2026-02-03
Blog Page 573

Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren aurretik aitortutako jubilazio pentsioen berrikuspena exijitu dugu, lanaldi partzialean aritutako milaka emakumeren diskriminazioa saihesteko

Lanaldi partzialean aritutako hainbat emakumek salaketa jarri dute Gizarte Segurantzan, dagokien jubilazioa jasotzeko. LAB sindikatuko Idazkaritza Feministako ordezkariek babesa erakutsi diete, eta Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren aurretik aitortutako jubilazio pentsioen berrikuspena exijitu dute, lanaldi partzialean aritutako milaka emakume langileren diskriminazioa saihesteko. Hain zuzen ere, Idazkaritza Feministako kide Zaloa Ibeasek agerraldia egin du Gizarte Segurantzaren Bilboko egoitzaren atarian, lanaldi partziala oso orokortuta dagoen sektoretako hainbat emakume jubilatuk lagunduta.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak inkonstituzionaltzat eta baliogabetzat jo du lanaldi partzialean lan egiten duten langileen jubilazioaren kalkulua, genero arrazoiengatik berdintasunik eza eragiten duelako; hots, emakume izateagatik diskriminatzen duelako.

Epaiak onartzen du lanaldi partzialeko langileei murrizketa bikoitza aplikatzen zaiela jubilazioa hartzeko orduan, larriki kaltetuz: alde batetik, oinarri erregulatzailearen murrizketa aplikatzen zaie (lanaldi partzialean egoteagatik); eta, beste aldetik, kotizazio epearen murrizketa aplikatzen zaie.

Inkonstituzionaltzat hartutako kalkulu ariketarekin, ez dute aintzat hartu Gizarte Segurantzan egondako alta epe osoa, soilik kotizatutako egunak baizik, eta ondoren bigarren murrizketa bat ezarri dute partzialitatearen koefizientea aplikatzeko orduan.

Horrenbestez, lanaldi partzialean aritzen den langile baten kotizazio epea ez dator bat materialki kotizatutako hilabete eta urteekin.

Gizarte Segurantzak adierazi du Legea erreformatu behar dela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezarritako epaira egokitzeko. Hori gertatu bitartean, honako irizpideak aplikatuko dituela iragarri du:

-Bakarrik hartuko du aintzat lanaldi partzialeko langileen jubilazio pentsioen kalkulua, ezgaitasunengatik jasotzen diren pentsioak ere kontutan hartu beharko lituzkenean. Irizpide hau, beraz, ez doa norabide egokian.

-Partzialitatearen koefizientea ez dute aplikatuko; hau da, ez dute murrizketa bikoitza aplikatuko. Erabaki zuzena da hau.

-Irizpide berria bakarrik hartuko dute kontutan 2019ko abuztuaren 12tik aurreragoko jubilazioekin (epaiaren publikazio datatik aurrera) eta data horretara arte bideratzen ari ziren jubilazioekin. Hortaz, ez dizkiete irizpide berria aplikatuko epaiaren aurretik jubilatutako lanaldi partzialeko langileei. Erabaki honek ez du ez hanka, ezta bururik ere.

Gauzak honela, lanaldi partzialeko langileen eskubideei dagokienez, Gizarte Segurantza arloko Espainiako Estatuko legedia zuzendu beharra dagoela onartu dute behingoz, erabateko genero diskriminazioa ekartzen zuelako. Honela gauzak, Gizarte Segurantzako Estatuko Legediak milaka emakume diskriminatu dituela baiezta daiteke. Zuzenketa egitea planteatu dute orain, baina ez Estatuko botere politikoek eta erakundeek horretarako borondatea erakutsi dutelako, Europako auzitegiek aurretik hartutako epaiek Estatuko auzitegiak behartu dituztelako baizik, aipatutako genero diskriminazioa dagoela erakusten duten epaiak hartzera.

Hau guztia gutxi balitz, irizpide berria epaiaren ondoren jubilatuko direnei soilik aplikatuko zaiela jakinarazteko ez dute inongo lotsarik izan, milaka langile zigortuz, milaka langileri legedi diskriminatzaile baten arabera egin baitiete pentsioen kalkulua. Langile hauek guztiek eskubide osoa dute aitortuta dituzten jubilazio prestazioen berrikuspena egin diezaieten, hemendik aurrera diskriminatzaile ez den kalkulu baten bitartez dagokiena jaso dezaten.

LAB sindikatutik, aldez aurretik aitortutako jubilazio pentsioen berrikuspen eskaera bultzatuko dugu, hauek ere irizpide berriaren onurak jaso ditzaten Espainiako Auzitegi Konstituzionalak epaia argitaratu zuen egunetik aurrera. Era berean, gauza bera eskatuko dugu ezgaitasunen ondorioz aitortutako pentsioei dagokienez.

Argi geratu da, berriro, Euskal Herrian Babes Sozialerako Marko propio bat behar dugula, erabateko eskumenekin, herri honetako langileen eskubideak bermatu ahal izateko, elkartasun, berdintasun eta diskriminazio ezaren printzipioak oinarri.

 

 

 

Zumarragako ospitalean 42 lanpostu egonkortzeko eskatu dugu

0

Zumarragako ospitalaren aurrean mobilizatu gara, Osakidetzak darabilen kontratazio politika eskasa eta pertsonal falta sortzen ari den egoera salatzeko.  

Hauxe da gaurko elkarretaratzea dela-eta igorritako oharra:

Duela hilabete batzuk, LABek egindako “2018ko Kontratazioa” txostena aurkeztu genuen, zeinetan Osakidetzaren kontratazio-politiken azterlana egiten genuen.

Ondorioak kezkagarriak bezain argiak izan ziren,% 35etik gorako behin-behinekotasuna eta estrukturan 3.000 lanpostu finko falta zirela, eta horiek behin behineko kontratazio prekarioarekin betetzen ari direla.

Goierri-Urola Garaia ESIan urte horretan egindako kontratuen %52 behin-behineko izendapenekoak edo zerbitzu-beharrak izan ziren.

ESI honetan azken 3 urteetako (2016-18) kontratazioa aztertu dugu, eta honako hau egiaztatu dugu:

• Koderik gabeko 42 lanpostu, 3 urtez edo gehiagoz etengabe eta ebentualki betetzen direnak; beraz, Osakidetzaren egitura finkoaren barruan egon beharko lukete, kodeak sortuz eta 42 plaza berrietan bilakatuz.

• Lanpostu horiek etengabeko premiatzat har ez daitezen egiten den iruzurra; izan ere, bi urte baino lehen luzapenak moztu egiten dira, eta egun batzuetako ordezkapen-kontratua egiten da, gero berriro behin-behineko izendapen-kontratu batekin haren luzapenekin jarraitzeko.

• Lanpostu horiek prekarioki estaliak jarraitzen dute 2019ko irailean.

Uztailean lanpostu horiek erreklamatzeari ekin genion, egituran sar zitezen; izan ere,legeak dioen bezala 3 urteren ondoren ez dire unean uneko beharrak, egiturazkoak baizik, horrela kontratazio prekarioarekin eta egiaztatu ditugun iruzurrezko praktikekin amaitzeko. Oraindik ez dugu erantzunik jaso Osakidetzaren aldetik.

Gure ESIan 42 kode eskatzen ditugu, baina 3.000 dira Osakidetza osoan falta direnak. LABetik argi utzi nahi dugu gai horrek berebiziko garrantzia duela osasun-sistema publikoaren biziraupenerako, lan-prekarietatetik aldenduz eta euskal gizarte aurreratuaren berezko kalitate-indizeekin.

 

 

 

La Auxiliar Navaleko langileek kezka agertu dute enpresa jasaten ari den egoera kritikoaren harira

0

Elkarretaratzea egin dute, etorkizuneko industria plan baten alde eta La Auxiliar Navaleko langileentzat lan baldintza duinen defentsan.

Hauxe da langileen oharra:

La Auxiliar Navaleko langileek, honen bidez, kezka agertzen dute enpresa jasaten ari den egoera kritikoaren harira.
Playabarriko 7an (Lutxana, Erandio) kokatua dagoen La Auxiliar Naval Bizkaiko eta Espainiako enpresa bakarra da (Europa mailan, sektore honetan gutxi batzuk diharduten honetan) itsasontzietako leihoak eta idi-begiak diseinatu eta egiten dituena. Baina duela urte batzuk, ugazabak, Antonio Arredondok, egin zuen kudeaketa negargarriak eragin du enpresa honek galdu izana estatu zein nazioarte mailan zeukan egoera abantailatsua. Zuzendaritzak erakutsi duen utzikeriak, enpresaren irabaziak ez dituelako berriro inbertitu bertan, ekarri du produktuaren kalitatea galdu izana; ez eustekotan, instalazioen egoera onari ere ez zaio eutsi. Baldintza horietan, langileek baldintza ezin txarragoetan dihardute duela urte batzuk, legeriak agintzen dituen segurtasun neurriak betetzen ez direlako. Baina egoerak muturrera iritsi da azken hilabeteotan: ia hornitzaile guztiekin dago zorra, Gizarte Segurantzarekin atzerapenak daude, langileek udaraz geroztik ez dute kobratzen, eta are txarragoa dena, ez dago egoera konponduko duen industria planik.

2018. urtean, ordurako, abuztutik abendura bitartean, langileak nominak kobratu gabe egon ziren, eta aurten, abuztutik hona, egoera errepikatu da. Hori dela eta, eragindako 25 familiek konponbidea eskatu diote enpresari, bideragarritasun-plan erreal baten bidez; izan ere, orain arte burutu den neurri bakarra 8 langileei lanaldi osoko aldi baterako enplegu espedientea ezartzean datza, gainerako langileei eusteko eskaerarik ere ez dagoenean aurreikusita. Azken aldian Arredondo familiak egindako kudeaketa negargarriak eragin du langileak egoera pertsonal zailetan murgildu izana, zor zaizkien nominak direla eta, eta bezeroek baztertu behar izatea La Auxiliar Naval ontziolarengan zuten konfiantza. Horrela, eskaintzen duen produktuaren espezializazioagatik eta esklusibotasunagatik egoera inbidiagarria zuen enpresa honen ospe bikaina lausotu da, eta ia hondamendira eraman dute. Horrela, duela hilabete batzuetatik hona lan-karga izugarri jaitsi da, eta, horren ondorioz, gaur egun, enpresak ez dauka lanik aurrera egiteko; egoera horren aurrean, Antonio Arredondok eskaintzen duen irtenbide bakarra langileak kobratu gabe bahituak edukitzea eta lanpostura joatera behartzea izan da.

ETORKIZUNEKO INDUSTRIA-PLAN BATEN ETA LA AUXILIAR NAVALEKO LANGILEENTZAT LAN-BALDINTZA DUINEN ALDE!

ANTONIO ARREDONDO, IRTENBIDEA ORAIN!
 

 

 

Metalurgicas Iruña enpresan bizi duten egoeragatik dugun kezka jakinarazi diogu Nafarroako Gobernuari eta esku hartzeko eskatu diogu

0

Gaur, Nafarroako Gobernuaren Lan Zerbitzuko zuzendariarekin batzartu da LAB sindikatua eta bere kezka helarazi dio, Metalurgicas Iruñako langileak ez baitira beren soldata jasotzen ari. Gainera LABek Gobernuari eskatu dio, ahal duen heinean, esku hartzeko egoera latz honi buelta emateko.

Metalurgicas Iruña, TRW Landaben, KYBSE eta Magnesitas bezalako enpresa handitan zerbitzua ematen duen 10 langileko enpresa bat da. Gerentziaren eta bestelako arduradunen azken urteetako kudeaketa txarraren ondorioz enpresaa egoera konplikatuak pasatu ditu, zeinetan irtenbidea beti langileen poltsikoetan eskua sartzea izan baita. 2019ko ekainean enpresa zuzendaritzak hitzarmenaren inaplikazioa egin zuen soldatak izoztuz. Soldatak atzerapen askokin jasotzen dabiltza, eta gaur gaurkoz, urriko soldata ez dute oraindik kobratu.

Egoera honetan, langileek greba egitea erabaki dute, azaroaren 19tik 22ra. Helburu argia du grebak: langileen egoera salatzea eta soldaten ordainketa exigitzea. Ildo horretan, antolatu dituzten dinamika eta mobilizazioen barruan, enpresako ordezkari bakarra -LABekoa bera- LAB Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuko zuzendariarekin batzartu da, lehenengo pertsonan kontatu dio soldata ez kobratzeak eragiten dien kezka, eta eskatu dio, ahal duten heinean, Gobernuak esku hartzeko. Jaso dugun erantzuna positiboa izan da.

Hurrengo mobilizazio garrantzitsua ostiral honetan izanen da. Langileek elkarretaratzea eginen dute 13:45etik 14:20ra, Metalurgicas Iruñako ate parean, Landaben industrialdeko L kalean. LABek langile klaseari dei egiten dio langile hauekiko elkartasuna adieraz dezan, patronalaren abusuei aurre egiteko armarik onena dela ulertuta.

 

 

 

Irabazi dugu Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioko Zuzendaritzak langile bati eragindako kalteak aitortzen dituen lehen epaia, lan arriskuen arloko prebentzio-neurriak albo batera utzi dituelako

0
2016az geroztik, LABek Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren, Justizia Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Lan Ikuskaritzaren eta komunikabideen aurrean jakinarazi zuen indarkeria-epaitegietan bizi den egoera tamalgarria. Hala ere, Bilboko Indarkeriaren arloko 2. zenbakiko Epaitegian, egoera konplexuagoa da: sindikatu honen salaketak, epaitegi barruko bizikidetzaren inguruko gure kezka adierazten zuenak, epaitegiko titularraren jokabideaz ohartarazten zuen.

Eusko Jaurlaritzak, epaitegiko titularra beste administrazio batekoa izateagatik eskuduna ez zela oinarritzat hartuta, ez zuen neurri zehatzik hartu Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoko bitarteko langilearentzat, 2016tik 2019ko apirilera arte, azkenean lanpostua aldatu ziotenean, salaketak, laneko bajak eta txosten medikoak egiteko bide luze baten ondoren. Horregatik, Eusko Jaurlaritza eta Zurich Insurance PLC zigortu dituzte, solidarioki, 27.110,82 euro ordaintzera, kalte gisa, lan-arriskuen arloko prebentzio-neurriak ez betetzeagatik.

LAB sindikatuak urteak daramatza horrelako egoeren aurrean langile guztiak babestuko dituen prozedura eraginkor bat aldarrikatzen. Espero dugu, aurrerantzean, administrazioa tematuko dela bere langileak zaintzen, eta ez duela diru publikoa gastatuko eragindako kaltea ordaintzen, paraitutakoa konpentsatzeak ez baitu preziorik.

 

 

 

UGTri dei egiten diogu berriz ere ekin diezaion sindikatuon arteko akordioari Nafarroako eraikinen eta lokalen garbiketen hitzarmenari begira

0

Eraikinen eta lokalen garbiketen hitzarmenaren negoziazioak abian dira Nafarroan, eta horrek 7.500 langile ingururi eraginen dio. Orain arte, LAB, UGT eta ELA sindikatuak elkarrekin ari ziren lanean negoziazio mahaira eskaera sorta komuna eramateko. Baina UGTk hiru sindikatuen arteko akordioa hautsi du, nahiago izan baitu Espainiako hitzarmenari lehentasun aplikatiboa eman, Nafarroakoaren aitzinetik.

UGT eta LABen arteko lehenengo kontaktuen ostean, ELA batu zitzaien, eta hiruron artean lortu zen sektoreak pairatzen dituen arazo nagusiei erantzuten dion eskaera plataforma sendo bat osatzea, etorkizunerako oinarriak jartzen dituena; berdintasuna gizon-emakumen artean, gaixoaldien hobekuntza, lanaldi partzialen handitzea eta PPren lan erreforma gainditzea.

Eta hain zuzen ere azken puntu horretan hautsi du akorduioa UGTk, hitzarmena aplikatzeko lehentasunari buruzko puntuan. Oinarrizko puntu bat da hori Nafarroako edozein langilerentzat: Estatu mailan sinatutako edozein akordio hemengo lan baldintzak urratu ahal ez izatea. Zoritxarrez, Nafarroan aski ezaguna baita Espainiako lan baldintzetara parekatzea galera besterik ez digula ekartzen; lanare merkatzea, pobrezia eta prekaritatea.

Aitzitik, herenegun, hitzarmena lortzeko eginiko azken bileran, guztiz kontrako bidea urratu zen. Elkar ulertze ona egon zen Patronalare eta CCOO eta UGT sindikatuen artea, honako puntu hauetan oinarrituta: antzinatasuna, jardunaldia, gaixoaldien osagarria… Eta soldata igoera txiki bat, bai, baina CCOOk eta UGTk haien plataformetan jasotzen zutenetik urrun.

Horregatik guztiagatik, UGTri eskatu nahi diogu hausnarketa sakona egin dezala, ez dezala utzi hiru sindikatuek eraikitako plataforma eta dagoeneko adosturiko akordioen aldeko apustua egin dezala. UGT sektoreko laugarren indarra izanik, gure ustez berehalako biraketa egin beharko luke. LABek besoak zabalik ditu sektorean gehiengora doan eredu sindikalerako. Okerra zuzentzeko garaiz dabiltza. Edo sektoreko arazo nagusiak konpontzeko sindikalismo mobilizatzaile batera datoz edo lan baldintzat izoztu edo okertzen dituen eredu sindikal batean mantentzen dira. Arduragabekeria bailitzateke hainbat urtez eraiki den borrokarako grina zapuztea.

 

 

 

Ez dugu Enplegu Planean parte hartuko, Nafarroako Gobernuaren erantzunak baieztatzen baitu plan horrek ez duela langileen lan eta bizi baldintzak duinduko

LABen eta Garapen Ekonomikoko kontseilari Manu Aierdiren artean zenbait mezu trukatu ostean, sindikatuak baieztatu ahal izan ditu Nafarroako Enplegu Planaren eduki eta formen gainean zituen zalantzak. Gobernuaren erantzuna ikusita, LABek ulertzen du plan horrek ez duela Nafarroako langileen bizi eta lan baldintzak duinduko eta, beraz, plan horretatik at uzten du.

Nafarroako Gobernuak bere enplegu politikak Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluan ezartzea Enplegu Plana CEN, UGT eta CCOO eragileen esku uztea da. Akats politiko larria. Horrela adierazi genien Maria Txibite lehendakariari eta Garapen Ekonomikorako kontseilaria den Manu Aierdiri aurrekoan bidali genien gutunean. Hala ere, gehiengo sindikalaren babesik ez duen -UGTk eta CCOOek Nafarroan ordezkaritza sindikalaren %50 baino gutxiago dute- eta guztion diruarekin era baztertzailean sortutako markoan tematzen dira.

Nafarroako Gobernuak formula baztertzaile honetan tematzea ez dugu ulertzen. Afera honi irtenbide bat emateko aukera ezberdinak daude baina argi geratu den moduan gobernuak, CEN, UGT eta CCOOek ez dute horretarako borondate politikorik. Zergatik landa eremuko enpleguaren inguruan hitz egiteko mahai espezifiko bat sortu daiteke eragile guztien parte hartzearekin eta formula bera ezin da erabili enplegu planerako? Erantzuna argia da, astelehenean salatu genuen moduan beraien gonbidapena ez delako zintzoa izan, ez da sinesgarria izan. Gonbidapenarekin gure ezezkoa bilatu dute iritzi publikoari begira guk gure buruak kanpoan kokatu ditugula esateko.

Edukiei dagokienez, Nafarroako Gobernuak aitortzen du lan eremuan legeak onartzeko eskuduntza estatuari (Madrilgo Diputatuen Kongresuari) dagokiola, ondorioz, eta Madrilgo Gobernuari aldiz dekretuen bitartez lege hauek garatzea. Horregatik, gobernuari galdetu genion 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lanaldia bultzatzeko eta soldata arrakalarekin eta kontratazioan ematen den diskriminazioarekin amaitzeko neurriak bultzatzeko prestutasuna zuen edo ez.

Kasu honetan gobernuaren erantzunak Nafarroako langileon lan baldintzak hobetzeko eta egungo marko legala gainditzeko ez ditu neurriak edo soluzioak jasotzen. Patronalari interpelatzeko aukera ukatzen du, eta bakarrik akordioak errazten eta pizgarri ekonomiko eta fiskalak bultzatzen kokatzen du bere burua Nafarroako Gobernuak.

Honekin guztiarekin argi dago Nafarroako Gobernuaren, CEN patronalaren eta UGT eta CCOO-en artean adostuko duten Enplegu Planak ez dituela Nafarroako langileon bizi eta lan baldintzak duinduko eta, ondorioz, Gobernuak Enplegu Planetik kanpo uzten duela LAB.

 

 

 

Santi Brouard eta Josu Muguruza gogoan izan ditugu

0

Azaroaren 20aren etorrerarekin, urtero moduan, gogora ekarri ditugu duela 35 eta 30 urte, hurrenez-hurren, erahildako Santi Brouard eta Josu Muguruza politikari abertzaleak. Bat egin dugu Bilbon goizean egindako omenaldiarekin, eta, arratsaldean, Sortuk deitutako manifestazioan ere izango gara (Arriaga, 19:00).



 

 

 

Beste salaketa bat eraman dugu Fiskaltzaren aurrera; Arabako ESIko kudeaketa ekonomikoan irregulartasunak egoteagatik, kasu honetan

0

LAB sindikatuak beste salaketa bat jarri du EAEko Fiskaltza Nagusian; kasu honetan, Arabako ESIko kudeaketa ekonomikoan irregulartasunak egoteagatik. Jakin izan dugunez, Gasteizko Santiago ospitalean diru publikoaren kargura hornitzen ari dira kontratatutako enpresa pribatu batek hornitu beharko lituzkeen produktuak. LABeko ordezkariek xehetasunak emateko agerraldia egin dute gaur, Gasteizen.

Fiskaltzara itzuli gara. Duela urtebete lan-eskaintza publikoan oinarrizkoenak ziren printzipio demokratikoak urratzen ari zirelako jo genuen bertara, eta oraingo honetan Osakidetzako kudeaketa ekonomikoaren inguruan gabezia berberak antzeman ditugulako. LABen ekintza sindikalak erabateko lehentasuna du Osakidetzako arlo guztietan demokratizazioa lortzea.

Hasieratik LABek agerian utzi zuen gure beldurrik handiena hau zela: plaza publikoak diskrezionalki banatzeko bezero-sare bat badago, ez dago inolako arrazoibiderik funtzionatzeko modu hori kanpoko enpresekiko harreman ekonomikoetan ez errepikatzeko.

Euskadiko Fiskaltza Nagusiari agerikoak diren kontabilitate-desorekak jakinarazi dizkiogu. Ustelkeria ekonomikoaren balizko kasu baten aurrean gaude, zeinaren protagonistak Arabako ESIan dauden eta pribatizatutako zerbitzuekin harremana duten. Jakin ahal izan dugunez, Santiagoko Ospitalean diru publikoaren kargura hornitzen ari dira kontratatutako enpresa pribatu batek hornitu beharko lituzkeen produktuak. Jarduera hori arautzen duen plegua 3.000.000 eurokoa da, eta desfasea hauteman dugu suntsikorren horniduran; ez dugu baztertzen beste atal batzuetan desfase gehiago egotea.

Sukaldean aritzen diren langileek pazienteen dietetan jartzen duten olioa milimetrotan neurtu behar duten bitartean, guk ilegaltzat jotzen ditugun azaldu ezineko gastuetan xahutzen dira milaka euro. Erantzule egiten ditugu hornidura hori arautzen zuen plegua ezagutu eta gutxienez 2016. urtetik aurrera kontu publikoetara egozten diren gastuak ezagutu arren, pleguetan inolako zuzenketarik egin ez eta kasuan kasuko zerbitzuaren gastu esplikaezinetan ere inolako zuzenketarik egin ez dituztenak. Gainera, Fiskaltzari eskatzen diogu iker dezala kudeaketa txar horrek inplikatutako pertsonaren bat legez kanpo aberastea ekarri ote duen.

Kasu honengatiko erantzukizunak argitzea eskatzen dugu, eta Arabako ESIko zuzendari ekonomiko finantzarioa kargutik kentzea. Gainera, ez dugu baztertzen iruzurrezko kudeaketa mota hau Arabako ESIko edo Osakidetzako beste zerbitzu batzuetan ere ematen ari izatea; horregatik, langileei dei egiten diegu LABi jakinaraz diezazkioten susmagarriak diruditen egoera horiek guztiak, sindikatuak beharrezko jarraipena egiteko. Urteak daramatzagu edozein hobekuntza eskaeraren aurrean "ez dago dirurik" dogma entzuten, bai langileriarentzat, bai gizarteari ematen diogun zerbitzuaren hobekuntza eskaeren aurrean. Osakidetzan jarduten duten enpresa pribatuek, berriz, inolako kontrol ekonomikorik gabe egiten dute lan, eta inolako kontrol ekonomikorik gabe esaten dugu, antzeman duguna oso agerikoa baita: kontabilitateko desorekak hilero errepikatzen dira 2016ko urtarrila baino lehenagotik, eta erraz identifika daitezke.

Fiskaltzari helarazi dizkiogu gure azterketa ekonomikoa eta gastu horiek kontratatutako enpresa pribatuaren kontura izan beharko liratekeela jasotzen duten pleguak. Datu horiek Arabako ESIko Zuzendaritzari jakinarazi zaizkio aste honetan bertan, azalpen bat bilatzeko azken aukera gisa. Bilera horretan ez dugu azalpen argirik jaso eta une honetatik aurrera Fiskaltza izango da iruzurraren nondik norakoa zehaztuko duena.