2026-02-01
Blog Page 611

Istripuen salaketa Anoetako estadioko lanetara eraman dugu

0

Gehiengo sindikalarekin batera mobilizatu gara gaur goizean Donostian, Anoetako estadioko lanen aurrean. Izan ere, uztailaren 17an istripu larria izan zen Donostiako Anoetako estadioko berrikuntza lanetan. Larri zauritu zen 51 urtetako langile azpikontratatu bat egituretako batetik erorita, 20 metro ingurutako altuera batetik.

 

 

 

Lanuzteak Mungiako Protec Arisawan, ebentualitatea gaindituko duen kontratazio politika berria eskatzeko

0

Pasa den ostiraletik, Mungiako Protec Arisawa Europe SAUko langileak borrokan daude.

Urteak dira enpresak aldi baterako langileen kopuru izugarriarekin lan egiten duela, lantegiko baldintzak kaskartuz eta prekarietatean sakonduz. Hainbat langilek hamarkada bat daramate sartu eta irtenean langile finkoak izateko aukerarik gabe eta beraz, euren etorkizuna erabat ziurgabea da.

Egun, tailerrean dauden langileen erdia, gutxi gora behera, dago aldi baterako lan kontratuarekin. Enpresaren kontratazio eredua aldatzeko borrokari ekin diote langileek, txanda bakoitzean egindako asanbladetan aho batez mobilizaziorako proposamena babestu eta gero.

Egiten ari diren eskariak honakoak dira:
– Produkziorako beharrezkoak diren egiturazko lanpostuak langile finkoekin betetzea.
– Ebentualitateari muga jartzeko, kontratazio eredua aldatzea langile poltsaren erregulazio berri baten bidez.

Aste honetan lan txanda bakoitzaren ondoren 30 minutuko kontzentrazioak egiten ibili dira eta gaurtik hasi eta datorren asteazkenera arte (uztailaren 24an) txanda aldaketa bakoitzean ordubeteko lan uzteak egingo dituzte.

Gaur izan dira lehen lanuzteak eta jarraipena %100ekoa izaten ari da tailerrean.

Lan baldintzak duindu eta egonkortasuna lortzeko borrokari ekin diote langileek, urte amaieran duten negoziazio kolektiboari aurre egiteko lehen urrats gisa.
 

 

 

Nafarroako auzitegian egindako epaiketa baten aurrean, jatorri ezberdinetako emakumeek lan postuetan pairatzen duten babesgabetasuna salatzen dugu

Gaur Nafarroako auzitegian egindako epaiketa baten aurrean, jatorri ezberdinetako emakume lan postuetan pairatzen duten babesgabetasuna salatu dugu.

Iruñeko San Nikolas kalean aurkitzen den Castillo de Javier ostatuaren aurkako epaiketa egin da gaur Nafarroako Auzitegian, langile batek salaketa ipini ostean.

Langilea pairatutako egoera juridikoki eta sindikalki salatua izan da; 2017ko abenduan Pikete feminista bat egin zen lehen aipatutako establezimendu berdinean, Juan Carlos Cipres Aznarrek berak kontratatuko emakume langileak erasotu eta esplotatzeagatik.

Langile honek pairatutako egoera emandako kasu aparte bat ez dela salatu dugu; Castillo de Javier ostatuko esplotatzaileak enpresa ezberdin eta askoren buruan baitaude. Kasu honetan gainera, lan zentro txikia izatea eta horren ondorioz langileak ordezkaritza sindikala ezin izateak gehiago ahalbidetzen du enpresariek horrelako jarrerak izatea eta horretarako,  langile profil zehaztu bat kontratatzen du; Emakumezkoa, bere inguruan bakarrik egotea edota bere gain beste pertsona batzuk zaindu behar izatea, munduko toki ezberdinetatik etorriak izatea, hizkuntzarekin zailtasunak izatea (kasu honetan gaztelaniarekin), ezaugarri guzti hauek langilea erasotzea errazagoa izan dadila ahalbidetzen du.

Lantokietan horrelako erasoak ematen direnaren jakinarazpena izaten dugun bitartean salatzen eta ekintza sindikala beratara eramaten jarraituko dugu.  

 

 

Indarkeria matxistaren aurkako borroka guztion ardura da

LAB sindikatuak gogor gaitzetsi eta salatu nahi du larunbat gauean Hernaniko adinekoen egoitzan gertatutako eraso sexuala, eta erasoa pairatu zuen emakumeari bere babes osoa eta elkartasuna adierazi nahi dizkio.

Horregatik, bat egiten dugu gaur, uztailaren 18an, arratsaldeko 19:00etarako Hernaniko Plaza Berrian Hernaniko Koordinadora Feministak deitutako kontzentrazioarekin, eta herritarrei dei egiten diegu bertan parte hartzera. Indarkeria matxistaren aurkako borroka guztion ardura da.
 

 

 

Lortutako atxikimenduen berri eman du G7 EZ! Euskal Herritik beste mundu bat sortzen plataformak

G7-aren gailurra Miarritzen egiteko hilabete inguru falta dela aprobetxatuz, G7 EZ! Euskal Herritik beste mundu bat sortzen plataformak azken hilabeteetan garatu duen atxikimendu dinamikaren berri eman du gaur, Bilbon egindako agerraldian.

G7a osatzen duten 7 potentziek mundua hondamendira eramateko izan dezaketen gaitasunaren aurrean, langileon, eta oro har, herriaren potentzialitatea jartzen dugu parez pare bizitza zein natura erdigunean izango dituen eredu berri baterako bidera elkarrekin egiteko. Eremu, arlo eta izaera oso ezberdinetako atxikimenduak jaso ditugu; horietako
batzuk gaur agerraldian gaude, beste batzuk ezin izan dute parte hartu eta gehiago izango garela badakigu.

G7 EZ! BIZITZA ERDIGUNEAN, ELKARREKIN MUNDU BERRI BAT SORTZEN.
G-7 maila ekonomiko, politiko eta militarrean botere handia duten munduko zazpi herrialdeek gerra hotzaren garaian sortutako taldea da (AEBk, Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Kanadak osatua). Abuztuaren 24, 25 eta 26ean Miarritzen bilduko dira. Esan beharrik ez dago, Miarritzeko G-7ko gailurra sistema kapitalistaren krisi anitz eta iraunkor baten erdian burutuko dela, berau birsortzeko etengabeko ahaleginean eta, era berean, horrek guztiak eragiten duen elite kapitalisten arteko lehia eta tira bira geoestrategiko handien artean.

Bertan har daitezkeen neurriak herritar eta herri askori eragingo digute eta haiek ez lirateke inor izan behar gure izenean ezer erabakitzeko. Nortzuk dira G-7ko partaideak planetako milioika pertsonen ordezkari demokratikoak, instituzioen iritzia kontuan hartu gabe, gure kaltetan izango diren erabakiak hartzeko? Ez dute inolako zilegitasun demokratikorik mundu osoari eragiten dioten gaietan erabakiak hartzeko. Beraz, G7-aren izaera antidemokratikoa salatzea dagokigu, gailur hauek ordezkatzen eta gorpuzten baitute modu zuzen batean demokraziaren pribatizazioa bera.

Demokraziaren pribatizazio horrek ondorio zuzenak ekarri ditu ongizate estatuaren ahultzean, horrek areagotu duen zaintza krisian, eskubide sozial askoren desagerpenean, sektore publikoari bankuen “erreskatearen” izenean inoiz egin zaion desjabetzerik handienean edota natur baliabideen ustiapen basatiaren areagotzean… horiek eta beste hamaika adibide jarri genitzakeen eta horiek guztiek eragin dute gizartean areagotzen ari den ezberdintasun edo arrakala sozialean.

G-7a Frantziar hegoaldeko herri turistiko batean bilduko dela esango dute “probintziako hiri baten balioa azpimarratzea eta hari ohoratzea”. Guk aldiz, bestelako etorkizun baten aldeko historia propio bat duena.

Testuinguru honetan, deialdi hau izenpetzen dugun eragile sozial, sindikal eta politikoek, gure egiten ditugu honako aldarrikapenak:

1. Gailur honek ordezkatzen duen sistemaren salaketa irmoa egiten dugu. Salaketa hau, euskal herriko eragile zein herritarrok, kanpotik etorriko direnekin batera egin nahi dugu, bide baketsuak soilik erabiliz. G7-aren izaera antidemokratikoa eta haren ondorioek gure bizitzetan izango dituzten eragin gordina salatzen ditugu, sistema pitzatzen hasteko arrakala bat irekitzeko.

2. Mundu berri bat eraikitzeko, egungoa eraldatzeko, alternatibak martxan daudela aldarrikatzen dugu. Bestelako alternatibarik ez dagoela diotenen eta etorkizun distopikoak besterik eskaintzen ez digutenean, ilusioa eta itxaropena zabaldu nahi dugu. Sistema kapitalistaren aurrean bestelako norabidea posiblea dela erakusten duten hainbat hausnarketa, ekimen eta egitasmo martxan daude Euskal Herrian. Plataformak sustatuko dituen ekimenak horien erakusleiho ere izango da.

3. Gailurra Euskal Herria izena duen herrian egingo da, Munduko beste herriekin eta sistema honen aurka borrokan dagoen ororekin elkartasunean aritu nahi duen herria.

Era berean, Abuztuaren 21tik 23ra egingo diren Jardunaldiekin eta abuztuaren 24ean Irun-Hendaian egingo den Manifestazioarekin, hala nola Ortzadar eremuarekin bat egiten dugu. Herritarrak modu masiboan Kontra-gailurrean parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Gaurko agerraldia G7ari ez eta mundu berri bati bai esaten diogun gehiengo sozial anitzaren argazkia da. Lan harreman eta babes sozialerako euskal esparrua aldarrikatzen dugun euskal gehiengo sindikala. Ekonomia sozial eraldatzaile zein solidarioaren alde gauden kooperatiba sareak. Zaintza erdigunean eta lan guztien aitortza izango duen ereduaren alde egunerokoan lan egiten dugun mugimendu feminista elkartu gara. Emergentzia klimatikoaren aurrean guztiontzat bizigarria izango den eredua defendatzen dugun mugimendu ekologistako kideak. Gure lurraldea pertsonen beharretara antolatuko den eta arkitekturaren demokratizazioa bermatuko duen eredu baten aldekoak batu gara. Aldaketa soziala erreala izan dadin, burujabetza prozesuaren beharra defendatzen dugunak elkartu gara. Eskubide guztiak guztiontzat borrokatzen ditugulako, zerbitzu publikoak unibertsalizatuz eta prozesu kolektibo ematzipatzaileak eraikiz.

Euskal Herrian bizi garenon eskubideak defendatzen ditugulako, non jaio garen kontutan hartu gabe eta elkarrekin eraikitzen jarraitu nahi dugulako jendarte eredu justu eta parekidea. Gerra inperialisten edota hondamendi ekologikoen ondoriozko migrazio behartuak errefuxiatu eta ongi etorrien alde gaudelako…

Arloz arlo, herrialdez herrialde, lantokietan, ikastetxeetan, kalean, etxean… mundu berri baten alde gaudelako elkartu gara gaur, bakoitza beretik eraginez, guztiok ongi biziko garen jendarte eredua egunez egun eraikitzen ari garelako. Horregatik, abuztuaren 19tik 25era Irun eta Hendaia artean antolaturiko kontra-gailurrean parte hartuko dugu eta herritarrei bertan parte hartzeko deia luzatzen diogu.

Atxikimenduen zerrenda:

SINDIKATUAK
– LAB sindikatua
– ELA sindikatua
– HIRU sindikatua
– CGT-LKN
– ESK sindikatua
– STEILAS sindikatua
– ETXALDE

ALDERDIAK
– SORTU
– PODEMOS
– PCE-EPK
– EH BILDU
– Antikapitalistak
– Ezker Anitza

ERAGILEAK
– Komite Internazionalistak
– Ongi Etorri Errefuxiatuak
– Askapena
– EH Bilgune Feminista
– Sare Lesbianista
– MDMA talde feminista
– Plazandreok emakumeen elkartea
– TAUPAKA sortzaileen elkartea
– ELEAK-LIBRE mugimendua
– BABESKALE elkartea
– MUMIAren LAGUNAK
– Bilboko ROSA LUXENBURG konferentzia
– SATORRALAIA bizilagun elkartea
– Donostiako OKUPAZIO MUGIMENDUA
– MUGARIK GABE
– BERRI OTXOAK
– GAUR GEROA pentsionisten elkartea
– OMAL – Bakea eta Duintasuna
– BILADI palestinar elkartea
– REAS Euskadi, Ekonomia Alternatiboa eta Solidarioaren Sarea
– PENTSIONSITAK MARTXAN Nafarroa
– Asociación educativa RECICLANET Hezkuntza
– Donostiako SAHARA LAGUNEN elkartea
– TXIAPASEKIN kolektiboa
– Bake Ekintza Antimilitarista
– Ikasle Ekintza
– Siriaren Alde
– Tadamun Elkartea
– Erletxea
– TRADENER
– Ekologistak Martxan
– EH-ko Gune Ekosozialista
– GOILURRA enpresa de inserción
– BIZILAGUNEKIN Donostiako plataforma
– ZAINDUZ elkartea
– SALHAKETA Araba
– SETEM Hego Haizea
– Euskal Eskola Publikoaren aldeko Gasteizko plataforma
– Cocina de guerrilla Sukaldea
– Errekaleor Bizirik
– Arabako SEAD lagunen elkartea
– ADI! Ustelkeriaren aurkako elkartea
– BUCHE – Asociación colectivo Latinoamericano de Refugiad@s
– Emakumeok gerraren aurka/ Mujeres contra la guerra
– LOUISE MICHEL liburudenda
– Euskal Herriko eskubide sozialen Karta
– Ekonews
– Sakana Harrera Harana plataforma
– Piztu Bilbo
– AHTrik EZ Araba
– ERAGIN
– Ernai
– Gazte Komunistak
– Berriztu
– Lurralde Askea
– Askekintza
– Plataforma AntiOTAN
– Stop Desahucios Bidasoa

 

 

 

Errotiko aldaketa exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari lan osasuneko politiketan

0

Atzo, uztailaren 17an istripu larria izan zen Donostiako Anoetako estadioko berrikuntza lanetan. Larri zauritu zen 51 urtetako langile azpikontratatu bat egituretako batetik erorita, 20 metro ingurutako altuera batetik. Bihar, uztailaren 19an, mobilizazioa egingo dugu gehiengo sindikalarekin batera 11:30ean Anoetako estadioan (Anoeta pasialekua, 1).

LABetik gure babes eta elkartasuna helarazi nahi diogu zauritutako langileari. Gainera, istripua ikertzea eta ardurak argitzea eskatzen dugu.

Sindikalki beti salatu dugjun moduan, osasun-galera guztiek dute jatorria lan-baldintzetan, eta kasu honetan, Anoetako estadioaren berritzea diru publikoz finantzatu da eta era berean, prekarietate kolpez egiten ari da, katean egindako azpikontratazioa, 17 azpikontrata, 10 ordutik gorako lanaldiak, miseriazko soldatak, eskandaluzko lan-erritmoak… Guztia helburu bakarrarekin, lanak lehenbailehen amaitzea eta ahalik eta koste apalenarekin. Behin baino gehiagotan salatu dugu egoera sindikatutik eta administrazioak, egoeraren jakitun, beste alde batera begiratu dute, honek, langileen segurtasuna arriskuan jartzea suposatu arren.

Enkantera atera zituen berrikuntza lan hauek administrazio publikoak, koste baxu lizitazioarekin, nahiz eta bazekien obra ezin dela egin segurtasun baldintzetan, ezin direlako lan edo prebentzioaren inguruko legeak bete, ezta Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmen kolektiboa.

Instituzio publikoek, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak diru publikotik etorritako 14 milioi eurorekin finantzatu dute obra hau eta langileen segurtasuna zaindu beharrean, beste alde batera begiratu dute. Soilik interesatzen zaie gehiago egitea eta ahalik eta koste txikienarekin, prekarietatea igo ahala istripuek gora egiten dutela jakin arren, baina gure osasunak eta gure bizitzek ez dute axola.

Errotiko aldaketa exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari lan osasuneko politiketan, enpresetan lan-segurtasun arloko kontrola eta ikuskaritza handitu ditzatela eta ez dezatela lan-baldintzak okertzea ekarriko duten politika publikorik inposatu.

LABen lanean jarraituko dugu langileen eskubideen defentsan, mobilizatuz eta langile-klasearen osasun eta bizitza irabazi enpresarialen gainetik egongo den sistema baten alde borrokan.

 

 

 

Gutxieneko zerbitzuen inguruko epaiaren balorazio positiboa egiten du Loiuko aireportuko greba-batzordeak

0

Pasa den igandea, uztailaren 14ko grebaren ondoren, greba batzordeak proposamen berria jaso zuen enpresaren aldetik, langile guztiei helarazi zitzaiena. Greba batzordeak, enpresak negoziazio prozesua berrirekitzeko erakutsitako jarrera ondo hartu zuen, eta honek, uztailaren 15erako aurreikusita zegoen greba bertan behera uztea ekarri zuen. Egun horretan bertan egin zen bi ordezkaritzen arteko bilera. Greba-batzordeak aurrera pausoak ikusten ditu aldarrikapenenetan baina oraindik ez dira nahikoak langileen beharrizanak kontuan hartuta.

Astelehen horretan bertan egin zen enpresaren kontrako epaiketa, greba eskubidea urratu eta uztailaren 1eko gutxieneko zerbitzuak ez betetzearen inguruan.

Epaia modu positiboan baloratzen du greba batzordeak, gutxieneko zerbitzuen inguruan egindako gure demanda bere osotasunean jasotzen duelako. Honi lotuta, epaiak argi uzten du aireportuaren zuzendaritzak uztailaren 1eko gutxieneko zerbitzuetarako zehaztutako funtzioak ez direla legearen araberakoak eta zehazten du, baita, etorkizunean, zehaztuak diren funtzioen ingurukoak soilik izan behar dutela, hau da, Sustapen Ministerioren ebazpena babestutzat jo dituen hegaldiei arreta ematea,

Epaiak, AENaren aurka batzordeak egindako eskubideen urraketagatiko demanda baztertu du, langileen portzentaietan oinarrituz, zeintzutan administrazioko langileak, aireportuko zuzendaritza eta lanpostu operatiboen plantila guztiak gehitu diren, eta ez lanpostu operatiboen txanda batean dauden benetako langileak.

Hala ere, greba-batzordearen lehentasuna gatazka honekin amaitu duen akordio bat lortzea da, hortaz, negoziazioak bideratzeko deia egiten dio zuzendaritzari, enplegua eta lan-kargen inguruan Bilboko aireportuak dituen arazoei modu efektiboan eta edukiekin aurre egiteko.
Egun gatazkak bizi duen egoeraren inguruan langile guztiak informatu ahal izateko, asanblada egingo dute bihar, uztailaren 19an, 12:00etan, kantinako pasabidean.
 

 

 

%100eko jarraipena izan du, hitzarmen duinaren alde, Domiberiako langileek egindako grebak

0

Domiberia SLU, Ugaon dagoen eta latorri ontzien merkaturatzean aritzen den enpresa multinazionala da. Urtarrilean eratu zen enpresa-hitzarmena berritzeko mahaia. Bilerak egiten ziren baina enpresak ez zuen ezer eskaintzen. Horregatik maiatzean jada, langileek mobilizazioetara jo zuten enpresak euren aldarrikapenak kontutan har zitzan. Aintzinatasuna berreskuratzea, lanaldiaren murrizketa, soldaten igoerak KPItik gora eta errelebu kontratuak egitea dira puntu garrantzitsuenak.

Maiatzean eta ekainean egin ziren mobilizazioen eta egon zen bilera baten ostean, enpresak proposamen bat luzatu zuen. Honek, langileon eskari batzuk jasotzen zuen, batez ere desadostasun handiena zegoen puntuan, antzinatasunean.

Mugimendu honekin enpresak hurbiltze bat zegoela irudikatu zuen, baina azken egunetan atzera egin du, luzatutako eskaintza negoziaziotik kenduz.

Egoera honetan, enpresa-batzordeak greba deialdia egin zuen. Enpresak, horren aurrean, greba deialdia mantenduz gero astelehenenerako aurreikusitako bilera bertan behera uzteko mehatxua egin zuen. Gaur, xantaia honen aurrean amore eman gabe, langile guztiak grebarekin bat egiten erantzun dute langileek.  

 

 

Gipuzkoako papergintzako hitzarmena sinatu dugu

0

Gaur, uztailaren 17an, Gipuzkoako papergintzako langileen esana betez, hitzarmena sinatu dugu. Azkenik, CCOO-k ere hitzarmena sinatu du baina ELAk, berriz, ez du sinatu, akordioak sektoreko langileen %70-ko babesa eduki arren.

Hitzarmen honek sektorean betidanik egon diren eskaera nagusiak jasotzen ditu. Esaterako, errelebo kontratua derrigorrezkoa izango da eta laneko bajetan soldataren %100a kobratuko dute langileek. Baimenetan ere hobekuntza nabarmena egongo da, guraso bakarren kasuan sendagilearengana laguntzeko ordu gehiago izango dituzte, hitzarmena familia eredu berrietara egokitzeko helburuz. Honi soldata igoera garrantzitsua gehitu behar zaio, izan ere 2019an KPI+%1 eta 2020 eta 2021an KPI+%1,25 igoko dira soldatak. Orain arte ez bezala, langileek ez dituzte oporrak galduko, baja egoeran egoteagatik 18 hilabeteetan ez hartu izanagatik, berdintasun planak egitea adostu da, euskararen normalkuntzarako mahaia sortuko da, lan-osasunean hobekuntzak egon dira, haurdun dauden emakumeentzat soldata galdu gabe lanaldia gutxitzeko aukera egongo da, etab. Halaber, lan kategorien azterketarako batzordea eratzea adostu da eta irailaren 19an bilduko gara.

Hitzarmen hau da azken urte luzeetan lorpen sozial gehien dituena. Ez dago eskubide galerarik, hobekuntzak besterik ez. Enplegua bermatzen du, irabazi ahalmena hobetzen du eta lana eta bizitzaren uztarketa errazten du. Sindikatu guztiok jarritako helburuei erantzuten die.

Hitzarmen hau sektoreko langileen borrokari esker lortu dugu eta, bereziki, 6 greba egunak egin zituzten langileak zoriondu nahi ditugu. Hitzarmen hau zuen garaipena da. Borrokak merezi du.