2026-04-30
Blog Page 638

Datozen ekimenak aurkeztu ditu G7 EZ! Euskal Herritik mundu berri bat sortzen plataformak


G7 EZ! Euskal Herritik mundu berri bat sortzen Euskal Herriko plataformak agerraldia egin du gaur, Alternatives G7 Frantzia mailako plataformarekin batera heldu den abuztuan antolatuko dituen ekimenak aurkezteko.

IRAKURKETA

• Plataforma pasa den azaroan osatu zen Euskal Herri osoko eragileak bilduz, izan herri mugimendu, sindikatu edo alderdiak, G7 eta bere munduaren kontrako deialdia komun baten baitan (ikus http://g7ez.eus/deialdia/ ). Gaur egun, 49 eragilek osatzen dugu plataforma, baina gure erronka da bertako nahiz nazioarteko ahalik eta eragile gehienen atxikimendua jasotzea. Horretarako, atxikimendu dinamika bikoitza martxan jarri dugu eta datozen egunetan emaitza publiko egingo dugu.

• G7ak ordezkatzen duen kapitalismoaren kontra eta eredu berri batean oinarrituriko mundu bat eraikitzeko arrazoiak ugariak eta anitzak dira. Horrela laburbildu ditzakegu:

− Mendebaldeko potentzia handien nagusitasunaren sinboloa da G7aren gailurra, kapitalismoa betikotu eta neoliberalismoan sakontzeko konpromisoak hartzea baita helburu nagusiena.

− G7a sinbolotzat duen munduaren egoera larria da oso: klima aldaketa, desberdintasunen areagotzea, gerra inperialistak, indarkeria matxistaren areagotzea, behartutako migrazioak, transnazionalen nagusitasuna, langileon lan zein bizi baldintzen prekarizazioa…

− G7 gailur horrek badu berezitasun handi bat: Euskal Herrian izango da, kapitalismoaren, hetero-patriarkatuaren eta inperialismoaren zapalkuntzei erresistentzia, elkartasuna eta bestelako mundu bat eraikitzeko borondatea sustraituak eta bizirik diren lurraldean.

• Diru xahuketa eta setio egoera ekarriko duen gailur hori oroz gainetik munduko oligarkiaren komunikazio operazio bat da eta bereziki Macronentzat, frantses Estatuako egoera politikoa kontutan hartuz.

• Salaketa eta kontra borrokatzeaz haratago, antolatuko dugun kontra-gailurra aukera bat izango da desberdinkeriak, pobrezia eta hondamendi ekologiko zein klimatikoen aurrean, alternatibak partekatu eta eraldaketa posiblea dela ikusarazteko. Zentzu honetan, hiru helburu nagusi bete nahi ditugu jarraian aurkeztuko dugun programarekin:

− Bata, G7-ak ordezkatzen duen kapitalismo basatiari ezetz esatea
− Bestea, mundu berri baten aldeko ahalik eta herritar gehien elkartzea, alternatibak partekatu eta eraldaketa aldarrikatuz.
− Azkenik, bertako zein nazioarteko eragile zein herritarren elkargune bilakatzea


Gure mobilizazio programa :

• Lehenik, salatu behar dugu kontra-gailurra modu duinean egiteko tokiak lortzeko autoritate frantses zein espainolen aldetik izan ditugun oztopoak. Aspalditik abiatu genituen harreman instituzionalak eta gaur egun, oraindik ez dakigu kontra-gailurra garatzeko izango ditugun azpiegitura guztiak. Zentzu horretan, programa neurriz kanpoko egoera batean, debeku eta oztopoak tarteko, berme hauskor batzuen barnean antolatzea lortu dugu. Ez dira baldintza egokienak, baina programa anitza, integrala eta bizia antolatzen ari gara.

Lehen hitzordua, Biarritzeko manifestazioa uztailaren 13an, 17:00tan Baratze publikoan/Midi geltokian (eta ez Loren hipodromoan)

Gailurra baino hilabete lehenago Miarritzeko karriketan ozenki aldarrikatu nahi dugu bestelako mundu bat eraikitzea urgentea bezain beharrezkoa dela eta G7 osatzen duten buruzagiak ez direla ongi etorriak.

Hendaia-Irungo kontra-gailurra, agorrilaren 19tik 23ra
− Irun eta Hendaia arteko eremu itxi zein irekietan gauzatuko dugu programa, Irun eta Hendaia artean Alternatiben Lurraldea irudikatuz.

Harrera eta kanpalekua. 19 eta 20an aterpetze gunea irekiko da eta kanpoko jendeari harrera egingo zaio. Bertan akanpatzeko oinarrizko beharrak asetuta egongo dira (ura, komunak, argindarra…), baita jateko aukera ere. Arratsaldean animazioak egongo dira eta egunero Hendaia edota Irunera joateko autobusak antolatuko ditugu. Lehen bi egunetan auzolanerako deialdiak egongo dira, kontragailurra baldintza egokietan burutzeko lanak modu kolektiboan eginez.

Jardunaldiak. Abuztuaren 21, 22 eta 23an Irun eta Hendaiako toki desberdinetan gauzatuko da: Ficoba izango da gune zentrala, Oiaso museoa, Palmero montero kultur gunea, Hendaiako zinemak…). Bertan konferentziak, eztabaidak, tailerrak, jateko aukera, ekintza kulturalak, eragileentzat azoka… egingo dira gaurko munduaren arkitektura ulertu, borroka nagusien erronkak gertutik ezagutu eta bestelako ereduaz hausnartzeko. Euskal Herriko zein nazioarteko hizlari zein eragileen parte hartzea ziurtatua dago. Jorratuko diren gaiak honako 7 tematikatan bildu ditugu, horrela formulatuak:

1. Mundu berria eraiki, kapitalismoa eta multinazionalen diktadura gainditu!
2. Planetaren suntsiketa gelditu… lurra eta bizitzak zaindu!
3. Mundu feministaren alde, heteropatriarkatua harrakalatu
4. Herrien aniztasuna eta askatasuna defendatu ! diskriminazioarik gabeko mundu (dekolonial) baten alde
5. Demokrazia eta eskubide guztiok guztiontzat! Autoritarismoarekin amaitu!
6. Herrien arteko elkartasuna, gerra eta inperialismorik ez!
7. Inor ez da ilegala, mugak eraitsi

Abuztuaren 24ko manifestaldia, larunbata, Hendaian
− Goizeko 11:30tan bi zutabe abiatuko dira, Pausutik eta hondartzatik. Herri
zentroan elkartuko dira eta Santiago zubiraino joanen dira.

Abuztuaren 25eko ortzadarra eremua, igandean, 12:00etatik 16:00etara.
− Gure plataformaren printzipioetan agertzen diren irizpideei jarraiki, gure lan egiteko moldeak masa mobilizazioa, borroka ideologikoa eta desobedientzia zibila izango dira. Zentzu horretan, G7-ak ordezkatzen duen kapitalismoari planto herritar masibo bat antolatuko dugu. Soilik bide baketsuak erabiliz eta ahalik eta herritar gehien biltzeko helburuarekin, G7-a egingo den eremuaren inguruan ortzadar bat irudikatuko dugu:

1. Biarritzeko Cité de l’océan ingurabidean
2. Bidarte Barroilhet ingurabidean (autopistako Biarritzeko irteera)
3. Angeluko Maignon ingurabidean
4. Angeluko Herriko Etxean
5. Baionako Herriko Etxean
6. Angeluko bost kantoinen plaza
7. Angeluko Chambre d’Amour hondartzan

− Bide berean, deia egiten diogu herriari (langileak, komertzioak, enpresak…) G7arekin ez kolaboratzera.

• Arestian aipaturiko oztopoek, programaren osaketan eragin kaltegarria izateaz gain, honen guztiaren antolaketa zaildu eta garestitu du. Gaurko agerraldia aprobetxatu nahi dugu lagundu nahi duen norbanako, eragile sozial, sindikatu, kooperatiba orori, bakoitzak ahal duen neurrian, premiazko diru-ekarpena egin dezan gonbidatzera (jarraian, kontu korrontea). Era berean, udan zehar hainbat ekimen martxan jarriko ditugu diru bilketa herritarra egiteko: pultserak, cofrowing kanpaina…
− CREDIT MUTUEL: FR76 1027 8022 7800 0443 5234 150

• Diru bilketan parte hartzeaz gain, ekimenak laguntzeko molde asko daude: itzultzaile lanak egiteko prestutasuna, animazioak proposatzea (musika eta beste…). Laguntza oro beharrezko eta ongi etorria da. Jarri zaitezke gurekin harremanetan: harremanak@g7ez.eus

• Azkenik, G7 EZ! eta Alternatives G7 plataformek antolatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deialdi irmo bezain lasaia luzatzen diegu Euskal Herriko jendeari nahiz kanpotik etorriko diren guztiei, mundu sozial eta justua, parekide/feminista, ezberdintasunik gabea eta ingurumena errespetatzen duena, elkarrekin eraikitzeko.
 

 

BBK eta Vital Fundazioa demokratizatzeko proposamena egin dugu Kutxabank Publikoa plataformako eragileok

Gaur Kutxabank Publikoaren aldeko Plataformak, hainbat sindikatu eta eragile sozialek osatuak, prentsaurreko bat eman du Bilbon azken hilabete hauetan gure finantza erakundeari buruz eta beronen jabegoa duten fundazioei buruz agertu diren albisteen balorazioa egiteko. Nabarmendu dute Kutxabankek erakunde erdipublikoa izaten jarraitzeko, BBK eta Vital Fundazioak demokratizatu behar ditugu.

1. Fundazioetako patronatukideen hautaketa demokratikoa

Aurrezki Kutxak kudeatzeko eredu nahiko demokratikoa zegoen eta beraien batzar nagusietan alderdi guztiek, sindikatuek eta ezarleek parte hartzen zuten. Orain, BBK eta Vital Fundazioetan patronatukideak ez dira demokratikoki aukeratzen.

Horregatik Plataformak gizarteari, fundazioei eta alderdiei eredu demokratiko baterantz joateko, beste erakunde publikoetan egiten den sistema proposatu nahi die eta gutxienez, Kutxa Fundazioan egiten den moduan gutxienez.

Kasu honetan fundazioak lurralde bakoitzekoak direnez, foru hauteskundeak daudenean berriztatzea proposatu nahi dugu Kutxan egiten den antzera baina 15 kideak, ez 12. Horrela alderdiek finantza arloan eskarmentu handia duten edo gizarte erakundeetako kideak proposatuko lituzkete, bakoitzak lortutako botoen arabera. Horrez gain, sindikatuek eta eragile sozial eta kultural gehiagok parte hartzeko kide kopurua handituko litzateke:
  

Finantza arloan eta ekonomian aditua izatea edo gizarte arloa ezagutzea ezinbesteko baldintzetako bat da hiru fundazioetako patronatukidea izateko baina alderdi guztiek hautagaiak aurkezteko aukera eduki behar dute eta ez da inor baztertu behar orain gertatzen den moduan.

Horiez gain, aurrezki kutxen eredu demokratikoagoa berreskuratu ahal izateko ordezkaritza sindikal osatuagoa egotea behar da eta, horretarako, fundazioetako kide kopurua handitzea proposatzen dugu, adibidez 21 bat kide izan arte.

Bestalde, pribatizazio arriskua kentzeko, akzioen jabetza euren jatorrizko jabeei itzuli behar zaiela uste dugu, hau da, Aldundiei eta udalei eta fundazioak kudeatzaile hutsak izatea. Horrela, Euskaltelen gertatu den egoera tamalgarria Kutxabanken gertatzea saihestuko genuke. .

Bestetik, gaur egun daukagun oligopolio bankarioa sortzeko, erabaki politiko baten bidez aurrezki kutxak eraitsi zirenez, isilean eta inork ez jakiteko moduan, ez da harrigarria herritarren %98k Kutxabank norena den ez jakiteak eta horrek zinez kezkatzen gaitu.

2. Gizarte Ekintzaren kudeatzaileen jarrera etikoa

Gure erabateko desadostasuna ere adierazi nahi dugu Xabier Sagredo jaunak, BBKren Gizarte Ekintza kudeatzen duen erakunde baten buruak,urtero 380.000 euro kobratzearekin, bere ohiko soldatari, Iberdrolako Administrazio Kontseiluan parte hartzeagatik jasotzen dena saria gehitu zaiolako. Normala al da?

Bestetik ikusi dugunez patronatukide batzuen artean fundazioetatik dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeetako kide batzuk proposatu dira edo badaude eta hori ere ez da etikoki onargarria. Hau da, dirua ematen dizun erakundearen gobernuan egoteak interes gatazka nabarmena sortarazten du.
 

 

 

Medikuntza sozialeko langileek lan-baldintza txarrak salatu zituzten atzo Baionan

Atzo, LABek prentsaurrekoa eman zuen Baionan, medikuntza sozialeko langileek jasa behar dituzten lan-baldintza txarrak eta laneko sufrimendua salatzeko. “Guk besteak zaintzen ditugu baina gu, nork ote zaintzen gaitu?” galdera luzatu zuten langileek.

LANGILEEN IRAKURKETA

Gu sozial langilegotzan ari garen guztiok alarma jotzen dugu!

Antolakuntza berritzeak, sozial kudeaketa metodo berriak, ordutegi aldaketak, eta beste, estakuruak baizik ez dira : egiazki diruztatze apaltzeak dira, errendimendu handitzeak, diruaren araberako lan kudeaketa butala eta kulpabilizatzailea.

Gero ta gehiago egin behar da geroz ta gutxiagorekin prekaritatea haundituz eta azkartuz !

Gure postu fitxak nola nahi ta haien gustora moldatuak zaizkigu Lan Lege berriak permititzen duen bezala. Hori dena gure lana eta indarrak deuseztuz eta hori paziente guztiekin edo ta publiko osoarekiko. Horrek denak ondorio zailak eta txarrak sortzen ditu bai lanean bai bizi pertsonalean.
Gure sozial egiturak edozein enpresa bezala konsideratuak dira eta hala ez dira ! Haiekin beti zenbaki kontu bat da alta jendeentzat eta jendeekin lan egiten dugu, zenbakiak ez gara eta ez dira !!

Gauzak ezberdinak dira bakoitzaren arabera, ezin da dena beti kalkulatu eta neurtu.

EZ ! 7 minutu terdi ez dira aski pertsona zahar baten garbiketarentzat

EZ da posible ; 15 minutu zailtasunetan den gazte bat entzuteko ez dira aski ere ez !

BAI ! Beti pertsonez aldatzea hitz egiteko beharra dutenean ez da onargarria ! Bere sufrikarioa emendatzen diogu horrela jokatuz.

Azken aldi hauetan jasan izan behar ditugun zuzendaritza aldaketek helburu bat baizik ez dute : kalkulu kontuak, zenbaki beti hobeagoak eta zentzu gabeko edozein aldaketak, soziala hitza arras ahaztuz

Horren atzean kanporaketa asko daude, bai horrekin bat egin nahi ez duten langileen kanporaketak ; eta horien ordez kontratu prekarioetan beste jende batzu hartuko dituzte ; deus erranen ez dutela esperantzarekin.

Askotan gure lana galtzea eta beste bat ez atxematea beldur gira, jakinez sektorea krisian dagoela. Proposatuak diren kontratuak geroz eta labur eta prekarioak dira, lansari minimoak, flexibilitatea beti gehiago eskatzen digute zerbitzuen beharrei aurre egiteko (lan geldialdiak ez ordezkatuak, langile falta, ez egoteak…)

Estreza baita ere larritasun egoerak gutariko batzuentzat eragina dutenak gure bizi pribatuetan eta gure osasun fisikoa eta mentalarentzat.

Nola holako ahultasunean edo gaizki izatean gure pazienteak edota erabiltzaileetaz ongi okupatzen ahal gira ? Hori dena maleruski, terreno ona da akatsak egiteko jakinez kasu batzuetan lanjerora izaten ahal dela. Gure beharra dute eta baldintza hoberenean.

Eri edota dependenteak diren jendea lagundu, laguntza behar handia duen jendearekin egon, prekaritatean den jendea bideratu, gazteak informatu, jende zaharrak artatu…

Hauek dira gure misioak, eta oroitarzatea garrantzitsua da. Gainera, behar horiek geroz eta gehiago handitzen dira zahartzen den gizarte batean eta gure politika soziala ofensiboan beharrean daudenak ahultzen duen estatu batean. Laburbilduz, langile indargabetuak ez dituzte behar haien parean, aurkakoa ! Diru gehiago behar da eta dispsitibo egokiak, langileek haien misioak bete ditzazten.

Galdera batzu bururatzen zaizkigu : nork erreleboa hartzen du ; postuak, permanentziak, oheak edo egiturak ixten direlarik ? Labo APSP eta LRA buruan ditugu noski.

Gaur, elkarteko lehendakariak, administrazio kontseiluak eta zuzendaritzak interpelatzen ditugu : management finantzario eta lardearitsuak eragin oso txarrak ditu langile osasunean eta egin behar duten lanean ! Humanoa zentroan jarri behar da berriz, hortarako lanbide hau hautatu dugu eta egunero altxatzen gira !

Instituzio publikoak ere interpelatzen ditugu : herriko etxeak, departamendua, eskualdea eta Eskualdeko Osasun Agentzia, gure egituren diruemaileak. ASKI ozenki esaten dugu. Dirua behar dugu egiazko beharren arabera !

Gaur, departamenduari hitz egin nahi diogu partikulazki, berak konpetentzia soziala duelako baitere Elkargoari bihar ukanen lukeelako : elkartasuna zentroan emanen duen politika soziala behar dugu eta orain !
 

 

 

Jarrera aldaketa eskatzen diogu ardogintzako patronalari

0

Arabako ardogintza sektoreko negoziazio-mahaiko kide garen LAB, UGT eta CCOOek, patronalak mahaian duen jarrera salatu nahi dugu.

2018ko abenduan hasi ziren negoziazioak eta bilera batzuen ondoren, ez da askorik aurreratu.

Patronalak bere proposamenetan lan-baldintzak prekarizatzeko dinamika berdinarekin jarraitzen du, eta hauek gutxienekoak dira, ekonomikoki zein sozialki.

Ez dugu ulertzen nola hau bezalako sektore batean, itzelezko irabaziak dituena, miseriazko soldata igoerak planteatzen dizkiguten, guztiz askiezak direnak eta gainera, soldata-diskriminazioa bultatzen du (soldata eskala bikoitzak), langileon duintasunari eraginez.

Kontuan izan behar da sektore honetan oso handiak direla irabaziak eta honek ez duela islarik ardoa egiteko zati handi batean, horrela, esku-lana eta langileak dira onurarik jasotzen ez dutenak.

Sortzen den aberastasuna banatzeko momentua da eta langileok borrokan egingo dugu langileek baldintza laboral eta ekonomikoak duintzeko.

Alde sozialetik, negoziatzeko prest gaude, baina ez edozein preziotan edo edozer, eta duinak izango diren akordioetara heltzea ahalbidetzeko.

Hortaz, funtsezko aldaketa eskatzen diogu patronalari hitzarmenaren negoziazioan.

 

 

 

Eragin orokorreko hitzarmen duina exijitzen dugu Arabako metalgintzan

0

Gaur, uztailaren 9an, Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea bildu da eta bertan, SEAk bere jarrerari eutsi dio: aurrerapenik ez du egin eta eragin mugatuko hitzarmena sinatzea ez du baztertzen. Horren aurrean, LABek metalgintzako hitzarmen duin bat exijitzen du, eta berau, bai ala bai, gehiengoak sinatuta egon behar dela planteatzen du.

Gaurko bileran, SEAk aurreko bileretan izandako jarrera eutsi dio: sailkapen profesionala estatuko metalgintzako hitzarmenean jasotakoa izatea, 2018an soldata igoerarik ez egotea, azpikontratetako langileen subrogazioa baztertzea,…

Horretaz gain, argi utzi du eragin mugatuko hitzarmen berri bat – hau da, ordezkaritza sindikalaren gutxiengoak sinatuta – ez duela baztertzen, eta irizpide bera defendatu du UGT sindikatuak. Posizio hori defendatzeko 2 balizko aukera aurreikusi ditu patronalak: eragin mugatuko hitzarmen bat egotea ala ez egotea hitzarmenik.

LABen ustez, planteamendu hori erabat faltsua da, SEAk beti edukirik gabeko hitzarmena bilatzen duelako eta horretarako errazenera jo izan du: sindikatuen gutxiengoarekin sinatzea.

Horregatik, LABek hitzarmena duina izatea eta gehiengoan sinatuta egotea exijitzen du, sektoreko arazoei erantzuteko: soldata baxuak, lanaldi altua, azpikontratazioa, prekarietatea, kontratazioan dagoen iruzurra, emakumeen diskriminazioa, lan osasunaren falta,… Beraz, soilik arazo horiei konponbidea bilatuta lortu daiteke LABen sinadura.
 

 

 

Josenea Lan Elkarteko langile bat lan istripuan hil izana salatzen dugu

Lehenik eta behin, LABek bere elkartasuna eta babesa erakutsi nahi die atzo hildako langilearen familia eta senideei. LABen datuen arabera, gutxienez 27 dira urte hasieratik Euskal Herrian lanean hildakoak, horietariko 8 Nafarroan. Istripua gertatu den enpresan, Josenea Lan Elkartean, beste langile bat hil zen istripuz martxoaren 29an, ordukoan in itinere izandako istripuan.

Enpresaren ezaugarriak eta Nafarroako Gobernuak ematen dizkion laguntza publiko garrantzitsuak ikusita, bereziki nabarmentzen da heriotza hau. Hortaz, gertatutakoaren ikerketa zorrotza eskatzen dugu eta zehatz ikertzea erabiltzen ari den tresneria eta makinaria, eta baita arriskuen prebentziorako plana bere osotasunean.

Ematen du berriro gaudela istripuen udako gorakadaren aurrean, Euskal Herrian astean langile bat hiltzera eramaten duena. Gure ustez, igoera hau, gainontzeko lan-istripuak bezala, ez da kasualitatearen ondorio.

Prekarietate eta prebentzio faltan egiten den inbertsio faltaren egoera orokor hau larritu egiten da udan: prestakuntzarik gabeko mugikortasun funtzionala, gainbegiratze falta, tenperatura altuak, etab. Enpresak behartuta daude egoera hauek beti kontuan hartzera, baina bereziki udan.

Sistema kapitalistak nahi du laneko heriotzak, istripuak eta gaixotasun profesionalak onartzea ekoizpen prozesuaren azpiproduktu bezala eta ezin dugu horrelakorik onartu.

Lanetik bizirik bueltatzeko eskubidea dugu eta ez boltsa beltz batean. Are gutxiago, gertakari hauen ostean, gehienetan, irabazi enpresarialen hazkundea dagoenean.

Dei egiten diegu langileei lan arriskuen arloan egiten den edozein ez-betetze salatzera eta ordezkaritza sindikalari jakinaraztera, baldin balego, edo bestela zuzenean sindikatuarekin harremanetan jartzera, berehala esku hartzeko. Enpresariari bat pasatzen uzten badiozu, baliteke bigarren aukerarik ez egotea.

Era berean deia egiten diegu beste sindikatuekin batera egingo dugun kontzentrazioan parte hartzera. Bihar izango da, uztailaren 10a asteazkenean, 12:00etan, enpresak Noainen dituen lokalen aurrean.
 

 

 

Lehen arretako osasun zentroen ordutegi murrizketak salatzen ditu LABek

0

LABek, baliabideak arrazionalizatu eta langileen oporrekin bat egiteko aitzakiapean, Osakidetzak lehen arretako hainbat zentroen itxiera ordua 20:00tik 15:00 edo 17:00ra aurreratzea salatu nahi du. Guzti hau, zentroen ateetan eta Osakidetzako webgunean publikatutako ohar txiki baten bidez iragarrita.

Langileen oporraldiak betetzeko ordezkapenik ez dagoela argudiatuz, Osakidetzaren zuzendaritzak aldebakartasunez eta arduragabekeriaz hartutako neurria da hau. Osakidetzako langileriari zein erabiltzaileei kalte egiten dieten neurriak. Azken finean, euskal osasun publikoaren kaltetan doan erabakia.

“Denbora-gabeko arreta, arrisku arreta” lelopean egindako 3 greba jardunaldi eta gero, Osakidetzako zuzendaritzaren irtenbidea medikuei aparteko orduak ordaintzea da, 60´65 euro ordu bakoitzeko. Hori da EAJ-ko buruzagiek, langileon lan agenda onargarriak antolatzeko aldarrikapenari emandako erantzuna.

Honelako erabakiak gure inguruan gutxiago garatuta dauden osasun sistemekin parekatzen gaituzte. Ez dugu onargarritzat ematen ekografia bat egiteko 3 hilabeteko itxaron zerrenda, errehabilitazioa egiteko 6 hilabetekoa edota urte betekoa edukitzea basektomia edo lo probak egiteko. Hauek dira EAJ-k ezarritako politika neoliberalen fruituak. Osakidetza osasun publikoaren eredu zen garaia atzean uzten dituzten politikak.

Ezin dugu beste aldera begiratu euskal osasun publikoa deuseztatzen diguten bitartean. Urte osoan zehar ezartzeko asmoarekin, Osakidetzako zuzendaritzak neurri honen eraginkortasuna aztertuko duela badakigu.

LABetik Euskal Herritarrentzat errespetua exijitzen dugu gure eskubideak eta zerbitzu publikoen murrizketak eten ditzaten aldarrikatuz. Itxiera ordutegiaren aurreratzeari ez esaten diogu, eta kontratazioari bai.
 

 

 

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako sindikatuok UGT-k hartutako erabakia deitoratzen dugu

0

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO-ek, UGT sindikatuak atzo hartutako erabakia deitoratzen dugu. Sektore honetako langileok 10 urte daramatzagu lan hitzarmena berritu gabe, eta 10 urte hauetan gure lan-baldintzak kaskartuz joan dira. Egoera honetara iritsi izanaren ardura patronalak eta Hezkuntza Sailak daukate, bakoitzak dagokion mailan, baita gatazkari irtenbide egokia emateko aukera ere.

Mobilizazio dinamikari ekin aurretik hamaika negoziazio mahai eta bilera gauzatu genituen arren, mobilizazio dinamika hasi eta indartu dugun heinean soilik ikusi ditugu mugimenduak patronalen eta Hezkuntza Sailaren aldetik. Behin mobilizazio dinamikari ekin ondoren ere, adostasunak erdiesteko hainbat saiakera gauzatu ditugu sindikatuok, gure planteamenduetan malguak izan gara, proposamen neurtuak helarazi dizkiegu eta erabateko zintzotasunez jokatu dugu.

Patronalen negoziaketarako borondate ezak zein Hezkuntza Sailaren inplikazio faltak ordea, mobilizazioak indartu beste biderik ez digute utzi. Jadanik 27 greba egun gauzatu ditugu sektoreko langileok, 24 azken ikasturte honetan. Baina erabateko arduragabekeriaz, Hezkuntza Sailak gatazkaren irtenbidean parte hartu gabe jarraitzen du, eta patronalak planteamandu berdintsuei bueltaka jarraitzen du, langileen oinarrizko eskaerei erantzun gabe mobilizazioa desaktibatzeko etengabeko saiakeran.

Egoera honen aurrean, sektore honetan ordezkaritza daukagun sindikatuak hurrengo ikasturtera begirako mobilizazioak adostu eta lantzeko bilerak izaten ari gara. Atzo izan genuen bilera hauetako bat, eta datorren asteetarako berriro biltzekotan geratu gara.

Sektore honetan ordezkaritzaren gutxiengoa duen UGT sindikatuak (% 3ko ordezkaritza dauka) atzoko bileraren ondoren publiko egindako planteamendua alde bakarrekoa da eta gainerako sindikatuokin adostu gabea.

LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuok, izaten ari garen bilera hauen ondorioz hurrengo ikasturterako pausoak eta mobilizazioak landuta eta adostuta dauzkagunean egingo ditugu publiko.  

 

 

EAEko Haurreskolak Partzuergoaren erabakitze organoetan hezkuntza komunitatearen hitza entzutea nahi du LABek

0

Gaur burutuko den aurtengo Batzarrean, aurrekontuak eta kudeaketa planak onartuko dira. LABek, aurrekontuetan beste partida batzuk sartu behar direla uste du, haurreskolen doakotasuna garatzeko, 2 urteko gelak Haur hezkuntzako lehen zikloan mantentzeko eta langileon egonkortasuna eta 2018tik negoziatu gabe dagoen Lan hitzarmen berria negoziatzeko.

Gaur burutuko den aurtengo Batzarrean, aurrekontuak eta kudeaketa planak onartuko dira. LABek, aurrekontuetan beste partida batzuk sartu behar direla uste du, haurreskolen doakotasuna garatzeko, 2 urteko gelak Haur hezkuntzako lehen zikloan mantentzeko eta langileon egonkortasuna eta 2018tik negoziatu gabe dagoen Lan hitzarmen berria negoziatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren asmoen artean, haur-hezkuntzako lehen zikloa, haurreskoletako hain zuzen ere, umeen 0-2 urte tartera mugatzea da, aldiz, LAB sindikatuarentzat, gizarteko eragile eta familia askorentzat umeen 0-3 urte bitarteko zikloa izaten jarraitu behar duela argi dugu, eta gainera, euskalduna, kalitatekoa, unibertsala eta doakoa izan behar duela.

Horregatik Eusko Jaurlaritzari, Legebiltzarrak eskatu ziona betetzeko pausu gehiago ematea eskatzen dio LABek. Haurreskolen doakotasuna helburua izanik, lehen urratsa beteta jada, hezkuntza zerbitzu hau, urtean 18.000 euro baino errenta baxuagoa duten familientzako doakoa baita. Jaiotzatik hezkuntza eskubidea aukera berdintasunean bermatuta izateko, doakotasun osoa eskatzen dugu.

Halaber, orain urte bete LAB sindikatuak familiek sinatutako ehundaka eskaera erregistratu zituen Legebiltzarrean, 2 urteko haurrak Haurreskolak Partzuergoan geratzeko euren nahia aldarrikatuz. Tamalez, ez dugu erantzunik jaso, hezkuntza komunitatearen ahotsa entzunezina izaten jarraitzen du. Zer esanik ez, haurrena. 0 eta 3 urte arteko haurren beharrak, erritmoak, ratioak, espazioak… garapenerako baldintzarik onenak haurreskoletan ditugula ez dago zalantzarik.

Gauzak horrela 0-3 urte arteko ziklotik Euskal Eskola Publiko Komunitarioa eraikitzeko bidean, hezkuntza komunitatearen ahotsa entzutea eskatzen dugu.Eusko Jaurlaritzak kontrako bidea hartzen jarraitzen badu, aurrean izango gaitu.