2026-02-05
Blog Page 601

Urriaren 3an aurkeztuko dugu Huerta de Peraltako borrokari buruzko dokumentala

0

Huerta de Peraltako borrokari buruzko dokumentala egin du LAB sindikatuak. Urriaren 3an estreinatuko dugu, Burlatako kultur etxean, 19:30ean. Unai Redinek idatzia eta zuzendutako lana da, eta sindikatuak ekoitzita.  
 
Dokumentalaren sinopsia:

Huerta de Peraltan, nekazaritza produktuak ekoitzi eta ontziratzen dituzten Nafarroako enpresa handienetariko batean, lan hitzarmena betetzen ez zutela erratea oso gutxi erratea da. Langileek -gehienak etorkinak- 11, 12, 13 edo 14 orduko lanaldiak egiten zituzten, ez zizkieten jaiegunak eta oporrak ordaintzen, ez zizkieten plusak, kategoriak eta antzinatasunak ordaintzen… Eta hori guztia arrazakeriatik zein xenofobiatik gertu zegoen giro zapaltzaile batetaz inguraturik.

Gehiago jasaterik izan ez zutenean, langileek jakin zuten beren buruak antolatzen eta, LAB sindikatuaren babesarekin, injustiziei aurre egiten joan ziren, egoera hobetzen joan ziren. Aitzitik, zaurituriko basapiztien gisara erreakzionatu zuten patroiek eta hainbat langile kaleratu eta zigortu zituzten. Langileak, baina, ez ziren kikildu eta greba mugagabe batekin erantzun zuten, langile klase guztiarendako eredu izan zen greba batekin. Grebalariek 28 egunez erakutsi ziguten zelako balioa duen borroka eta duintasuna antolatzeak, nolako balioa duen esplotazioari eta prekaritateari elkarrekin aurre egiteak.

Langileen aldetiko protagonistek gogorarazi dizkigute gertaera haiek, orduko hotz klimatologiko hura, bero solidario hura, kolpe haiek, kontsigna eta mobilizazio haiek, eta injustiziari aurre egiteko etsenplu ederra oparitu digute.
 

 

 

Elgetako CIE Alurecy enpresako langileek greba mugagabeari ekin diote

0

Gaur irailaren 16, astelehena, Elgetan kokatutako CIE AUTOMOTIVE Taldeko CIE ALURECY enpresako langileek greba mugagabeari ekin diote, langileek batzarrean aho batez hala erabakita.

Autogintza sektorearentzat lana egiten duen lantoki honetan egun 19 langile daude lanean, eta LABek du ordezkaritza. Urte amaieran lantokia ixteko asmoa azaldu zuen zuzendaritzak ekainean eta ordutik egondako bileretan ez da apenas ezer aurreratu.

Urteetan CIE AUTOMOTIVE TALDEAK lan kargak beste lantokietara desbideratzen egon dira, eta CIE AUTOMOTIVE TALDEAK lortutako lan berririk ez dute Elgetako lantokira eraman orain lantokiaren itxiera aurkeztu ahal izateko. Langileen eskaerari entzungor egin eta zuzendaritzak momentuz ez du atzera egiten lantokia ixteko asmoarekin.

Hori gutxi balitz, enpresa ixteko horren denbora gutxi gelditzen den honetan, zuzendaritzak ez du CIE AUTOMOTIVE TALDEKO beste lantokietan langileak birkolokatzeko bermerik ematen, eta, honen aurrean, langileek greba mugagabean hastea erabaki dute.

Mobilizazioak direla eta, bihar asteartean, irailak 17, elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan, Elgetan, lantegiaren aurrean.
 

 

 

Irmoki salatzen dugu Kasedako lan istripua eta ABLEek dakarten arrisku erantsiaz ohartarazi nahi dugu

LAB sindikatuak bere elkartasun eta babesa helarazi nahi die Kasedako Viscofan lantegian hildakoaren eta zauritutakoaren familiei, lagunei eta lankidei. Eta, aldi berean, irmo baino irmoago salatu nahi du gertaturikoa -berehalako ikerketa zorrotza behar duena- eta ohartarazi nahi du ABLE aldi baterako lan enpresek kontrataturiko langileek pairatzen duten arriskugarritasun erantsiaz.

Kasedako Viscofan lantegian gaur hildako behargina – F.U., 46 urtekoa eta Zarrakaztelun bizi zena- 2019an Euskal Herrian lan istripuetan hildako 32. langilea da; bederatzigarrena Nafarroan. LABek jakin ahal izan duenez, langileak hamabi hilabete inguru zeramatzan Viscofanen lanean, ABLE batek kontratatua hainbat opor eta gaixoaldi ordezkapen egiteko.

Gauza jakina da ABLEek kontrataturiko langileek prekaritate handiagoa izateaz gainera istripuak izateko aukera gehiago dituztela, lantoki horretako segurtasun kontuetan zuzenean kontrataturiko lankideek baino formakuntza txikiagoa baitute, nahiz eta gehienetan lan berdina egin. Hala, ABLEek kontrataturiko pertsonek izaten dituzten lan istripuen kasuetan, ABLEa kontratatu duen enpresak ezin du bakarrik istripu zehatz hori aztertu; horretaz landara, hausnarketa sakon eta zintzoa egin beharko luke jendea zuzenean ez kontratatzeak dakartzan ondorio humano eta sozialen inguruan.

Nafarroako enpresetan gertatzen den lan ezbehar tasa altuak laneko segurtasun eta osasun gaietan utzikeria argia adierazten du. Egiten diren prebentzio politikak ez dira nahikoak gure lurraldean lan-istripuen gorakada erakusten ari diren bezala. Langileen bizitza eta osasuna oso azpitik daude enpresen balio eskalan, eta argi gelditzen da gure osasuna ez dela patronalaren eta erakunde publikoen lehentasuna.

Segurtasun neurri handiagoak eta egokiagoak ezartzea izan behar da enpresetan erabateko lehentasuna, benetan amaitu nahi badugu urtero dozenaka langile eramaten dituen gaitz honekin. Lan istripu guztiak prebentzio neurri egokiekin saihestu daitezke, eta datuak ikusita, ez dira kontuan hartzen enpresen eguneroko bizitzan.

Azkenik, LABek dei egin nahi dio langile klaseari parte har dezan antola daitezkeen mobilizazio guztietan, Kasedan gertaturikoa salatzeko eta hildakoaren zein zaurituaren lankideei elkartasuna eta babesa adierazteko.  

 

 

Lakuan mobilizatuko gara, EAEko irakaskuntza publikoko ordezkapenetan kaltetutako irakasleentzat konponbide eske

0
LABek gogor salatu nahi dugu Hezkuntza Sailaren utzikeria eta ardura falta irakasleen ordezkapenen inguruan. Gaur gaurkoz, oraindik ikasgeletan irakasleak falta dira. Berme guztiekin milaka lanpostu esleitzeak dakarren lana burutzeko baliabide falta nabarmena baitago. Eta horren erantzule, Uriarte andereak gidatutako arduradun politikoak dira.

Eskola ezberdinetako zuzendaritzetatik egindako ordezkapen eskariei entzungor eginez, irakasleen ordezkapenetarako lanpostuak inprobisazioz eskaintzen ari dira, adostutako irizpideak kontuan izan gabe. Horren ondorioz, langile askok beren antzinatasunagatik dagozkien lan baldintza baino okerragoak onartu behar izan dituzte. Askotan, etxetik ehundaka kilometrotara dauden lanpostuetan, murriztuetan edo langabezian egotera kondenatuz.

Egoera honek irakasleekiko begirune falta erakusteaz gain, beste behin erakusten digu Eusko Jaurlaritzak Euskal Eskola Publikoa ez duela lehentasun bezala hartzen. Hori gutxi balitz, lanpostuak inprobisazioz eta bermerik gabe banatzeak, zuzenean talka egiten du ordezkoen arautegiarekin.

LABek argi du milaka langileren bizitzak ez direla joko politikorako tresna. Ez dugu onartuko utzikeriaren ondorioz milaka langilek beren lanpostuak kolokan izatea. Horregatik, prest gaude kaltetuekin bide juridikoa zabaltzeko.

Hartara, erreklamazioak jasotzen ari gara eta jasotzen jarraituko dugu. Gainera, kaltetuko langile guztiak gonbidatu nahi ditugu, datorren astelehenean, irailaren 16an 11:00etatik 11:30era egingo dugun elkarretaratzera. Gasteizko Lakuaren parean, entzungor egiten duen Hezkuntzan sailaren aurrean ikusgarri egin gaitezen. Aski delako, hezkuntzako langileak zenbaki hutsa besterik ez garelako, konponbidea orain!
 

 

 

Frankismoaren garaiko Donostiako errepresaliatu eta eraildakoak omendu ditugu

0

Irailaren 13an, Frankoren kolpistek Donostiara sartu zirela 83 urte bete dira. LABen proposamenaren ondorioz, Oroimen historikoaren Kontseilu Sektorialak errepresaliatu eta eraildako donostiarren oroitzapenerako egun gisa onartu zuen irailaren 13a. Hala, Ijentea kaleko oroitarrian ekitaldia egin dugu goizean, udaletxe aurrean.
 

 

 

“Ez gaituzte geldituko, ez dute gure borroka sindikala baldintzatuko”


Protesta baketsu batean parte hartzeagatik, LABeko kide Imanol Salinas espetxeratu nahi dute, helegitearen erabakiaren zain, 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri baitiote 2018an La Sangiovesako lan gatazka salatzeagatik. Imanol Salinasi babesa erakusteko, eta azken hilabeteotan handitu den jazarpen sindikala salatzeko, Iruñeko Justizia Jauregiaren atarian bildu gara, eta langileriari kalera irtetzeko deia luzatu diogu. LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyoren hitzetan, "ez gaituzte geldituko, ez dute LABen borroka sindikala baldintzatuko. Injustizia non, LABen megafono bat han egongo da horri aurre egiteko". 


Hauek dira datozen asteeetarako deitutako mobilizazioak:

ELKARRETARATZEAK EPAITEGIETAN:

-Irailaren 20an, Iruñean, 12:00etan.
-Irailaren 23an, Bilbon eta Donostian, 12:00etan.
-Irailaren 24an, Gasteizen, 12:00etan.

MANIFESTAZIOA:

-Irailaren 28an, 17:30ean, Iruñeko autobus geltoki zaharretik.
 

 

 

11/13 makroepaiketako auzipetuei babesa erakutsiko diegu larunbatean, Bilbon egingo den manifestazioan

0

LABeko ordezkaritza zabal bat Bilbon izango da larunbatean, 11/13 makroepaiketako auzipetuei babesa emateko eta makroepaiketa bera bertan behera utz dezaten exijitzeko. Sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok, Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak eta Industria Federazioko idazkari Eulate Zilonizaurrekoetxeak epaiketa atarian egingo den manifestazioan hartuko dute parte (Bilboko La Casilla, 17:30). Larunbateko mobilizaziorako deia egiteko, joan den ostiralean, gehiengo sindikaletik elkarretaratzeak egin genituen Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Aurretik, hainbat eragilerekin batera, babesa erakutsi genien auzipetuei, baita eurekin beraiekin bildu ere.
 

 

 

Protesta baketsu batean parte hartzeagatik Imanol Salinasi ezarritako kartzela zigorra aztertuko dute gaur Iruñean

Iragan maiatzean, Imanol Salinas LABeko kideari 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten 2018ko La Sangiovesako lan gatazkaren protesta baketsu batean parte hartzeagatik. LABek helegitea jarri zion epai bidegabe hari eta gaur, irailak 13, saioa eginen dute epaitegietan helegitea aztertzeko. Oraingo epaileek lehenbiziko sententzia berresten badute, litekeena da Salinas berehala sartzea kartzelan. Hori dela-eta, Igor Arroyo LAB sindikatuko idazkari nagusiaren ondokoak adierazpenak eginen ditu Iruñeko Justizia Jauregiaren parean. 12:00etan izanen da.
 

 

 

Lakuak Ordezkagunean egin duen kudeaketa tamalgarria salatu nahi dugu

0
LAB Irakaskuntzak salatutakoaren arabera, irailaren 10ean ez dira plaza guztiak atera, eta beraz, postuak bete gabe geratu dira eskolen eta irakasle ordezkoen kalterako.

Ordezkagunearen bidez lanpostuen banaketan egon diren arazoak ikusirik, LABek honako hau salatu nahi du:

Irailaren 10ean ez direla plaza guztiak atera, eta beraz, postuak bete gabe geratu direla eskolen eta irakasle ordezkoen kalterako. Gainera, Lakuatik eskoletako zuzendaritzen gain jarri nahi izan da ardura guztia, Ordezkagunearen kudeaketa txarraren erantzukizuna hartu beharrean.

Postu guztiak ez banatu izanaren ondorioz, plazak ez dira puntuazioaren arabera banatu. Hau da, posturen bat hartu zutenek ezin izan zuten beren puntuazioari zegokion posturik hautatu, eta derrigorrez beren etxetik urrunago zeuden postuak hautatu behar izan dituzte.

Lanaldi murriztuak hautatu zituzten irakasleen kexak ere iritsi zaizkigu: murriztu guztietan %66ko lanaldia zela jartzen zuen hala izan gabe ere. Hori dela eta irakasle askok eskolara joandakoan jakin du lanpostuaren lanaldia murritzagoa zela. Egoera honen aurrean Lakuak lanpostuei uko egiteko aukera zabaldu du berriro ere Ordezkagunean aktibo jarri ahal izateko.