Langileok bizi dugun ziurgabetasun-egoeraren aurrean, LABek konpromiso publiko eta garbia eskatzen die bai enpresari bai herrialdeko erakundeei, enpleguaren alde eta Euskal Herriko Siemens Gamesa lantegien deslokalizaziorik ezaren alde.

Atzo, azaroak 5, Siemens Gamesak 600 langile kaleratzeko asmoa iragarri zuen komunikabideetan, baita Euskal Herrian ere. Prentsa ohar horretan bertan, aurten 140 milioi euroko irabaziak argitaratu ditu enpresak, aurreko ekitaldian baino bi aldiz gehiago, inoizko eskaera-zorro handiena (25.500 miloi euro) du, eta duela bi aste Senvion enpresa alemaniarra erosi du eta nazioarteko hedapen-politikan enpresa berriak erosten jarraitzeko asmoa duela ere azaldu du.

Onartezina iruditzen zaigu Siemens Gamesaren erabakia. Urtetan irabaziak dituen, eskaera zorro handia duen eta enpresak erosten dituen enpresa batek ezin du inor kaleratu. Siemens Gamesak politika oldarkorra egiten du, eta enplegua bere akziodunen onuraren mende dago erabat.

Enpresa eredu hori ezin da LAB sindikatuak eredugarritzat ulertzen duena baino urrunago egon, non enplegua, lurraldearen aldeko apustua eta aberastasunaren banaketa lehenesten diren.

Siemens Gamesa energia jasangarria sustatzeaz harro agertzen da. Hala ere, jasangarria ez den enpresa-eredu bat praktikatzen du, non enpresa-onura handienaren logika kapitalista gobernatzen duen, enplegua eta lan-baldintzen kaltetan. Ezin dugu ahaztu Gamesa bultzada publikotik jaio zela, eta, gaur egun, laguntza publikoak jasotzen jarraitzen du, eta oso lotuta dago sektore publikoarekin eta estatuen erabakiekin. Alde horretatik, erakunde ezberdinek, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, ezin dute beste alde batera begiratu.