2026-11-05
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaEz dugu parte hartuko Osakidetzak deitutako aldebiko bileran

Ez dugu parte hartuko Osakidetzak deitutako aldebiko bileran

LAB ez da joango astearte honetarako Osakidetzak deitu gaituen aldebiko bilerara, eta honela jakinarazi diogu idatziz gaur bertan Osakidetzako zuzendaritzari. Pasa den astean Mahai Sektorialetik altxatu ostean, ez zaigu serioa iruditzen, egun batzuk baino ez direnean pasatu adar jotze horretatik, beste bilera batera deitzea, inolako azalpenik eman gabe.

Osakidetzako Zuzendaritza Mahai Sektoriala edukiz husteko urratsak ematen ari da, edozein eduki negoziatzaile alboratuz eta sindikatuokin existitzen ez den harremana irudikatzeko eskaparate propagandistakoa bihurtuz. Osakidetzak ez ditu gutxienekoak betetzen, ez edukien aldetik, ezta formen aldetik ere, eta ondorioz, sindikatuontzat eta guk ordezkatzen ditugun milaka langilerentzat errespetu faltan ari da.

Osakidetza marra gorri guztiak zeharkatzen ari da, eta azken Mahai Sektorialean sindikatu batzuekin gutxiengoan sinaturiko EPE eredu berria eta leku-aldatze prozesua ekarri zituen besapean, inolako lotsarik gabe.

Osakidetzako zuzendaritza, jarrera honekin, LABekiko komunikazio zubi guztiak apurtzen ari da. Izan ere, lasai asko esan dezakegu urte luzetan ezagutu dugun zuzendaritzarik txarrenetarikoaren aurrean gaudela. Ez diguzue sinestaraziko hauxe dela “gardentasun eta aldaketarako” zuzendaritza, ezta? Osakidetzako Zuzendari Orokor hori, hauxe da ETBn emandako denboran ikasitako guztia? Koloredun kapela gutxiago, eta seriotasun handiagoa, mesedez.

Bitartean eta jarrera aldatu ezean, ezer gutxi hitz egin behar dugu Osakidetzarekin. Aldebiko bilerarik egin baino lehen, hobe lukete benetako mahai sektoriala deitzea, edukiz eta benetako gaitasun negoziatzaileaz. Bestela, “lidergoari” buruzko erretorika enpresa diskurtso faltsua baino ez da izango.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.