2026-04-13
Blog Page 621

Tecman enpresako grebalariek itxialdiari ekin diote, euren lan eskubideen defentsan

0

Tecman enpresako langileek itxialdiari ekin diote Mendaroko ospitalean. Bertako mantenimenduaz arduratzen diren langileak greba mugagabean daude uztailaz geroztik: kokoteraino daude Tecman-ek eta Osakidetzak gutxiesteaz, bigarren mailako langiletzat hartu eta ezikusiarena egiten dutelako. Hortaz, protesta indartzea erabaki dute itxialdiarekin. Goizean, elkarretaratze bat egin dute Mendaroko ospitalaren atarian, eta pankartak jarri dituzte Gipuzkoako hainbat tokitan.


 

 

 

Harremanak sendotu ditugu Portugalgo CGTP IN sindikatuarekin, Europan agenda eraldatzaile bat martxan jartzeko bidean

0

LAB sindikatuak nazioartean dituen harremanen baitan, Portugalera bidaia garrantzitsua egin berri dute Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Koldo Saenz Nazioarteko Harremanetarako idazkariak, CGTP IN federazio sindikalak gonbidatuta. CGTP IN Portugalgo konfederazio sindikal nagusiena da, eta 800.000 afiliatu inguru ditu.

Bidaia garrantzitsua diogu, alde batetik, Europako aliantzei begira CGTP IN konfederazioarekin harremanak estutzea dakarrelako, eta, beste aldetik, Portugalgo egoera politiko, ekonomiko eta soziala bertatik bertara ezagutzeko aukera eman digulako. Era berean, bidaia hau Europari buruz bi sindikatuok dugun ikuspegia elkar-trukatzeko aprobetxatu dugu, eta ultra-eskuinaren mehatxuaren aurrean ezkerretik alternatibak nola indartu izan dugu hizpide, besteak beste. Bide horretan, klase sindikatuetatik Europari begirako agenda sozial eta demokratiko alternatibo eta eraldatzaile bat martxan jartzeko beharra partekatu dugu.

Portugalgo egoera aztertzeko parada eskaini digu bidaiak: erreskatea eta haren eragina, ezkerreko alderdien aliantza eta ondorioak. Aldaketa prozesua betean da Portugal: langabezia, defizita, eta zor publikoa jeitsi egin dira, pentsioak igo dira, etxebizitza alorrean neurri aurrerakoiak aplikatzen hasi dira… baina aldaketan ez sakontzeko arriskua ere bada, eta horrek mugimendu sindikalaren papera are garrantzitsuagoa bihurtzen du une honetan, ulertuta aldaketan sakontzeko berme bakarra dela langileria eta herriak bide horretan jartzea.

Eraikuntza arloan, lankidetza hitzarmena
Bestalde, bidaia berean, LAB sindikatuak eta Portugalgo FEVICCOM sindikatuak (CGTP IN barruan dagoan eraikuntza, zeramika eta beira sektoreko sindikatuen federazioa) lankidetza hitzarmen bat sinatu dugu: honekin, Portugalen dauden eraikuntza sektoreko LABeko afiliatuak eta, alderantziz, Euskal Herrian dauden eraikuntzako FEVICCOM sindikatuko afiliatuak sindikatu bien aldetik babestuak geratzen dira, eta zehazki aholkularitza juridikoa bermatuko diegu egon Portugalen nahiz Euskal Herrian. Modu honetan, langile migranteen lan eskubideak zaindu eta munduko langileen arteko elkartasun sareak josten jarraitzen dugu.

 

 

 

Diada egunean izango gara, mobilizazioetan parte hartzeko eta harremanak sakontzeko

0

LABeko ordezkaritza bat, Urtzi Ostolozaga buru, Diada egunean izango da. Hala, Katalunian egingo diren zenbait mobilizazioetan hartuko dugu parte, eta, bide batez, eragileekin harremanak sakontzeko baliatuko dugu bidaia.
 

 

 

Lan Harremanetarako Euskal Esparrua bermatuko duten tresnak lortzeko lanean jarraituko dugu

FEADRS estatu mailako sukaldaritza patronalak Akordio Interprofesionala inpugnatzeko prozesua hasi du. Inpugnazio honek FEADRSen aldetiko xantaiari erantzuten dio, eta honek ez du inolaz ere LABen jarrera aldatuko, argia dena eta mehatxuek aldatuko ez dutena.

Akordio interprofesionala guztiz baliozkoa eta aplikatzeko modukoa da, tresna juridiko eta sindikal bezala, dokumentuak berak zehazten dituen sektore eta lurralde eremuetan, hau da, EAE osoan.

EAEko langileei euren lan-baldintzak berton negoziatzeko eskubidea ahalbidetzen dien tresna da. Hori dela eta, esku- hartzerik gabeko Lan Harremanen Euskal Esparrua bermatuko duten mota honetako tresnak lortzeko lanean jarraituko du LABek.

Sukalde edo kolektibitateen eremuak LABek argi eta garbi adierazi du EAEko negoziazio-eremua eratzearen aldeko bere jarrera, eta honen arabera jokatu du negoziazio mahaian bertan bi aldiz honetarako deia eginez. Esan beharra dago, LABek jarrera honen arabera jardungo duela bere ekintza sindikalean, sukalde edo kolektibitateen sektorean esparru propioa lortzeko beharrezko ekimenak aurrera eramanez.

 

 

 

Itxialdia egingo dute greba mugagabean dauden Tecmaneko langileek Mendaroko ospitalean

0

Mendaroko ospitalean mantenu lanak egiteko kontratatuak dauden Tecman SVA S.L. enpresako langileek 70 egun daramatze greba mugagabean. Luze egin zaizkien 2 hilabete hauetan egoera ez da ezertan aldatu; Tecman SVA S.L.ren nahiz Osakidetzaren gogo ezak, akordioren bat lotzeko eta egoera askatzeko, ez du mugarik.

Langileen arabera, enpresaren zuzendaritzak ez du kezkarik agertzen ere beraien ekonomia-interesak, beraien irabaziak, beraien marjinak,… guztiaren gainetik jartzeko. Jakina, beti diru publikoa erabiltzen dute, Tecman SVA S.L.-ko langileen kontura, Mendaroko Ospitalaren eta Debabarrenaren erabiltzaileei eskaini behar zaien arretaren kontura. Gutxiengo jakingura eta begirunea erakutsiko baliete langileei eta Osakidetzaren erabiltzaileei, duela aste batzuk itxiko litzateke akordioren bat.
Grebalariak egiten ari diren borroka hau, lan baldintzak duindu daitezen borroka izateaz gain, kalitateko zerbitzu publikoa lortzearren egin borroka ere bada. Osakidetzak azpikontratatzen ditu lan baldintzak eta Tecmanek, langileen bizkar, poltsikoak betetzen ditu.

Jadanik 70 egun igaro dira; 70 egun hauek baliagarriak gertatu zaizkie langileei euren borrokan, hitzarmen duina eta oinarrizko helburuak lortzeko borrokan berrets daitezen. Honatx euren aldarrikapen nagusiak:

1. Soldata igoerak KPIri lotuak. Soldatek 2011. urteaz geroztik bere horretan diraute; garaia da eguneratzeko.

2. Zaintzak eta “guardia” izenez ezagutzen diren txandei dagokienez, hauen xedea da ordu erdiko epe batean Ospitalean sor litezkeen edozein matxurari edo ustekabekoari aurre egiteko. Lan honen ordainez Osakidetzako mantentze lanetako teknikari batek 43 € eguneko kobratzen du, Tecmanekoek aldiz, 11 € kobratzen dituzte. Horrengatik, lan bera egiteagatik kopuru bera kobra dadila eskatzen dute soilik.

Gainera, 70 egun hauetan, Tecman SVA S.L.-ek eta Osakidetzak, funtsezkoa den grebarako eskubidea behin eta berriz urratu izanaren lekukoak izan gara. Horrek eraman gintuen, uztailaren 19an, demanda edo eskea jartzera. Epaiketa irailaren 20an izango egingo da. Dena dela ere, gertakaria hau ez da nahikoa izan langileen grebarako eskubidea urratzeari utz diezaioten: bi enpresen jarrera urritu baino, biderkatu da azken hilabetean.

Tecman SVA S.L.ko langileok kokoteraino daude egoera honekin, kokoteraino Tecman SVA S.L.-k eta Osakidetzak gutxiesteaz, bigarren mailako langiletzat hartu eta ezikusiarena egiten dutelako.

Aurreko guztia salatzeko, bihar, irailaren 10ean eta etzi, irailaren 11an, itxialdia egingo dute Mendaroko ospitalean. Bi egunetan, mobilizazioa egingo dute bertako sarreran 11:00etan.
 

 

 

Langile publikoen egonkortasunerako aukera Europako epaiaren zain dago

Aste honetarako Europako Epaitegiko Fiskalak espainiar estatuko behin-behineko langile publikoen egoerari buruzko iritzia argitaratzekotan zegoen. Izan ere Madrilgo osasun zerbitzuko hiru langileen egoera epaitzen ari dira, 12 eta 18 urte bitarteko aldi baterako kontratu kateatu ugari metatu dituztenak. Fiskalaren iritzia oso erabakigarria izan daiteke urrian zehar epaitegi horrek eman behar duen sententziari begira, zeinaren bitartez Hego Euskal Herriko langile publikoen ia erdien egoera, behin-behinekoena alegia, Europako irizpideak betetzen dituen ala ez ebatziko den.

LABek ere eskaera ugari bideratu ditu helburu berdinarekin, iruzurrean eta prekarietatean oinarritutako kontratazioak legearen kontra jo eta kontratu mugagabe bihurtzea hain zuzen ere. Esan bezala, Europan ebatziko den epaiketa langileen aldekoa izan ezkero oso onuragarria izan daitekeelakoan gaude, langile publikoen behin-behinekotasunari muga sendoak jarri eta egonkortasunari ateak erabat zabalduko lizkiokeelako.

Hain zuzen ere LAB, zuhurtzia eta erantzukizunagatik, Europako ebazpenaren zain dago erreklamazioen bideak judizializatzeko, argudio juridikoak ahalik eta sendoenekin jokatzearren. Gai delikatu eta larri honekin afiliazio edota diru-bilketa kanpainak egiteari ez deritzogu arduraz jokatzea. Gauzak behar besteko arduraz hartzea ezinbestekoa da, langileentzako koste ekonomikoak handiak izan daitezkeelako, eta kontrako sententziak erabat zoritxarrekoak.

Behin Europako Epaitegiak bere ebazpena ematen duenean LABek bere hurrengo urrats zehatzen berri emango du. Hala eta guztiz ere, emaitza bata ala bestea izan, ez gara bide juridiko hutsera mugatuko, eta borroka sindikalarekin ere jarraituko dugu. Euskal administrazioek erabateko erantzukizuna daukate langileen behin-behinekotasuna eta prekarietatearekiko. Epai hauen zain egoteak administrazioen benetako borondatearen zantzua besterik ez da, hots, ez daudela behartzen zaiena baino aurrerago joateko inolako asmorik, behin-behinekotasuna eta prekarietatea tresna garrantzitsutzat dutelako. Euskal administrazioetan enplegua egonkortzeko eta duintzeko tresnak baditugu, baina ohi bezala, borondatea da falta dena. Behartu ditzagun bada!

 

 

 

Lan Ikuskaritza interpelatu dugu Glovoko aferari buruz eta langile baten erreklamazioa auzitegira eraman dugu

0

Abuztuan soldatapeko langile aitortzeko rider baten kasua Lan Departamentuan salatu ondoren, enpresa ez zen kontziliazio saiora aurkeztu. Horregatik, ostiralean eskaria auzitegian erregistratu genuen, eta, bide batez, Lan Ikuskaritzan Glovoren kontrako salaketa sartu genuen.

Hau soilik pertsona baten erreklamazioa ez izatea nahi dugu, eta horregatik interpelatzen dugu Lan-Ikuskaritza. Dagoeneko Lan Ikuskaritzak enpresa hauen langileak soldatapekoak izan beharko zirela aitortu du herrialde desberdinetan, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean kotizatu behar dutela azalduz. Honen inguruko azken aipamena Granadan izan da SAT sindikatuak salaketa sartu ondoren, eta 180 rider-eko talde bati eragiten dio.

Rider-ak soldatapeko langilearen izaera aitortu behar zaiela esaten duten erabaki hauek ikusirik, baita auzitegi desberdineko epai ezberdinak ere (Goiko Auzitegi batena barne), Nafarroan Lan Ikuskaritzaren ordua dela uste dugu. Enpresa honek egiten duen autonomo faltsuen erabilera maltzurra, Nafarroan ere iker dezaten unea iritsi da, enpresa gure herrialdean 10 hilabete daramatzalarik.

Nafarroan, 100 langile baino gehiago dira Glovon la egiteko autonomo izatera behartuak direnak, nahiz eta guztien kasuan negoziaziorik ez egon kontratua sinatzerakoan eta lan egiteko ezinbestekoa den tresna (riderren aplikazioa) soilik enpresak kontrolatzea. Errealitate hauek agerian uzten dute langileek enpresarekiko duten harremana mendetasun handikoa dela eta besteren kontura kontratatuak izan beharko liratezkeela.

Kapitalismoa digitalaroan prekarietate eredu hau bultzatzen ari da banatzaileen arloan, baina beste jarduera askoetara esperimentu hau zabaltzea da haien interesa. LAB sindikaturako ezinbestekoa da prekarietate basati honen zabalpena blokatzea, lan eskubide guztien gainetik pasatzen duena, langileen arteko lehia eredua bultzatzen duena eta sistema publikoa degradatzen duena kotizazioen ordainketa saihestuz.

Langileen esplotazio eta tratu txarrean oinarritzen diren eredu berriei aurre egitea baita herriari egiten zaion iruzurrarekin bukatzea, lehentasunezkoa izan behar da, bukaezina izan daitekeen lan eskubideen sarraskia sahiesteko helburu.

 

 

 

Bat egiten dugu Jaizkibel konpainiarekin

LAB sindikatuak, eta bereziki Oarso-Bidasoa eskualdeak, Jaizkibel konpainiarekin bat egiten dugu aurten ere. Ezaguna da urte luzez emakume langileok izan dugun borroka eta Hondarribian ere hala da. Alarde publiko, parekide eta bakarra lortzeko erronkak berean dirau. Urteetan ez bezala iaz Kale Nagusian bizitako oihu, irain etabar areagotuek atzera pauso nabarmena eragin zuten Jaizkibelek duen normaltasunez desfilatzeko eskubidean. Hori gutxi ez eta udal gobernuak eginiko ordutegi aldaketarako “proposamena” emakume langileon eskubideei irain larria dela uste dugu, subjektu gatazkatsua oker identifikatzen duelako eta saihestezina den parekidetasunerako bidea oztopatzen duelako.

Aurtengoarekin, 26 urte beteko dira Hondarribiko emakume talde batek parekidetasunez Alardean parte hartzeko grina adierazi zuena, ordutik eta gaur arte lanean jardun zareten guztiei esker eta zorion beroenak helarazi nahi dizkizuegu LABetik.

Honegatik guztiagatik, irailaren 8an Hondarribiko kaleetan elkar ikusteko gonbita luzatzen dizuegu guztiei, elkarrekin txalotu, desfilatu eta gozatu dezagun.

Gora borroka feminista! Gora Jaizkibel!
 

 

 

11/13 makroepaiketa bertan behera geratzea aldarrikatu dugu

0

10 egun barru, irailaren 16an Madrilen hasiko den 11/13 makroepaiketa. 47 herritar daude auziperatuta eta 601 urtetako kartzela eskariei egin behar diete aurre. Honen aurrean, mobilizazioak egin dituzte gehiengo sindikaleko sindikatuek Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean. “Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna” lemapean egin dira dira mobilizazioak.

Iruñea.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak Donostiakoan hartu du parte, eta Iruñean izan da Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoa. Aranburuk komunikabideen aurrean adierazi du “makroepaiketa berri baten atarian gaudela eta lehenik eta behin, gure elkartasun, babes eta maitasun osoa adierazi nahi diegu auziperatue guztiei eta euren ingurukoei.

Gaineratu du epaiketa hau ez datorrela bizi ditugun garaietatik bat. Pertsona hauek preso politikoen kolektiboari arreta emateagatik epaitu dituzte. Hori ezin dela delitu izan gaineratu du, “epaiketaren motibazioa politikoa dela ulertzen dugu, ez juridikoa”.

Bilbo.

Bere iritziz, “herri honek ibili nahi duen bidearen kontrako norabidean doan epaiketa da”, LABeko idazkari nagusiaren esanetan. Gehiengo politiko, sozial eta sindikal batek adostasun zabalik sortu ditugu bestelako kartzela-politika eskatzeko, preso zein iheslarien etxeratzea konponbidean ipintzea eskatzeko.

Jarraian, adierazi du herri honetan gehiengoa garela “bake eta bizikidetza demokratikoko egoera baten eraikitzearen alde gure ekarpena egiten ari garenak”, eta gehitu du “testuinguru honetan, epaiketa hau zentzugabekeria da, anakronismoa, eta geratu egin beharko litzatekeen prozesu judiziala”.

Gasteiz.

Langileak makroepaiketaren aurrean deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia eginez amaitu du, bereziki irailaren 14an Bilbon egingo den manifestaziora joatea eskatuz.