2026-08-01
Blog Page 592

Dei egiten diegu hiritarrei larunbatean euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko manifestazioan parte hartzera

Jendarte osoa animatu nahi dugu larunbat honetan, hilak 29, arratsaldeko 17:00etan Golem zinemetatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera. Nafarroan euskaraz bizitzeko nahia geldiarazi ezin den olatua dela argi utzi behar dugu.

Ezagunak zaizkigu Navarra Suma, hainbat kasutan PSNren laguntzaz, gidatzen ari den saiakera euskarafoboak gure artean izan dituen azken ondorioak.

Mendigorrian, bertako gurasoek eskaera egin arren, Haur eta Lehen Hezkuntzako eskolan euskarazko lerroa sortzeari jarri dizkion oztopoak, Iruñeko haur eskoletan euskarazko eskaintza hutsaren hurrenera mugatzeko saiakerak, unibertsitatean euskaraz ikasteko zailtasun kronikoak… hainbat eta hainbat dira egoera hau onartezina dela ondorioztatzera garamatzaten adibideak.
 

 

 

Lan-poltsarako oinarri berriak eskatu dizkiogu Dbusi, egungo baldintza baztertzaileen aurrean

0
Pasa den otsailaren 16an, Dbus enpresak Lan poltsa sortzeko deialdia eta hautaketa prozesua arautzen dituen baldintza orokorrak publikatu zituen. Hauen II Eranskinean, honako baldintzak zehatzten dira besteak beste: Garaiera: Honako tarte hauetatik kanpo dagoen garaierarik ez da onartuko: 155 – 200 cm. Hala ere, kasu bakoitza aztertuko da. Oro har, obesitatea (GMI 30etik gorako GMI edo Gorputz Masa Indizea). Beste parametro batzuekin batera aztertuko da, baloratzeko”. LABen baldintza erabat baztertzaileak direla uste dugu. Jakinaren gainean jarri nahi dugu enpresak jarri dituen baldintza hauek interes ekonomiko hutsean oinarritzen direla.

Sindikatuko kideok urte oso bat daramagu autobusen eserlekuen altuera salatzen. Eserlekuak ez dira nahikoa jaisten ezta nahiko igotzen ere. Garaiera altua edo baxua duten langileek arazoak dituzte modu eroso batean gidatu ahal izateko. Fabrikaziotik datorren arazo bat izaki, enpresa eroslea (Dbus) eta enpresa ekoizleekin bildu gara arazoaren berri eman eta konponbideak jarri ditzaten. Baina arrazoia ematen badigute ere, ez dute ezer egiten. Orain, konponbidea aurkitu dute antza, gidarien altuerak mugatzea. Erabat lotsagarria iruditzen zaigu.

Bestetik, gidariek duten GMIa mugatzen duen neurriarekin ez gaude ados. GMI altua izan dezakeen gidari batek ez du zertan osasun arazo bat izan behar. Ez dugu neurri honen zioa ulertzen.

Azkenik, Dbus enpresak deialdi honetarako kanpaina berezi bat jarri du martxan, sektorean emakumeek duten presentzia handitzeko helburuarekin. Hautaketa prozesuan parte hartzera animatzen ditu. Publizitate kanpaina bat besterik ez da. Ez dute emakumeen presentzia handitzeko inolako neurri efektiborik ezarri. LABetik honakoa eskatu diogu enpresari: lan poltsa honetarako emakumeek gordeta izango dituzten lanpostuak deialdiaren %60a izan behar dute. Hau da, beteko diren plaza guztien %60a emakumeek beteko dituztela. Baina ez hori bakarrik, enpresak, instituzio publikoen laguntzarekin, emakumeak formatzeko plan oso bat jarri behar dute martxan, hauen presentzia bermatuko badugu. Hau egiten ez bada, dena itxurakeria besterik ez dela deritzogu.

Dbus-ek azken deialdi honekin inoiz baino baztertzaileagoa dela erakutsi digu. LAB sindikatutik oinarri berriak atera ditzala eskatzen diogu, aurretik aipartutako baldintzak kenduz eta berdintasuna benetan sustatuko duten neurriak barnebiltzen dituela.
 

 

 

EHUk azpikontratatutako garbitzaileak eta Unibertsitateko aurredoktoreak aliantzak sortu eta Leioako campusean mobilizatu dira

0

"Lan berdina, soldata berdina" lelopean, bi kolektiboek ikusezinak izatea salatu dute, baita EHUko komunitatearen barruan jokatzen duten papera aldarrikatu ere. EHUren inplikazioa exijitu dute euren gatazkak konpon daitezen.

Garbiketako langileek bost urte daramatzate negoziatzen, baina urtarriletik hona enpresek mahaira joateari utzi diote, eta Euskal Administrazio Publikoak beste alde batera begiratzen du.
Martxoaren 2tik aurrera 5 asteko grebari hasiera emango diote LAB, ELA, ESK eta CCOO sindikatuok deituta. Eusko Jaurlaritzako garbiketako langileen soldatakiko ekiparazioa eskatzen dute. Soldata bien arteko aldea, gaur egun, %13tik gorakoa da.

Gainera, sektorearen %40k lanaldi partzialak ditu – eta, beraz, soldata partzialak –, eta enpresak ez daude bakanteak kubritzeko sistema berri baten alde, etorkizunean bada ere lanaldiak luzatzea ahalbidetuko lukeena.

Salatu dute, halaber, lan kargak, maiz, bikoiztu egiten dituztela Eusko Jaurlaritzako garbitzaileek ezarrita dituztenak.

Bestalde, doktoratu aurreko ikertzaileek, Euskal Herriko Aurre-Doktoreen asanbladak deituta, atzeratutako soldatak osorik ordaintzea eskatzen dute, 2019ko martxoan Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutu Berria (EPIPF) indarrean sartu zenetik, alegia. Joan den ikasturtetik salatzen dute Errektoretzak uko egiten ziola atzeratutako soldatak ordaintzeari eta Estatutu berria aplikatzeari.

Bi kolektiboek indarrak batzea erabaki dute eta EHUn mobilizazio bateratua aurrera eramatea. Arduradunen aurrean ikusezin sentitzen dira, eta arduragabekeriaz tratatu dituztela salatzen dute, nahiz eta haiek ere Unibertsitateko komunitatearen parte izan. Beste deialdi batzuetan bezala, ikasle eta irakasleen babesa izan dute.

Garbitzaileek, Leioan ez ezik, Gasteizen eta Donostian ere egin dituzte gaur protestak.
 

 

 

Aurrekontuen onarpenaren aurreko azken protesta

0

Hezkuntzako Itunaren sinatzaile garen sindikatuok beste behin ere elkarretaratu egin gara itunak urte honetarako ezarritakoa aurrera eramateko beharrezko diren diru partidak sar ditzaten 2020ko aurrekontuetan. Sindikatuetako ordezkariek, adostutakoa kontuan hartu ezean, mobilizatzen jarraitzeko asmo irmoa agertu dute.

Ostegun honetan, ustez 2020ko Nafarroako aurrekontuen onarpena ekarriko duen osoko bilkura egin dute Nafarroako Parlamentuan. 2018an Departamentuarekin Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Ituna sinatu genuen sindikatuak (LAB, STEILAS, UGT, CCOO, ANPE eta Afapna) Ganberaren aurrean elkarretaratu gara, onartu aurreko azken aldia izan daitekeen honetan, esijitzeko aurrekontuetan sar ditzaten urte honetarako itunak aurreikusten duena burutzeko beharrezko diren partida ekonomikoak.

Sinatutako testuak ezartzen duenez, 2020. urte honetan bi neurri zehatz aplikatu behar dira: batetik, 57 urtekoen ordutegi murrizketa, eta bestetik, ordu gehiago ematea ikastetxeei zuzendaritza lanengatik galtzen diren orduak konpentsatzeko. Biek ala biek izan behar zuten isla aurtengo aurrekontuetan, baina ez dirudi hala izango denik.

Elkarretaratzea Parlamentuaren ateen aurrean egin da, parlamentari guztiei gogorarazteko oraindik orain eskuartean duten aurrekontu proiektuak ez duela 2018an adostutakoa betetzen, eta bide batez, irmotasun osoz adierazteko mobilizatzen jarraitzeko asmo osoa dugula baldin eta gaurko bilkuratik ateratzen diren aurrekontuetan islarik ez badu izaten Nafarroako gehiengo sindikalarekin sinatutako itunak.

 

 

 

Odolusteak ez duela etenik salatu dugu, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertu zirenetik hiru aste igaro direnean

Hiru aste daramate Alberto Sololuzek eta Joaquin Beltranek desagertuta, eta lan istripuen odolusteak ez du etenik. Zaldibarreko istripua gertatu zenetik, etengabeak izan dira langileek eta herritarrek egindako mobilizazioak. Hala, euskal gehiengo sindikalak deituta, Ermua eta Eibar arteko biribilgunean elkarretaratzea egin dugu, prekarietateak hil egiten duela salatzeko. LABeko Lan Osasuneko arduradun Lurdes Erasok hartu du hitza, eta arduradunak seinalatzeko eta erantzukizunak eskatzeko garaia dela nabarmendu du. Era berean, LAB sindikatuak, ustez, Zaldibarreko zabortegian lanean ari diren langileen aldetik jasotako gutun baten berri eman du. Eskutitz horretan, euren osasuna arriskuan dagoela ohartarazi dute langileek, biziki kezkatuta.

Bi langile desagertuta Zaldibarren, lur azpian, eta 13 langile hilda aurten Hego Euskal Herrian; azkena, herenegun, Murgan. Honela gauzak, egoera jasanezina dela salatu dugu Ermua eta Eibar artean egindako elkarretaratzean.

LAB sindikatuak sinaturik gabeko gutun bat jaso duela jakinarazi dugu mobilizazioan, ustez Zaldibarreko zabortegian lanean ari diren langileen izenean. Gutunak dioenak berretsi egiten du zabortegira egindako bisitan ikusi genuena; prebentzio falta eta arrisku larria langileen osasunerako. Hona hemen gutuna, jaso bezala:


 

 

 

Hiru aste daramate Albertok eta Joaquinek desagertuta, eta lan istripuen odolusteak ez du etenik

Gaur, otsailaren 27an, hiru aste betetzen dira Zaldibarreko Verter Recycling-eko zabortegiko luizia gertatu zenetik. Ordutik, bi langile, Alberto eta Joaquin, desagertuta daude. Hori dela eta, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egingo dugu gaur, otsailaren 27an, Ermua eta Eibar arteko biribilgunean, arratsaldeko 18:30ean.

Istripua gertatu zenetik, etengabeak izan dira langile eta herritarrek egindako mobilizazioak, bertan gertatutakoa argitzea eta langileak eta osasuna erdigunean jartzeko eskatuz.

Sindikatuon arabera, bi desagertutakoen bilaketa ez da lehentasuna izaten ari Jaurlaritzarentzat eta Zaldibarren lanean ari diren langileen osasuna ere ez dago bermatuta sindikatuok astelehenean bertatik bertara ikusi genuen moduan. Beste behin, ikusi dugu Jaurlaritza eta Urkullu ahaztu egin direla langileez. Hau dela eta, mobilizazioekin jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute, “Zaldibar argitu” lemapean egiten ari direnetan parte hartzeko deia eginez.

Lanean hildakoen odolusteak ez duela etenik. Bi hilabete ere ez dira pasatu urtea hasi zenetik eta honezkero 13 dira Hego Euskal Herrian lanean hildako langileak, eta 2 Zaldibarren desagertutakoak. Azken astean, 2 izan dira lanean hildako langileak. Lanetik bizirik eta osasunez bueltatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu eta neurri eraginkorrak eskatzen dizkiegu administrazioei egoera honen aurrean.
 

 

 

Berriro ere kaleratzeak Laminaciones Arreguin

0

Celsa Atlantic-Laminaciones Arreguiko zuzendaritzak bere mehatxua bete du eta 8 langile kaleratu ditu. Negoziazioa bertan behera utzi ondoren, Enpresa-Batzordearen azken proposamena baztertu ondoren, zuzendaritzak berriro hartu du kaleratzeak, inposizioak, jazarpena eta zigorraren bidea, 2016an utzi zuena, eta 8 lankide kalean utzi ditu. Honen aurrean, Enpresa-Batzordeak kaleratzeok baztertzen ditu, kaleratuak berriro lanera exijitzen du eta mobilizazio eta ekimen berriak iragartzen ditu enplegua eta Gasteiz eta Urbinako lantegien etorkizunaren alde.

Hauxe da langileen oharra, gaurko lanuzteen harira osatutakoa:

Urtarrilaren amaieran enpresak negoziazioak amaitutzat emon ondoren eta ziurgabetasunezko aste batzuen ondoren, zeintzuetan langile gehienak mobilizazioak egin dituzten eta Enpresa-Batzordeak berak azken proposamen bat aurkeztu zuen neurri alternatiboak adosteko, Zuzendaritzak bere mehatxua bete du, 8 langile kaleratuz.

Negoziazioa bertan behera utzi zuen boluntario aurkeztu ziren bi lankideren lekualdatzea zergatik baztertu zuen justifikatu gabe, 58 urtetik gorakoentzako inolako proposamenik zergatik egin ez zuten argitu gabe, euren arabera zegoen gehiegizko eskulanari aurre egiteko kontratuak eteteko ze eragozpen legal zegoen aztertu gabe, baina 40 pertsonetan murriztu zena neurri traumatikorik hartu gabe. Danbatekoa eman zuten nahikoa doitua zegoen langile-taldearentzat “doikuntza” areagotuta, edozein ez egoteren aurrean gelditu edo produkzioa geldotzera ohituta zegoen.

Amore eman nahi izan ez zuten lantegientzako aldebakartasuna, inposizioa, kaleratzeak eta zigorrekin datoz berriro. 8 lankide kalean utziko dituzte, EEE bidez kaleratze kolektibo bat egin nahi ez dutelako, epaitegietatik beste jipoi bat ez jasotzeko konfidantzan. Ez delako lehen aldia. Izan ere, langile hauek birritan izan dira kaleratuak honezkero, 2012 eta 2015ean. Are gehiago, kaleratu guztiak dira LAB eta ELA sindikatuetako afiliatuak, 2012ko greba mugagabean parte hartu zuten eta egun egiten aritu garen lanuzte eta mobilizazioetan parte hartu dute. Hau gutxi balitz, 50 eta 55 urte artean dituzte eta batzuk epe luzeko baja medikuan daude, eta honek, zailago egiten du lan-merkatuan berriro sartzea. Horregatik, ezin dugu beste ondoriorik atera: enpresa berriro itzuli da jazarpena, diskriminazioa eta zigorraren bidera.

Gogoratu nahi dugu 2012an gatazka hasi zenean 356 langile ginela eta gaur egun 95 soilik geratzen garelako. Horregatik, gaur eta orain adierazi nahi dugu alarma egoeran gaudela. Lan-talde txikiegiarekin, politika erasokorra duen Zuzendaritzarekin, lantegi hauentzako edozein alternatiba produktibo ukatzen duen Taldearekin, Laminaciones Arregui ixteko arriskuan dago epe ertainean. Ez da soilik 8 langile kaleratu dituztela. Kontua da ez dutela etorkizuneko proiekturik lantegi hauentzat, ez bideragarritasun planik, ez inbertsiorik, ez produkzioaren dibertsifikaziorik…

Baina ez langileok ez Enpresa-Batzordea ez gaude amore emateko prest. Kaleratze hauen guztiz kontra gaude, eta bitarteko guztiekin, juridikoak barne, borrokan egiteko prest gure lankideak berronar ditzaten. Honela, Enpresa-Batzordeak lanuzte eta mobilizazio berriak planteatzen ditu datorren astetik aurrera. Gainera, martxoaren 3ko mobilizazioetan parte hartuko dugu, gure hiriko borroken data garrantzitsuan, gure aldarrikapenen berri emateko.

Gainera, datorren asteazkenean Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin bilera egingo dugu, enpresak eraman nahi gaituen enplegu suntsiketa eta industria-eraispena eragozteko bere inplikazioa eskatzeko. Helburu berdinarekin beste instituzio eta alderdi politikoetara ere joko dugu.

Azkenik, gure konpromisoa adierazi nahi dugu. Enpresa-Batzordeak eta langileok gure prestasuna adierazi nahi dugu enpresarekin eta instituzioekin bide bateratua egiteko Laminaciones Arregui salbatzea helburu. Bide hau negoziazioaren bidez egin beharko genuke, eta enpleguan, borondatezko izaeran eta etorkizuneko bermeetan egon behar du oinarrituta. Finean, enplegua eta etorkizuna, horren egin dugu borrokan, jarraitzen dugu borrokan eta jarraituko dugu borrokan, eta dei egiten diegu gasteiztarrei gurekin mobilizatu daitezen.
 

 

 

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek kaleak hartu dituzte hitzarmenaren defentsan

LAB, ELA eta UGT sindikatuok greba egunak deitu ditugu otsailaren 27rako eta martxoaren 4 eta 5erako, Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuan. Mobilizazio hauen helburuan hitzarmen berri bat lortzea da. Ia hiru urte igaro dira sektoreko langileak mobilizatzen hasi zirenetik. Denbora honetan 40 greba egun baino gehiago egin dituzte, baina patronalek eta udalek immobilismoan jarraitzen dute. Egoera horren aurrean, langileek mobilizazio gehiago antolatu beste aukerarik ez dutela izan azpimarratu dute. Hala, langileek Bilboko kaleak hartu dituzte gaur, greben lehen egunean, eta Bilboko Udala interpelatu dute osoko bilkura egin bitartean.

Langileek urteak daramatzate Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kalitatean ematen ari den galera salatzen, bai asistentzia arloan baita lan baldintzen arloan ere. Kontuan hartu behar da, gainera, dependentzia egoeran dauden pertsonen kopurua etengabeko hazkundean dagoela jendartean eta gurea ezinbesteko zerbitzua dela.

Asistentzia arloari dagokionez, handitzen doan kolektibo baten babes maila gutxitzen ari da. Prestazio orduak jaisten dira, egin beharreko lanak handitzen diren heinean, zerbitzuaren kalitatean galera emanez. Lan arloari dagokionez, 8 urte baino gehiago daramatzate soldata izozketa eta lan eskubideen galerarekin. Enpleguaren behin-behineko tasa handia da, eta lanaldi partzialak ugariak. Malgutasuna gero eta handiagoa denez, lanaren eta norberaren bizitzen arteko kontziliazioa oso zaila bihurtu da. Labur esateko, lan-baldintzak prekarioak dira.

Arduradunak seinalatzeko unean, argi utzi dute ez dutela beste alde batera begiratuko. Bizkaiko udaletako gobernu taldeak, mozioen erabilera partidista eta gerora hauen ez betetzearekin, eta patronalak, negoziaziorako gogo ezarekin, dira gatazka honen arduradun zuzenak. Lehenengoek, zerbitzuaren titular moduan eta bigarrenek, zerbitzuaren prestatzaile moduan, ezin dute euren ardura albo batean uzten jarraitu.

Martxoaren 8a gertu dago, eta instituzioek berdintasuna aldarrikatzen duten urteroko edukirik gabeko intentzio deklarazioak egiten hasi dira. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bezalako sektoreekin berdintasun erreal batera jotzeko benetako neurriak hartzeko aukerak zabaltzen dira. Emakumeen lan baldintzetan eta ondorioz, bizi baldintzetan, hobekuntzak sustatuz.

Gatazka honen atzean, emakumeok zapaltzen dituen sistema oso bat dago. Sistemak emakumeok zaintza lanak ezeren truke egitera behartzen ditu, bere biziraupenerako. Horregatik, lan merkatuan eta kasu honetan etxez etxeko laguntzan, uzten diete lekua bigarren mailakoa da. Zaintza lanak inolako aitortzarik gabe eta oso modu prekarioan ematen dira.

Greba egunez gain, hainbat mobilizazio ere egingo dira. Gaur, Bilboko Udala interpelatu dute osoko bilkura egin bitartean, kanpoaldean kontzentratuz. Martxoaren 4 eta 5ean, Arriagaren aurrean egun osoko elkarretaratzea egingo dute, sektorearen egoeraz informatzeko eta programazio anitza aurrera eramateko. Honetaz gain, langile guztiak animatzen dituzte mugimendu feministak Martxoaren 8aren testuinguruan antolatutako mobilizazioekin bat egin dezaten.
 

 

 

Nafarroako Parlamentuaren aurrean mobilizatu gara, aurrekontu duin eta sozialen defentsan

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, Nafarroako Parlamentuaren aurrean mobilizatu gara, aurrekontu duinen eta sozialen alde. 2020. urteko aurrekontuek ez dituzte bermatzen gizartearen gehiengoak aldarrikatzen dituen lan, pentsio eta bizitza duinak, eta horregatik eraman dugu gure salaketa Parlamentuaren atarira.

Eskubide Sozialen Kartak aurkeztu zuen Herri Ekimen Legegilean jasotzen denez, lege bidez osatu behar da gutxiengo pentsioa 1.080 euro arte, kalitateko enplegua lortu behar da, eta Errenta Bermatua eta etxebizitzarako eskubidea babestu behar dira. Lan-arloan, soldata-arrakala, diskriminazioa eta indarkeria matxista amaituko dituen lege bat onartu behar da. Gobernuak babestu behar du hezkuntzan eta osasunean egindako inbertsioak Europako parametroetan koka daitezen, eta babestu behar ditu Nafarroan 1.200 eurotako gutxieneko soldataren eta 35 orduko lanaldiaren aldarrikapena. Hauek dira LABek aipatu Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren esparruan egindako proposamenetako batzuk, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan mugimendu sozial, sindikal eta pentsionisten artean adostutakoak Greba Orokorrari begira.

Horietako bakar bat ere ez da aintzat hartu. Horrela, agerian geratu da Nafarroako Gobernuak borondate politikorik ez daukala gizartearen gehiengoaren alde gobernatzeko, Nafarroako langileriaren premiak gaindi daitezen, zeinak lan, pentsio eta bizitza duinak eskatzen dituen.

Egiaztatu da eta agerian geratu da aldarrikapen hauekhartu duten indarra, milaka pertsonak, urtarrilak 30 zituenean, kalera atera zirelako haiekin bat eginez, eta gainera oso sostengu handia izan zutelako. Hala, LABen iritziz, ezinbestekoa da borrokari eustea grebaren aldarrikapen horiek eta gainerakoek Dekretu eta Lege bidez gauza daitezen.