2026-02-03
Blog Page 576

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan ELAk, STEILAS-ek eta CCOOek sinatutako akordioaren edukiak ez nahikoak direla eta, akordioa hobetzeko ekarpenak egingo ditugu hurrengo mahai negoziatzailean

LAB sindikatuak hurrengo mahai negoziatzailera bere ekarpenak eraman nahi ditu. Derrigorrezkoa da, gure ustez, langileek egindako borrokari bere balioa ematea eta horretarako kaleratzeak modu eraginkor batean ekidituko dituen testu bat adostu behar da. Gure ekarpenak jasoz gero, LABek berriro aztertuko luke lan hitzarmenaren akordiora batu edo ez. Argi dago gaur egungo edukiak ikusita, akordioan gure sinadura ikustea oso zaila izango dela.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak Gizarte Ekimeneko langile guztiak egindako borroka eredugarriagatik zoriondu nahi ditu. Momentu eta aukera hauetara iristea ez litzateke posible izango zuen borrokarik gabe! Gora langile borroka!

Pasa den azaroaren 8an goizaldean ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek Kristau Eskola Patronalarekin akordio bat sinatu zuten, deituta zegoen hilabeteko greba deialdia bertan behera utziz. Aldiz, LAB sindikatuak ez zuen sinatu egunean bertan prentsa oharren bidez azaldutako arrazoiengatik, besteak beste. Aste honetan zehar, LABek, EAEko 3 lurraldetan egindako batzarretan, bere afiliazio eta ordezkaritzarekin denbora izan du akordioa sakonago aztertzeko. Akordiaren azterketa pausatuago honen ondoren, puntu batzuetan aurrerapausuak egon badaudela esan nahi dugu.

Tamalez, lan hitzarmen honetarako gai izarra den langileen birkokapenerako edukiak oso eskasak dira eta ezer gutxi aldatzen dute gaur egun Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen egoera. Jaiotze tasaren jaitsiera dela eta matrikulazio jaitsierek ekarri ditzaketen kaleratzeak ekidetzea izan da borrokaldi honen helburu nagusietako bat. Aurkeztu zaigun akordioaren edukiak ikusita, kaleratzeak egoteko arriskua bere horretan mantentzen dela esan behar dugu.

Kezka handiz ikusten ari gara sindikatu sinatzaileen poza. Gure ustez enplegua mantenduko denaren inolako bermarik ez da lortu; lortu egin den bakarra soberan dauden langileez osatutako lan poltsa bat da. Patronalak hartu duen konpromiso bakarra, erretiroagatik sortzen diren bakanteak langabezian gelditzen diren langileen artean banatzea da. Horrek ez du inolaz ere ikastetxe hauetan egon daitekeen enplegu galera ekiditzen. Hori dela eta, sinatutako edukiak guretzat ez nahikoak dira.

 

 

 

“Eskubide guztiak etxeko langileentzat!”

Etxeko Langileen Elkarteak Gasteizko Legebiltzarraren aurrean deitutako mobilizazioarekin egin dugu bat. Gutxieneko soldataren azpitik kotizatzen ari direla salatu dute, horrek dituen ondorioekin euren pentsio, baja eta amatasun baimenetan. "Eskubide guztiak etxeko langileentzat!", "Gizarte Segurantza bete legea!" eta "PNV eta PSE busti zaitezte!" oihuen artean egin dute protesta.



Etxeko langileentzat justizia eskatu dute, eta EAJ eta PSEren jarrera lotsagarria salatu. Hain zuzen ere, adierazi dute etxeko eta zaintzako langile askok, lanaldi osora egonik ere, 877 euroko kotizazioa dutela gaur egun: "Kopurua 1.050 euro izan beharko litzateke. Erantzule zuzenda Gizarte Segurantzaren Diruzaintza da, ezer kontrolatu ez duelako".
 

 

 

Beste zortzi greba egun egingo ditugu Bizkaiko Metalgintzan, patronalak negoziatzeko duen borondate faltaren aurrean

0

Bizkaiko Metalgintzako langileek mobilizazioa beste biderik ez dute, FVEM patronalak hitzarmen duin bat lortzeko benetako negoziazio bat irekitzeko duen borondate faltaren aurrean. Hori dela eta, sindikatuok agerraldi bat egin dugu Bilbon, patronalaren beraren egoitzaren aurrean, datozen asteetarako deitutako greba egunen berri emateko. Hain zuzen ere, azaroaren 28 eta 29 eta abenduaren 4, 5, 12, 13, 18 eta 19an izango dira grebak, LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuok deituta. Eusko Jaurlaritzan erregistratu ditugu grebak, eta, oso esanguratsua dena, FVEM-en erregistratu behar genituenean atea itxita topatu dugu. Ez digute ireki.

FVEM patronalaren egoitzaren atea itxita topatu dugu greben erregistroa egitera joan garenean.

Greba iragartzeko agerraldiarekin batera, egun osoko mobilizazioak antolatu ditugu gaurko, Bizkaiko Metalgintzako langileentzat hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Karpa informatibo bat egokitu dugu FVEM patronalaren aurrean, eta, bertan, Bizkaiko Metalgintzako langileez gain, eragile sozialetako ordezkariak izango dira: pentsiodunak, mugimendu feministako kideak eta gazteak, kasu. Mobilizazio handi bat egingo dugu arratsaldean, 18:30ean, Bilboko Euskadi plazatik abiatuta; hots, patronalaren egoitzatik.


 

 

 

Osatek-eko langileak murrizketen aurka mobilizatu dira

0

Osakidetzarentzat erresonantzia magnetikoak egiten dituen enpresak murrizketekin jarraitzen du. "Planto egiteko momentua heldu da", adierazi dugu LABetik.

Osatek-eko enpresa-batzordeak elkarretaratzea egin zuen asteartean, enpresaren egoitza nagusiaren aurrean,  Bilboko Bizkaia Plazan. Osatek-ek Osakidetzarentzat erresonantzia magnetikoak egiten ditu.

LABen iritziz, Osatek-en ematen ari diren egoera ezberdinen aurrean planto egiteko momentua heldu dela uste dugu. Gai hauek, beste batzuren artean, erabaki hau hartzera bultzatzen gaituztenak:

– Osatek langileen murrizketekin jarraitzen du (besteak beste, orain Urdulizko bigarren makinako zabalkuntzarekin batera idazkari lanpostu bat suntsitu dute). Argi dago, gero eta lankide gehiago murriztu nahi dutela eta hori gelditu beharra daukagu.

– Urteak daramagu gure lan baldintzen kontrako etengabeko erasoak jasaten, eta, jadanik, egoera hau aldatzeko momentua dela uste dugu, guztion artean lan baldintza hobeagoak lortzeko asmoz.

 

 

 

Eibarko Bilbeando dendaren aurrean bildu gara, kaleratutako langilearen berronartzea exijitzeko

Eibarko Bilbeando fruta eta barazki dendak, lehen Frutas Pilar zenak, langile bat kaleratu du bere lan eskubideak aldarrikatzeagatik. Bada, LAB sindikatuko kideak dendaren aurrean mobilizatu gara kaleratzea salatzeko eta langilearen berronartzea exijitzeko.


 

 

 

GSS enpresako langileak enpleguaren defentsan mobilizatu dira Gasteizko Legebiltzarraren aurrean

GSS enpresako langileek elkarretaratze bat egin dute, 9:00etatik 10:00etara, Gasteizko Parlamentuaren aurrean, enpresak aurkeztu duen EREa salatzeko. Hain zuzen ere, Euskalteleko azpikontrata bat da GSS, eta Legebiltzarreko gaurko saioko lehen puntuan egoerari buruz aritu dira.

Hauxe da GSS langileek igorritako oharra:

Azaroaren 7an, GSS Line Solutions enpresak langileen legezko ordezkariei jakinarazi zien kontsulta-aldi bat hasiko zela, 90 langileen kaleraketak egiteko, haien artean Euskaltel enpresarentzat eman dituzten “Fidelizacion” zerbitzuari lotutakoak.

Sektore hori estatu mailako hitzarmen kolektibo batek araututa egoteak, zeinak ez baitu jasotzen plantilla subrogatzeko eskubidea, erabat babesik gabe uzten ditu langile horiek, etengabeko enpresa-aldaketak jasaten baitituzte.

Gehienbat emakumeek osatzen dute kolektibo hori, eta lanaldi partzialez, soldata oso txikiez eta baldintza erabat prekarioez gain, lan-ezegonkortasun erabatekoa dute, eta kontratu ugari kateatzen dituzte kasurik onenean.

Horri kontziliaziorako zailtasunak gehitzen badizkiogu, eta kasu batzuetan aldi berean enpresa batean baino gehiagotan lan egin beharra, bizitzeko aukera emango dien soldata bat izateko, eszenatokia suntsitzailea da.

Enpresen zein erakundeen arduragabekeriak muturreko egoera horietara garamatza. Lehenengoek, azpikontraten eta enpresa nagusien aldetik, ez baitute gutxieneko enplegu-bermerik ere eskatzen eta etekinen arabera baino ez baitira mugitzen; eta bigarrenek, berriz, baldintzak Espainiatik arautzea onartzen dute, eta ez baldintza duinak negoziatzeko eta lan-egonkortasuna bermatzeko aukera ematen digun esparru propio batetik.

GSSko langileek bi greba egun egingo dituzte ostegun eta ostiral honetan, eta horrela, hasiera emango zaie kontsulta-aldi honetarako aurreikusitako mobilizazioei; izan ere, GSS Line sozietateari enplegua mantentzea eskatu behar diogu, Euskalteli bere konpainiarentzat zerbitzuak ematen dituzten eta hirugarrenei azpikontratatuta dauden plantillen jarraipena bermatuko duten klausulak sartzea, eta erakundeei, berriz, negoziazio kolektiboa arautzen den esparruari buruzko erantzukizuna, herrialdeko edo autonomia erkidegoko eremuei bide emanez.
 

 

 

Kontratazioetan diskriminaziorik ez egoteko proposamena helarazi diegu Confebask eta Eusko Jaurlaritzari


Kontratazioetan ematen den diskriminazioari aurre egiteko proposamen bat erregistratu dugu Eusko Jaurlaritzan eta Confebask-en. LABeko Negoziazio Kolektiboko eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak adierazi du diskriminazioa askotariko arrazoiengatik ematen dela; jatorria, sexua, ideologia, afiliazio sindikala, adina, irudia-itsura… Hala, urteen poderioz enpresa batzuetan arazo potolo bilakatu denez, aurre egiteko momentua iritsi dela nabarmendu du. 


Proposamenak honako eskaerak jasotzen ditu:

1.- Enpresa eta Langileen Ordezkaritzaren artean adostea enpresa horretan egiten den kontratazioa ez diskriminatzailea izango dela, eta horretarako berme guztiak duen prozesu baten alde egitea erabakitzen dela.

2.- Enpresan ordezkaritza duten sindikatu guztiak (ordezkaritza duten sindikatu bakoitzeko pertsona bat) eta enpresako zuzendaritzak Enplegu Komisioa osatuko dute, kontratazio prozesuaren berme guztiekin egiten dela bermatzeko. Komisio honen funtzioak hauek dira:
– Lanak duen beharrak adosteko asmoarekin, enpresak ematen duen informazioaren ebaluazio. – Kontratazio prozesuaren jarraipena eta inspekzioa
– Kontratuen jarraipena egitea, hau da zenbat eta zer kontratu mota egin behar den.

3.- Kontratazio prozesu guztia anonimoa izango da, eman daitekeen edozein diskriminazioari aurre egiteko.

4.- Enplegu komisioak, lanpostuen zerrendatze bat egingo du, argi zehaztuz zeintzuk diren lanpostu bakoitzeko funtzioak eta zer nolako baldintzak eta gaitasuna bete behar duten lanpostu bakoitzerako aurkezten diren hautagaiak (kapazitatea, ezagutza, formakuntza, …).

5.- Enplegu komisioak publiko egingo du lanpostu eskaintza enpresa dagoen inguru geografikoan, eta lanketa berezia egingo du inguru horretan dauden gazte, emakume, immigrante, aniztasun funtzionala eta LGTBI+ eragileekin. Tokian tokiko egoera eta baliabideen arabera, enplegu komisioa izango da eskaintzen publizitatea eta sozializazioa nola egingo den adostuko dutenak (hedabideak, elkarteak…).

6.- Enplegu komisioak lan eskaerak jasotzeko prozedimendua ezarriko du, hurrengo ezaugarriei jarraituz:
a) Eskaerak datu pertsonal eta argazki gabekoak izango dira, gaitasuna eta baldintzak betetzen dituen datuak eta kontakturako telefonoa bakarrik txertatuz. Aukera desberdinak irekiko dira eskaerak jasotzeko: webgunea, postaz edo buzoian.
b) Eskaera bakoitzari zenbaki bat ezarriko zaio.

7.- Enplegu komisioak eskaeren azterketa bat egingo du, erabakiz zeintzuk betetzen dituzten ezarritako baldintza eta gaitasuna lanpostu bakoitzarentzat, eta zeintzuk ez. Betetzen dituztenekin poltsa bat osatuko da.

8.- Poltsa osatzen duten pertsonen artean zozketa egingo da, lanpostuak beteko dituzten lan eskaerak hautatzeko. Horretarako, emakumeak lan munduan pairatzen duten diskriminazioari erantzuteko, eta genero parekidetasuna bermatzeko, hurrengo kriterioak erabiliko dira:
a) Enpresa genero ikuspuntutik parekidea bada (gehienez 60/40), lan poltsa osatzen duten pertsonen artean zozketa egingo da, eta kontratazioak zozketa eta gero ezarritako ordenaren arabera egingo ditu.
b) Enpresa genero ikuspuntutik parekidea ez bada (ez du gutxienez 60/40 betetzen), lan poltsa osatzen duten pertsonen artean zozketa egingo da eta horren arabera zerrenda osatuko da. Orduan, zerrendako errenkara errespetatua, denei deitu eta lan poltsan daudela jakinaraziko zaie eta datuak osatzeko deitzen zaiela. Lan poltsaren prozesuari buruzko informazio ere emango zaie (lan poltsa hori datozen 4 urteetarako baliagarria dela, behin lan postu bat beteta, lan poltsako azken postuan kokatuko liratekeela horrela denek lan egiteko eskubidea edukitzeko…) eta dagokionean deituko zaiola. Dei horietatik, zerrenda kideak generoaren arabera ere identifikatu ditugunez, dauden postuak lehentasunez emakumeek beteko dituzte; tartean dauden gizonak momentuz baztertuak izango dira, eta zerrendako emakume kopurua amaitzen denean, gizonak kontratatzen hasiko dira, zozketa eta gero ezarritako ordenaren arabera.

9.- Enplegu komisioak hautagai bakoitzari komunikatuko dio lanpostua egokitu bazaio edo ez.

10.- Hautatuak izan ez direnek lan poltsan jarraituko dute etorkizunean lanpostu horretarako egon daitezkeen etorkizuneko
eskaintzetarako, eta poltsatik kontratatuak izan direnak, kontratua amaitzen zaienean, poltsan sartuko dira, azken postuetan.

11.- Lanpostu bakoitzarentzat eratu den lan poltsa, 4 urteko iraupena izango dute.
 

 

 

Patronalaren borondate falta agerian geratu da berriro, Bizkaiko Metalgintzako gatazkan benetako negoziazio bat abiatzeko

0

Argi dago langileoi borroka beste biderik ez zaigula gelditzen. Horregatik, bihar FVEMen aurrean egingo dugun mobilizazio iraunkorrean parte hartzera deitzen ditugu langile guztiak, baita datozen egun eta asteetan egongo diren deialdietan ere.

Bizkaiko Metalgintzako negoziazio mahaiaren bilera egin da gaur,eta FVEMek gatazka bukatu eta benetako negoziazio baten alde ez egiteko duen jarrera nabarmena izan da. Azken bi bileretan sindikatuok urrats garrantzitsuak eman ditugu eta proposamen berriak jarri dizkiogu mahaiaren gainean:

1. Berdintasuna. FVEMen azken proposamena oinarri hartuta, egingarri eta betebeharrezkoa izateko beharrezko edukia gehitu genion.

2. ABLE bidezko kontratazioan hamar eguneko kontratuak onartzeko prestutasuna adierazi genuen.

3. Enpresetan malgutasuna erabili ahal izateko, behin behineko kontratazioaren portzentaia %12ra igo genuen.

4. Langileon lan osasuna bermatzeko eta zaintzeko beharrezko neurriak aurkeztu genizkion.

Horrekin guztiarekin batera, bi eskaera zuzen eta ezinbesteko ere mahai gaineratu genizkion:

1. Lan Osasuna zaindu behar denez eta alor honetan eskubideak lapurtzea onartuko ez dugunez, IT osagarrietan proposatu duten atzera urratsa mahai gainetik kendu dezatela lehenbailehen.

2. Subrogazioan egin zuten proposamena, ez subrogatzeko klausula bat denez (jarri dituzten muga eta baldintza guztiekin, ez baitio ia inori ere eragingo), benetako proposamen egingarri bat egiteko eskatu genien.

Gaurko bileran, hau izan da FVEMen erantzuna:

1. Berdintasuna: gaurko erantzun behar zutena, ostiralean ekarriko omen dute; baina gaur aurreratu dute borondatean oinarritutako proposamena izango dela berriro ere, ez dute derrigortasunik onartu nahi.

2. ABLEak: gaurko erantzun behar zutena, begiratuko dutela. Hala ere, sindikatuon proposamenak ez diela balio diote.

3: Behin behineko kontratazioa: gaurko erantzun behar zutena, begiratuko dutela. Hemen ere, sindikatuon proposamenak ez die balio.
4. Lan Osasuna: proposamena egingo dutela azaroaren 21 inguruan.

5. IT osagarriak: langileon osasunarekin negoziatu nahi dute eta ez dute atzera bota.

6. Subrogazioa: enpresek ez dietela puntu honetan negoziatzen uzten esan dute. Hala ere, harrigarriena da ez zekitela ongi sindikatuok subrogazioarekin zer den eskatzen duguna (urte eta erdi beranduago dator hau…). Beraz, zer da enpresei azaltzen dietena?

Horregatik guztiagatik, gaurko bileratik bi ondorio garbi atera ditugu. Batetik, patronalak ez du negoziatzeko borondaterik; ez du ezertan urratsik eman, ez du planteamendu berririk ekarri. Eta bestetik, gatazka denboran luzatu nahi du. Izan ere, berdintasuna, ABLE eta behin behinekotasun gaietan erantzungo zutela esan bazuten ere, gaur ez du ezer erantzun, baldin eta aho txikiz ezezkoak esateko ez bada izan.

 

 

 

Langileriari dei egiten diogu larunbateko pentsiodunen mobilizazioetan parte hartzera, urtarrileko Greba Orokorra mugarri izango duen dinamika mobilizatzailearen baitan

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen eta, hasieratik, LABek bat egin du mobilizazioekin eta aldarrikapenekin. Argi eta garbi dugu, pentsioen kontrako etengabeko erasoaldiaren atzean, kapital finantzieroa dagoela, eta gure pentsioen kontura negozio berri bat egin nahi duela. Gainera, erasoaldia ez da soilik pentsioetan ematen, gure bizitzaren esparru guztietan kokatzen da, hala nola, enpleguan, eskubide sozialetan, zaintzan, edo eta sektore publikoan.

Pentsiodunek irekitako bide horretan, LAB sindikatuak dagokion lekua hartu eta mobilizazioetan presente egongo da, bide hori babestu duten gainerako eragileekin batera. Krisiaren aitzakian azken hamarkadetan azkartu den lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesuari muga jarri eta lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituzten neurrien aldeko mobilizazio dinamikan parte hartuko dugu. Hala, azaroak 16ko mobilizazioan ez ezik, abenduan aurrekontuen eztabaida tarteko egingo direnetan ere izango gara, urtarrilerako deitutako Greba Orokorra mugarri izango duen dinamika mobilizatzailearen baitan.

Bestelako eredu bat eraiki nahi dugulako, zeinak bizitza erdigunean jarriko duen eta zaintza eta lurraren jasangarritasunari lehentasuna emanen dion, eta erabaki nahi dugulako, lan, pentsio eta bizi duina aldarrikatuko dugu ozen. Pentsio sistema publiko eta propioa orain! 1.080 euroko gutxieneko soldata orain!