin konspiratzeko, gozatzeko eta Euskal Herrian aurrera eramango ditugun lan ildo feministak adosteko…

Izena emateko epea bukatzear dago (urriak 7) eta oraindik ez baduzue izena eman, lehenbailehen egin ezazue hemen!

LAB ere presente egongo da Idazkaritza Feministatik aurkeztu dugun tailer batekin: “Sindikalista feministak gara eta harro gaude! Sindikalgintza feminista kapitalismo heteropatriarkalari aurre egiteko ezinbesteko tresna”.

2019ko azaroaren 1, 2 eta 3 Durangon
Salda badago eta egongo da!
Animatu, izena eman eta parte hartu.
Gora borroka feminista!

 

 

 

Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitaleko langileak greba mugagabean dira

0

Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitaleko langileek ekintza bat egin dute gaur, Baionako suprefeturaren aitzinean, urgentzietako eta gainontzeko zerbitzuetako lan baldintza negargarriak salatzeko. LAB beste sindikatuekin batera mobilizatu da, eta greba mugagabearekin egin dugu bat.