2026-04-10
Blog Page 577

Presoen arazoa konpontzea ezinbestekoa dela berretsi dugu sindikatuok

Hilabeteko hirugarren ostiralero bezala, LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok hileroko elkarretaratzea egin dugu Bilbon, “Konponbide garaia da. Orain presoak” lemarekin, presoen eskubideen defentsan. Espainiako ordezkaritzaren aurrean bildu gara, presoen aferari konponbidea jar diezaioten exijitzeko.

2018ko abenduaren 20an egin genuen publiko 10 sindikatuk, Bilbo mailan, presoen eskubideen defentsan abiatu genuen dinamikaren berri. Ordutik hona, eta “Konponbide garaia da. Orain presoak” lemarekin, kontzentrazioak egin ditugu hilero, hirugarren ostiraletan, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean

Argiak ziren gure aldarrikapenak orduan, oraindik indarrean daudenak.

Preso dauden pertsonen arazoa konpontzea bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko beharrezko ekarpena litzateke.

Arazo honen konponbide orokorra lortzeko asmoz, honako urratsak beharrezkoak lirateke:

-Gaitz larriak edota sendaezinak pairatzen dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzeko edo espetxetik ateratzeko, duintasun pertsonal eta gizatasun arrazoiak direla eta.

-Espainia eta Frantziako gobernuei preso guztiak Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) eta Nafarroako espetxeetara ekar ditzaten exijitzen diegu, espetxe zigorra presoaren sorlekutik urruti ez betetzeko eta senideekiko lotura errazteko.

-Preso bakoitzaren baldintza eta egoera zehatzak benetan aztertuz, lehen gradutik bigarren gradurako bilakaera eskatzen dugu, espetxe legediak zehazten duen moduan.

Aldarrikapenok lortu arte mobilizatzen jarraituko dugu

 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Grebarako arrazoi ugari genituen, eta orain arrazoi gehiago ditugu”

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururi elkarrizketa egin diote goizean, Bizkaia Irratian, urtarrilaren 30eko Greba Orokorra ardatz.
 

 

 

Jeronimo Prieto: “Borroka luzea izanen da, mugimenduak irauteko gisan antolatu behar gara”

Ipar Euskal Herriko LABeko ordezkari Jeronimo Prieto elkarrizketatu du "Argia" hedabideak. Prieto trenbidetako langilea da eta abenduaren 5az geroztik greban dago, Macronen Gobernuak aurreikusitako erretreten erreformaren aurka. Greba Orokorra ere hizpide izan du: "Urtarrilaren 30eko Greba Orokorra Ipar Euskal Herriko agendan sartu nahi dugu".
 

 

 

Mina del Morro ikastetxearen itxieraren kontra gaude

0

LAB sindikatuak bere desadostasuna adierazi nahi du Santutxuko Mina del Morro eskola publikoan 3 urteko gelako matrikulazioa ez irekitzeko Hezkuntza Sailak hartu duen erabakiaren aurrean.

Santutxuko Eskola Publikoetako Familiek salatu dutenez, Hezkuntza Sailak ez du 3 urteko gelan matrikulazioa irekiko urtarrilaren 27an Bilboko Mina del Morroko ikastetxean, eta Eusko Jaurlaritzak ikastetxe publikoa itxi egingo du.

Erabaki horrekin, Hezkuntza Sailak 34.000 biztanle dituen Bilboko Santutxu auzoa hezkuntza lerro publiko bat gutxiagorekin uzten du. Horretaz gainera, salatu nahi dugu Hezkuntza Sailak matrikularen gardentasun faltaz jokatu duela azken finean ikastetxearen beraren itxiera justifikatzeko. Erabaki larri horrek argi uzten du Jaurlaritzak murrizketak egiten jarraitzen duela eskola publikoan, eta lerro publikoan plaza-eskaintza txikitzeak, aldiz, matrikulazioa aukera pribatuetara desbideratzea erraz dezakeela.

Era berean, Hezkuntza Sailak Mina del Morro ikastetxearekin izan duen utzikeria salatu nahi du LABek, eta Santutxu auzoak behar duen hezkuntza-proiektua aurrera atera ahal izateko hurrengoa eskatzen diogu:

• Mina del Morroko Eskola Publikoa zabalik mantentzea, eta auzoko eta ikastetxeko hezkuntza-komunitatearekin elkarlanean ikastetxearen bideragarritasuna bermatzeko plan estrategiko bat abiaraztea, beharrezkoak diren neurriak eta inbertsioak bideratuz.

• Zonaldeko hiru ikastetxe publikoen artean (Mina del Morro Larreagaburu HLHI, Karmelo Ikastola IPI eta Luis Briñas HLHI) zonalde osoko egoera bideratzeko mahai bat osatzea, eta mahai horretan hiru ikastetxeek egiten dituzten eskaerak eta proposamenak aintzat hartzea.

LABek Santutxuko auzoak hamarkadetan hezkuntzaren alde egindako lan eredugarria azpimarratu nahi du. Auzoz auzo, eskolaz eskola Eskola Publiko, euskaldun, hezkidetzaile, inklusibo eta burujabea iruten jarraituko dugu.

Beste aldetik, LABek bat egiten du Santutxuko Mina del Morro, Luis Briñas eta Karmelo Eskola Publikoetako familiek gaur 17:00etan Basarrate plazan deitutako konzentrazioarekin, eta bere komunitateari parte hartzeko deia luzatzen dio.
 

 

 

Osasunbideko langileek elkarretaratzea egin dute bidegabekerien aurka

0

LABek berriz ere dei egiten die langile guztiei datorren ostegunerako, urtarrilaren 23rako, 11:00etan Vianako Printzea Kontsulta Zentroaren atarian, zerbitzu publikoen defentsaren eta diskriminaziorik gabeko lan-hobekuntzen aldeko gure apustua berresteko.

SNS-Osasunbideko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Santos Indurain kontseilariak SMNri egindako kontzesioei eta bidegabekeriei aski dela esateko.

LAB sindikatuan aldarrikatzen dugu lan-baldintzak hobetzeko neurriak langile guztiontzat izatea, inolako diskriminaziorik gabe. Ongi baloratzen ditugu kolektibo bakar batentzako lansarien eta lanaren arloko hobekuntza guztiak, baina eskatzen dugu neurri horiek guztiek Osasunbidea osatzen dugun 11.500 langileoi eragitea.

Kontseilaritza, ordea, politika elitista eta pribatizatzailea ezartzen saiatzen ari da, eta, horren aurrean, gaurko ekitaldian aldarrikatu ditugu talde-lana eta Osasunbideko kategoria profesional guztien lana aitortzea; horiek baitira osasun zerbitzu publikoetan kalitaterik handiena lortzeko bideak.

Mobilizatzeko garaia da eta gobernu berriari gogorarazten diogu aurrean izango gaituela plantillari eragiten dioten bidegabekeriak sortzen direnean edo langileen eskubideak murrizten direnean.

Bidegabekeriarik ez! Agrabiorik ez!

Gutxi batzuentzako hobekuntzak pribilegioak dira; guztiontzako hobekuntzak, eskubideak.

 

 

 

Sindikatuok presoen eskubideak defendatuko ditugu bihar, Bilbon

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok hileroko kontzentrazioa egingo dugu bihar Bilbon, “Konponbide garaia da. Orain presoak” lemarekin. Espainiako ordezkaritzaren aurrean izango da, 11:30ean; Plaza Eliptikoan, hain zuzen ere.

 

 

 

Beste indar erakustaldi bat egin dugu Baionan, erretreten erreformaren aurkako manifestazioarekin

Hendaian izan ginen atzo, eta Baionan, gaur, asteartean egin bezala. Ia egunero gaude kalean, erretreten erreformaren aurka protesta egiten, intersindikalaren borroka egutegiaren baitan. Bada, beste indar erakustaldi bat egin dugu Lapurdiko hiriburuko karriketan, borrokak bizi-bizi jarraitzen baitu, Macronen Gobernuak aurreikusitako neurrien aurka aste asko igaro diren arren.
 

 

 

Bilbo eta Bizkaiko boterea ordezkatzen duten erakundeak salatuko ditugu bihar, Greba Orokorrera deitzeko manifestazioan

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok manifestazioa egingo dugu bihar Bilbon, “Txikitik handira, Bilbo Handia grebara!” lemapean, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrarerako 13 egun falta direla.

Euskadi plazatik abiatuta Gran Via zeharkatuko duen mobilizazioan, Bilboko 11 auzo batzorde eta inguruko herrietako greba batzordeak elkartuko dira. Gero eta gertuago dago Greba Orokorra eta urtarrilaren 30ean Bilboko kaleak ere jendez betetzeko deia eginez.

Manifestazioan Bilbo eta Bizkaiko boterea ordezkatzen duten erakunde batzuk salatuko dituzte, hala nola, Iberdrola, Confebask, Espainiako Gobernua, Bizkaiko Foru Aldundia eta RETAbet apustu etxea; hauek baitira gaur egungo prekarietatearen erantzulerik nagusienak. Udaletxean amaituko da, agiri baten irakurketarekin.
 

 

 

Akordioarekin amaitu da Elecnor Telecomunicaciones Araba-ko greba mugagabea

0

38 egun greba mugagabean eta aurretik beste 5 greban egon ondoren, langileek, asanbladan elkartuta, erabaki dute gaur ixtea akordioa PRECOren bulegoetan.

Ez da erraza izan, baina mobilizazioetan hilabete baino gehiago egon ostean langileen lan-baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatuko da.

Beste hobekuntza batzuen artean, soldata-igoerak lortu dira, behin-behinekotasuna murriztea, bulegoetako langileen egoera hobetzea, eta langile batek azken 16 urteotan jasaten zuen diskriminazioarekin amaitzea. Akordioaren, aldi baterako kontratua mugagabe egingo zaie langile batzuei, eta 350 euro baino gehiago igo zaie soldata. Igoerarik txikiena lortu dutenek 100 eurotakoa izango dute.

LABek balioan jarri nahi du mobilizazioetan zehar langileek izandako konpromiso eta tinkotasuna. Xantaia eta presioei aurre eginez, eta asko borrokatu ondoren, lortu da Elecnor bezalako enpresa handi bat Gasteizkoa bezalako tailer txiki batekin hitz egitera eseri behar izana, erraza izan ez den arren. Lankideen arteko tinkotasun eta elkartasun honen adibide bat izan da grebalariek erabaki zutela, aldi-baterako kontratua zutenen egoera konpondu arte greba ez zela amaituko. Eskertzekoa da, baita ere, aldi-baterako langile hauen konpromisoa, euren jarraikortasuna arriskuan jarrita ere, euren jarrerari eutsi diotelako.

Aste hauetan zehar, enpresak langileekin batzartzea saihestu du, komunikazioak posta elektroniko bidezko mezu eta telefono deietara mugatuz. Aurrez-aurreko hiru bilera baino ez dira egin, eta horietako bi, aste honetan bertan. Negoziazioan zehar, enpresa ahalegindu da bilera bakoitzean aldagai berriak sartzen, adostuta zegoena erretiratuz. Gainera, akordioa gertu izanda, enpresak modu artifizialean luzatu nahi izan du gatazka, langileek amore ematea helburu. Eta bitartean, grebarako eskubidea urratzeari ekin dio, beste lurralde batzutako langileak bidaliz grebalarien lana egitera.

Azkenik, langileek eta bere ordezkariek instituzioen inplikazioa eskertu nahi dute, ateak zabalik jaso dituztenak gatazkaren berri eman dietenean.

Beste behin ere argi geratu da patronalak ez digula ezer oparituko, eta eskubideak borrokatu egin behar direla. Langileriaren mobilizazioa gakoa da horretarako. Horregatik, langileen ordezkariek datorren hitzordu garrantzitsua gogoratu nahi izan dute, urtarrilaren 30eko Greba Orokorra, Elecnor-eko langileei eta herritar guztiei bertan parte hartzeko deia eginez.