Beasain eta Irungo CAF-eko langileek ordubeteko lanuztea egin dute, "In itinere" gertatutako lan istripuak salatu eta atzo hildako lankidearen gertukoei eta sendiari elkartasuna adierazteko.

Beasain eta Irungo CAF-eko langileek ordubeteko lanuztea egin dute, "In itinere" gertatutako lan istripuak salatu eta atzo hildako lankidearen gertukoei eta sendiari elkartasuna adierazteko.

Zahar etxeek ematen duten zerbitzuak gizartearen oinarrizko behar bat betetzen du. Horren kudeaketa esku pribatuetan utziz gero, etekin ekonomikoa baino ez da bilatzen; eta hori guztiz onartezina da. Are gehiago lan baldintzen prekarizazioaren bitartez eta zerbitzua kaskartuz egiten denean, horren ondorioz erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzua eta badituzten baldintzak nabarmen okerragoak baitira.
Erran bezala, egoera hau duela hilabete batzuk salatu genuen eta horrek suposatzen ahal zituen arriskuak mahai gainean paratu genituen. Bada, arrisku horiek dagoeneko errealitate bihurtzen ari dira.
Gure sektorean, Nafarroan, azkeneko urte luzeetan lortu den pausu garrantzitsuenetako bat eman da 2019 honetan: Plaza kontzertatuak dituzten zahar etxeetan, hau da, Nafarroako Gobernuak plaza horien zati bat ordaintzen duenean, herrialde mailako antolakuntza eta langileen gutxieneko baldintzak bermatzeko neurri batzuk zehaztu dira. Bada, gure zahar etxea den Francisco Joaquin Iriarte kudeatzen duen IDEA enpresa pribatuak, alde bakartasunez eta Udalari inongo berririk eman gabe, plaza horietara ez aurkeztea erabaki zuen. Plaza kontzertaturik eduki ezean, ez dago aipaturiko gutxieneko baldintza horiek bete beharrik eta erabiltzaile batzuentzako karga ekonomikoa handiagoa da. Egoera horren berri izan genuenerako, beranduegi zen.
Jarrera horren gibelean dauden arrazoiak bi dira; langileen baldintzak duindu nahi ez izatea eta legedi orokorretik at funtzionatu nahi izatea, argi utzita langileak eta erabiltzaileak bortz axola zaizkiela eta, beraiendako, dirua dela garrantzia duen elementu bakarra.
Beharrezkoa ikusi dugu honen berri modu publikoan ematea, alde batetik babesik gabe gaudela sentitzen dugulako eta bertzetik garrantzitsua iruditzen zaigulako Baztango herritarrek jakitea zein egoeratan dauden bertako oinarrizko zerbitzu bat eta bertan lan egiten duten langileak. Egoera onartezin hau konpontzeko eman beharreko lehendabiziko pausua, baina ez bakarra, zahar etxearen kudeaketa berriz publikoa izatea da. Interes pribatuak egoten segitzen duen bitartean zerbitzua eta baldintzak txarrak izanen baitira.
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitza hartu du Bilboko Arriaga plazan egindako agerraldian, eta mobilizatzea premiazkoa dela adierazi du. Horretan ari dira Katalunian eta horretan ari gara Euskal Herrian. Ostiralean, euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzeak egingo ditugu Euskal Herriko lantokietan. Larunbatean, berriz, bat egingo dugu Gure Esku herri ekimenak Donostian deitutako manifestazioarekin (Antigua, 17:30).
Hauxe da euskal gehiengo sindikalaren oharra, ostiraleko mobilizazioen harira:

Maitemintzen duten enpresak, lanerako erakargarriak omen diren Gipuzkoako enpresak aurkezteko NewCulturers Gunea antolatu du Adegik Tabakaleran, eta bertara deitu ditu hainbat eta hainbat gazte. Marketing kanpaina borobila da.Enpresa eredu berri batez mintzo zaigu Adegi, ametsik gozoenetan ere irudikatu ezingo genituzkeen enpresak: gimnasio eta guzti, langileon denbora librea errespetatzen dutenak… idilikoak, idealak. Errealitatetik, baina, urrun dago eredu horretatik, ADEGIk egun eskaintzen dizkigun enpresa eta lan harreman eredutik oso urrun. Hain zuzen ere, horixe salatu dugu LAB sindikatuak eta Ernai gazte erakundeak, Tabakaleraren aurrean egindako parodia eta mobilizazioarekin.
Langileon prekarizazioan oinarritzen da patronala. Sindikaturik gabeko enpresak nahi ditu, antolatu gabeko langileak. Banakako harremanak lehenesten ditu, langileak bakandu, bakartu eta kolektibotasunak duen indarra desaktibatuz. Behin-behinekotasuna, lan baldintza kaskarrak eta miseriazko soldatak eguneroko ogi dira ADEGIko kide diren enpresetako langileentzat.

Are gehiago, gazteontzat. Lau txanponen truke praktikaldiak eginez hasten dugu lan munduan prekarietatearen ibilbidea. Lehen egunetik bizirautera kondenatuta gaude, emantzipatu eta bizi proiektu duin bat proiektatu eta eraikitzea ezinezkoa bihurtzen zaigu.
Hona hemen ADEGIko kide diren hainbat enpresen asmo onen eta eredu maitagarriaren adibide zenbait:
-FRESMAK: Esan asko eta egin gutxi. Hitzetatik ekintzetara ez dira pasatzen. Sari asko jaso ditu enpresak, baina langileontzat inoiz ez dago saririk.
-IBARMIA: Ez dute inongo sindikatuta afiliatutako langilerik kontratatzen. Sindikalgintza debekatuta dago de facto enpresan.
-SIDENOR: Propaganda asko eta ekintza gutxi. 348 langiletatik 328 dira gizonezkoak eta 20 emakumezkoak. Eta hori, “Berdintasunaren alde lanean” kanpaina martxa jarrita daukatenean.
-SARRALLE: Ez dute sindikaturen batera afiliatutako langilerik kontratatzen. Sindikalgintza debekatuta dago de fakto enpresan.
-GKN: Inbertsio funts espekulatzaile batek erosita dauka GKN, eta edozein momentutan hondoratu liteke “guztiona” den trainerua.

Bistan da. ADEGI eta langileok ez goaz traineru berean arraunean, ezta joango ere. Bere interesen alde, poltsikoak ongi beteta jarraitzeko patronalak aurpegia zuritzen jarraitzen duen bitartean, gazteok, langileok, aurrean izango gaitu. Prekarizazioaren olatura igota den patronalaren kontra, guk, lan eta bizi duinaren alde egiten dugu arraun.
Hauxe da Beasaingo CAFeko enpresa batzordearen oharra:
Lehenik eta behin gure doluminak eta besarkada beroena Endikaren familiartekoei.
Ez dugu inolaz onartzen, lanera etortzeagatik inor hil dadin, Zuzendaritzaren ardura ere bada gure lanpostuetatik etxera, bizirik eta osasuntsu iristea.
Istripu mota hau in itinere gertatutako lan istripu bat izanik, ez da lanpostuan edo enpresan gertatutako lan istripuetako protokolo bera aktibatzen.
Istripuaren nondik norakoak erabat zehaztu gabe badaude ere, beste inguruko enpresetan egiten den moduan, ordubeteko paro deialdi bat burutzea proposatzen dugu. Paroa bihar urriak 16 asteazkena, 11:00etatik 12:00etara bulego orokorren aurrean burutuko litzatekeelarik bertan kontzentrazio bat eginez.
Arratsaldeko eta gaueko erreleboko langileek, urriaren 16an hasitako lanaldiaren azken orduan burutuko dute geldialdia.
Paro ordu honetaz gain, eta historian zehar gure aurrekoengandik jaso izan ditugun konpromiso eta elkartasun baloreak jarraituz, Beasaingo CAFeko plantila osoaren lanordu bat Endikaren familiarentzako bideratuko da.
Beste lan heriotza baten berri izan dugu gaur. Hain zuzen ere, Antsoaingo industria eraikin bateko teilatuan egokitze lanak egiten ari zen 46 urteko langile bat zendu egin da, atzo izandako istripuaren ondorioz izandako zauriek eraginda, zazpi metroko altuera batetik erori eta gero. Aurten, gutxienez, 38 langile hil egin dira lanean Euskal Herrian; horietatik 13 Nafarroan.
Duela bi aste, antzeko beste lan heriotza bat gertatu zen Burlatan, Erripagainan, eraikuntza lanetan ari zen langile bat bosgarren solairu batetik erori eta gero. Bistan da istripu hilgarri hauek ez direla kasualitate hutsa. Lan istripu guztiak ekidin badaitezke, altueratik erori ondoren gertatutakoak are eta gehiago, kasu honetarako segurtasun neurri egokiek ez baitute halakorik ahalbidetzen. Segurtasun falta eta prekarietatea dira eraikuntza sektorearen ezaugarrietako bi, eta, batuta zein banaka, heriotza dakarte.
Lan istripuek erantzule zuzenak dituzte. Patronala irabazi ekonomikoak lehenesten ditu langileen segurtasun eta bizitzatzen gainetik, eta Administrazio Publikoek beste alde batera begiratzen dute, lan heriotzen sarraskia euren ardura izango ez balitz bezala. Egoera honen konplize dira. Lan osasunari buruz hitz egiten dute, baina bultzatzen dituzten politikek prekarietatea sustatzen dute.
LAB sindikatutik hildako langilearen lagun eta senideei elkartasuna adierazi nahi diegu, eta langile klaseari dei egiten diogu lan heriotza salatzeko antolatuko diren mobilizaioetan parte hartzeko. Sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileen eskubide, segurtasun eta osasunaren defentsan.
LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok, langileen eskaerek erantzunik izan ezean, jarraikotasuna izan dezakeen hilabeteko grebara deitzen dugu datorren azaroak 7tik abenduak 5era bitarte. Patronal zein hezkuntza sailaren arduragabekeria eta inmobilismoak greba dinamika indartu beste biderik ez digu utzi, azken greba egunetik 5 hilabete igaro diren arren, ez patronalaren ez eta hezkuntza sailaren aldetik ere inolako mugimendurik ez baita egon.
Hauxe da sindikatuon ohar bateratua, gaur Bilbon egindako agerraldiaren harira:
Sektore honetako langileok 10 urte daramatzagu Lan Hitzarmena berritu gabe. 2017Ko Azaroan, KE eta AICE-IZEA patronalen jarrera hertsiak mahaitik altxatu beste biderik utzi ez zigutenetik, mobilizazio ugari gauzatu ditugu, hainbat elkarretaratze, eta manifestazio, hainbat kanpaina eta ekintza, eta, besteak beste, langileen babes zabala izan duten 27 greba egun 2 ikasturtetan sakabanaturik. Gure mobilizazio egutegiak langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak landu eta ekartzeko beta eman du, eta sindikatuok adostasunak erdiesteko jarrera eta asmo garbia azaldu eta saiakerak egin ditugu etengabe. Deitzen gaituzten bilera guztietara joaten gara, geuk deitzen ditugunetara deituak ez etorri arren, akordioak lortzeko giltzarriak non dauden zehaztasun osoz adierazi dugu, negoziazio saiakeretan zintzotasunez aritu gara, gure eskaerak erabat neurtuak dira, eta malgutasuna erakusten ari gara gure planteamenduetan.
Tamalez ordea, langileen eskaerei erantzun eta gatazkari irtenbidea emateko ardura zuzena eta aukera dutenak, sektoreko patronalak, ez dira dagokien arduraz jokatzen ari. Eta Hezkuntza saila, hezkuntza sistemaren arduradun den heinean, ere ez.
Patronalak behin eta berriro adierazi arren negoziatzeko borondate duela, borondate hori ez da bere proposamenetan ageri, ez eta izaten ari den jokaeretan ere. Besteak beste, aldebiko bileretan langileen eskaerei gehiago gerturatzen zaizkien planteamenduak egitera iritsi bada ere, ondoren atzera bota ditu; ustez diskretoak izaten ari ziren elkarrizketak publiko egin ditu hausturak eta nahasmena sortu eta mobilizazioa desaktibatzeko asmoz, edukiz hutsalak eta errepikakorrak izan diren negoziatzaileak deituriko mahaiak deitu ditu etabar luze bat.
Hezkuntza sailaren rola berriz, bere burua zuritzearena izaten ari da, gatazka bideratzeko eskuhartzeren bat izaten ari delako itxura egitea, baina gatazkaren irtenbidean benetan inplikatu gabe. Honen adierazgarri, sindikatuokin izandako aldebiko bilerak geure eskariz izan direla ia beti, gatazka oso aurreratua egon denean soilik eta hezkuntza sailak erabakitako edukietara mugatuak; baita sindikatuok, patronalei eta hezkuntza sailari LHKan egindako bi bilera deialdien aurrean biak ekiditeko moduak bilatu dituela ere. (lehenengoan patronalaren ez agertzeko erabakiaren atzean ezkutatuz eta bigarrengoan gure bilera kontraprogramatu eta eduki gabeko bilera batera deituz sindikatuok aurreko egunerako). Gatazka hau bideratzeko “Enplegua mantendu eta irakasle-plantilak zaharberritze aldera” luzatutako proposamen-akordioak hutsune nabariak ditu eta ez du langileen birkokapena inondik inora bermatzen.
Testuinguru honetan, patronalaren eta hezkuntza sailaren aldetik mugimenduak eta proposamenetan aurrerapusoak ikusi baditugu greba eta mobilizazio dinamika indartu dugun heinean izan da soilik. Patronalak grebaren “mehatxupean” negoziatzeko erreserbak adierazi ditu, baina oraingo honetan ere, pasa den ikasturteko azken greba egunetik ( maiatzak 9) 5 hilabete igaro dira, eta ikasturtea hasi denetik ez dute inolako aurrerapauso eta mugimendurik egin.
Patronalaren aldetik inolako berririk ez daukagu. Ekainak 13an izan genuen mahai negoziatzaile deiturikoetan azkena, bertan maiatzeko greba egunen aurretik ezaguna zen proposamenarekiko inolako aurrerapausorik ez zuen aurkeztu patronalak, eta horrela darrai egoerak, uztailean zehar beste mahai negoziatzaile bat deituko zuela esan arren patronalak.
Hezkuntza sailak Iraila hasieran, eta eragin errealik gabeko beste propaganda ekintza soil batean, publikoki adierazi du ikasturte honetarako itunpeko sarerako aurreikusten duten gastu aurreikuspenak gatazka bideratzen laguntzea espero duela. Sindikatuok galdetu behar izan diogu Hezkuntza sailari honen inguruan, ez baita gurekiko inolako kontakturik egin sailaren aldetik; eta behin galdetuta, propaganda hutsa izan dela berretsi dugu, ez baitago inolako diru sarrera gehigarririk aurreikusita.
Hau guztia horrela izanik, beste behin ere greba dinamika indartu beste biderik ez digute uzten. Beraz, LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok, langileen eskaerek erantzunik izan ezean, datorren Azaroak 7 eta Abenduak 5 bitarte jarraikotasuna izan dezakeen hilabeteko greba barneratzen duen mobilizazio egutegia abian jartzea adostu dugu.
Familien ardura ulertuz, sindikatuok beraiekin biltzeko prestutasuna adierazi nahi dugu, eta aldi berean adostasunetara iristeko gure borondate eta aldartea berretsi.
Horrela, beste behin ere, patronalei eta hezkuntza sailari bakoitzari dagozkion ardurak bere gain hartu eta gatazka bideratzeko neurriak har ditzatela galdegiten diegu, langileen eskaerei erantzun egoki bat emango dioten planteamendu eta proposamenak eginez.
UGT, Afapna, SMN eta SATSE sindikatuek euskararen dekretuaren aurka jarritako errekurtsoaren aldeko epaiak ondorio larriak ekarriko dizkio Osasunbideko plantillari, batez ere erizaintzako langileei.
LAB sindikatuak Gobernuari exijitzen dio kasazio-errekurtsoa jar dezala eta behar diren neurriak har ditzala segurtasun juridikorik gabeko egoera hau bideratzeko.
UGT, Afapna, SMN eta SATSE sindikatuek euskararen dekretuaren aurka jarritako demandei erantzunez Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiek ondorio garbi bat izanen dute Osasunbideko plantilletan: lekualdatzeen eta oposizio-lehiaketen baremoetan euskara ez da baloratuko merezimendu gisa.
Horrela izanen da, argi eta garbi. Horrek eragina izanen du langile finkoengan eta kontratudunengan. Gure lanpostuak betetzeko baremoetan aspalditik baloratu izan den merezimendua egun batetik bestera kendu dute, eta, horrela, Osasunbideko langileen eta Nafarroako biztanle askoren eskubideen aurka egin dute.
Jendeak kontrakoa uste badu ere, epai honek atzerako eragina ere badu, eta hemendik aurrera hasiko diren prozesuetatik haratago doa. Izan ere, 2017ko abendutik gaur arte Osasunbidean izan diren lekualdatze eta oposizio-lehiaketa guztietan izanen du eragina. Hau da, epaia aplikatu behar da gaur den egunean bukatu gabe dauden prozesu guztietan eta hemendik aurrera onartzen diren guztietan.
Epaiak, zehazki, honako lanpostu hauen lekualdatze lehiaketetan izanen du eragina: erizain espezialistak, barrutiko fakultatibo espezialistak, larrialdietako mediku albokoak, OOLT-LZA-LZBko medikuak, odontologoak, OOLTko eta larrialdietako pediatrak, psikologoak, EZLTak, APTEak, ODTEak, ETEak, LTEak, erdi mailako teknikariak, osasun-hezitzaileak eta terapeuta okupazionalak.
Oposizio-lehiaketei dagokienez, berriz, honako hauetan: zeladoreak, dietista-nutrizionistak, erizainak, erizain espezialistak, elikadurako teknikariak, EZLTak, APTEak, ODTEak, ETEak, LTEak, ETTEak, farmaziako teknikariak, erdi mailako teknikariak, osasun-hezitzaileak eta terapeuta okupazionalak.
Gauzak horrela, Osasunbideko langileak inoiz ez bezalako segurtasun juridikorik gabeko egoera batean daude lekualdatze edo oposizio-lehiaketa horiei dagokienez.
Erizainak izan dira kaltetuenak; izan ere, azkeneko oposizioetan 500dik gora izangaik alegatu zuten euskararen ezagutza merezimendu gisa. Baina, horretaz aparte, epaiak ia deialdi guztietan izanen du eragina.
UGT, AFAPNA, SMN eta SATSE sindikatuek arduragabekeria handiz jokatu dute, azkeneko hamarkada hauetan baloratu izan den merezimendu bat aurkeztu duten ehunka pertsonari eragindako kalteaz batere arduratu gabe. Langile horiek ahalegin ekonomiko eta pertsonal handia egin dute Nafarroan koofiziala den hizkuntza bat ikasteko, horrela herritarrak hobeki atenditzeko eta beren lanpostuari dagozkion betebeharrak hobeki betetzeko. Orain, ikusten dute ez zaiela batere baloratzen egindako ahalegin hori, eta, gainera, errekonozimendu oro bertan behera gelditzen direla.
Sindikatu horiek euskarari dioten gorroto biziak eraman ditu Nafarroaren hizkuntza-errealitateari eraso egitera ondorioak neurtu gabe; osasun arloko profesionalen artean giro txarra hedatzeaz gainera, ezjakintasunaren apologia egiten dute legez ezarrita dagoen merezimendu honi dagokionez. Ezer gutxi esan dute beste hizkuntza batzuen balorazioari buruz, ongi jakinda hizkuntza horien erabilera hutsaren hurrengoa dela osasunaren arloan. Gauza bera hain zabalduta dagoen “cursillismoari” buruz, ohitura horren onuradun eta konplize direlako, langileen kontura.
Nafarroako Gobernuak epai horren aurkako kasazio-errekurtsoa aurkezteko aukera du. LABetik urrats hori eman dezala esijitzen diogu, eta horren ondotik behar den guztia egin dezala egoera berriz bideratzeko.