2026-02-01
Blog Page 610

Jarraipen zabala Bizkaiko kiroldegietako langileen greban

0

Uztailaren 18 eta 19an egindako lanuzte eta mobilizazio egunaren ondoren, greba eguna izan da gaur Bizkaiko kiroldegietan. Langileek, kontzentrazioa egin dute Bilboko Plaza Eliptikoan.

Iñigo Alonso LABeko ordezkariek enpresek grebalariei egindako mehatxu eta koakzioak salatu ditu, greba eskubidearen beste urraketa batzuez gain, hala nola, grebalariak ordezkatuko dituztela Bilboko Azkuna Zentroan.

Gaurkoa da deitutako azken greba eguna. Irailaren 24an patronalak zer esan dien zain daude langileak eta EUDELi ere bilera eskaria egin diote, gatazkaren aurrean bere jarrera finka dezan. Udaletan mozioak sartzeko asmoaren berri ere eman du Alonsok.

Amaieran, eskerrak eman dizkie erabiltzaileei lanuzteen aurrean izandako jarrera ulerkorrarengatik eta langileen borroka babesteagatik. Sortutako eragozpenengatik ere barkamena eskatu du langileen ordezkariak.
 

 

 

Epaitegietara eraman dugu Eusko Jaurlaritza, ZUZENEAN zerbitzuko langileei aldebakarrez ordutegian malgutasuna ukatu dielako

LABek epaitegietara eraman du Eusko Jaurlaritza ZUZENEAN zerbitzuko langileei aldebakarrez ordutegian malgutasuna ukatu dielako, eta horrela, gainditu ezineko eragozpenak jartzen diolako kontziliazioari.

Epaiketan salatu dugu ZUZENEAN zerbitzu feminizatua dela, administrazioaren batez bestekoaren gainetik feminizatua, eta familia eta lana bateragarri egiteko malgutasunaz baliatzen diren langile gehienak emakumeak direla. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakiak sexuan oinarritutako zeharkako diskriminazio argia eragiten du. Halaxe ondorioztatu dute, besteak beste, Konstituzio Auzitegiaren 240/1999 epaiak, abenduaren 20koak, 203/2000 epaiak, uztailaren 24koak, eta Madrileko Justizia Auzitegi Nagusiaren 10391/2010 epaiak, azaroaren 23koak.

Horrez gain, aldaketa aldabakarreko prozedura baten bitartez egin dela salatu dugu, gehiengo sindikalarekin inolako batzarrik egin gabe, nahiz eta malgutasun horren oinarria sindikatuekin sinatutako akordio baten ildoan sortu izana.

Modu berezian aipatu dugu, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko urteko programazioaren 6.2.1.a idatzi-zatian honako konpromiso hau onartua duela: “Ordutegi-malgutasuna eta Sailak herritarrei zuzendutako zerbitzuen estaldura-maila mantentzea; zehazki, Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuarena, zeinak telefono bidezko eta aurrez aurreko arreta eskaintzen baitu 8:00etatik 19:30etara, astelehenetik ostiralera; eragotzi gabe zerbitzuaren eskaintza eta langileen lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egin ahal izateko aukera.” Eusko Jaurlaritzak hala onartua badu ere, Eusko Jaurlaritzak ez dio berak onartutakoari inongo jaramonik egin.

LABek salatu du Zerbitzu Zuzendaritzaren aldebakarreko erabaki horrek erabat arbuiatu duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko araudia, eta erabaki hori are larriagoa dela, kontuan izaten badug, ZUZENEAN zerbitzua Erkorekaren ardurapeko zerbitzu bat dela.
 

 

 

Lamincer-eko enpresa batzordeak dei egin die administrazio publikoei ostiraleko heriotzaren arrazoiak argitu, eta egon litezkeen erantzunkizunak garbitzeko

Pasa den ostiralean, uztailaren 19an, 57 urtetako Sukarrietako J.M.R.L. langilea hil zen Mungiako Lamincer enpresan, Thyssenkrup taldekoan, femwick batek harrapatuta. Gaur, uztailaren 22an, 24 ordutako lanuztea egiten ari dira laneko heriotza berri hau salatzeko, urte hasieratik Euskal Herrian izandako 28.a. Kontzentrazioa ere egin dute Lamincer-eko langileek enpresa-atarian.

Enpresa-batzordeak, lehenik eta behin, deitoratu egin du batzordeko kide zen lankidearen heriotza eta bere babes eta elkartasuna erakutsi dizkie bere lankide, lagun eta bereziki, familiari.

Gainera, dei egin die arlo honetan eskuduntzak dituzten administrazioei istripuaren arrazoiak argitzeko, eta egon litezkeen erantzunkizunak garbitzeko.

Salatu dute istripu hauek ez direla kasualitatea, langileok behartzen gaituzten prekarietatearen ondorio zuzena baino. Gogoratu dute honezkero 28 direla, guxienez, urte hasieratik Euskal Herrian lanean hildako langileak.

Azkenik, dei egin dute gaur arratsaldeko 19:00etan Mungiako Udaletxe aurrean egingo den kontzentrazioan parte hartzera.
 

 

 

EAEko udaltzaingoak egoera larrian

Berriki iragarri den Espainiako Auzitegi Gorenaren 828/2019 sententziak ebatzi du behinbehineko langileak ezin direla mantendu udaltzain lanetan. Administrazio ezberdinen utzikeria dela eta, udaltzainen artean behin-behinekotasun tasa %40 ingurukoa dela esan dezakegu; hau horrela izanda, udaltzain lanetan diharduten ehunka langileen egoera are eta larriagoa dela.

Egoera honetan onartu da EAEko Polizia Legea, LABek defendatzen duen udaltzain ereduaren guztiz kontrako norabidean doan legea alegia. Hau guztia dela eta, argi dago udaltzainen kolektiboa babesgabetasun eta ezegonkortasun egoera larrian dagoela. Hainbat sindikatuk egoera honetaz baliatu nahi dute hau langileei mezu itxaropentsuak bidaltzeko. Gure ustez, erabat salagarria da bizi dugun egoera larri hau espektatiba faltsuak sortzeko erabiltzea. Ez da onargarria behin-behineko udaltzainen artean “zu geldituko zarelaren“ mezua zabaltzea, ezegonkortasun egoerak baliatuz. Aski da, ez jolastu gure behin-behineko lankideen etorkizunarekin!

Egoera zein den ikusita, LAB Sindikatutik honakoa adierazi nahi dugu:

• Udalez-udal lan eskaintza publikoak martxan jartzeko unea da, Udaltzaingo plantilen dimentsioak aztertuz, herritarren beharrak gain hartuta zerbitzu publikoaren kalitatea handituz.

• Eusko jaurlaritzak bultzatzen dituen deialdi bateratuak ez dira gure ustez udaltzainen integraziorako eredu egokia. LABk herritarrekiko hurbiltasunean eta integrazioan oinarritzen den udaltzain eredu bat defendatzen du. Deialdi bateratuek ez dute inolaz ere horretan laguntzen.

• Lanpostuak kontsolidatzeko prozedurak langileen ordezkariekin adostu egin behar dira. Gainontzeko zerbitzu publikoetan bezala, kalitatezko udaltzain zerbitzu bat defendatzen dugu, gertutasunean eta berdintasunean oinarritua. Ez dezatela agintariek egoera hau erabil aspaldian ezarri nahi duten polizia eredua gure herriko kaleetara ekartzeko.

Udaltzaingo demokratikoa, euskalduna eta herritarraren bidean, LABek lanean jarraituko du.
 

 

 

Tecman eta Osakidetza greba eskubidea urratzen ari dira

0

Mendaroko ospitalean mantenimendu zerbitzurako kontratatuta dagoen Tecman enpresako langileek 22 egun daramate euren gure eskubide eta enpresako lan hitzarmen duin baten alde borrokan.

Denbora honetan, Tecman eta Osakidetzak oinarrizkoa den greba eskubidea zapaltzen ari dira jarrera ezberdinen bitartez:

• Ospitaleko sukaldeko arazoak konpontzeko beste enpresa bat azpikontratatu du Osakidetzak.

• Langile baten egutegia unilateralki aldatu dute, grebaren ondorioak murrizteko.

• Behin behineko langileei xantaia egiten ari dira: “greba egiteari uzten badiozue kontratu finkoa egingo dizuegu”.

• Enkargatuak, teknikarien lana burutzen ari dira, zerbitzu minimoen arauetan hori erabat debekatuta dagoenean.

Langileen asanbladak argi utzi nahi du ez dituela greba eskubidea erasotzen dituen jarrera eta ekintzarik onartuko. Horregatik, Tecman eta Osakidetzaren greba eskubidea urratzen ari direla salatu eta Eibarko epaitegian salaketa bat jarri zuten uztailaren 19an.

Enplegu duin eta hitzarmen duinaren alde, borrokan jarraitzen dute Tecmaneko langileek.
 

 

 

Akordioa lortuta, bertan behera geratu dira Loiuko aireportuko grebak

0

Greba batzordeak langileen asanbladara eraman du gaur enpresaren azken proposamena, AENAko zuzendaritzarekin egin duen bileraren ondoren. Madrilgo ordezkaritza bat ere bertaratu da. Langileen asanbladak erabaki du gutxieneko proposamen bezala onartzea enpresaren eskaintza hau, etorkizunari begira enpresaren lehentasuna enplegua izan behar duen aro baterako oinarriak jartzen dituena. Langileen %77,5ak baiezkoa eman dio proposamenari, %7,5ak ezezkoa eta %15a abstenitu egin da. Ondorioz, greba bertan behera geratu da greba.

Jarduera esparru ezberdinetan lan-taldeak handitzea dakar berarekin akordioak, kudeketan zein arlo operatiboan. Gehien indartuko diren arloak bidaiariei arretakoak, kudeaketa, aire-nabigazioa eta prebentzio zerbitzua izango dira. Konpromiso gehigarriak hartu dira datozen urteetarako plan estrategikoei lotutako beste esparru batzutan. Hauek, Ogasun Ministerioak enplegu gehigarria onartzen duenean zehaztu beharko dira.

Segurtasun arloan, bereziki suhiltzaileei dagokienenean, desadostasunak jarraitzen du eta batzorde paritarioa osatuko da lan-taldearen inguruko beharrizanak aztertzeko. Zentroko batzordeari sinestezina iruditu zaio AENAk konpromisorik ez hartzea bidaiarien segurtasunerako hain garrantzitsua den arlo batean, bereziki lindane zelda hor dagoela kontuan izanda.

Greba batzordea ahobatez dago akordio honen defentsan, baina AENA ohartarazten du aireportuko arazoei aurre egin behar zaiela, enplegua eta beste gai batzutan, normaltasun klima batetik.

Greba batzordearen iritziz, mobilizazioa funtsezkoa izan da arazoari aurre egiteko eta zuzendaritzari eskatzen dio etorkizunari begira izan dezala kontutan, alda dezala jarrera eta normalizatu ditzala lan harremanak, azken urteotako autoritarismo garaia gaindituko duena.

Greba batzordeak, langileen defentsarako batasun sindikalaren aldeko prozesu honetan zehar langileek emandako mandatuarekin jardu du, eta langileen artean egondako batasuna aitortzen du.

Azkenik, greba batzordeak prozesu honetan zehar kanpoko eragileek egiten duten lana eskertu nahi du, besteak beste, komunikabideetako profesionalena.
 

 

 

24 ordutako lanuztea egingo dute Lamincer-en, gaur langile bat hil ondoren

P. T. R., 57 urtetako Sukarrietako langilea hil da Mungiako Lamincer enpresan. Femwick batek harrapatu, eta zauritua izan ondoren hil da. Lehenik eta behin, LABek bere elkartasuna eta babesa erakutsi nahi die gaur hildako langilearen lankide, familia eta ingurukoei. LABen datuen arabera, gutxienez 28 dira urte hasieratik Euskal Herrian lanean hildakoak, horietariko 9 Bizkaian.

Hilabete hasieratik Euskal Herrian hiltzen den 3. langilea da, ematen du berriro gaudela istripuen udako gorakadaren aurrean, Euskal Herrian astean langile bat hiltzera eramaten duena. Gure ustez, igoera hau, gainontzeko lan-istripuak bezala, ez da kasualitatearen ondorio.

Datorren astelehenean, uztailaren 22an, enpresa-batzordeak 24 ordutako lanuztea deitu du. 10:30etik 11:30era kontzentrazioa egingo dute enpresa aurrean.
 

 

 

Fundiciones del Estandako 8 kaleratzeen aurrean langileon antolakuntza eta borroka ezinbestekoak dira

0

2016ko 12 kaleratzeren ostean beste 8 lagun izan dira kaleratuak berriki Fundiciones del Estanda Beasaingo enpresan. Diana Capitalek 2015ean enpresa erosi zuenetik, langileon aurkako beste eraso larri bat burutu da modu honetan, erakusten diguna badela gure lanpostu eta eskubideen prekarizazioaren kontura poltsikoak bete nahi dituenik.

Hiru urtetan 20 langiletik gora kaleratzeaz gain asko dira Estandan lan baldintzen prekarizaziorantz eman diren pausoak. Neurriz kanpoko orduen erabilgarritasun poltsa, zeinaren bidez langile bakoitzak 176 ordutan izan dezakeen jardunaldia moldatua urtean, edo kontsolidatu gabeko soldata igoerak adibide. Hitzarmen berriaren negoziaketan zuzendaritzak mahaiganeratu dituen proposamen atzerakoiak eta erakutsi duen negoziatzeko borondate falta kezkagarria ere zentzu berdinean ulertzen dugu.

Horregatik, ez ditugu erosten kaleratzeak justifikatzeko langileoi saldu nahi izan dizkiguten argudioak. Estandaren arazoa ez gara bertako langileak eta gure lan baldintzak. Are gehiago, “beharrezkoak” omen diren neurri hauek erakusten digute gure etorkizunarekin jolasten ari direla.

LABeko kideok argi daukagu: egorararen larritasunak eta kaleratutako langileek enpresa -batzordeak tinkotasunez proposatutako erantzuna, eta langileak antolatzeko planteamendua eskatzen du. Hala ere, tristuraz eta kezkaturik, aipatu beharrean gara enpresa-batzordean gehiengoa duen ELAko kideak ez ditugula zentzu honean lanean ikusi. Lehen oztopoa behar ez den tokian topatu dugu, euren jarrera otzanak enpresa-batzordeak bultzatu beharreko tamainako erantzuna antolatzea ekidin baitu.

Onartezinak dira kaleratzeak eta hauen justifikazioak. Azal dezala bestela zuzendaritzak: zenbat kaleratze gehiago “beharko” dira? Zenbat kaxkartu “beharko” dizkigute lan baldintzak Estandako langileoi? Hau da guretzako nahi duzuen etorkizuna? Ordea, prekarizazio saiakera guzti hauen aurrean antolatu eta borrokatzea behar beharrezkoa dela uste dugu. Eta enpresa-batzordean ordezkaritza dugun sindikatuok gure gain hartu behar dugu daukagun erantzukizuna, bertan gehiengoa duen ELA sindikatutik hasita.

LABeko kideon ustez, erasoen neurria ikusirik, lan eta bizi duin baten alde gure eskubideak defendatu eta berriak irabazteko borrokatzea tokatzen zaigu Estandan. Guk zentzu horretan jarraituko dugu lanean.
 

 

 

Gaur Iraultza Sandinistaren 40. urteurrena da. 40 urte… eta segi aurrera

0

Gaur uztailak 19, Nikaraguako Iraultza Herritar Sandinistaren garaipenaren 40. urteurrena da. Gaurko egunarekin orain 40 urte, FSLNeko gerrilari zutabeak Managua hiriburuan sartu ziren herritarren babes zabalarekin, Anastasio Somozaren porrotarekin.

iraultza Sandinistaren garaipenaren ondoren sorturiko gobernu berriak Nikaraguako estatu berrian erreforma nabariak egin zituen eremu sozio-ekonomiko eta politikoan. Hortaz gain osasungintzan, hezkuntzan eta lurraren banaketan herrialdeak zituen arazoei aurre egiten hasi zen. Erreforma guzti hauek hobekuntza nabariak ekarri zituzten Nikaraguako herriarentzat, besteak beste nazioarteko aitortza ere izan zutelarik.

Estatu Batuak ordea, ez ziren geldirik geratu eta “kontra” deituriko oposizioa armaz hornitu eta antolatu zuten. Honen ondorioz, Nikaraguako herria guda zibil batera eraman zuten, eta eremu guztietan izugarrizko presioa suposatu zuen gobernu sandinistarentzat. Krisitik ateratzeko 1990an deituriko hauteskundeetan FSLN-ak galdu egin zuen UNO-ren aurrean. Kolazio hau FSLN-ren kontra antolaturiko oposizioaren batasun bat zen, Estatu Batuen babes osoa zuena eta Violeta Chamorroren lidertzapean zegoena. 2006ko azaroaren 5ean FSLN-ek hauteskundeak irabazi zituen bozen %38arekin, 16 urtetako gobernu neoliberal eta atzerakoiekin bukatuz, Iraultza Sandinistaren hobekuntza guztiak desagertaraziak zituztenak.

Gaur egun Nikaraguak ezegonkortasun politikoa bizi du, gobernu sandinistaren kontra 2018ko apirilean eztanda egin zuen biolentziak eraginda. Protestak gobernuak gizarte segurantzan egin nahi zituen erreforma batzuen kontra hasi ziren, osasun zerbitzu unibertsal eta doakoa bermatzea zutenak helburu, baino protesta horiek, segituan, gobernu sandinista boteretik kentzeko estrategia bilakatu ziren.

LABetik, Iraultza Sandinistaren 40. urteurrena eta iraultza honek Nikaraguako herriarentzat osasungintzan, hezkuntzan, eta pobreziaren nahiz desnutrizioaren kontrako borrokan suposatu dituen hobekuntza sozialak gogoratu ekarri nahi ditugu, Nikaragua Amerikako kontinenteko herrialde txiroenetako bat dela azpimarratuz.

Venezuelan defendatzen dugun berdina defendatzen dugu Nikaraguan ere. Inguru horren bakea, egonkortasuna, lankidetza eta integrazioa, eta Nikaraguak pairatzen duen kanpo injerentzia eta jazarpenaren ondorioz mehatxupean egoteak arduratu egiten gaitu. Aktore batzuk gerra eta interbentzioaren alde egiten duten bitartean, beste batzuk, ahalegin handiarekin, gatazkak konpontzeko elkarrizketaren eta negoziazioaren bidea indartzen saiatzen ari dira. Gutariko bakoitzaren gune eta eginkizunetatik, bertan eta munduan elkarrizketa eta negoziazio politikoa helburu dituzten ekimenak laguntzen eta babesten ditugu.