2026-04-12
Blog Page 598

Siemens Gamesako edozein kaleratze baztertzen dugu

0

Langileok bizi dugun ziurgabetasun-egoeraren aurrean, LABek konpromiso publiko eta garbia eskatzen die bai enpresari bai herrialdeko erakundeei, enpleguaren alde eta Euskal Herriko Siemens Gamesa lantegien deslokalizaziorik ezaren alde.

Atzo, azaroak 5, Siemens Gamesak 600 langile kaleratzeko asmoa iragarri zuen komunikabideetan, baita Euskal Herrian ere. Prentsa ohar horretan bertan, aurten 140 milioi euroko irabaziak argitaratu ditu enpresak, aurreko ekitaldian baino bi aldiz gehiago, inoizko eskaera-zorro handiena (25.500 miloi euro) du, eta duela bi aste Senvion enpresa alemaniarra erosi du eta nazioarteko hedapen-politikan enpresa berriak erosten jarraitzeko asmoa duela ere azaldu du.

Onartezina iruditzen zaigu Siemens Gamesaren erabakia. Urtetan irabaziak dituen, eskaera zorro handia duen eta enpresak erosten dituen enpresa batek ezin du inor kaleratu. Siemens Gamesak politika oldarkorra egiten du, eta enplegua bere akziodunen onuraren mende dago erabat.

Enpresa eredu hori ezin da LAB sindikatuak eredugarritzat ulertzen duena baino urrunago egon, non enplegua, lurraldearen aldeko apustua eta aberastasunaren banaketa lehenesten diren.

Siemens Gamesa energia jasangarria sustatzeaz harro agertzen da. Hala ere, jasangarria ez den enpresa-eredu bat praktikatzen du, non enpresa-onura handienaren logika kapitalista gobernatzen duen, enplegua eta lan-baldintzen kaltetan. Ezin dugu ahaztu Gamesa bultzada publikotik jaio zela, eta, gaur egun, laguntza publikoak jasotzen jarraitzen du, eta oso lotuta dago sektore publikoarekin eta estatuen erabakiekin. Alde horretatik, erakunde ezberdinek, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, ezin dute beste alde batera begiratu.

 

 

 

FVEM patronalari mozorroa kentzeko eskatu diogu Bizkaiko Metalgintzako sindikatuok

0

FVEM patronala Barakaldoko BEC-en ari da ospatzen Industriaren Eguna, eta Bizkaiko Metalgintzako sindikatuak bertara joan gara protesta egiteko. Hain zuzen ere, patronalak sektorea lanerako erakargarria dela saldu nahi du, baina errealitatea bestelakoa dela ohartarazi dugu.

Hauxe da Bizkaiko Metalgintzako mahai negoziatzailean ordezkaritza dugun LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuon oharra, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuekin batera egindakoa, gaurko mobilizazioa dela eta:

FVEM patronala Industriaren Eguna ospatzen ari da gaur, sektorea erakargarri egin nahian, joan den mendeko lan baldintzak aplikatuta kaskartzen ari denean. Eta hori Euskadiko lan sektore handiena dela, urtetako irabaziekin. Eklitaldi honen bitartez, sektorea erakargarria dela eta etorkizun oparoa duela erakutsi nahi du, baina errealitatea bestelakoa da ¿Zer da FVEM patronalarentzat sektore erakargarri bat?

-Emakumeen presentzia sektorean %15 ingurukoa izatea?
-Soldata arrakala egotea emakume eta gizonen artean?
-Izugarrizko lan istripu kopurua izatea?
-Kualifikatutako langileek ihes egitea lan baldintza kaskarren eraginez?
-Euskal gazteen artean dagoen behin behinekotasun kopurua handia izatea?
-35 urte azpiko langile baten kurrikulumean hamar enpresa desberdin agertzea?
-Enpresaz aldatzen den bakoitzean lan baldintzak okerrera egitea?

Sindikatuok argi dugu. Hitzarmen duin batek, beste gauza askoren artean, errealitate hauek guztiak gelditu behar ditu. Industriaren etorkizuna duina izan dadin oinarriak jarri behar ditugu. Eta hau posible izango da industria inklusibo batekin, seguruago batekin, parekideago batekin, eta egonkortasuna eskainiko diena emakume eta gazteei.

Horrenbestez, FVEM patrionalari mozorroa ken dezala exijitzen diogu, gezurrak esateari utz diezaiola mahaitik kanpo esaten duenean sektorerako hitzarmen duin bat nahi duela, mahaian ez dituenean arazoak jorratzen.
 

 

 

Sindikalgintza feminista, kapitalari aurre egiteko ezinbesteko tresna

0


Buzo urdinaz jantzitako eta industriaren borrokei lotutako sindikalismo maskulinoaren iruditeria hor egonda ere, errealitatea da emakumeok beti hartu dugula parte borroka sindikalean, bai gure eskubideak defendatzeko langile moduan, bai eta elkartasun sindikaleko ekintzen bitartez. LABeko Idazkaritza Feministak sindikalgintza feministari buruzko ponentzia bat landu du Durangon ospatu berri diren topaketa feministetan, kapitalari aurre egiteko ezinbesteko tresna gisa.

 

 

 

Grebara deitu ditugu Villatuertako New Collagena enpresako langileak, lan baldintzak hobetzearen alde

LAB sindikatuak iragan astean erregistratu zuen Villatuertako New Collagena enpresa kimikoan greba egiteko hasierako deialdia azaroaren 8, 9, 10 eta 11 egunetarako. Lehenbiziko greba aldia azaroaren 8ko 14:00etatik azaroaren 11ko 14:00etara iraganen da. Horren ostean enpresarekin akordiorik ez balego, bertze greba aldi bat izanen litzateke azaroaren 15etik 18ra, ordutegi berdinean. Eta, hala ere, akordiorik ez balego, azaroaren 18ko 14:00etan greba mugagabea hasiko litzateke.

Hainbat batzarretan langileek agerturiko eskaera aintzat hartuta, grebara deitzea erabaki da, lan baldintzak hobetze aldera, Zuzendaritzak uko egin baitzion Enpresa Akordio bat negoziatzeari eta uko egin baitzion ordezkari sindikal bakarrarekin eta LABeko aholkulariarekin bilera batean elkartzeari.

LAB sindikatua lan baldintza duinen alde borrokatuko da beti, enpresako egoera errealarekin loturiko lan baldintzak, halaxe eskatu baitute hainbatetan langileek.

 

 

 

Udal eta foru Administrazioko langileak berriro baztertu dituztela salatu dugu, gurasotasun baimenaren harira

Irailean, EUDELeko zuzendaritza berria aukeratu zenean, eskua luzatu genion EUDELi. Gai honekin batera, langileen interesekoak diren beste hainbat gai 2017tik blokeatuta dagoen negoziazio mahaian hitz egin beharko lirateke. Dagokien ardura har dezatela behingoz!

Urriaren 31an argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak bizitza familiarra eta laborala kontziliatu ahal izateko dekretua (Enplegu eta Gizarte Politiken Departamenduko 164/2019 dekretua). Horren arabera, Mahai Orokorraren menpean ez dauden gainontzeko langileentzako gurasotasun baimenak arautu behar ziren.

Irailaren 1etik aurrera indarrean sartu behar zen Mahai Orokorreko Dekretuan onuradunari 18 asteetako baimena onartzen zitzaion. Orain argitaratutako Dekretuan, azaroaren 1etik aurrera indarrean sartu behar zena, 16 asteetako eszedentzia onartu behar zitzaion.

Baina ez Dekretu batean ez bestean onuradun bezala ez gara udal eta foru Administrazioko langileak sartzen. Gure kasuan, gurasotasun baimena 8 asteetara baino ez da mugatuko. Konparaziozko bidegabekeria onartezina udaletako eta Diputazioetako langileentzat.

Zelan da posible kontenplatuta ez egotea ia 30.000 langileko sektore oso bat? Zer egingo du Eusko Jaurlaritzak sortu duen despropositoa zuzentzeko? Jakin dezatela ez dugula onartuko Eusko Jaurlaritzak arduragabekeria horrekin ibiltzea!

LAB sindikatutik argi daukagu udal eta foru Administrazioko langileok ez dugula onartuko horrelako tratu diskriminatzailerik. Horregatik, uste dugu EUDELek Udalhitz markoaren barruan kontenplatu beharko lukeela 18 asteetako gurasotasun eszedentzia.

Zenbat huts egite behar dira EUDELek bere ardura hasteko hartzen? Noiz arte egon beharko gara udal eta foru Administrazioko langileok gure eskubideak zapuztuak eta baztertuak ikusten?

 

 

 

Jaurlaritzak Madrilek finkatzen duen enplegu publikoaren politika txintxo inposatzen jarraituko duela berretsi du berriro

Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoa egonkortzeko Legebiltzarreko proposamenari buruzko iritzia eman du, hauteskunde kanpainarekin kointzidituz. Madrilek ezarritako enplegu publikoaren politiken “kudeatzaile onaren” irudia promozionatzeko aukera ez du galdu EAJk.

EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu duen «Enplegu Publikoa Egonkortzeko» lege proposamenak igaro behar dituen izapideetako bat da, hain justu, Jaurlaritzak proposamenari buruzko jarrera adieraztea. Bi arrazoi hauek agertu ditu Urkulluren Gobernuak:

1. “Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektuan (EEPL) jasota dagoela proposamena, eta zuzenketak egitera muga dadila”. Bada, EEPLak jasotzen duen eredu merkantilista, indibidualista, pribatizatzailea, behin-behinekotasunean oinarrituta, lanbide karrera arbitrarioa, Euskal Herriak behar duenarekiko mugatua… salatu izan du LABek prozesuaren fase guztietan. Jaurlaritza berriro ere «dena ala ezer ez» txantajearekin dator. EEPL proiektu zaharrak ez dio inork erosten Jaurlaritzari, ez sindikaturik, ezta gehiengorik parlamentuan, eta temati dirau EAJ-PSEk. Bere erantzukizun faltagatik, beste inork egin dezakeen edozein proposamen atzera botatzen du sistematikoki.

2. «…eragin negatiboa izan dezakeela zentral sindikalekin hurrengo lan-eskaintza publikoen inguruan egiten ari den negoziazioan»: Urkulluren Gobernuaren ezaugarri nagusia «negoziazio ezarena» izan dela salatzen jarraitzen dugu. Negoziazio Kolektiboa bete beharreko izapide hutsetara mugatzen jarraitzen du, eta «negoziazio» eta «akordioa» terminoak eufemismo bihurtzen dira bere ahoan. Aurreko astean aurkeztutako deialdia inposizio hutsa izan zen, eufemismo horiek apainduta.

LAB sindikatuak lege propioak behar direla aldarrikatzen du. Lege horiek euskal zerbitzu publikoetan ditugun erronkei erantzuteko tresnak izan behar dute, ez euskal administrazioetan eredu neoliberala ezartzeko. Guretzat momentu honetan berebiziko garrantzia dauka dagoen prekarietate mailarekin amaitzea eta horregatik begi onez ikusten ditugu norabide horretan doazen proposamenak.

 

 

 

Atsedena eskubide bat dela aldarrikatu dugu Bilbao Kirolak-en bulegoen aurrean

0

Bilbao Kirolak-ek ez du garbitzaileen atsedena errespetatzen, eta hori salatzeko elkarretaratzea egin dugu erakunde horren egoitzaren aurrean, LAB, CCOO, ELA eta ESK sindikatuok deituta. Datorren astean berriro mobilizatuko gara.
 

 

 

Azaroaren 12an eta 14an bi orduko lanuzteak egitera deitu ditugu Irurtzungo Hydro Extrusion enpresako langileak

0

LAB sindikatuak bere desadostasuna agertu nahi du UGT eta CCOO sindikatuek Irurtzungo Hydro Extrusion enpresarekin lan kategorien harira lortu duten akordioaren aurrean. Atzo, LABeko ordezkariek deituta, langileek ordubeteko lanuztea egin zuten. Eta sindikatuak txanda guztietan bi orduko lanuzteak egitera deitzen ditu langileak azaroaren 12rako eta 14rako.

Akordio horrek ez dio ematen konponbidea krisiaren aitzakiaz enpresak duela urte batzuk hartu zituen neurrien ondorioz sortu den egoerari. Gaur egun lantokian bi mailako langileak daude, enpresan krisialdia aurretik sartu zirenak eta krisiaren ondotik sartu direnak, eta erdietsitako akordioak ez du amaitzen soldata arrakalarekin eta oraindik gehiago banatzen dira langileak kategoria ezberdinetan.

Akordioak langileen artean desadostasuna ekarri du, eta horren adierazle argia da langileek akordioaren aurka egin duten sinadura bilketa. Akprdioak gutxi batzuen egoera baino ez du hobetuko, partzialki. Desberdintasunak langileoi kalte egiten digute eta bakarrik patronalari egiten dio mesede.

Langile askok nahiz eta beste langile batzuek egiten duten lan berbera egin gutxiago kobratzen dute. Akordio horrekin egoera horrek berdin jarraituko du eta ez da ezer aldatuko. Uste dugu egiten ditugun funtzioen errekonozimendu bat egon behar duela, bakoitzak dagokion kategoria izan dezan.

Horregatik guztiagatik tailerreko gehiengo baten eskaerari jarraikiz, atzo ordubeteko lanuztea egin zuten langileek, 13:30etik 14:30era. Ordu horretan elkarretaratzea eta batzarra egin zituzten langileek, eta erabaki zuten azaroaren 12an eta 14an bi orduko lanuzteak egitea txanda guztietan.

LABek beste akordio bat nahi du, langileen funtzioak aitortuko dituena eta soldata ekiparazioa bilatuko duena.

 

 

 

Prekarietatea mantentzeaz gain, enplegua sunsitzen ari dira

LAB sindikatuko Negoziazio Kolektiboko eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiaren hitzetan, “azken urteetan langabezia jaitsi egiten zen, baina sortzen zen enplegua oso prekarioa zen. Sortzen zen enplegua erabili eta botatzekoa zen. Orain, zoritxarrez, ‘botatzeko’ fasean murgilduta gaude, eta prekarietatea mantentzeaz gain, enplegua ezabatzen ari da. Egoera hau emakumeek eta gazteek sufritzen dute bereziki”. Ugartemendiaren esanetan, ”momentua da politikak aldatzeko, eta eskaera hori Confebask, CEN, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari egiten diegu. Prekarietatean oinarritutako herri batek ez du etorkizunik. Enplegu duina behar dugu”.

Hego Euskal Herrian erregistraturiko langabeziak 3.128 lagun gehiago izan ditu urrian, langabezia zifra ofiziala 147.199 pertsonetara igoz. 2012tik urrian izan den langabeziaren bilakaerarik okerrena izan dugu, % 2,2ko hazkundea izan baitu.

Berriro ere langabeziaren gorakadak intentsitate handiagoa izan du 25 urtetik beherako gazteen artean. Horrela, talde gazteenen artean langabezia %5,5 igo da aurreko hiletik.

Horri guztiari kontratazioetako prekarietate maila eskandalagarria erantsi behar zaio, sinatutako 100 kontratutik 8 baino ez baitira mugagabeak. Behin-behinekotasun maila ikusgarri horiek ez dute parekorik Europako Batasunean, eta ondorio bezala laneko txandaketa jasanezin bat dute.

Hala ere, hau ez da fenomeno berri bat, eta ezta atzeraldi handiaren ondoren bizi izandako berreskurapen ekonomikoaren faseak berezko duena ere. Egia esan, laurogeiko hamarkadaren bigarren erdialdetik izan dugun gaitza da. Hala ere, orain arte gobernu bakar batek ere ez du izan interesik egoera zuzentzeko.

Bestalde, hiru langiletik bi abandonu egoeran daudela salatu beharra daukagu, ez baitute jasotzen inolako langabezia prestaziorik. Gainera, prestazioren bat jasotzen dutenen artean % 40k sorospen-prestazio bat jasotzen du eta, batez beste, hilean ez da apenas 430 eurora iristen.

Hego Euskal Herrian, ofizialki langabezian daudela hartzen diren pertsonen %34,5ak soilik jasotzen dute langabezia prestazio motaren bat (kontribuziozkoa edo sorospenekoa). Hala ere, emakume langabetuen estaldura-tasa % 31,6ra jaisten da.