2026-04-30
Blog Page 633

Gradua lortu dugu sindikatuko bi afiliaturentzat, UPNk eta Nafarroako gehiengo sindikalak 2002an desegindakoa berregiteko beste urrats bat

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ekainaren 20an emandako epaiaren ondoren, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegia hasi da administrazio-kontratudunendako graduari buruzko demandak ebazten, eta atzo, epaia eman zuen LABek Osasunbideko bi langileren izenean jarritako demandaren alde.

Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak baietsi egin du LABek bi administrazio-kontratudunen izenean jarritako demanda. LABek 2017ko apirilaren 10ean jarri zuen demanda, eta atzo eman epaian demanda oso-osorik baiesten da, graduaren osagarria ordaindu behar zaiela jasotzen duelarik, lau urteko atzeraeraginarekin ordaindu ere.

18 urte joan dira Afapnak, CCOOk, ELAk eta UGTk UPNrekin sinatu zutenetik langile kontratudunek ez zutela gradurik kobratuko, ez eta antzinatasun saririk eta familia-laguntzarik ere. Urteekin, kontzeptu horietako batzuk kontratudunei aitortzea eta ordaintzea lortu dugu, eta orain Europako epai honekin lortu da langile kontratudunak eta funtzionarioak parekatzea alderdi horiei dagokienez.

Europako Auzitegiaren erantzunaren zain egon behar izan dugu, baina, orain, Europak bere epaia eman ondoren, hemengo epaitegietan jarritako demandak bere fruituak ematen hasi dira. Horri dagokionez, esan beharra dago ANPE sindikatuaren demanda batek eragin zuela Nafarroako epaile batek “arazo prejudizial” bat jartzea Europar Batasuneko Justizia Auzitegian kasu horri buruz galdetzeko. Gero, LABek antzeko demanda bat jarri zuen, eta epaileak, 2017ko abenduan lehenengo demandarekin egin bezalaxe, bertan behera utzi zuen gure demanda 2018ko urtarrilean, Europako Auzitegiak bere iritzia eman arte. Europako Justizia Auzitegiak aurtengo ekainaren 20an eman zuen epaia, administrazio-kontratudun guztiek jasaten duten desberdinkeria larria bertan behera uzteko demanda aintzat hartuz. Epai horrek Iruñean irekitako prozesuak berriz abiaraztea ekarri zuen. Hala, uztailaren 30ean argitara eman zen ANPEren demandari buruzko epaia, eta abuztuaren 1ean LABek jarritako demandari buruzkoa.

Hurrengo helburuak: gradua langile kontratudun guztientzat eta lanbide-karrera

Epai honekin, afera Mahai Orokorrean negoziatzeko bidea irekitzen da. Izan ere, hurrengo urratsa da graduaren ordainketa langile kontratatu guztiei zabaltzea. 2002. urtean, LAB izan zen orduko gehiengo sindikalak (Afapna, CCOO, ELA eta UGT) UPNrekin sinatutako testuaren aurka azaldu zen indar bakarra, eta, gaur den egunean, ildo berean lanean eta borrokatzen ari gara, langile publiko guzti-guztientzako lan baldintzak eta soldatak hobetzeko asmoz. Lortzen ari garen garaipen horiei esker, egoera hobetzen ari da, eta, LABen iritziz, hurrengo urratsa langile guztientzako lanbide-karrera lortzea izan beharko litzateke.

Gradua ordaintzeko demandaren kronologia
(* Epaia argitaratu zen eguna).

2016ko abendua: LABek Europako Batzordera jotzen du aldi baterako langileei gradua ordain diezaietela eskatuz.

2017ko hasiera: ANPE sindikatuak demanda bat aurkezten du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegian administrazio-kontratua duen langile bati gradua ordain diezaiotela eskatuz.

2017ko apirila: LABek demanda bat aurkezten du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegian administrazio-kontratua duten bi langileri gradua ordain diezaietela eskatuz.

2017ko abendua: ANPE sindikatuaren demanda dela kausa, Iruñeko epaileak arazo prejudizial bat bidaltzen du Europar Batasuneko Justizia Auzitegira kasu honen gainean aholkua eman diezaion.

2018ko urtarrila: Iruñeko Epaitegiak bertan behera uzten du LABen demanda harik eta Europako Auzitegiak epaia eman arte.

2019ko ekainaren 20a*: Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako epaian adierazten du administrazio-kontratudunek gradua kobratzeko eskubidea dutela.

2019ko uztailaren 30a*: Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak, Europako epaia kontuan harturik, ANPE sindikatuaren demandaren aldeko epaia jakinarazten du.

2019ko abuztuaren 1a*: Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak, Europako epaia kontuan harturik, LAB sindikatuaren demandaren aldeko epaia jakinarazten du.
 

 

 

[BULETIN MOREA]: Hemen duzue Idazkaritza Feministaren argitalpenaren 1. zenbakia

Ikasturte amaierarekin batera argirataratu du sindikatuko Idazkaritza Feministak Buletin Morearen 1. zenbakia.

2019ko urtarrilean argitaratutako 0 zenbakiaren ostean, hainbat gai lantzen dira 1. Zenbaki honetan, hala nola, berdintasun-planen iruzurra edo jardunaldi partzialeko kontratatuen kotizazioa. Gainera, martxoaren 8ko Greba Feministaren inguruko editoriala edota Paula Ezkerra ekintzaile feminista eta sexu langileari egindako elkarrizketa ere aurkituko dituzue.

Benetako edukiak exijitzen dizkiogu SEAri Arabako metalgintzan

0

Gaur, uztailaren 30ean, Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea bildu da eta bertan SEAk proposamen berri bat aurkezteko konpromisoa hartu bazuen ere, hasierako proposamenaren moldaketa baino ez da izan, aurreko bileretan aipatutakoa jaso besterik ez baitu egin. Horren aurrean, LABek SEAri exijitzen dio mahaira edukiak ekar ditzan Arabako metalgintzako langileen beharrei erantzuteko.

Gaurko bileran, SEAk bere hasierako plataformaren moldaketa aurkeztu du. Gogoratu behar dugu, azken bileran SEAko ordezkariek abuztua baino lehen biltzeko beharra aipatu zutela, proposamen berri bat aurkeztuko zutelakoan. Proposamen hori, ordea, ezerezean gelditu da, aurreko bileretan aipatutako puntuen laburpena besterik ez baita izan.

Hortaz, bere “proposamen berrian”, SEAk 2018ko urtea desagertuta mantentzen du, soldata igoera eskasek, lanaldi izugarri handiak, malgutasun handiak eta abarrek bere horretan jarraitzen dute, ez du inolaz ere jasotzen kontratazioaren iruzurra eta diskriminazioa desagertzeko neurririk, eta ez du ezta aipatu ere egiten azpikontratetako langileen subrogazioa, bizia eta lan osasuna ez galtzeko proposamenik,…

Hori ikusita, LABek erabat arbuiatzen du proposamen hau eta SEAri exijitzen dio behingoz mahaira edukiak ekartzeko, beti ere Arabako metalgintzan dauden beharrei erantzuteko. Horixe da, hain zuzen, LABen helburua eta horretarako sektorean aldarrikapenak eramaten ari gara, bai enpresetara, bai kalera, baita mahai negoziatzailera ere.
 

 

 

Osakidetzak ahaztu egiten du euskara langileen ordezkapenetan

LABek ohartarazi nahi du Osakidetzako udako ordezkapenetan, berriro ere, erakundean euskararen erabilera normalizatzeko erronkan atzerapausoak ematen ari direla.

Berriki, Zumaia, Getaria, Zestoa eta Aizarnazabalgo Udalek, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin batera, publikoki salatu dute beraien herrietako mediku ordezkapenak egiteko euskaraz ez dakien mediku bat kontratatu duela Osakidetzak eta ondorioz, erabat euskaldunak diren herri hauetako osasun sistemaren erabiltzaileen hizkuntz eskubideak eta osasun arretaren kalitatea kaltetuz.

Ohartarazi nahi dugu herri hauetako ordezkariek agerian utzitako kasuak ohikoak direla Osakidetzan, eta ez soilik mediku kategorian, bestelako kategoria guztietan ere gertatzen dira atzerapausoak euskararen erabilpenari dagokionez. Urte osoan gertatzen da hau eta udara sasoian are eta gehiago, ordezkapen kopurua ere igo egiten baita.

Bizkaian ere aipa ditzakegu antzerako kasuak. Adibidez, euskara ezagutzarik gabeko medikuak kontratatu ditu Osakidetzak Durangoko Etengabeko Arretarako Gunean (EAG) eta beste horrenbeste egin du erizainekin Ondarruko EAGn. Administrari laguntzaileen kasuan, Gurutzetako harreran, Portugaleteko Castañoseko osasun zentruan, Santurtziko Kabiezesekoan eta Ortuellan emandako kasuak aipa ditzakegu. Azken hauek bereziki larriak iruditzen zaizkigu, bizpahiru hilabetetako kontratuak egin baitizkiete. Araban ere, telefono bidezko arreta ematen duen call-center-ean ere, hizkuntza eskakizunik gabeko administrari laguntzaileak kontratu dituzte.

Euskara eskakizuna duten lanpostuak euskara ezagutzarik gabeko langileekin ordezkatzen dira hainbatetan, sarritan euskararen normalizazioan atzerapausoak sortuz, langile euskalduna ez-euskaldunarekin ordezkatzen baita maiz. Egoera hauek herri erabat euskaldunetan ere gertatzen dira, eta baita Osakidetzako araudiaren arabera euskarari dagokionez lehentasun gorenekoak diren herritarrentzako informazio zerbitzuetan ere, non, berez, lanpostu guztiek duten ezarrita euskararen ezagutzaren baldintza.

Urraketa hauek gertatzearen inguruan Osakidetzak aitzakia desberdinak jartzen ditu. Aitzakia horietako bat, ohikoa, kategoria ugaritan profesional euskaldunen gabezia izaten da. LAB sindikatuaren ustez, gabezia hau zenbait kategoriatan, medikuenean kasu, aspaldiko kontua da eta, hortaz, aspaldi behar ziren hartuak behar besteko neurri eraginkorrak, unibertsitatearekin batera, arazo hau konpontzeko. Zoritxarrez, oraindik ez da horrelako neurririk hartu. Beste zenbait kategoriatan, berriz, administrarien kasuan adibidez, profesional euskaldunen gabezia konpontzeko aski izango litzateke zerrendak irekitzea.

Euskarari dagokionez ordezkapenetan atzerapausoak ematearen beste arrazoia Osakidetzak sistematikoki erabiltzen duen kontratazio ebentual delakoa da. Kontratazio mota honen bidez ez dira lanpostu zehatzak ordezkatzen, aitzitik, zerbitzuetan gerta daitezkeen hutsune desberdinak betetzeko erabiltzen da. Zoritxarrez, berriki LABek egin duen txostenean frogatzen denez, Osakidetzak masiboki eta justifikaziorik gabe erabiltzen du kontratazio mota hau, lanpostu zehatzak ordezkatzeko edota behar estrukturalak betetzeko ere. Euskara eskakizuna soilik plantila estrukturaleko lanpostu zehatzei ezartzen zaienez, ohikoa izaten da, kontratazio ebentual delakoa masiboki erabiltzearen ondorioz, hutsuneak betetzeko egiten diren ordezkapenetan euskara eskakizunik ez eskatzea. Kontratazio mota honen erabilpen bidegabeak, euskararen normalizazioa kaltetzeaz gain, langileen lan baldintzen prekarietatea ere eragiten du, sarritan, lanpostu egonkor estrukturala betetzeko izan beharko lukeen kontratu duina edozein unetan moztu daitekeen kontratu laburren katea bihurtzen baita.

LAB sindikatuak, aldi baterako ordezkapenetan langileen eskubideak, osasun zerbitzuaren kalitatea eta euskararen normalizazioa aintzat hartzeko eskatzen dio Osakidetzari, berriro ere.
 

 

 

Gasteizko kale-garbiketan ez dira ari adostutakoa betetzen

0

Gasteizko kale garbiketako UTE-LV-RSU langileek greba deialdi desberdinak egin zituzten 2018an zehar. Hauetariko azkena, 2018ko abenduaren 2an geratu zen bertan behera. Erabakia, greba-batzordeak enpresarekin izandako bilera baten ostean etorri zen, akodio batzuk sinatu baitziren, besteak beste, jubilazioen kudeaketa eta norbere kontuetarako egunen ordainketa bermatzeko.

Enpresa-batzordeko ordezkariek agerraldia egin dute gaur Gasteizen, enpresak orduan sinatutakoa bete ez duela eta egoera konpontzen ez bada, beharrezko neurriak hartu beharko dituztela adierazi dute.

Aipatutako akordioa Lan Harremanen Kontseiluko Arabako arduradunaren presentzian berretsi zen eta ondoren, Gasteizko Udalaren abala ere jaso zuen.

Jubilazioak tramitatu egin dira, baina lan hitzarmenak arautzen dituen sariak ez dira ordaindu. Egiun gai hau auzietegietan dago. 400.000 euro inguruko kopuruaz ari gara.

Bere egunean adostutako gai hauetaz gain, beste gai batzuk ere bete gabe utzi ditu enpresak, lan hitzarmenean jasota egon arren:

– Enpresa ez da ari betetzen 2018an izandako jubilazio edo baliaezintasun iraunkorren ondorioz egon diren bakanteak edo betegabeko lanpostuak. Bete gabe geratu dira %100 edo %85ko bakante gehienak.
– Sortu diren bete gabeko postu edo bakante hauei dagozkien txanda-aldaketak ez dituzte egin.
– Kategoria profesionaletan egin beharreko aldaketak ere egin gabe daude.
Guzti honetaz gain, kontuan eduki behar da egoera hau 2019an zehar ere ari direla pairatzen, lan-sarien galera eta orkorrean, langileen lan-baldintzen kaltetzea suposatuz. Igo egin da behin-behinekotasuna.

Beste alde batetik, enpresak ez du inoiz batzordea informatzen, langileen lan-egoerari dagokion edozein mugimendu edo egoera gertatzen denean. Laneko segurtasuna eta osasunarekin zerikusia duten gaiak, edo langileei orokorrean zein Gasteizko biztanleei eragiten dien gaien inguruan ez dago gardentasunik ez inolako elkarrizketarik. Urtarrilean eta otsailean pairatu genuen legionella agerraldiaz, aipatu dute antza denez, enpresako bi kamioi tartean zudela. Langile zein enpresa-batzordeak prentsaren bidez izan zuten honen berri. Larritasun handiko kontua da hau.

Langileen segurtasuna lanpostuan ez da enpresarentzat garrantzitsua. Horren adibidetzat jarri dute lan-eremuan duten zoladuraren egoera, penagarritzat joz eta bertan istripuak izan direla eta etorkizunean ere egon litezkeela aipatuz.

2015etik hona izan diren baliaezintasun orokorreko kasuak asko eta asko izan direla adierazi dute, batez ere behin-betiko kontratua zuten langileen artean, eta hori oso deigarria da beste enpresa batzutan egondako baliaezintasun kasuekin konparatuta. Enpresari berdin zaio zein den egoera honen arrazoia. Langileen ordezkariek oso garrantzitsutzat jo dute egoera honen inguruko txosten sakona egitea, egindako lanarekin zerikusia duten jakiteko.

Egoera hau salatu dute sindikatuek, eta adierazi dute aurretik aipatutako akordioak betetzen ez badira eta egoerari irtenbidea ematen ez bazaio, egoera zuzentzeko bidean beharrezko neurriak hartzea besterik ez dutela izango.
 

 

 

LGTB+ kolektiboaren manipulazio eta kapitalizazioaren kontra, kalera ateratzeko deia egiten dugu

Irailaren 19tik 23ra European Pride Organisers Association-ek bileta egingo du Bilbon. Honen aurrean, Harro EH Transmaribibollo plataformak manifestazioa deitu du irailaren 21erako bertan, “Harro ez da EuroPride, gure izenean ez” lemarekin. Mobilizazioa 17:30ean abiatuko da, Arriagatik.

Sindikatuak bat egiten du manifestazioarekin eta bertaratzeko deia egiten die langileei, manifestuaren aldarrikapenak bere eginez. Ez dugu LGTB+ kolektiboaren manipulazio eta kapitalizazioa onartzen.  

 

 

Ambuibericako langileek Eusko Jaurlaritzaren aurrean egin dute protesta

0

Ambuibericako langileek kontzentrazioa egin dute gaur Bilbon, Jaurlaritzaren Osasun Sailaren aurrean, enpresaren kontratazio-eredua aldatzea eskatzeko. Izan ere, osasun-garraioan arduratzen den Jaurlaritzaren azpikontrata bat da Ambuiberica, eta kontratu prekarioak eta lege iruzurrean egindakoak egin dizkie hainbat langileri, euren lan-baldintzak prekarizatzearen kontura irabazi enpresarialak are gehiago handituz. Hainbat langileri, gainera, praktiketako kontratua egin zieten eta praktikaldia amaitzean, kaleratu egin zituzten. Ambuibericako langileek adierazi dute Eusko Jaurlaritzak onartu egiten dituela enpresaren jarduera hauek.
 

 

 

Euskal presoen etxeratzea eskatu dugu Debako hondartzan

Atzo Gasteizen egin genuen bezala, kalera atera dugu gaur berriro euskal presoen etxeratzearen aldeko mezua. Gaurkoan, Debako hondartzan egin dugu eskualde mailako mobilizazioa. Izan ere, Debaldea eskualdean hilero egiten dira presoen aldeko mobilizazioak, lekuak txandakatuz.  

 

 

Mendaroko ospitaleko Osakidetzako 200 langile baino gehiagok babesa helarazi diete greba mugagabean dauden Tecman-eko langileei

0

Mendaroko ospitalean mantenimendu zerbitzurako kontratatuta dagoen TECMAN SVA S.L. enpresako langileok 23. eguna daramagu greban. Hasieratik diogun moduan, gure helburuak oso oinarrizkoak dira: pairatzen dugun lan-prekarietatea alde batera utzi eta gure lan baldintzak hobetzea enpresa hitzarmen duin baten bitartez.

Askotan errepikatu dugu, baina hauek dira gure helburu nagusiak:

1. KPIari loturiko soldata igoerak. 2011tik soldatak izoztuak ditugu eta hauek eguneratzeko ordua dela uste dugu.

2. “Guardiak”. Hauen helburua, ospitalean gerta litekeen edozein arazoren aurrean, ordu erdiko epean bertaratzeko derrigortasunean datza. Lan hau egiteagatik Osakidetzako mantenimenduko langile batek 43 euro kobratzen ditu eguneko, guk aldiz, 11 euro kobratzen ditugu. Eskatzen duguna lan berdinagatik berdina kobratzea da.

Osakidetzako eta TECMAN SVA S.L.-ko arduradunen azken egunetako jarrera salatzeko asmoz sinadura bilketa bat abiatu genuen aurreko astean Mendaroko Ospitaleko langileen artean. Sinadura bilketaren helburuak bi izan dira; greba mugagabean dauden langileei babesa helaraztea eta bai Osakidetzari, bai TECMAN SVA S.L.-ri lan gatazka honi irtenbide bat aurkitzeko dei bat luzatzea.

Guztira, Mendaroko Ospitaleko 200 langile baino gehiagok sinatu dituzte eskakizun horiek, horregatik TECMAN SVA S.L.-ko langileok eskerrak eman nahi dizuegu gurekin bat egin duzuen langile guztioi eta hurrengo mobilizazioetan ere parte hartzen jarraitzeko deia luzatzen dizuegu.

Bukatzeko gogorazi nahi dizuegu aurreko ostiralean, uztailaren 19an, Osakidetza eta TECMAN SVA S.L-ren aurkako salaketa aurkeztu genuela Eibarko epaitegian greba eskubidea urratzearren eta epaiketa irailean izango dela. Eta zein izan da salaketa honen aurrean Osakidetza eta TECMAN SVA S.L.-ren erantzuna? Eusko Jaurlaritzari gutxieneko zerbitzu gehiago eskatzea, grebaren eragina mugatu nahian eta guretzat funtsezkoa den greba eskubidearen kontra egiteko. Eskari hau egiten dutenek izen abizenak dituzte, TECMAN SVA S.L-ko Javier Gomez eta Osakidetzako Asier Esnal.

Ez dugu xantairik onartuko eta ez dugu oinarrizkoak diren eskubideen kontrako erasoen aurrean beste alde batera begiratuko. Prekaritateari aurre egin eta gure lan baldintzak duintzea da eskatzen dugun bakarra, beste ezer ez.

Hori dela eta, Osakidetza eta TECMAN SVA S.L. zuzendaritzeri lan gatazka hau gainditu eta guztiontzat onuragarria izango den irtenbide bat bilatzeko neurriak hartzea exigitzen diegu.

Lan duina, hitzarmen duina. Tecman-eko langileak greba mugagabean.