2024-03-28
HomeIdazkaritzakIdazkaritza Feminista "Ez, ez dira aurrekontu feministak"

[IRITZIA] “Ez, ez dira aurrekontu feministak”

LABeko idazkaritza Feministako Elixabete Etxeberriak eta Ane Escondrillas-ek EAEko 2020ko aurrekontuei buruz idatzi dute, aurrekontuak feministak ez direla salatzeko: "Eusko Jaurlaritzak emakumeei begira martxan jarritako egitasmoak iruzur hutsa dira".

PNV-PSEren gobernua ez da feminista. Ez du urrats bat bera egin Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin zuzenean hitz egiteko. Ez du mintzakide ikusten. Ez du politikak zehazterakoan aintzat hartzen. Argi zegoena are argiago dago 2020rako aurrekontuak aztertu ondoren.

Jaurlaritzak hainbat konpromiso iragarri ditu azken urtean genero politiketan urratsak egiteko. Badago zer egin emakumeen egoera hobetzeko gaurko instituzioetatik, baita instituzio hauen mugak bistakoak badira ere. Badago (eta beharrezkoa da) emakumeak babestea indarkeriaren, prekarietatean eta bazterketa sozialaren aurrean. Badago mugimendu feministarekin lerrokatzea bultzatzen ditugun aldaketak hauspotzeko. Aurrekontuak Jardunaldi Feministen testuinguruan aurkeztu ziren, aukera paregabea politika feministen aldeko ustezko apustua aurrekontuetara eramateko. Arrastorik ez.

Aurrekontuetan dagoen gauza berri bakarra orain arte baino zorrotzagoak izan direla genero azterketan. Genero aldagai gehiago kontuan hartuta egin dute proiektua eta, hoenla, genero politiketan egiten den gastua ikusgarriago egin dute. Baina funtsean berririk ez, ez politiketan ez finantziazioan. Gaurko genero politikak aldarrikatzen dituzte aurrekontu hauekin, egiten dutenaren eraginkortasuna eta balioa neurtzeko emakumeen egoera aztertu gabe.

Emakumeen egoera nabarmen aldatu beharko lituzteken hiru egitasmo daude martxan EAEn. Berdintasun legea berritzeko konpromisoa hartu dute, baina ez dute diru partida berezirik gorde horretarako. Emakunderen esku utzi dute eta Emakunderen finantziazioan alde nabarmenik ez. Gauza bera egingo dute, modu berean, aurrekontu berdinekin. Emaitza ezberdina izango al da?

Berdintasun Lege berrian indarkeria sexistaren kontrako plan integrala gaurkotuko dute, inbertsio berezirik aurreikusi gabe. Jauzirik ez, aldaketarik ez, borondaterik ez.

Urtean zehar bitan edo hirutan aurkeztu duten arrakalaren aurkako plan estrategikoak finantziazioa behar du. Bere garaian salatu genuen ez zela plan horretan inbertsio berririk egiten, jada zeuden plan ezberdinen bilduma zelako. Aurrekontu proposamen honi zegokion hori zuzentzea. Eta ez, horretan ere kale.

Ez dago arreta eman digun partida berezirik, ez dago gorakadarik aurreko aurrekontuekin alderatuz gero. Iruzurra ez da horretara mugatzen. Genero politikak, zeharka egin behar diren eta politika guztiak busti behar dituzten politika horietan, atzera egingo da. Hor dago aurrekontu hauen iruzur nagusia.

Aurrekontu hauekin politika publikoek indarra eta pisua galtzen jarraituko dute. Merkatuaren mesedetan, esku hartze pribatuaren eta interes partikularren hobe-beharrez. Hezkuntzan eta osasungintzan, besteak beste, 2009an baino gutxiago inbertituko da. Esku hartze publikoa txikiagoa eta ahulagoa izango da. Nola aldatu emakumeon errealitatea arrakalaren, indarkeriaren, diskriminazioaren eta prekarietatearen atzean dauden arrazoietan esku hartu gabe? Politika publiko nagusiak merkatuari jaten emateko dira, eta bigarren mailakoak dira gauzak benetan aldatzeko egin behar diren politikak.

Feministok aspaldi ikasi genuen izenik ez duenak ez duela izanik. Eta hori, politikara eramanda, finantziaziorik ez duenak ez du izanik. Aurrekontuetan ez dagoena diskurtso hutsa eta hutsalak. Horrek badu izena: iruzurra.

Ez dago genero politikarik, politika publikoak indartzen ez badira, ekimen publikotik errealitatea eraldatzeko neurri zehatzak hartzen ez badira. Ez dago politika feministarik zaintzaren auziari begiratu gabe, indarkeria sexistaren atzean dauden botere harremanak aldatzeko erabakirik gabe. Ez dago politika feministarik emakumeon zapalkuntzaren gainean eratu eta garatu den sistema auzitan jarri gabe.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

0-3 urtekoen zikloko sindikatuak berriz mobilizatu dira, Hezkuntza Departamentuari eskatzeko behingoz har dezan alor honetako ardura

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloko sindikatu guztiek (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitza nagusiaren parean, Gobernuak ziklo honi dagokionez erakusten duen jarrera axolagabea salatzeko. Ildo berean, apirilaren 11n manifestazioa eginen dutela iragarri dute, Departamentuaren egoitzatik 17:30ean abiatuko dena.

Grebak Arabako aisialdi hezitzailea eta animazio soziokulturalean apirilaren 2a eta 4an, hitzarmenaren negoziazioan akordiorik ez dagoelako

Agerraldia egin dute gaur Gasteizen sektoreko langileek bi greba egunak iragartzeko. Hitzarmen duinik ez badago, zerbitzurik ez dela egongo adierazi dute.

Iruñeko eremu urdinean jarduera ia geldirik egon da grebaren hiru egunetan

Enpresa Batzordeak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) astelehenetik egiten ari den grebaren balorazio positiboa egin du, eta ohartarazi du Dornierrek ez badu aurrerapausorik ematen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren negoziazioan, mobilizazioekin jarraituko dutela.